"Bertsolaritza mitinak egiteko erabiltzen da"


1995eko abenduaren 31n
Jose Mari Iriondo, EITBko koordinatzaileari egindako elkarrizketa
"Bertsolaritza mitinak egiteko erabiltzen da"
Jose Mari Iriondo
Radio Euskadiko zuzendaria eta EITBko Irrati Emisioen Koordinatzailea dugu Jose Mari Iriondo. Bilboko bulegoan topatu dugu datorren bost urteotako irrati inbertsioen kontuak egiten. Mikroa hartu zuenetik 30 urtetik gora pasatu badira ere, berriro hartzeko prest agertu zaigu.
1995eko audientzia datuek igoera nabarmena agertu dute EITBko irrati entzule kopuruan. Batez besteko igoera % 5ekoa izan da.
Radio Euskadik igoera handiagoa izan du, 132.000 entzule egunero izatera heldu gara. Radio Vitoria ere Arabako lehen irratia dugu eta bestetik, Euskadi Irratiak eta Euskadi Gazteak zerbait gora egin dute. EAEn lehen irrati taldea bilakatu eta SER irratiaren gainetik jarri gara. Fruitu ona jaso dugu orain arte egindako ahaleginak garrantzitsuak izan direlako.
Irrati talde honen oinarrian diru publikoa dago, arrakasta honen baliabidetako bat izan daiteke.
Ez da abiapuntu txarra, komunikabide pribatu batean ibiltzea zer den badakit. Baina beste diru iturri batzuk erabili behar ditugu eta publizitate mailan egiten ditugun esfortzuak handiak dira. Komunikabide publikoa izateagatik, hainbat muga errespetatu behar ditugu. Tabako edota alkoholari buruzko publizitatea egitea debekatzen dizkiguten arauak ditugu. Baina dugun erronkarik gogorrena Estatu mailako marka handien publizitatearen falta da. Hauek ez dute euskaran sinesmenik eta gure hizkuntzarekiko izugarrizko mesprezua agertzen dute. Hauentzat Euskadi Irratiak eta Euskadi Gazteak 100.000tik gora entzule izateak ez du garrantzirik. Kataluniako publizitate agentziak ari dira apurka mugak gainditzen, baina Madrildik ez dugu ezertxo ere jasotzen.
EITBn gazteleraz egiten den irratigintzak euskarazkoaren euskarri ekonomikoa izaten jarraitzen duela dirudi. Zein da zure iritzia?
Euskarri dira, bai. ETB-1 eta ETB-2ren kasuan gertatzen den bezala. Euskadi Irratiak diru aldetik ezin du inoiz errentagarria izan, nahiz eta hauen errentagarritasuna hizkuntza, gizarte eta kulturaren suspertzean egon. Gaztelerazko irratigintza beharrezkoa dugu publizitatea erakartzeko eta kanpora begira irudi bat izateko.
Hala ere, ez dut uste euskarazko irratigintzaren etorkizuna utopia bat denik. Egun errealitate bat da. Manuel Lekuonari galdera bera egin nion behin eta berak erantzun zidana zera izan zen: «Ez galdetu berriz hori ni hasarratzea ez baduzu nahi». Beharbada gure ondorengoen ondorengokoek ezagutuko dute hori, euskarazko komunikabideen garaia. Zentzu honetan nahiko baikorra naiz.
Zer deritzozu EAEn dugun dialari? Nola baloratuko zenuke EITBko irratiek duten konpetentzia?
Erabat zikinduta dago diala. Irrati asko dago eta azkenean bat bestearen gainean gabiltzala dirudi. Joko zikin asko eta frekuentzia pirata gehiegi dago. Beharrezkoa dugu egoera narras hori konpontzea batak besteari kalte egin gabe.
Konpetentziari dagokionez, gaztelerazko irratigintzaren presioa jasan izan dugu orain arte, Madrildik ekartzen dituzten magazinak edota irratsaioen indarra gainditzea zaila baita. Baina CIESen azken audientzia datuek argi utzi dute zein den egoera. EITBko irratiek EAEko lehen irrati taldea osatzen dute. Euskarazko irratigintza dela eta, ez dut uste elkarte mailan konpetentzia sendorik dugunik.
Frekuentzia banaketa aipatu duzu. Herri irratiek derrigorrezko publikotasuna gorde behar dute, udalak frekuentzia eskuratzeko ahalmena duen bakarra baita.
Izugarrizko sukarra sortu zen Kataluniako eredua jarraituz, udalek frekuentzia bat eskuratzeko aukera zutela onartu zenean. Hala ere, udalek, beste erakunde publikoak bezala, diru falta izugarria dute eta honek proiektu asko oztopatu ditu.
Bestetik, badira hainbat herri irrati, ondo pentsatu eta planifikatu gabe, hastearren hasi direnak. Ez dute proiektu sendorik eskaintzen askotan Euskadi Irratia edota Euskadi Gaztearen audioa jarri eta berez ordu erdiko programazioa dutelako. Ildo honetatik, irrati askok inolako akordiorik gabe gure seinalea hartu eta erabiltzen dute. Erakunde publikoen artean halako tirabirak sortzea lotsagarria da. Gu zenbait akordio betetzera zabalik gaude, baina mahai batean jarri eta paperak sinatu behar dira gauzak ondo egin ditzagun.
Bestetik, zure galderari erantzunez, dagoen aukera legezko bakarra da. Herri irratigintza udalen esku dago eta ez dakit Durangon eta Arrasaten suertatu diren kasuak legalitatearen barruan murgiltzen diren. Hau da, udal irrati bat beste talde baten esku uztea ez zait logikoa iruditzen. Badira beste bide batzuk, irrati kulturalak sortzeko aukera, adibidez.
EITBk datorren ekainetik aurrera satelitez emititzeko asmoa kaleratu du. Zein da honen helburua eta emisio hauen ikusentzule potentziala?
Hego Amerikan dagoen euskal komunitatera zuzentzen gara. Txilen izan naiz duela gutxi, han familia baitut, eta han dagoen informazio egarria nabarmena dela esango nuke. Nevada, Argentina, Txilen milaka euskaldun dira eta euskal informazio faltagatik sustraiak galtzen ari dira. Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak izugarrizko papera bete dezakete atzerrira begira. Proiektuaren aurrekontua 150 milioi pezeta ingurukoa dela uste dut, baina iruditzen zait merezi duela satelitearekin aurrera egitea. Gainera, zenbait ekoiztetxe aurrekontua osatzeko prest agertu dira. EITBko telebistako kate biak eta lau irratik Ameriketan izan dezaketen proiekzioa oso interesgarria iruditzen zait.
Euskal kulturarekiko harreman zuzena izateagatik ezaguna zara. Euskadi Irratiak antolatu duen Trikitixa Konposizio Sariketa zuk zeuk bultzatutako proiektua omen da. Zein da, zure ustez, EITBk euskal kulturaren suspertzean egin beharreko lana?
Garrantzi handiko lana egin daiteke EITBtik. Euskararekin gertatu izan den bezala, gure hizkuntza normalki entzuteko ohitura zabaltzea nahiko genuke. Hizkuntza zein kultura normalizatzea da komunikabideek bete dezaketen zereginik onena eta politena. Trikitixa konposizio Sariketaren ideia ildo honetatik dator. Hori guztia, gure kulturari irteera ematea eta bitxikeria modura tratatzea baino, naturaltasun osoz tratatzea euskal kulturari dagokion mesederik onena da.
Trikitixaren kontuekin jarraituz, klasikoak miresten dituzu batez ere. Zer irizten diezu belaunaldi berriei?
Trikitixazale amorratua naiz. Azpeitian trikitilari asko ezagutu izan ditut eta honek zaletasun berezia sortu du nigan. Baina onartu beharra dut Sakabi, Laja, Zabaletaren atzetik Junkera eta Tapia datozela. Eskola berria zabaldu dute gazteek eta errespeto handiz ikusten ditut. Are gehiago, jarraitzaile asko badituzte. Baina Elkar disketxeari galdetu nahiko nioke Tapia eta Leturiaren azken diskoa nola saldu den eta trikitixa klasikoaren inguruan murgiltzen zirenean, zenbat saltzen zuten. Hala ere, trikitilari bezala asko miresten ditut Tapia eta Leturia, onenetakoak baitira.
Bertsolaritzako gai-jartzaile modura aritu izan zara inoiz. Bertsolaritzak ere aldaketa askotxo jasan ditu. Nola hartu dituzu?
Gai-jartzaile modura aspaldian ez naiz aritu, baina ehundaka bertso jaialditan parte hartu dut eta, asko pentsatu eta gero, ez nintzateke berriro itzuliko. Gai-jartzailearen eginkizuna faltsua eta oinarrigabea iruditzen zait, beste norbaiten ahoan nik esango nukeena jartzea baita. Eta ez dakit egun noraino den jatorra jarrera hau, eta ikara izugarria ematen dit. Gaien aukeraketari ez diot beldurrik, baina bertsoen erabilerari bai.
Bertsolaritzak jasan dituen aldaketak asko dira, Gipuzkoako azken txapelketa ikustea baino ez dugu. Hura ez zen Gipuzkoako Txapelketa, Bertsolari Gazteen Txapelketa baizik. Aurpegi eta bertso asko bota nituen faltan.
Bestetik, egun iruditzen zait bertsolaritza erabiltzen dela bertsolarien eginkizuna ez diren gaietan. Bertsolaritza mitinak egiteko erabiltzen da egun, eta ohiko bertsozale asko aldendu ditu ohitura honek. Bertsolari eta bertso-entzuleen arteko harremana moztuta dagoela iruditzen zait, entzulea pasiboa baita. Balore batzuk irabazi ditugu eta beste batzuk galdu.
GARTZIA, Myrian
29-33

GaiezKomunikabidIrratiaRadio Euska
PertsonaiazIRIONDO2
EgileezGARTZIA3Komunikabid

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude