Zuzentzeak aktoregintzak ez duen zirrara du, adikzioa sortzeraino


1995eko azaroaren 19an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Eneko Olasagasti, zine zuzendariari egindako elkarrizketa
Zuzentzeak aktoregintzak ez duen zirrara du, adikzioa sortzeraino
Eneko Olasagasti
Antzerkigintzan eman zituen lehenbiziko urratsak, baina telebista eta zinemako zuzendari lanak izan dira donostiar hau gailurreratu dutenak. «Ama Begira Zazu», «Bi eta bat» eta «Maité» bezalako lanen ostean, bere kezka eta proiektu berriez mintzatu zaigu.
«India beltzak» obra estreinatu berri duzu Xirristi-Mirristi taldearekin Donibane Garazin. Azken denboran taularatzen hasi diren lanek, giro berria adierazten al dute, zure ustez, Iparraldeko euskarazko antzerkigintzan?
Belaunaldi gazte batetaz hitz egin daiteke, autore gazte bat sartu baita antzerkigintzan. Taldeko batek idatzi du antzerki lana, Pantxoa Irigaraik, eta alde horretatik berrikuntza da.
Bestela, ez dakit nik Iparraldean dagoen egoera oso ona den. Egun bi talde bakarrik daude, Xirrixti-Mirrixti eta Bordaxuri, orain zazpi urte baino askozaz gutxiago. Egoera hobetuz badoa ere, oraindik oso apala da.
Eta, profesionaltasun mailari dagokionez, egoera bera bizi al da Iparralde eta Hegoaldean?
Iparraldean dagoen profesionalen mailako euskal aktore bakarra Koldo Amestoi da. Gainontzekoak afizionatuak dira, baina kalitate oso onekoak. Txomin Hegi ere profesionala da, baina ez da antzerkitik bizi, eta Baionan bada talde profesional bat, baina frantsesez egiten dute.
Hegoaldean berriz, beste aldera egiten du balantzak, profesionalen mailara, gehiago. Produkzioa ere asko igo da azkenaldian, eta denbora luzeagoan mantentzen dira eszenatokietan.
Planteamendu bera erabili izan da Iparraldean eta Hegoaldean, euskaraz lan egiteko orduan?
Euskaraz aritzeko, Hegoaldekoak hurbildu gara Iparraldekoen jokabidera. Izan ere, Iparraldean euskalkitan ibili izan dira ia beti. Hegoaldean, hasieran dena batuan egiten zen, baina gauzak aldatu, eta orain kaleko hizkuntzara hurbildu da antzerkikoa, Iparraldean beti egin izan den bezala.
Bordaxuri taldeak «Clovis eta Mariette» antzezlana frantsesez taularatu du. Euskarazko antzerkiak beharrezkoa al du bi hizkuntzatan aritzea, aurrera egiteko?
Objetiboki, merkatua zabaldu egiten da, baina obraren arabera da hori, batzuek bi hizkuntzetan funtzionatzen baitute, eta beste batzuek ez. Dena dela, Euskal Herritik kanpora ateratzeko erabiltzen dira beste hizkuntzak, Euskal Herria oso txikia delako, eta espektakuluak amortizatzeko emanaldi dexente eman behar direlako. Merkatu arazoa da.
Erraza al da Euskal Herriko antzerki bat kanpoko merkatuetan sartzea?
Euskal Herrian, eta kulturaren alor guztietan dugun arazoa, salmentak dira. Guk gauza onak egiten badakigu, baina saltzailerik ez daukagu. Kontuan izan hamabost taldeko saltzaile profesional bakarra dagoela. Gero, talde bakoitzak saltzaile bat izaten du, baina ez dira salmentaren profesionalak. Saltzailearen figura falta zaigu Euskal Herrian.
«Maité» filmea Kuban egin zenuen. Zer esperientzia izan zen Senel Paz idazle kubatarrarekin lan egitea?
Zoragarria izan zen, politenetakoa. Guk Senel ezagutu genuenean, «Fresa y Chocolate» muntaiaren prozesuan zegoen oraindik, eta gidoilari ekipoa sortzeko jende bila zebilen. Guregan aurkitu zuen talde hori, eta guk maisu handi batekin egin genuen topo.
Eta zein izan zen Senel Pazen papera «Maité»n?
Hasieran gidoi-zuzentzailea zen, baina azkenean hirurak elkarrekin aritu ginen. Lana txertatzea lortu genuen, eta orain zaila da gidoiaren zati bakoitza nork idatzi zuen jakitea, Senelek, Karlos Zabalak edo nik. Gidoiak oso ondo sinbolizatzen du prozesua zer izan den, bai maila pertsonalean, baita profesionalean ere. Oso truke polita izan da. Kubako egonaldiak, eta bertan egindako lanak, neure burua hobeto ezagutzeko balio izan dit.
Filme honen arrakastaren ostean, ba al daukazu etorkizunerako proiekturik?
Bai, baina ez dut Euskal Herrian egingo, hemen aukerarik ez dudalako. Kubara joango naiz. Aktore asko ageri dira egin nahi dudan antzerki-lanean, eta hemen ez dago horrelako antzerki handi bat egiterik. Jean Genet-en «Balkoia» egingo dut, buruan aspaldidanik nuen proiektua. «Maité» errodatzen egon ginenean ezagututako «El Público» antzerki taldearekin egingo dut. Genet-en beste antzerki batzuk ere egin dituzte eta oso aktore onak dira. Azpiegitura ere eskaini zidaten, eta Kuba, gainera, oso egokia da.
Hainbeste urteren ostean, formula berezirik aurkitu al duzu antzerkian arrakasta lortzeko?
Lanbide honetan ez dago beti funtzionatuko duen formularik, eta proiektu berri bakoitzeko modu berriak aurkitu behar dira. «Ama Begira Zazu»n, esaterako, haustura egon zen hizkuntzaren tratamenduan, euskalkiak erabili baikenituen. Gizartea horrelako aldaketaren egarri zen, eta arrakastatsua izan zen. Baina orduko elementu berak formula gisa hartu, eta beste antzerki bat egiteko erabiliz gero ere, arrakasta ez da ziurra. Zorionez, mundu honek magia du oraindik.
Euskal antzerkigintzak edabe magikoren baten beharrik ba al du aurrera jotzeko?
Ez. Egun gure antzerkiak duen osasuna ona da. Arazo nagusia banaketa da, hau da, antzerki taldeek sormen kapazitatea badute, baina ikuslearengana iristea kostatzen zaigu. Bien arteko zubiak erraztea beharrezkoa da, askotan haustura egoten baita bien artean. Egiteko lan handia dago oraindik, baina ekitearen ondorioz sortuko da, eta ez edabe magiko batez bidez.
Egoera ez da hain kaskarra, beraz.
Arazo handiak ere izan ditugu. Joan den hamarkadatik, PSOE eta EAJrekin kultura guztia subentzionatzen zen, publikoari bizkarra emanez. Antzerkiak egiteko dirua bazegoen, eta orduan berdin zuen antzerkietara jendea joaten zen ala ez. Orain beste muturreraino joateko arriskua dago. Madrilgo Gobernura PP iritsiko deneko susmoa dago, eta honek merkatu librea ekarriko du. Lehen ikuslea kontuan hartu gabe, eta orain haien esku utziko da guztia.
Lanak lehiatilara mugatze horrek zer eragin izango du gure antzerkigintzan?
Euskara ez da, gaur egun, komertzialki oztopoa, baina agian lehiatilara mugatuz gero ezingo litzateke nahi adina antzerki egin euskaraz. Gainera, instituzioen aldetik ere diru laguntzetan ez da euskararekiko diskriminizazio positiborik nabari, harrigarria badirudi ere. Alde horretatik, Kultura Sailean oraindik koordinazio falta handia dago, baina borondatea ere ikusten zaie.
Zure lanean Karlos Zabalarekin aritu zara beti. Zein aberastasun sortzen du biren arteko zuzentze lanak?
Lagun onak izan, elkar ezagutu eta errespetatzeak, lana aberastu egiten du beti. Askotan zure egiteko moduari ukazioak jartzen dizkio besteak, eta nire ustez, ukazio hauek aportazio batzuk baino garrantzitsuagoak izaten dira, zer egin nahi den zehatz jakinez gero, behintzat.
Eta lantaldeak zer garrantzi dauka lan egiteko modu horretan?
Garrantzi izugarria izaten du. Prozesu honetako zati bat bakardadean egiten da, idatzizkoa, baina gero lantaldea sartzen da, halabeharrez. Aktoreen kasuan, antzerkigintzan hasi nintzenetik zinemara pasatzeraino, jende berberarekin egin dut lan. Fideltasunaren kontua da, eta elkar ulertzearena. Nik zer nahi dudan ondo dakite, eta, era berean, nik euren ahalmenak ezagutzen ditudanez, beren mugen gainetik jarri nahi izaten ditut. Hori, ezinbesteko trukea izaten da.
Gidoigile eta errealizadore ere bazara, zuzendariaz gain. Dena goitik behera kontrolatzea gustatzen zaizula dirudi.
Karlos eta biok askotan komentatu izan dugu, eta atera dugun ondorioa, zera da: prozesuaren parte batean huts eginez gero, gero antzeman egiten dela. Gure lana egiteko moduagatik izango da agian. Guk argi izaten dugu zer den atera nahi duguna, eta askotan ez dugu idatzi ere egiten. Hori, prozesu osoa kontrolatuz gero egin daiteke, soilik. Elkar ezagutzeak ere asko egiten du. Nik Jose Ramon Soroizentzat dialogo bat idazten badut, badakit berak nola egingo duen. Ondo zehaztu gabe geratzen bada, bestalde, bera arduratzen da egokitzapena egiten, badakielako zer nahi dudan.
Aktore lanetan hasi zinen, baina orain alde batera utzia duzu. Ikusiko al zaitugu berriro ere oholtzaren gainean?
Antzezle lana alde batera utzia izana, ez da aukera konszientea izan. Gidoilaritza eta zuzendaritza lanean murgildu nintzenean ez nuen beste ezertarako denborarik, eta gero, denbora pasatzen denean, antzezlea zarela ez du inork gogoratzen. Dena dela, zuzentzeak aktoregintzak ez duen zirrara du. Aktore batek istorioaren zati bat baino ez du betetzen, eta zuzendari batek guztia kontrolatu behar du, azkenerako adikzioa sortuz. Leku honetan eroso nago, baina ez, aktore lana ez dut ahaztu.
ETB bezalako medioak beharrezkoak al dira aktoreak iraunbizi ahal izateko?
Zalantzarik gabe, baina hori leku guztietan gertatzen da. Gure kasuan, gainera, oso beharrezkoa da, bestela ez baitago lanean aritzeko azpiegitura nahikorik. Guk zinema egiteko, adibidez, ez dugu Espainiak duen kapazitate bera. Orduan, telebista da geratzen zaigun medio bakarra, eta honek zutabea izan behar du gure mundua mantentzeko. Kontuan hartu behar da Aktoreen Batasunean 160 aktore gaudela, eta urtean gehienez hiru filme eta hamar antzerki lan egiten direla. Horregatik da hain beharrezkoa ETBk produkzio txiki eta ugariak egitea.
Bukatzeko, euskarazko antzezlan bat egiterako orduan, zer hartzen duzu kontuan, aktoreak eman dezakeen maila, edo honek euskaraz nola egiten duen?
Biak. Egin beharreko pertsonaia motaren arabera. Bukatu berri dudan «Jaun eta jabe» telesailean, esaterako, lehendakaritzara iristen den sukaldari baten istorioa kontatzen dut, eta bertan batzuk euskaldun zaharrak dira eta besteak euskaldun berriak. Lehendakariaren asesorea, esaterako, euskaldun berria da. PPko eta PSOEkoen papera egiten dutenak ere euskaldun berriak edo euskaraz ez dakitenak hartu ditut, eta testua euskaraz ikastera behartu. Aktoreekin jokatu egin behar da.
AINHARA ZUAZABEITIA
ENEKO OLASAGASTI
ZUAZABEITIA, Ainhara
29-33


GaiezKulturainemauzendariakOLASAGASTI2
GaiezKulturaAntzerkiauzendariak
PertsonaiazOLASAGASTI2
EgileezUAZABEITI1Kultura

Azkenak
Uribarrin urperatutako herrietatik bota zituztenak omendu dituzte

Ur azpian utzitako herrietatik joan behar izan ziren 600 pertsonen omenez jarri dute oroigarria urtegiaren begiratokian, "ez ditugu inoiz ahaztuko urperatutako bizitzak", adierazi du Arabako ahaldun nagusiak.


2025-07-29 | Gedar
609 langile kaleratuko dituzte Ezkirozko BSHn

Plantillak baiezkoa eman dio aurreakordioari, eta, printzipioz, urte hau amaitzean itxiko dute fabrika.


Gasteizko lorezainek lau hilabete bete dituzte greban, Jaurlaritza eta Enviser enpresa aurrean manifestazioa eginda

Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik. 


Álvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia errudun jo dute iruzurra eta eroskeriagatik

2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izan zenari gutxienez lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiokete. Auzitegi Gorena 2018an hasi zen ikertzen Uribe, Ivan Cepeda senatari ezkertiarrak jarritako salaketa batean lekuko ziren hainbat paramilitarri... [+]


Israeldar kolono batek ‘No Other Land’ dokumentala grabatzen lagundu zuen aktibista palestinar bat hil du Zisjordanian

Yinon Levi izeneko kolonoak Odeh Hadalin aktibista hil du Zisjordania hegoaldean. 'No Other Land' dokumentala grabatzen lagundu zuen Hadalin, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen martxoan. Kolono hiltzailea palestinar lurraldeak okupatzeagatik AEBetako zigor... [+]


2025-07-29 | Mikel Aramendi
Analisia
Kanbodia eta Thailandia, gerra-plantak egiten?

Arma astunekin elkarri erasoka lau egun eman ondoren, baldintzarik gabeko su-etena adostu dute Kanbodiak eta Thailandiak, Malaysiaren bitartekaritzarekin, Kuala Lumpurren egin duten aurrez aurrekoan. Ezingo dute akabera hori ikusi bonbardaketetan, alde batean zein... [+]


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Eguneraketa berriak daude