"Udalei autonomia kendu nahi zaie erakunde handiagotan sartuz"


1995eko ekainaren 18an
Jon Iñarra Oiartzungo alkatearekin elkarrizketa udalei buruz
"Udalei autonomia kendu nahi zaie erakunde handiagotan sartuz"
Jon Iñarra, Herri Batasunako Oiartzungo alkatea
Hirugarren agintealdia egingo du Jon Iñarra Herri Batasunako alkateak Oiartzunen. Gehiengo absolutua eman diote bigarren aldiz, Donostia inguruan Errenteria, itsasoa, Irun, Nafarroa eta Lapurdirekin mugak-loturak dituen herriko biztanleek.
HBk gehiengo absolutua lortzen duen herri batek, Oiartzunek, berezia izan behar duela dirudi.
Oiartzun herri abertzalea da, inguruko zenbait herritan abertzaletasuna galtzen joan arren hemen mantendu egin da. Alde horretatik berezia da, nahi baduzu. Mundu urbanoaren eta nekazari girokoaren tarte horretan kokatua dago Oiartzun, mendia eta eta itsasoaren arteko bailara batean dago. Lan munduan ere mistoa da, fabrikan eta baserrian egiten da lan. HBk gehiengo osoa lortzeaz gain zinegotzi guztiak dira alderdi abertzaleetakoak. Hori ez da leku askotan gertatzen.
Lehen EAJ izan zen boto gehien eskuratu zituena, baina azken urteotan Herri Batasunak gizartean txertatzen jakin du, elkarteetan, auzoetan, Oiartzungo bizitza osoan parte hartzen dute HBko militante eta aldekoek. Oiartzun auzo ttikitan banatua dago eta horietan HBk eragin handiagoa du beste alderdiek baino.
Herri honetan nola pasatzen dira zuen eta beste alderdien arteko harremanak?
Zinegotzien arteko harremanak oso onak ez dira, batez ere udala ulertzeko modu oso ezberdinak dauzkagulako. Baina herritar guztiekiko harremanak Oiartzunen oso onak dira, alderdi batekoekin bezala bestekoekin. Zinegotzien arteko iskanbila ttikiak normalean udaletxean gelditzen dira.
Hortik aparte, esan behar dut gobernu batzordean alderdi guztiei ematen diegula parte hartzeko aukera: beren ordezkari bat daukate. Batzordeetan ere parte hartzen dute. Eta edozein mozio aurkezten dela ere, 48-72 orduko tartean sartzen dugu. Galde ezazu hor barna, eta hori herri guztietan horrela ez dela azkar ohartuko zara.
Inguru honetan, Hernanin, Astigarragan, Oiartzunen... EAkoen eta zuen arteko harremanak oso txarrak dira, nabarmen.
Irudipena daukat EAk ez duela alderdi politiko bezala funtzionatzen: talde homogenoa ez dago, independente asko dituzte... EAJn gehiago funtzionatzen dute talde bezala. Eta gero hori udaletan ere nabaritzen da.
Oiartzunen EAkoek helburuei baino gehiago formei begiratzen diete, gauza batean gurekin helburuetan ados daudela dirudi eta forma aldetik oso «kiskiloso» bihurtzen dira. Eta nolabait gestioa paralizatu egiten dute. Gai bat ateratzen denean ez dira definitzen, alde daudela dirudi baina gero praktikan oztopoak jartzen dituzte.
Zuen inguruan Astigarragako alkatea HBkoa zen, Hernanikoa ere bai, Usurbilgoa, Lezokoa, lehen Errenteriakoa ere bai... Ez al zara bakarrik sentitzen orain?
Gure arteko harremanak mantentzen ditugu HBko hautetsiek, alkateak lortu ala ez. Baina eskualde bezala garatzen ari bagara, hor eragin pixka bat galduko dugu. Beste erakundeetan, Diputazioan-eta, egia esan, zangotrabak ipintzen dizkigute, baina hori alkate asko edo gutxi izan berdintsu da. Hori gertatzen da instituzio bezala funtzionatzen ikasi ez dugulako: alderdi bezala funtzionatzen da erakundeetan, eta hori ezinezkoa da, eta ez da demokratikoa. Oiartzungo alkatea alkate da, edozein koloretakoa dela ere. Eusko Jaurlaritzan eta diputazioetan askotan koloreari begiratzen diote erabakiak hartzeko garaian.
Erabaki garrantzizkoetan nozitu al duzu?
Baditugu kasu nabarmen batzuk, azpiegituretako inbertsioetan batipat, nahiz eta erabaki arruntagoetan beste edozein udal bezala errespetatuak garen. Praktikan, horretan okerrenak PSEkoak dira, eta EAJkoak gero. Horiek beren astoari egiten diote arre, beti.
Kiroldegia egiteko, adibidez, ez genuen arazorik izan. Baina alderantzizkoa saneamenduan gertatu zitzaigun. Kolektore berria egiteko proiektua egin genuen, ibaia garbitzeko, Madrilen MOPUren laguntza eskuratua geneukan _gurekin oso ongi portatu ziren, egia esan behar bada_ eta finantziazioaren erdia edo Añarbeko mankomunitateak edo Diputazioak eman behar zuen. Gu ginen hamahiru udaletan proiektua bukatuta eta Madrilen onartuta geneukan bakarrak, eta Donostiako alkateak Añarben botoen %60 daukatelako, PSEren erratzak baztertu egin gintuen.
Mankomunitateen planteamenduarekin ez al zaude ados?
Udalari autonomia kentzeko joera dago. Udalak historikoki _eta baita legez ere_ Euskal Herrian garrantzia berezia dauka. Mankomunitateen bidez udalei autonomia eta erabakitzeko ahalmena kendu nahi zaie, erakunde handiagoetan sartu eta alkateak public relations batzuk bihurtu. Oker bat da. Planeamendua elkarrekin egin behar dugu, baina bakoitzak gestionatu behar du berea.
Donostiako edo Oreretako auzo bat bihurtu nahi gaituzte, eta guk ez dugu onartuko. Uraren kasuan, Añarbeko urtegia eta horren azpiegiturak kudeatzeko mankomunitatea beharko da, baina ura Oiartzuna iristen denean, geuk gestionatu behar dugu. Ez orain nahi dutena: enpresa erraldoi bat antolatu eta udalak bere herrian gertatzen denaz prentsaren bidez enteratu beharra. Gauza bera parke naturalekin. Gu planteamendu horien kontra gaude, eta legez posible dugunez, uko egiten segiko dugu.
Datozen lau urteotan zer egin nahi du Oiartzungo Udalak?
Oiartzunen izaera portuaren eta industrian oinarrituta zegoen, eta garaiak aldatu egin dira: orain datozen enpresak komertzialak edo zerbitzuetakoak dira. Guk ere aldatu egin behar dugu estrategia, garai berriei egokitu. Bere nortasuna mantendu behar du Oiartzunek, herri euskaldun eta abertzale moduan. Nekazal-turismoa garatu nahi dugu, euskal kultura bultzatu eta horren inguruan herrian dinamika eta lanpostuak bultzatu. Ongizate mialan ditugun hutsuneak ere konpondu behar ditugu.
Oiartzunek etorkizun ona daukala ikusten da. Jendeak etorri nahi du Oiartzuna bizitzera, gehienbat naturagatik eta herri euskalduna delako. Espainol erradikal batentzat segur aski ez da gustuko tokia izango, baina abertzale batentzat bai.
Ertzaintzaren koartelak hainbat gorabehera piztu zuen Oiartzunen.
Udalaren borondatearen kontra egindako lehenengoa izango litzateke, baina legez posible dute egitea. Bi arazo nagusirengatik gaude aurka. Artistak, artisauak, merkatari ttikiak ekarri nahi ditugu herrira, eta poliziaren etxe batek gure plan estrategikoa hankaz gora botatzen du. Herria militarizatu egiten dugu, alderantzizkoa nahi dugunean.
Beste aldetik, hainbeste koartel dagoen herri honetan beste bat egitea astakeria da. Goardia Zibilak eta Polizia Nazionalak hemendik joan egin behar dutela esaten bada, badituzte horiek utzitako instalazioak.
HBren politikan zerbait aldatuko al zenuke?
Alde guztietatik baztertu nahi gaituzte. Hor dago gainera prentsaren eragina ere. Gizartearekin harremanetan egotean, batetik oztopoak ipintzen dizkigutelako eta gu ere oso trebeak ez garelako, ez dakigu iristen. Esfortzu eta aldaketa nabarmena egin behar dugu jendearengana iristeko. Horretarako lehenbizikoa jendeari entzutea da. Irekitasun handiagoz jokatu behar dugu.
Eta beste aldaketa bat: zenbait sektore kritikoren iritziak bideratzeko mekanismoak malguagotu egin behar dira. Ez da samurra, baina mekanismoak hobetu behar dira, erabaki bat hartzerakoan iritzi guztiak kontuan hartzeko.
ZUBIRIA, Pello
8-9,10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazIÑARRA1
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Eguneraketa berriak daude