"Gipuzkoan gizartea zatituta dago eta hori politikoki ere nabaritzen da"


1995eko uztailaren 30an
HB Gipuzkoako fenomenoa da eta bertan gizartea zatikatua dago.
"Gipuzkoan gizartea zatituta dago eta hori politikoki ere nabaritzen da"
Roman Sudupe, Gipuzkoako diputatu nagusia
Kasik 30 urte politikagintzan, makina bat kargu betez: zortzi urtez Azkoitiko alkate, EBBko lehendakari beste biz, Barne Saileko sailburuorde hiru urte pasatxoan eta orain Gipuzkoako diputatu nagusi. Ez da marka makala 48 urteko azkoitiar honena.
Askotan aipatu izan duzue Gipuzkoa zela EAJk oraindik sustrai askorik ez zuen lurraldea. Foru hauteskundeetan lehenengo indarra bilakatzeak zer suposatzen du?
Aurrerapauso handia da. EAJren zatiketak eragin handia izan zuen Gipuzkoan eta gure indarra ahulduta geratu zen. Urteotan badirudi EAJ bere onera datorrela, nahiz eta EAk hemen indartsu jarraitu. Aurreratze hori azken hauteskundeetan nabaritu da, Gipuzkoan lehenengo indarra izan baikara. Horrek adierazten du gipuzkoarren gehiengoak berriro ere EAJ ikusten duela fidagarritasun gehiena duen alderdi gisa.
Udaletan, baina, HBk jarraitzen du lehen indarra izaten.
Udal hauteskundeetan ez dira alderdi guztiak aurkezten herri guztietan. Zenbait herritan independiente gisa agertzen dira. Beraz, datuak ez dira konparagarriak. Foru Aldundirako alderdi guztiak aurkeztu gara, eta hor argi dago boto kopuru handiena nork lortu duen.
Arrasaten zuena omen zen boto zuria eman zuen zinegotzi bat eta PSE-EEkoa bestea. Zentzurik ba al du hilabeteren buruan Zubizarretari zentsura mozioa aurkezteak?
Azterketa horiek gehiago egokitzen zaizkio alderdiari niri baino. Diputatu nagusia naizen aldetik, udalekin orekan egon behar dut, eta egun Xabier Zubizarreta da Arrasateko alkatea eta horrela hartu behar dut. Herriak eta barneko jokoak emango duen alkatea, dena delakoa izanda ere, errespetatu egingo dut.
HB edo Ezker Abertzalea egun Gipuzkoako fenomeno soila bihurtu dela aipatu duzu orain gutxi. Ez al da gehitxo esatea?
Bihurtzen ari da. Horrek azterketa egitera eraman beharko luke HB. Ikusi besterik ez dago zein ordezkaritza daukan beste lurraldeetan eta zein Gipuzkoan. Gaur baieztapen hori ez da egia borobila, baina tendentzia hor dago. Beste lurraldeetan ez dut esango desagertzen ari denik, baina bai bere pisua murrizten ari dela. Horrek gero gizartean eragin handia dauka eta eragin hori Gipuzkoan ikusten ari gara.
Azken hauteskundeen ostean, zein antza hartzen diozu Gipuzkoako mapa politikoari?
EAJ zatitu zenetik, egituraketa politikoa nahiko zatituta dago. Gipuzkoan gizartea bera nahiko zatitua dago, ez baitago behar bezala egituratua. Eta hori politikoki ere nabaritzen da. Horrek guztiak Gipuzkoari zailtasunak ekartzen dizkio.
Gero eta ozenago entzuten da GAL aferan azken puntua edo dena zeroan uzteko aukera.
Aipatu diren deklarazioen eta Gonzalez berak esandakoaren arabera, badirudi ez dela horrela izango. Niri gustatuko litzaidake azken muturreraino iristea, denok baikaude behartuta giza eskubideak errespetatzera.
Azken muturreraino heltzeko aukerarik ikusten al duzu?
Demokraziak sistema bat dauka, eta hor ikusi da hariaren punta azaldu eta tiraka hasiz gero, hari osoa ateratzen joaten dela. Hori gertatzen ari da. Hau da demokraziaren abantaila eta horregatik da demokrazia sistema egokiena gauzek behar bezala funtzionatzeko. Demokrazia onartzen ez dutenekin beldurtzen naiz ni eta horrelakoak ere baditugu.
Zertan bukatuko da gipuzkoako kaleetan, eta batipat Donostiakoetan, azken hilabeteotan bizi den tentsio giroa?
Ez dut espero gertatu dena baino areago joatea. Hala ere, argi dago HBk onartutako «Oldartzen» ponentzian taktika horiek finkatuta daudela. Badirudi euren jokoa jendea izutzea dela. Hori da demokraziaren aurkako bidea. Herritarrak bakean beren ideiak agertzen ari direnean hauen aurka eraso egitea ez da demokraziaren bidea. HBk demokraziaren eta gehiengoaren jokoa ez onartzeak beldurtzen nau.
Xabier Olanok esaten zigun orain gutxi egindako elkarrizketan tentsioaren errua ezin zaiola alderdi bati soilik leporatu.
Hara, akaso tentsioaren eragilea ni izango naiz lazoa daramadalako. Beharbada, ni hemen zuekin hitzegiten lazoa daukadalako tentsioa eragiten ari naiz eta zuek dardarka zaudete.
Zuk Ertzaintza barrutik ezagutzen duzu. Zein girotan bizi dira ertzainak?
Ertzaintza legea betearazteko dago, eta gizabanakoak eta ondasunak defenditzeko. Gizabanakoak erasotzen dituztenean, Ertzaintzak erasotuaren alde jokatu beharra dauka. Funtzio horiek betetzen ari denean, bere eginbeharra betetzen ari da. Nola ez, Ertzaintza bera erasotua denean, euren artean tentsio giroa sortzea normala da, guztiok baikara pertsonak.
Ertzaintzaren barruan kontrolik gabeko jokabideren bat sortzeko aukerarik ikusten al duzu?
Ezta gutxiago ere. Ertzaintzaren profesionaltasuna ziurtatuta dago.
EAJk 100 urte betetzen ditu aurten. EAJren helburuen artean, zein da zure ustez ondoko urteetarako helburu nagusia?
Euskal Herrian gizarte irekia osatzea eta abertzale gisa ditugun mezuak Euskal Herriko gehiengoak bereganatzea. Horretarako herri hau aurrera ateratzea baino besterik ez daukagu. Gaur abertzaletasuna gehiago ulertzen dut eguneroko ekintzetan herri hau aurrera ateratzeko konpromezu gisa, eta ez beste ideia fetitxe batzuk bezala. Ez nuke nahi ideiak fetitxetzat hartu eta ni ideien zerbitzuan egotea. Gizarte zabala eta irekia daukagu eta hori aberatsa da gizartearentzat. Horretan oinarrituz egin behar dugu herria, elkar errespetatuz eta onartuz, aurrean ditugun desafioei aurre egiteko.
Zein fetitxe ahaztu behar ditugu, bada?
Gizabanakoaren gainetik ez dago inor, ezta ideiarik ere. Guztiak pertsonaren zerbitzuan egon behar du. Pertsonarik ez badago, ideiarik ere ez. Beraz, ez dut ulertzen pertsona bat nola hil daitekeen ideia batzuren arrazoia medio. Hori fanatismo eta fundamentalismoan erortzea da. Euskal Herriak, kultura aldetik eta kokapenagatik, hori baino askoz zabalagoa izan behar du.
Xabier Arzalluzek independentzia aipatu berri du helburu nagusi bezala...
Gaur egun, horrek ez nau kezkatzen. Ditugun desafio eta erasoek kezkatzen naute. Gure helburua izan behar da Euskal Herriak, herri bezala, bizirik irautea. Horretarako, zalantzarik gabe, tresna politikoak behar ditugu. Une honetan ditugun konpetentziak beharrezkoak izan dira, autonomiaren bitartez lortu ditugunak. Oraindik hori betetzeke dago eta herri honek bere prozesua aurreratzeko konpetentzia gehiago eta Estatuta bideratzea behar ditu. Aurrera begira herri honen iraupenerako beste tresna politiko batzuk behar baldin baditugu, herriak berak eskatuko eta lortuko ditu, baldin eta herria bizirik baldin badago. Baina herria ez da bizirik izango eta herriak ez du ideia hori bultzatuko, herriaren aurka jokatzen badugu eta herritarrak hiltzen bagabiltza. Independentzia? Bere garaian hala behar baldin bada, izan bedi. Baina egun horrek ez nau kezkatzen.
100 urte horietan garai zailak bizi izan ditu EAJk. Hain zuzen, zerorri tokatu zitzaizun garairik zailenetakoa eszisioa zela tarteko.
Historia aztertu dutenek ez zela unerik gogorrena izan diote, gogorra izan arren. EBBko lehendakari izatera 1984ko maiatzean iritsi nintzen, eta une hartan alderdi barruan gauzak pil-pilean zeuden. Ondorioak izan zirenak izan ziren, eta kitto. Egungo ikuspegitik beste azterketa bat egin behar da: orduan gertatutakoek zein ondorio ekarri dioten gure herriari. Arazo haiek herri honi kalte handia egin diote. Horrela izanik, ikusi behar dugu akats horiek zuzentzeko zer egin behar dugun.
Akats horiek zuzentzeak ba al du zerikusirik etorkizunean EArekin izan ditzakezuen harremanekin?
EAJ eta EA behartuta gaude bateratze prozesu bati ekitera. Pertsonalismoak gainditzeko ahalmena izan behar dugu. Diogun bezala herria gure gainetik badago eta Euskal Herria aurreratu nahi badugu, horretan sinisten badugu, ekintzetan islatu behar dugu eta gure ekintzetan bultzatu. Horretarako gure barneko harrak alde batera utzi eta akabatu behar ditugu, irekitasunean oinarritutako batasuna bermatzeko. Bateratze prozesu hori oraindik heldu gabekoa izan arren, nire aldetik ahalegin guztiak egingo ditut noizbait hala izan dadin.
Eta HBren eta zuen artean dagoen eten sakona gainditzeko modurik ikusten al duzu?
Demokrata ez den alderdi politiko batekin normala da etena egotea. Gaur egun oso zaila ikusten dut eten hori gainditzea. 92ko abuztuan HBn bere barne-egituran aldaketak izan ziren. Mahai Nazionalean orduz gero KASekoak izan dira nagusi. Horien helburuak, nik askotan esan bezala, herri honekin zerikusirik ez daukaten helburuak dira. HBkoen ekintzak aztertuta, «etxe-kalte» deitzen diet, besteei ezean guri soilik egiten baitigute kalte.
KASekoak HBn nagusi diren artean, oso zaila ikusten dut hurbilketa posible bat. Hala ere, beste prozesu bat izan, herri honekin konpromezu handiagoa duen jendea nagusitu eta demokrazian oinarritutako bidea urratuko balukete, beste kontu bat litzateke. Eta mesede ederra litzateke hori guztia HBren munduan emango balitz.
HBrekiko EAJn bi jarrera daudela aipatu izan da, Olloraren bidea eta Atutxarena. Norengandik sentitzen zara gertuago?
EAJren barruan joera gehiago ere badirela esango nuke. Indarkeriaren aurrean, bakoitzaren jarrera norberaren izakerarekin lotuta doa. Beraz, Atutxarekin ados nagoen bezala, Ollorarekin ere ados nago. Ez da bata edo bestea, gauzak ez dira hain sinpleak.
JAUREGI, Mikel;ZUBIRIA, Pello
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakDiputazioak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazSUDUPE2
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude