"Euskal irudia munduan terrorismo diskurtsoaren baitan birziklatzen da"


2007ko otsailaren 21ean
Joseba Zulaikak euskal biolentziari buruzko liburua argitaratu du.

Reno-Nevada Unibertsitateko Euskal Mintegian da lanean Joseba Zulaika. Duela lauzpabost urtez gero da han antropologo itziartarra. Gogotik ari da bertan eta laneko giro handian. Terrorismoaren inguruan eraiki ohi den diskurtsoaren gaineko azterketa burutu berri du William Douglass mintegiko koordinatzailearekin eta aurki emango dute argitara. EEBBetan banaketa handia duen Routledge argitaletxeak agindu die. Terrorismoaren diskurtsoa izan dugu abiapuntu eta Euskal Herria helmuga.

Terrorismoari buruzko lana idatzi duzu William Douglassekin eta Routledge argitaletxeak kaleratuko dizue. Nondik nora jardun duzue?


Euskaldunon irudia munduan zehar terrorismo-diskurtsoaren baitan birziklatzen da eta, beraz, diskurtso hori aztertzea interesatzen zaigu. Biolentzia erreala da gauza bat, eta biolentzia horren inguruan sortu den terrorismo-diskurtso berezia, beste bat. Hemengo unibertsitateetan, adibidez, industria bihurtu da delako terrorismoaren azterketa.

Gure lanean diskurtso honen apoteosia salatzen dugu; alegia, zer nolako errealitatea `gauzatzen' den zenbait gertakizun terrorismo balira bezala idazten direnean. Terrorismo-diskurtsoak biolentzia fenomenoak tabu bihurtzen ditu, ukiezinezko. Irtenbideak aurkitzen lagundu beharrean, oztopo bihur daiteke diskurtsoa bera.

Diskurtso bat bera da munduan zehar? Bat mundu osoko?

Horren adibiderik onena orain hamar urte Euskal Herriko indarkeriaz osatu zen nazioarteko adituen batzorde hura izan zen. Sistema globalaren baitan bizi gara gero eta gehiago, eta terrorismoaren diskurtsoa ere globalizazio horren aurpegi bat da. Estatu Batuetan nahiz Europan, aditu berak ditugu. Londresko hotel batetik euskal biolentzia nola konpondu erabaki zuten antiterrorismo gaietan aditu haiek, Europako beste gobernuetan ere kontseilari izan ziren; Reaganen Estatu Departamenduko buru zen Haig jeneralaren aditu bera zegoen Gasteizko Komisioan: Horchem, alegia. Terrorismo-diskurtsoaren literatura oinarrizkoa EEBBetan sortzen da, batipat; ondoren, nazioartera esportatzen da.

Zerk abiarazi zintuen terrorismoaren gainean azterketa egitera?

Nire tesia Itziarko biolentziari buruz izan zen. Liburua argitaratu aurretik terrorismo gaietan adituek beren txostena atera zuten. Haien lana eta nirea `errealitate' berari buruz omen zen eta, hala ere, hain desberdinak ziren guk ispilatzen genituen gizarteak! Bazirudien idazkerak berak errealitate desberdinak sortu zituela. Orduan hasi nintzen terrorismoaren literatura aztertzen. Gero, Douglass lankideari kolaborazioa eskatu nion eta batera aritu gara azken urte hauetan.

Gaur egun, delako terrorismoari buruz ematen diren hainbat argumentu, orain laurogei urte erlijioari, magiari edo totemismoari buruz ematen ziren haien antzekoak dira. Galdera zuzen erantzuteko: euskaldunez ematen den nazioarteko albiste nagusia terrorismoa da. Zer nolako ispilutan erreflejatuta gauden jakin beharra daukagu.

Zein da zuen lanak dakarren tesia?

Ipar Amerikako kasua aztertzen dugu batipat. Hemen, errepresentazio kolektibo bezala funtzionatu duela esaten dugu. Diskurtsoak berak errealitatea sortzeko duen indarra azpimarratzen dugu. Adibide bat: 1980-85 urteetan, Reaganen kanpo politikan terrorismoa gai nagusia zenean, eta Amerikar publikoaren %80k terrorismoa zela arriskurik handiena ziotenean, bost urte horietan hamazpi hildako izan ziren EEBBetan terrorismoaren ondorioz. Aldiz, hartu kontuan hemengo biolentzia erreala, urtero hogeita hamabost mila hilketa `arrunt' sortzen dituena; unibertsitate aurreko gaztetxoen artean %10 inguruk norbait tirokatu du edo tirokatua izan da pasa den urtean. Terrorismoa mamu bezala erabili izan da. Bertako biolentzia errealaren kopuru izugarria `normaltzat' jotzeko, kanpotarren biolentzia irudikatu hori, erabat `anormaltzat' jo behar! Komunikabideei oso ondo etorri zaie ikus-entzulego kopurua handitzeko.

Errealitate bihurtu den diskurtso teorikoa aztertzen jardun duzue eta Atlantako Carter Center-en izan zara Jonan Fernandez Elkarri-ko buruarekin. Nola urratu duzu bide hori?

Elkarri-koek galdetu zidaten EEBBetatik ere zerbait egin ote zitekeen bake prozesu posible bat bultzatzeko. Renoko Euskal Mintegian Carter Centerrera jotzea iruditu zitzaigun egokiena eta esperantza handiegirik gabe, baina Elkarri-koei emandako hitza betetzearren, hots egin genien Bill Douglassek eta biok. Geroxeago, kasualitatez, Atlantan egin zen antropologoen urteroko bileran Carter Centerreko Gatazka Konponbideak departamenduko zuzendaria ezagutu nuen. Gurea bezalako gatazketan parte hartzeko eskabideak astero hiru edo lau dituztela esan zidan, baina bitartekari lana egiteko eskakizun formala egiteko eta aztertuko zutela. Elkarri-ren izenean eskatu genuen bitartekaritza. Harrezkero, hiru hilabete egon ginen zain eta, azkenean, bilera eskaini ziguten eta hantxe izan ginen Jonan Fernandez eta biok.

Besterik izan da bilera haren ondoren?

Bi bilera izan ditugu denera, beraiek bitartekari lana egitea posible ote den aztertzeko. Bigarren bileran Felix Marti -Unescokoa-, eta Mariano Ferrer ere izan ziren, Elkarri-ren bake konferentzian moderatzaile jardun zutenak lehengo martxoan. Carter Centerreko Gatazka Konponbideko taldeari egoera errealaren berri eman genion, gure zalantzak eta guzti. Eurengandik, berriz, disposizio irekiagorik ezin genezakeen espero. Elkarri-ren lanak inpresio ona egin die eta laguntzeko prest azaldu dira. Oraindik harremana formalizatu gabe dago baina gauzak ondo doaz.

Zer dator bide horretatik?

Hasieratik gauza bat utzi behar da ezin garbiago: kanpotik ez gaitu inork salbatuko. Irtenbide bakarra euskal alderdi politikoen esku dago. Euskal arazoez ardura duten alderdiek -HB barne dela-, aurkitzen badute ardatz komun bat indarkeriari soluzio bat emateko, orduan bakarrik du zentzua kanpoko laguntzak. Kixotismo hutsa da Atlantakoa, baina ez dago etsitzerik: gure arazoak ez dira konponezinak. Irlandarrak, palestinarrak eta beste, nola-halako konponbide baten lehen urratsak emateko gai izan dira.
Gure arazoak horienak baino zailago al dira? Zergatik ez dute euskal alderdiek ere proiektu komuna bideratzeko lain zentzu?
Bertako alderdien arteko diferentziak areagotu egiten dira hauteskunde borroketan, baina Euskal Herriak gaur egungo mundu gero eta globalizatuagoan dituen desafio ekonomiko eta kulturalak kanpotik begiratuz gero, diferentzia horiek parodia huts ematen dute. Indarkeriari berari ere, arazo nagusi bati, alderdien arteko diferentziak direla eta, irtenbiderik ez aurkitzeak ez du nire ustez aitzakiarik: gure inkapazitate politikoa besterik ez du erakusten horrek.

Gureak baino egoera zailagoak ez al dira ari konpontzen?


Elkarri-ren inguruko mugimenduak oraintxe izan daitekeela garai egokia adierazten du. Herri txikia gara, baina geure marginalitatean inoiz baino interesanteagoak, asmatuko bagenu gaurko mundu globalizatuan geure tokia bilatzen. Egungo sistema globalean partaide izateko gure aportazio propioak zein diren asmatu behar dugu; informazioak, ekonomiak, kulturak-eta, agintzen dute gaur egun, eta badugu zer eskaini arlo horietan. Denok irabaziko genuke malgutasunez jokatuta, impasse politikoari irtenbidea bilatzeko. Borrokaren kulturan flexibilitatea etsaia da, ahulezia sintoma; borrokaren kultura beharrezkoa izan genuen diktaduraren aurka, baina, gaur egun, errazegia da borroka hutsa izatea. Edozein muga astintzeko prest egon beharko genuke herri proiektu komun egokia irudikatzeko egungo Europaren baitan.

Borroka politikoan murgilduta direnek jasotzerik ba ote dute esaten ari zarena? Zure tonua ez al da neurri horretan humanoegia?


Garai postmodernoa da hau, post-humanista, ironiaz betetako denbora. Edozein ideologia, edozein mitologia, sinesgaitz gertatzen zaigu askori. Hala ere, talde bezala bilduko gaituzten ideiak, balioak eta proiektuak behar ditugu. Ideia edo asmo orokor horiek, dagokigun bizitzaren estimuan oinarritu behar ditugu, justifikazio mugiezinezkorik gabe.

Edozein gizataldek mitologia antzeko bat behar du, bere arazoak konpondu ahal izateko. Agian, mitologia berri bat, mitologia egokitu bat behar dugu, ideia humanistak, sozialistak, kristauak, abertzaleak eta, bateratzen arazo gutxiago izan duena. Europa zer izango den, edo zer ez den, eta Europaren baitan gurea bezalako herri txikiek zein paper jokatuko duten... Hori guztia mitologiaren irudimenean dago oraingoz. Baina mitologia europazaleak badu alderdi positiborik: lehen, «euskaldun ala espainol» zen, bateraezinak ziren. Orain, aldiz, euskaldun eta europar eta espainol eta abar izatea errazagoa da.

Hitz egiten ari garela ETAk bahiturik du pertsona bat. Uste duzu girorik badagoela mahai baten inguruan jarri eta mintzatzeko? Borondaterik bai?

Ez dago beste irtenbiderik. ETA geldiarazteko, ikuspegi berri bat landu beharra dago. Alderdi abertzaleek gerora begira euskal nortasun historikoa gorde nahi badute, beharrezkoa dute akordio berria `moderatuen' eta `erradikalen' artean. Horretarako gai ez badira, ez dago zereginik. Eta abertzale ez diren alderdiak ere, besteak bezain euskaldunzale izan daitezke gizartearen etorkizunari dagokionean. HBko eta EAJko nahiz EAko boto-emaileek jakin beharra dute beren alderdiek elkar demonizatzen jarraitzen duten bitartean, gure impasse politiko honek iraungo duela. Honen herri txiki eta marginala izanik, ez baldin bagara gauza fronte komun bat egiteko, gure aberri eta borroka guztiak ezintasun patetikoak besterik ez dira; gure tragedia guztiak komedia handia besterik ez.

Zer dugu euskaldunok sistema globalari eskaintzeko? Eta zer dugu bertatik jasotzeko?


Kanpoko egunkariak irakurriz gero, oraintxe gure aportazio nagusia `terrorismoa' da. Ez dago ukatzerik horrek kalte egiten diola euskaldunok kanpoan dugun irudiari; desastre galanta da. Gaur egun, munduan, diskurtso hori da nagusi eta irudia da jaun eta jabe. Uste izan genuen `benetako' errealitatea genuela, batetik, eta `itxurazko' irudia, bestetik. Gaur, ordea, irudia da errealitate benetakoena.

Hala ere, euskaldunok badugu zer eskainia. Ezagunak gara munduan gure hizkuntza eta gure berezitasun antropologikoak medio. Sinpatia handia izan diote euskaldunari, bere jatorriaren misterioa dela, eta abar. Marjinalitateak eta diferentzia kulturalak gero eta interes bereziagoa dute mundu homogeneizatuan. Ni ez nago kanpotik datorren edozer -ez edozein modutan-, onartzearen alde. Guggenheimekin egindako tratua, esaterako, ez zait gustatzen, gutxitasun konplexuarekin egina dagoelako. Baina ez dago pentsatzerik kultura garbi, mestizaje gabekoan bizi gintezkeenik. Antzua litzateke.

Azkenak
Larragorriko zentral eolikoa eraikitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak eta proiektua gelditzeko eskumena Laudio, Amurrio eta Orozkoko udalen eskuetan geratu da

Green Capital Development enpresak bi urte izango ditu proiektua egikaritzeko, baina aurretik jarduera edota obra udal baimenak eskuratu beharko ditu.


Hamar egun pantailarik gabe: erronka abiatu dute 2.500 haur eta gaztek

“Pantailak utzi erronka” hasi dute, maiatzaren 13tik 22ra, Ipar Euskal Herriko 25 eskolak eta 2.445 haurrek. “Hasi aitzin, beldurra dute gazteek, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Gero, indar kolektiboak hartzen du gain”.


Aldatu Gidoia: “EITB ordezkapen linguistikoan eta asimilizazio kulturalean sakontzen duen tresna bilakatu da”

Aldatu Gidoiaren iritziz, EITB "sortze helburuetatik aldendu" da, eta "urgentziazko demokratizazio prozesu bat" eskatu du, zuzendaritza taldearen hautaketa prozesutik hasita.


2025-05-13 | Gedar
Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno ikastetxera, eta zazpi ikasle identifikatu ditu

Ikasle bati isuna ipini diote institutuan lan politikoa egiteagatik, eta hori salatzeko agerraldi bat egiten ari ziren bitartean, gazteen aurka jo du Ertzaintzak. Zazpi lagun identifikatu ditu.


‘Diario de Noticias de Álava’-ko zuzendaritzak langile bat “jazarri” duela salatu du enpresa batzordeak

Zuzendari nagusiak eta zuzendari editorialak egindako "jazarpen eta errrepresalia kasu larria" salatu dute enpresa batzordeak eta ELA sindikatuak.


Aerosorgailuz osatutako makroproiektuaren kontra azaldu dira Odieta, Olaibar, Anue eta Esteribar

Enigma Green Power enpresak proiektatutako zazpi parke eoliko eraikitzearen aurka agertu zen Odieta, Olaibar, Anue eta Esteribarreko bizilagunek osatutako Haize Berriak plataforma. Bost megawatteko potentzia elektrikoa eta 195 metroko altuera duten aerosorgailu horiek "kalte... [+]


Espainiako Estatuaren “isiltasuna” salatu eta hori egitea “tortura estaltzea” dela azaldu du EH Bilduk

Giza eskubideen urraketa horietan duten erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dutela seinalatu du koalizio subiranistak.


Bridgestoneren proposamen berria: ekoizpena handitu, baina 232 langile kalera

Basauriko Bridgestoneren zuzendaritzak astelehen arratsaldean eman du pneumatiko lantegian enplegua erregulatzeko txostenak eragingo liekeen langileen kopuruaren berri: 232 behargin geratuko lirateke kalean, 335 beharrean. Horrez gain, ekoizpena handitzeko eta kalte ordainak... [+]


AEBek eta Txinak adostu dute hiru hilabetez elkarri muga zergak %115 murriztea

Akordioa asteazkenean sartuko da indarrean. Haren ondorioz, AEBek %30eraino jaitsiko die ordaindu beharreko muga zerga produktu txinatarrei, eta Txinak %10eraino estatubatuarrei.


2025-05-12 | Euskal Irratiak
“Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen”

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]


Ukrainaren aliatuek zigorrekin mehatxu egin diote Errusiari, 30 eguneko su etena onartu ezean

Ukrainaren Europako aliatuak Zelenskirekin bildu dira, eta menia astelehen honetan indarrean jartzea proposatu dute, Errusiak jada ezezkoa eman badu ere. Boluntarioen koalizioko agintariek azpimarratu dute garrantzitsua dela Ukrainari laguntza militarra ematen jarraitzea,... [+]


Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak “lurraren defentsan” mobilizatu da eta Gazte Feministak Zaldibarreko Baterajotzearen berri eman du

Larunbatean Donostian amaitu den "gerra eta kapitalismoaren kontrako" Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxaren VI. ekintza izan da. Euskal Herriko Gazte Feministak Baterajotzea deitu du urriaren 31tik azaroaren 2ra, Zaldibarren. "Kaleak hartu eta konspirazio,... [+]


2025-05-12 | Sustatu
Proiektu deialdia (Euskarabildua): teknologia burujabetza ardatz duten ekimenak

"Teknologia burujabea Euskal Herrian? Zure proiektua ezagutu nahi dugu!": horrela egin du deia Euskarabildua jardunaldiaren antolakuntzak hurrengo ediziorako proposamen eskea eginez. "Azaroan Euskarabildua jardunaldiaren 14. edizioa ospatuko da eta Euskal... [+]


2025-05-12 | ARGIA
Mobilizatzeko deia egin du Seaskak maiatzaren 23rako, agintariei “baliabideak eta errespetua” eskatzeko

Frantziako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez dio Seaskari argitu hurrengo urtean zenbat ikasgela eta irakasle izango dituen. Hori dela eta Baionako kaleak betetzera deitu dituzte guraso eta euskaltzaleak. Igandean, Herri Urratsera milaka lagun hurbildu dira beste urte batez,... [+]


Eguneraketa berriak daude