Kazetari eta politikarien arteko lotura alferretik aldegin behar dugu


1995eko urriaren 15an
Euskadi Irratiko programazio arduradun eta "Goizean Behin"en hizlari
Kazetari eta politikarien arteko lotura alferretik aldegin behar dugu
Jaime Otamendi
Donostian Euskadi Irratiak duen bulegoan iragaten du ordurik gehien, «Goizean behin» entzuleen belarriak astinduz. Komunikatzaile aparta, kazetarien etika aldarrikatzen du, irratiaren etorkizunari buruz duen ardurarekin batera.
Dozena bat urte daramazu irratian. Aurrera begirada bat botaz gero, zer funtzio beteko dute etorkizunean irratiak eta irratiko langileek?
Etorkizunari begiratu egin behar zaio, eta herri honetan gutxi samar begiratzen diogun errezeloa daukat. Komunikabideetan etorkizunean ziur aski aldaketa asko izango ditugu, batetik behintzat teknikak berak markatuko duelako aldaketa. Niri irratian eta komunikabideetan lan egitea gustatzen baldin bazait, eta lan taldearen lana betetzea gustatzen bazait, esperimentatzeko bidea ematen duelako; era berean, etorkizunera begira jartzeko modua ematen duelako. Momentu honetan atzendu samartuta gaude ez gaudelako egunean jarrita, zer datorkigun oso ondo ez dakigula. Horri aurre hartu behar diogu, batez ere euskaldunok.
Nola?
Munduan zehar egiten dena ikusiz. Teknika arloan zer datorkigun ikusiz. Garbi dago kable bidezko irratia etorriko zaigula, garbi dago informatizazioak hedapen asko ekarriko dizkigula programazioa egiterakoan, kalitatean ere asko hobetuko dugula. Gizartearen aurretik joan behar dugu komunikabideok, bide batzuk markatu egin behar ditugu. Askotan duda sartzen zait gizartearen atzetik ez ote goazen, beti betiko gaiak aipatuz, betiko azterketak eginez.
Etorkizuneko irrati hori, ordea, nolakoa izango da?
Entzulea eta irratiaren arteko lotura askoz ere handiagoa izango da ziur aski. Adibidez, irrati bakoitzak aurrerantzean entzule poltsa bat izango du eta entzule poltsa horrekin egunero hitz egiteko modua izango du. Oso modu errazean jakin ahal izango da, esaterako, entzule poltsa horrek zein musika entzun nahi izango duen. Parisen, adibidez, egiten da. Irrati musikal bat bada horrela programatzen dena.
Irratiak aurretik joan behar duela aipatu duzu, baita entzuleek gaiak aukeratu ahal izango duten poltsa ere. Ez al dago kontraesanik hor?
Kontraesan hori beti dago. Askotan jendeak beti trikitixa jartzeko eskatzen dizu, baina zuk oso garbi daukazu beste musika ere eskaini behar diozula. Jendearen iritzia eta zuk zeuk profesional bezala etorkizunari begira ikusten dituzun gaien artean uztarketa egin behar duzu. Ziur aski, irrati guztia ez da programatzen entzuleek nahi duten neurrian. Egun ez dakigu entzuleek goizeko zazpietan zein musika entzun nahi duten.
Beste kezka dut, zein gai interesatuko zaizkigun eta horiek nola landuko ditugun. Albistegiak nola lantzen ditugun gehiegi ez zait gustatzen, politikak ardatza markatzen duelako. Eta jendea beharbada aspertzen hasixea dago betiko kontuak entzuteaz. Ohitu behar dugu beste gauza batzuk ere albiste bihurtzen.
Zein izango da irratiaren harremana beste komunikabideekin etorkizunean?
Komunikabideetan bi arlo daude oso ondo bereizten ari direnak. Bata da gerentea eta dirua irabazi behar duena eta berak markatzen ditu pauta batzuk. Bestea profesionala da. Gerentearen aldetik gero eta inportanteagoa da mass-mediak sortzea, irratia eta telebista dena batera sartzea. Eta ajentzi bat ere sartzen badu, hobe. Gerentearen ikuspegitik askoz ere merkeagoa delako, gastu gutxiagorekin produktu gehiago egin daitezkeelako eta elkarri jaten ematen diotelako gainera. Edukien aldetik, garbi dago gauza on batzuk badituela mass-media bat izateak, baina bestalde, komunikabide bakoitzak bere izaera du. Etorkizunean, seguru asko, gerentearen buruak irabaziko du. Azkenean hemen dena numerotan neurtzen da: zenbat publizitate dagoen, zenbat entzule dagoen, zenbat diru irabazten den, eta abar.
Eta komunikabide publikoei dagokienez?
Politikariei esan behar zaie argitu dezatela zer helburu duten komunikabide publikoekin: zenbat gastatu nahi duten, nolakoa nahi duten... eta ez jostailu bezala erabili elkarren kontra aritzeko. Dirua ematen duen komunikabide bat nahi baldin badute, ez dauka zentzurik euskaraz egiteak. Helburuak garbi azaldu behar dira.
Gainera, profesionalen iritzia eska dezatela, ez baitute egiten. Komunikabideez aritzen dira guri informaziorik ere eskatu gabe.
Zu prest egongo zinateke zure irratia egiteko modua aldatzeko audientzia baten arabera?
«Baldin eta...» bat dago hor. Badago etika profesional bat eta horren arabera aztertu egin behar da. Oso egoskor jarrita ezin dut egin entzuleek nahi ez duten zerbait, entzuleak galtzeko produktu bat. Baina garbi daukadana da entzulea erraz irabazteagatik edozer gauza egin behar badut, ez dudala egingo. Medioen arteko konpetentziak, entzule irabazi beharrak eta publizitatea irabazi beharrak askotan oso etikoak ez diren gauzak egitera behartu dituzte zenbait kazetari. Gu ez gara joko horretan sartu baina arriskua badago.
Nolako entzuleak erosiko zenituzke?
Munduko entzulerik azkarrenak nahiko nituzke, noski. Baina niri benetan gustatzen zaidana, ordea, entzule umoretsua da; herri honi umorea falta zaio, eta norberak bere buruari barre egiteko gaitasun hori.
Irratian informazio jarioa etengabea da. Hainbeste informazio dago edo ilusioa da?
Beharra guk sortua da. Hor kazetari eta politikarien arteko alferreko lotura bat dago, guk geuk sortzen dugu beharra. Behar faltsu bat sortua dugu. Hortik aldegin beharko genuke. Albistegietan albisteak soseguz, patxadaz kontatu behar ditugu, ez dago presaka ibili beharrik. Ez dut atsegin presa hori eta askotan kazetariek azaldu izan dugun «azken orduko albiste emate» hori.
Joera hori ez da areagotzen ari azkenaldi honetan?
Mimetismo asko egiten ditugu, asko kutsatzen diogu elkarri. Beti ahazten duguna da norberak bere estiloa daukala eta egin ezin duguna kopiatzea dela. Komunikatzaile bezala, zailena horixe da, estiloa aurkitzea. Ikusten dugunean batek entzuleak dituela, denok haren gauza berdina egitera joaten gara. Esaterako, egun Espainiako irratietan gauerdian dagoen kirol programa egin behar hori, denak estilo beretsuan: sermoilari gisa, iritzi asko eta merkeak emanez, eta askotan kirolarien intimitatean eta inork deitu ez dituen tokian sartuz. Horrek bati entzuleak ekarri zizkion eta orain entzuleak ezin partituta dabiltza. Hori absurdoa da.
Hemengo komunikabideetan ere ikusten al duzu?
Euskaraz daukagun arazoa une honetan dugun erosle jendea partitzeko gehiegi ez dugula, erostun gutxi. Gainera, euskaraz dauden eskaintzak ere ez dira berdinak, gutxi dauzkagu. Eta dauzkagunak, ziur aski elkarren artean bateragarriak. Hori kalterako da. Hemen Espainiako irrati pribatu batek badaki euskara hutsez egindako saio batekin irabazirik ez duela, Katalunian ez bezala. Asko gustatuko litzaidake irrati gehiago izatea euskara hutsez, eta batez ere irrati espainolak euskara ere komunikaziorako hizkuntza modura hartzea, eta ez bazter batean eta programazioko ordu ezkutu batzuetan, kupoa betetzeko, konpromezuzko saioak egitea.
Zer eskaini beharko lizuke beste era bateko komunikabide batek zuk irratia utz zenezan?
Telebista da gainditu ez dudan ikasgaia, probatu bai baina aprobatu ez. Eta bada nire arantzatxoa. Telebistarekin esperimentatzea izugarri gustatuko litzaidake. Horretarako beharko nuke, noski, aukera, lantaldea eta nire burua jolas horretarako balio dudan edo ez erabakitzeko kinkan jartzea.
Hala ere, telebista gaur egun oso egoera berezian dago, telebistan lana egitea oso zaila da egun. Gerenteak agintzen duelako, entzuleen joko horretan sartuta daudelako, gaur bertan hasitako saio bat kendu dezaketelako entzulerik ez izateagatik. Telebista oso zoratuta dabil, sosegatu eta asentatu beharko du, bestela horrela ez da posible. Telebistako profesionalei ez zaie aukerarik ematen ez ikasteko, ezta lan egiteko ere. Telebistakoa eromena da. Horregatik, oso zaila iruditzen zait asignatura hori horrela aprobatzea.
Lantaldearen hariari heldu diozu berriz ere. Imagina dezakezu zeure burua lantalderik gabe lanean?
Ez. Oso gaizki pasako nuke. Ez naiz bakarrik lan egitekoa. Ez badu ematen ere, zalantza asko izaten dituen pertsona naiz gai guztietan. Zalantza horiek kontrastatu beharra izaten dut, gero askotan nik neronek nahi dudana egiteko egoskorra naizelako. Hemen perfektoa ez dago inor, eta lantaldea horregatik beharrezkoa da. Bakarrik lan egitea egokituko balitzait, niretzat sekulako atzerapausoa litzateke.
Eta nola gauzatzen da buruzagi funtzioa, Euskadi Irratiko programazio arduradunarena, talde lanean?
Zuzendaritzan ere lantaldean jarduten dugu. Ni naiz azterketak egiten dituena, ideia batzuk finkatzen dituena, gehiagorako denborarik ez dudalako, bost ordu mikrofonoan pasatzen ditudalako. Zuzendaritza lantaldean ere izugarrizko eztabaidak izaten ditugu, lantaldeak abantaila hori badu, momentu oso gozoak izaten diren bezala, eztabaida latzak ere izaten direla. Baina eztabaida horietatik beti ateratzen da zerbait. Jakin behar dena da eztabaida horiekin ez erabat haserretuta bukatzen. Eta hori kosta egiten da, denoi kostatzen zaigu gure akats bat onartzea, huts egite bat onartzea, barkamena eskatzea, eta besteen aurrean agerian eta biluzik geratzea ere asko kostatzen zaigu.
Zer aholku emango zenieke etorkizuneko irrati esatariei, komunikatzaileei?
Lehenengoz, hizkuntza ondo menderatzea. Hizkuntz kalitatea galdu egin da pittin bat, prestakuntza urria da maila horretan. Eta edozein komunikabidetan komunikatzeko hizkuntza dominatzea ezinbesteko baldintza da. Gaur egun iruditzen zait behar adina ez dela lantzen hizkuntza. Hizkuntzak aberastasun asko behar du eta matiz asko. Hizkuntzaren pobretzea herri guztietan ematen da, komunikabideen arazo handi bat da. Asko zaindu behar dugu gu garelako jendearen erreferentzia. Bigarrenez, komunikabide guztiak ondo aztertzea. Hirugarrenez, lan asko egiteko prest egotea. Bestela ez dauka tokirik ziur aski. Laugarrenez, ofizio hau hartu behar baduzu, garbi eduki gustatzen zaizun ala ez. Oso ofizio polita eta interesgarria ematen du kanpotik begiratuta, eta horrela da, baina gustatzen ez bazaizu, hemen arantza asko dago.
Ezberdintasun handia sumatzen al duzu zu hasi zinenean eta gaur hasten ari diren gazteen artean?
Egoera oso ezberdina da, ni hasi nintzenean hasi berria zen euskarazko komunikabideen boom-a, oraindik ohitura asko sortzeko zeuden. Gaur egun, onerako eta txarrerako, ohitura asko eginda daude. Gazte jendearentzat batetik toki gutxiago dago, eta bestetik gauza berriak egiteko askoz ere zailago dago, gauza asko eginda daudelako. Alde horretatik, une honetan lan gehiago daukate beharbada. Guretzat errazagoa izan zen. Gaur egun hasiko banintz, ez dakit zein toki izango nukeen. Guk aukera jakin batzuk izan genituen, eta gainera heldu genion irratia egiteari momentu zail asko pasata zeudenean. Guk lehenago egindakoari heldu genion, eta ordutik hona dexente egina dago.
Orain euskarak ez du militantismoaren beharrik?
Zalantzarik ez dago. Euskarazko komunikabideen aukera egiten duenak, publiko nahiz pribatu, garbi izan behar du militantismo apur bat behar duela. Batzuetan iruditzen zait gaur egun euskararen kontura bizi garenok ez ote dugun ahaztu gure aurretik zenbat jendek lan egin izan duen musutruk. Eta gu haiekin konparazioz, askoz hobeto bizi gara euskarari esker egunero jan egiten dugulako. Beharbada gazte jendearen artean piska bat sumatzen da militantismo falta, hasierakoa ezagutu ez dutelako.
ERASUN, Arantxa/ITURBE, Arantxa
29-33

GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irrEsatariak
PertsonaiazOTAMENDI4
EgileezITURBE7Komunikabid
EgileezERASUN2Komunikabid

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude