"Ez nuen era horretan erretiratzerik espero"


1995eko azaroaren 12an
Josean Tolosa pelotariari elkarrizketa
"Ez nuen era horretan erretiratzerik espero"
Josean Tolosa
Isil-isilik aldegin behar izan du eskuz banaka Gipuzkoak eman duen azkeneko txapeldunak. Hogei urte pilota eskuetan, bizitza oso bat joan zitzaion aurtengo uztailaren 26an bere azken partidua jokatu zuenean. Kaleko arropaz eta trapurik gabe jarri dugu hizketan amezketarra.
Eugirekin Nagore eta Zezeagaren aurka jokatu zenuen azkeneko hartan irabazle irten eta adio. Ez dirudi horrek erretiratzeko modu normala.
Joan den uztailean jokatu nuen partidu hura ez dut erraz ahaztuko, Santa Ana egunean izan zen. Egia esan ez nuen era horretan erretiratzerik espero, ia abuztuan estelarrak jokatzen eta momentu on batean gainera, urte oso ona egin nuen. Baina halaxe gertatzen dira gauzak, enpresen artean gerra bat izan zen eta bakarra geratu zenean, neu tartean batere kontratorik gabe. Orduan enpresa berri batera joateko urte askotxo ziren-ia berrogei urte- eta horrela erretiratzea erabaki nuen.
Une horretan jarraitzeko eskaintzarik izateak ez al zizun minik egin?
Lehen esan dizut segitzeko asmotan nenbilela, baina enpresa berriak figura guztiak bildu zituen ordurako eta ez zuten nonbait nire beharrik. Alde batetik, normaltzat jotzen dut gazteari lagundu egin behar baitzaio; zaharrari ere errespetua zor zaio eta Retegiren kasuan bezala ahalik eta gehien irautea nahi baldin bada, oso kontuan eduki beharra dago partiduak programatzean urte asko daramatzala bere gorputzari asko exijitzen eta bat-batean lehertu eta erretzeko arriskua dago. Dena den, pilotariaren bizitza ez da betirako eta noizbait erretiratzeko ordua iristen da. Nik erabakia hartu nuen eta ez dut horren damurik.
Profesional mailan egin dituzun hogei urteotan zenbat eta zenbat pasadizo?
Gauza asko eta denetarik, eskutako minak, jokorik ez, buruhausteak, lesioak, operazioak... gauza asko. Momentu txarrak pasatzen dira baina denborarekin onak bakarrik gelditzen dira gogotan. Nik beti esan ohi dut, zirriborroak denborarekin borratu egiten dira eta nik behintzat pasarte zoriontsuak besterik ez ditut gogoratzen.
Zuen hasierak orain abiatzen direnekin alderatzerik bai, Josean?
Ezta pentsatu ere, aldaketa handia jo du kirol honek, bai materiala, pilotalekuak, telebista... Orduan urtean partidu bakarra botatzen zuten telebistatik, prestaketa aldetik ere ez dago kolorerik eta antolaketa aldetik ere zer esanik ez.
Nik milaka aldiz kontatu dut nire kasua, baina nahiko esanguratsua da: Amezketan ez zen delegaturik eta hemeretzi urte arte ez nuen txapelketa bat jokatzeko aukerarik izan. Donostiatik Arrasatera ikastera joan eta han lagun batek animatu ninduelako txapelketan parte hartzera. Urte hartan bertan afizionatu mailan txapeldun irten nuen eta urte t'erdian estelarrak jokatzen ari nintzen profesional mailan.
Ni pilotari izatea miraria da, patuaren kontua.
Beraz, gaur egungo gazteek bidea samurragoa dute, nonbait?
Orain txapelketak non-nahi dauzkazu gazte gaztetandik hasita, prestaketa ere askoz hobea da, erantzukizunak hartzen berehala ohitzen dira hainbeste torneotako finaletan jokatzen, eta beste hainbat abantaila. Oraingoak fisikoki ondo prestatuta datoz baina lehengo gazteek pilotan askoz gehiago zekiten. Gure garaitan eskolatik aparte pilota besterik ez genuen eta igoal egunean hiru aldiz jarduten ginen; orain, berriz, astean behin edo bi aldiz ibiltzen dira eta ez dute dominatzen pilota; hortantxe uste dut genuela guk bakarrik abantaila. Pilotari batek atera bitartean frontoian orduak sartu behar ditu, edozein lanbidetan bezala, lehendabiziko pilotaren manejua eta sekretu guztiak ikas ditzala eta gero etorriko dira prestaketa fisiko, mediku kontrolak eta gainontzeko guztiak.
Pentsatzen al zenuen hainbeste urtetan jokatu eta eskuz banakako txapeldun izatera iritsiko zinenik?
Betidanik izan dut pilotarako afizio handia eta burutik ere ez zitzaidan pasa horrelakorik. Nire bizitzako pozik handiena txapela irabaztea izan da. Momentu hartan ez zara konturatzen baina denbora joan denean oraindik ere balio handiagoa ematen diot. Meritu handikoa izan zen garaipen hura, nik ezagutu dudan pilotaririk handienari irabazi niolako gainera, Julian Retegiri. Nik Ogeta, Tapia anaiak, Pierola, Retegi zaharra eta abar izan ditut aurkako, baina Julian bezalakorik ez da izan gure garaian.
Eskuz binaka ere hiru txapela irabazita zaude.
Panpi Ladutxerekin bi irabazi nituen, baina aurrenekoak ilusio handia egin zidan. Beristain lagun nuela txapela Gipuzkoara ekarri genueneko hura zoragarria izan zen. Arriaran anaiek lortua zuten azkenekoa eta, jakina, horrenbeste denbora itxoin beharrak gure bi-bitarako txapelaren garrantzia puztu egin zuen.
Nagorek, lau t'erdi barnean Retegi menpean hartzeak pronostiko guztiak hautsi zituen?
Horrek esan nahi du denbora pasa egiten dela, Retegi pilotari onena izan da eta distantzia horretan oraindik ere hobea, baina gazte hauek eguna harrapatzen badute pilotari habaila handia ematen diote eta zaharrek berriz maisutasunez jokatzen jarraitzen dute, baina ez dute lehen bezala hausten. Gazteen arriskua hori da, bere eguna tokatuz gero hautsi egiten duela eta horixe gertatu zen lehengoan: Nagorek bere belozidadearekin Retegi hautsi egin zuela.
Pilotazaleak sarritan pilotariok emaitzarekiko duzuen menpekotasuna eta ondorioz `buena' egiteko joera nabarmena kritikatu dute. Horrenbesteko errespetua al diozue partidua irabazi ala galtzeari?
Ez dut uste arrazoia hori denik. Alde batetik, prestaketa fisikoa hobea denez defentsa ere hobea da, baina lehen esan dizudan bezala, oraingoek ez dute lehen bezala dominatzen eta horregatik arriskatzeko beldurra izaten da. Orain aurrelari asko dago tantoa bukatzen ez dakiena eta hori frontoian orduak sartuz ikasten da. Lehenago beste mentalidade bat zegoen. Ni hasi nintzen garaian partiduak politagoak ziren; horrekin ez dut esan nahi gehiago jokatzen zenik, baina espektakularragoa zela dudarik ez. Garai haietan Pierola, Retegitarrak, Arroio, Bergara II..., aurrelariek ez zuten bi aldiz pentsatuko tarte bat ikusiz gero, partiduak ordutik behera irauten zuten.
Tantoa segurtatzeko joera hori gazte gaztetandik erakusten omen zaio pilotariari.
Hori ere gertatzen da. Edozein txapelketa izanda ere, gurasoak direla edo delegatuek irabazteko bakarrik prestatzen dituzte haurrak eta ez luke horrela izan beharko. Gazteak gozatu egin behar du, pilotan egin dezala eta afizioa izan dezala. Txikitandik segurutik jotzea erakusten bazaio ez eskatu gero mutil horri errematatzen jakitea. Badira gutxi batzuk joko hori berezkoa dutenak, baina gainontzekoek orduak behar dituzte gantxoa nola jo edo pilota txokoan noiz utzi behar den ikasteko. Mentalidadeak ere zer ikusi handia du, pilotariak bere jokoarekin kantxan kalean nolakoa izango den islatzen du: kontserbadorea denari errematatzaile izatea ez eskatu gero!
Gaur egun pilota aro berritan sartua dabilela esan al genezake?
Enpresa batek apustua gogor egin du pilotaren alde, eta telebista dela medio, oihartzun handiagoa duela ez da dudarik. Pilota gaur egun jende askok segitzen du eta nik uste euskaldun gehienoi gustatzen zaigula, baina lehen gehiago bizitzen zen. Orain pilotalekuetara jende gutxiago inguratzen da. Pilota ezagutzen da, bai, baina ez da lehen adina sentitzen. Pilota telebistatik ezagutzen da baina gazteak praktikatzen ez badu nola biziko du kirol hau!.
Pilota ezagutzetik bizitzera alde handia dago.
Zu ere pilotalekuak zuriz mantendu behar diren iritzi duen horietakoa al zara?
Tradizio kontua izan daiteke, baina nik zurizale izaten jarraitzen dut. Pilotari bezala bakarrik ez, ikusle naizen aldetik ere pilota beltzarekin gehiago gozatzen dut. Pilota zuriarekin jokoa mantsoagoa iruditzen zait; pilotakada bikaina errebotera gantxo bat edo `kortada' bat beltzarekin askoz ikusgarriagoa iruditzen zait. Hala ere, zer erremedio, pilotaren mesedetan izanez gero eta telebistari komeni bazaio, horretara jarri beharko dugu.
Esku pilotan iraultza moduko bat gertatu den bitartean beste modalitateak arrankatu ezinik dabiltza?
Esku pilota betidanik beste espezialitateen ama izan da, jende gehien erakartzen duena eta horretaz aparte telebistaren emankizunetarako egokiena. Alde horretatik eragozpen handiak dituzte besteek. Pala, esaterako, oso polita da baina telebistatik pilotaren habailarekin palakada dotorea ondo ikustea ez da erraza.
Bukatzeko Josean, ez al duzu agur gisako jaialdirik espero?
Seguruenik hil honen 18an izango da. Asegarcek nahi ditudan pilotariak utziko dizkidala agindu dit egun horretan libre daudenak_, eta jadanik hasia nago jaialdi hori antolatzeko buruhaustetan. Izenak oraintxe ezin esango nizkizuke, baina jaialdia lehen mailako bi estelarrekin osatuko da. Eibarko Astelena aukeratu dut jaialdia jokatzeko eta nire omenaldian jasotako dirua Amezketako pilota-eskolarentzat izango da.
AGIRRE, Martin
29-32

Gaiez\Kirola\Pilota\Pilotariak
Pertsonaiaz\TOLOSA1
Egileez\AGIRRE20\Kirola

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude