"ETAren aldetik markatuta dagoen bidea ezkutarazi nahian dabil PSOE"


1995eko urriaren 01an
Karmelo Landa (HB)ri elkarrizketa
"ETAren aldetik markatuta dagoen bidea ezkutarazi nahian dabil PSOE"
Karmelo Landa, HBko Mahai Nazionaleko kidea eta legebiltzarkidea
Euskal kultura eta euskara politikagintzarako euskarri dituela, bide luzea egin du eatarrak Herri Batasunako Mahai Nazionalera eta bertako ordezkari bezala Gasteizko Legebiltzarrera iritsi aurretik. Egungo egoera politikoaren irtenbidea zein den oso argi du.
Elkarrizketaren gaia berriro ere pil-pilean dago PSE-EEko agintari batzuek egindako adierazpenen ostean. Nola interpretatzen dituzu hauek?
Une latzak bizi ditu PSOEk. Boto jaitsiera dela eta, Madrileko Gobernua galtzear da; badirudi EAJ eta EAri esker Gasteizko eta Iruñeko gobernuak sendoago dituela. Botoetan errekuperazioa nola edo hala behartzeko premia ikusten dute PSOEko buruek. Testuinguru horretan eta motibazio horiekin jokatzen dute. Horrek galdera-ikur handia jartzen dio egin dezaketen edozein mugimenduri.
Negoziazio politikoaren iparra argi izan behar dugu. Euskal Herria eta Estatu espainiarraren arteko gatazkari irtenbide politikoa ematekotan, ardatza autodeterminazio eskubidearen praktika eta lurralde batasuna edo euskal nazioaren ezagutza da. Benetako bidea, ETAren aldetik markatuta dagoena, ezkutarazi nahian dabil PSOE. Gobernuan dagoen artean, luzatuko dizkiogu proposamenak, baina mezu argi batekin: utz ditzala jokoak eta benetan har dezala irtenbide politikorako borondatezko bidea; solaskideak Santo Domingon dira.
Zuretzat, beraz, PSE-EEko buruzagien proposamen hori alderdiaren egoeraren ondorio da.
PSOEren zuzendaritzak azken hamar urteetan Euskal Herriarekiko agertu duen jarrera oso azalekoa eta erratua izan da. Eta estrategia mailan ere erratua izan da, errepresioari, GALi eta gerra zikinari eutsi baitio.
Irtenbide politikoak egun bide argi bakarra du, eta ez besterik: ETA eta Estatuaren arteko negoziazioa burutzea eta horren ondorioz, gerora, Euskal Herrian indar politiko eta sozialen arteko elkarrizketa eta negoziazio politikoa etorriko da.
Jesus Egigurenek hitz egiten hasteko proposamena bota du. Orain pilota HBren baratzan dagoela esan zion ARGIAri. Honen aurrean, HBk nola jokatuko du?
Egigurenek ARGIAri esandakoa intentzio osoz esandakoa da. Ezen gero beste nonbait entzuten baitugu Ramon Jauregi, GALen auzian ardura politiko ikaragarriak dituen hori, «guk propagandistikoki jokatu behar dugu, eta aditzera eman ekimena orain HBri dagokiola» esanez. Modu horretan HBri pressing politikoa egin nahi diote iritzi publikoaren aurrean. Ez dezatela pentsa halako joko merkeetan harrapatuko gaituztenik.
ETAk apirilean egin zuen proposamenaren ostean HBko ordezkari batzuk Madrilera joan ginen eta PSOEri, IUri eta PPri azterketa-gutun bana utzi genien. Erantzuna praktikan etorri da eta oso bestelako bidean: Ajuria Eneko Ituna bultzatu, Ezker Abertzalearen kontrako errepresioa bultzatu, epaileak horretara bultzatu... Gainera, PSOEk gerra zikinean eta egundoko deslegitimazioan sartu ditu Gobernua eta Estatu espainiarra bera. Gurekin nahi duten elkarrizketa hori bada, joko maltzurrean, Egigureni gu kontuan ez hartzeko esan behar diogu.
Orain, benetan asmoa baldin badago azterketa sakona egiteko, bai orain artekoaz baina batez ere hemendik aurrera negoziazio politikoa bideratzeko hartu beharreko bideez, prest gaude Madrilen PSOEren zuzendaritzan utzitako gutuneko hausnarketak berriztatu eta hitz egiteko. Baina uneotan negoziazio politiko serioa bultzatzeko proposamen bakarra dago: ETAk apirilean egindako proposamen egituratua. Horri beste aldeak erantzun behar dio, borondate agerpen batekin: Santo Domingora joan, solaskideekin harremanetan jarri... Eta alderdi politiko edo indar sozial mailan egin daitezkeen hausnarketek, bilerek, marku-aldaketek... dagoen proposamen serio bakar hori babestu eta bultzatu beharko lukete, alferrikakoak izango baitira bestela.
Ez dirudi, baina, alderdi politikoak ETAren proposamen hori aztertzeko prest daudenik...
PSOEk pauso praktikorik eman nahi badu hor dauka Madrileko Gobernua, eta bertatik ETAren solaskideekin Santo Domingon harremanetan jarri eta gaia bidera dezake. Beste alderdiei dagokienez, HB ez da geldi egon. Madrilen luzatu genituen hiru barne-gutun oso mamitsuak. Hona itzuli eta, hemengo indar sozial eta politikoei, EA, EAJ, CDN, CCOO, ELA eta LABi, ETAren proposamena elkarrekin aztertzeko proposatu genien. Erantzun zain gaude.
Erantzunaren ardura nagusienetakoa bereziki EAJk dauka. Zenbait adierazpen egin dituzte gatazkaren izaera politikoa aitortuz eta irtenbideak politikoa behar duela esanez, baina gero bere praktika kontrajarria da, lotua baitago Madrileko Gobernuarekiko, PSOErekiko eta Estatu espainiarrarekiko. EAJk Estatu espainiarraren botere faktikoekiko lotura eta menpekotasun sakonak agertzen ditu praktika politikoan. Eta horren adierazgarri mingarrienak errepresio mailakoak dira.
Kalean ere bortizkeria giroak gora egin du. Zer gertatzen ari da kalean?
Mugimendu atzerakoi ikaragarriaren aurrean gaude. Joera horrek izaera politiko eta soziala ukatu nahi dio Euskal Herriko oldartze mugimenduari eta batez ere matxinatzen den gazte mugimenduari, jabetzen baitira gazteen eskakizunei erantzuteko zerga politiko eta sozial garestia ordaindu beharko luketela eskuinak eta sistema politiko-sozialak.
Egundoko zio politiko-sozialak daude gazteriaren zati handi baten matxinadarako: erdia lanik gabe dago, gurasoen etxean bizi dira bizitza euren kasa egiteko aukerarik ez dutelako, nortasun indibidual eta kolektiborako ezaugarri nagusiak ukatzen zaizkie, intsumiso eginez gero kartzelaratu...
Orain entzuten dugun diskurtso atzerakoi hori lehendik ere ezagutu dugu. Zer egin behar du gazte batek halako giza, politika, kultura eta hizkuntza mailako baldintzen aurrean? Zein bide dauka protesta egiteko, beti egin izan den bezala bortxaz altxatzea baino? HBrentzat protesta hori erabat legezkoa da; matxinada horren aldeko gara, eta gizarte osoak egon beharko genuke matxinaturik. Eta irtenbide politiko eta sozialak aurkitu behar zaizkio, batzuetan Euskal Herri mailakoak, hori ere eskatzen baitute, eta besteetan gazteriaren mailakoak. Halako kriminalizazio prozesua egin beharrean, zergatik hemen ez da planteatzen Europako hainbat tokitan bezala neurri minimo batzuk hartzea gazteriaren arazoak konpontzeko?
HBk aipatu izan du kalean ekimena hartzearen beharra. Egoera hau horren ildotik al dator?
Azkenaldian gertatutakoekin Estatu espainiarrak ez du jada inolako legitimazio demokratikorik. Espainiar Estatua sakonean zer den ikusi dugunean, Estatu hori estaltzen eta demokratiko gisa aurkezten ari ziren indar politiko guztiak, EAJ besteak beste, agerian geratu dira.
Estatu horrek ez du legitimitaterik gure eskubide eta garapen nazional eta sozial propioa ukatzeko. Beraz, matxinada horiek hedatu egin dira. EAJ eta EArentzat egoera gero eta deserosoagoa da, eta ondorioz, udan Estatuarekiko, Intxaurrondorekiko, Goardia Zibilarekiko... diskurtso kritikoa egin dute noizean behin. Kurtso politikoa hasi denean, baina, udako diskurtso hori ahaztu eta lehengo praktikara itzuli dira. Diskurtso mailan atzera itzuli dira diskurtso polizial eta errepresibo hutsera, gainontzeko guztiekin bat eginez.
Konzentrazioetan izandako istiluen aurrean Ertzaintzaren jarrera pasibotzat jo dute batzuek eta berau gogortzeko eskatu...
Hemen bi aukera daude: gatazkari irtenbide politikoa eman edota errepresiora jo. EAJk Estatu espainiarraren estrategiaren menpe segitzen duen artean, gero eta errepresio handiagoa eskatuko diote Ertzaintzari «ABC»tik, Goardia Zibiletik.... Gero eta errepresio handiagoa herriaren, gazteriaren, ETAko militanteen, independentisten... kontra. EAJ estrategia horren menpe jarri den unetik, Ertzaintza okerreko bidean sartu du, bukaera onik ez duen bidean. EAJk Ertzaintza bide horretatik berehala atera behar du, eta irtenbide politikoa irtenbide errepresiboaren lekuan jarri.
Alderdi Egunean, Xabier Arzalluzek hitz gogorrak izan zituen KASen kontra, infantizidioa leporatuz.
Salburuko hori politika errituala egiteko beste atal bat bilakatu da. Zer aldatzen du Salburukoak? Jende mordoa erakartzen dute, Arzalluzek ohi duena baino hitz gogorragoak izaten ditu Estatuko indar batzuekiko, Ezker Abertzalearen aurka sekulakoak esaten ditu... Gero, ordea, ez du ezer aldatzen, esandakoa ez du eguneroko politikan praktikan jartzen.
Estatutua erabat garatu ezean, Konstituzioaren zein zati beteko ez duten aztertuko dutela ere egin zuen mehatxu Arzalluzek. EAJ horretarako gai ikusten al duzu?
Hitz soilak dira, eta praktika hitz horien aurkakoa da. Zenbat aldiz esan du Arzalluzek Konstituzioa ez dutela beteko? Espainiar Estatuko buruek ondo aski dakite nola daukaten lotuta Arzalluz, eta urtean behin edo horrelakoak botatzen uzten diote.
Presoen sakabanaketa eta Euskal Herriratzea berriro auzitan dago. Posible izango ote da «presoak Euskal Herrira» leloa betetzea?
Orain ari dira altxatzen sakabanaketaren kontrako ahotsak, baina errealitate gordina da uneotan euskal preso zenbait gose-greban daudela Jaengo gartzelan, giza-baldintza duinak eskatuz eta amaierarik gabeko tortura egoera salatuz. Eta okerrena da Estatu ustel eta terrorista honen menpe daudela, eta estatu-terrorismoa egin duten guztietatik bakar bat ere ez dagoela espetxean. Eta hori horrela izan dadin laguntza ematen dute parlamentuan dauden indar politiko guztiek.
Donostiako Udala Intxaurrondo ikertzeko batzordearen aldeko agertu da. Sekula argituko al dira bertan gertatutakoak?
Jakin nahi duenak badaki Goardia Zibilaren, Poliziaren eta Ertzaintzaren koarteletan zer egin den. Orain Donostiako Udalean ikerketa batzordeari baiezkoa eman arren, Gasteizko Legebiltzarrean EAJk eta EAk, PSE-EE eta PPz gain, aurkako botoa eman zuten HBk Intxaurrondorako batzorde ikertzailea planteatu zuenean, GAL ikertzea planteatu genuenean bezala.
Hemen arazoa ez da Intxaurrondo soilik, arazoa da goardia zibilek zer egiten duten oraindik Euskal Herrian. Indar politikoen artean planteatzen al da epe motzera goardia zibil eta polizia espainol guztiek aldegiteko? Edota, Ertzaintzaren barruan zenbat goardia zibil eta polizia espainol dagoen? Norbaitek planteatzen al du horiek guztiak hortik kendu eta Ertzaintzari guztiz bestelako norabidea ematea?
Galindo, bitartean, jeneral egin dute. Zer dago kargu igoeraren atzean?
Normala da karguz igotzea. Nahiz eta hemen batzuek sinestarazi diguten hau demokrazia dela eta hemen gizarte zibilak agintzen duela, gezurra da. Betiko botere faktikoek agintzen dute Estatu espainiarrean: indar militar eta armatuek, poliziek, bankariek, finantza indarrek... Demokrazia itxura emateko jarri den hori, azala baino ez da. Orain ikusi dugu Rodriguez Galindo batek indar gehiago duela Barne eta Justizia `biministro' omen den batek baino.
JAUREGI, Mikel
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
GaiezPolitikaEuskal HerrNegoziazioa
PertsonaiazLANDA3
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude