"EEn inor baino azkarragoak ginela uste eta mesprezurako joera genuen"


1995eko apirilaren 30an
Koro Garmendia (EAJ)-ren iritziak Euskal politikari buruz oro har
"EEn inor baino azkarragoak ginela uste eta mesprezurako joera genuen"
Koro Garmendia, EAJren bigarren zerrendaburuaDonostiako udalerako
EEn urte mordoa egina, ELAko afiliatua, Eusko Legebiltzarrean eta Madrilgo Gorteetan EEko diputatu izana, ibilbide politiko luzea egina du 38 urteko donostiar honek. Koro Garmendia udal hauteskundetan EAJren bigarren zerrendaburua da Donostian.
Ezker kulturatik iritsita, nola jokatuko duzu Donostia bezalako hiri burges batean?
Donostia hiri anitza da eta burges gisa definitzea topikoa da. Donostian erronka garrantzitsuak daude: adibidez, langabeziaren arazoa. Giza-zerbitzuak eskaintzea eta hiria prestatzea izango da gure erronka. Udaletxetik hiria prestatu egiten duzu, enplegu zuzen gutxi sortzen baita bertatik. Gure erronka da Plan Orokorra garatzea eta hiria enplegu kokagune egokia bihurtzea donostiar guztiak bertan bizi daitezen.
Egun, Donostia ez dela donostiar guztientzako moduko hiria esan da...
Kontxan oso jende gutxi bizi daiteke, baina Donostian jende asko bizi da. Hirietako tokirik desiratuenetan jende gutxi bizitzen da. Donostian auzo garrantzitsuak daude, populazio handia daukagu eta prestazio maila nahiko ona da auzotan. Donostiar guztiok gozatzen dugu Donostiaz. Hiriaz gozatzea ez da soilik Kontxan bizitzea.
Zein dira Donostiarako zure egitarauaren berezitasun nabarmenenak?
Batetik, Plan Orokorraren garapena dago. Plan Orokorrak markatzen ditu Donostiaren ildo nagusiak datozen 10-15 urteetarako, eta hori gestionatu egin behar da. Berpizte ekonomikoa da bigarren ardatza. Ahalegin berezia egin behar da Donostia enplegu eta enpresa kokagune bihurtzeko. Hirugarren erronka kultura eta euskararena da.
Donostiaren beste lehentasun nagusia finantza egoera saneatzea da. Donostian dagoen biztanleko diru-inbertsioa Estatuko altuena da, baina daukagun zorra ere bai.
Etxebizitzen espekulazioa bultzatzea aurpegiratu zaio Udalari. Orain arteko politikarekin jarraitu behar al da?
Plan Orokorrean jada definiturik dago zenbat etxebizitza eraikiko diren eta zein motakoak. Hauteskunde egitarauan, alokairuko etxebizitzen presentzia areagotu behar dela eta babes ofizialeko etxebizitzen eskaintzara iristeko baremazio diferentea berrikusi beharko dela planteatzen dugu.
Orain urte batzuk etxebizitza falta zen arazoa, eta egun garestiegiak izatea da. Eskaera gehienbat gazteena da, eta horri langabeziaren arazoa eransten zaio. Gakoa, eskuragarriago egitean datza.
Azken lau urteotan Donostiako Udalean agindu duen gobernu-taldeak baino hobeto funtzionatuko al du tripartitoak?
Instituzioen arteko koordinazioa hobea izatea espero dut, baina batipat tonu aldaketa egotea. Herritar gisa, ez zitzaidan batere gustatu Odon Elorza eta Gregorio Ordoñez zenaren arteko lehiaren estiloa. Aginduko duen koalizioak estilo lasaiagoa izatea nahiko nuke, ez hain pertsonalista eta taldeko lanerako joera handiagoa duena.
Nola baloratzen duzu azken gobernu-taldearen lana?
Oso garrantzitsua da finantz egoerari dagokionez egin duten lana, Udaletxearen finantz egoera saneatu egin baitute. Plan Orokorraren inguruan gauzatu beharreko akordioa ondo burutu dute. Baina landutako estiloa, batipat alkatearena, ez da nire gustukoa izan.
Eta oposizioarena?
HB akordio posible guztietatik aparte mantentzen da. Ez da oposizio eraikitzailea. HBren politika orokorrak alderdi bera asko baldintzatzen du. EA, berriz, hainbatetan desmarkatu nahian ibili da, baina nahiko zaila gertatzen zitzaion hori, hein batean aurreko korporazioaren lanari jarraipena eman diotelako.
Hirukoa udal orotara zabaltzea hauen autonomia murriztea dela esan du Mayor Orejak.
Irizpide alderdikoi eta partikularra da. Legeriak dio zinegotziak hautatu eta zinegotzien artean hautatzen dela alkatea. Beste sistema bat ere zilegi izan zitekeen, baina ez da daukaguna. Ahal den neurrian, instituzio guztietan hiruko bera egotea da egokiena.
EEko parlamentari izana zara. Egin iezaguzu urteotan egin duzuenaren balantzea.
EEn 80an sartu nintzen. Bide bat egin genuen, EEk eman zuen emateko zeukan guztia eta hura amaitzean, gogoeta egin nuen eta nire kezkak eta interesak modurik onenean nondik defendi zitezkeen pentsatu nuen.
Orain hamabost urte jarrera erradikalagoak nituen. Demokraziari adjetiboak jartzen nizkion, `demokrazia formala' eta antzekoak esanez. Demokrazia daukagun balorerik garrantzitsuena dela deritzot orain. EEn bidearen zati bat egin nuen, demokrazia ezagutu nuen, ezkerarren garapena ikusi nuen, eta hori amaitu zenean azterketa eta erabakia pertsonalagoa izan zen.
EAJren aurka borrokatzeaz gain, halako mesprezua ere eduki izan diezue jelkideei. Erraza egiten al zaizu euren zerrendan joatea?
EEren garaian egindako bekaturik handiena handi-manditasun hura zen. Inor baino azkarragoak ginela uste genuen eta mesprezatzeko joera handia genuen. Egia da garai batean EAJ izan genuela etsai politikoa. Baina denborarekin, EEren jarrera EAJrekiko aldatuz joan zen.
EAJren zerrendan joatea gogorregia suertatu izan balitzait ezezkoa emango nuen lasai asko. Egia da eskaintza egin zidatenean orain arte sentitu ez nuen nagitasun fisikoa sentitu nuela. Ez da deserosotasun ideologiko-politikoa. Herri hau ainguratu eta indarrak batu behar ditugu. Proiektu nazional eta demokratiko baten inguruan EAJ erreferentzia gisa ikusi nuen. Hemen baldin banago, ni neuk hala erabaki dudalako izan da.
Zu EAJn eta Ramon Etxezarreta PSE-EEn. Alderdi batetik bestera hain diferentzia gutxi al dago?
Diferentzia garrantzitsuak daude. Niretzat erabakigarria da alderdi batek non dituen bere erabaki-guneak. EAJk erabaki-guneak Euskal Herrian ditu, eta alderdi sozialistak Euskal Herritik kanpo. Gainera, PSOE oso une larrian dago, eta gure demokrazia gaztean izandako krisirik gogorrena ezagutzen ari gara. Norberaren joera eta bizipenek zerikusi handia dute hautaketa posible batean. Ez dut nire burua erabaki-guneak Euskal Herritik kanpo dituen alderdi batean ikusten. Niretzat abertzaletasuna ia kontu geografikoa da.
Ez al da EE, nola edo hala, politikan aulki bat nahi zuen jendez beteta zegoela?
EAJren eskaintzari ezezkoa eman banio, hori bera esaten dutenek zera esango lukete: «Eskaini ez diotelako, bestela gustura asko hartuko luke. Ahaleginak egin ditu, baina...». Politikan juzkuak emanak daude aldez aurretik, berdin du zer egiten duzun. EEn ibilitako askok bezala, beti sentitu dut partehartzearen beharra. Politikagintzan nire bizitza baldintzatzen duten gauza asko erabakitzen dira, eta gaztetandik izan dut nire etorkizuna baldintzatzen den esparru horretan egoteko desioa.
LABek eta ELAk Aberri Egunari begira plazaratu zuten agiria interesgarria iruditu al zaizu?
Agiri hori ezin dut ondo interpretatu. Hala ere, onartezinak iruditu zaizkit ELAri aurpegiratu zaizkion hainbat kritika. ELA sindikatua da, eta eskubide guztiak ditu bere politika sindikalean bere kide batekin, LAB kasu honetan, aurrerapausoa emateko. Agiria interesgarria iruditu zait, baina hala ere harrituta utzi nau.
Zergatik harrituta?
Zenbait kontzeptu -elkarrizketa, irteera negoziatua...- ia fetitxe bihurtu dira gure artean, eta sekula ez dakizu horrek benetan zer adierazten duen. Hala ere, ez dit inolako beldurrik ematen LAB eta ELAren arteko hurbiltasunak. LAB sindikatua da, eta KAS munduan inor baldin badago bizitza arruntetik hurbil, sindikatua da.
Zer deritzozu Bilbon Elkarri-k hartutako bideari?
Ezkorra eta eszeptiko samarra naiz. Dena dela, arriskurik gabe ezin da aurrerapausorik eman. Baina sinetsiko banu ETAk armak utzi nahi dituela eta horretarako erabakia hartua duela, ikusi dutela Irlandan eta Palestinan zer pasatzen den, aztertu dutela zer daukagun esku artean... errazago ikusiko nuke denon artean asmatzea nola bideratu irtenbidea. Beldur naiz, ordea, gogoeta hori egin gabe dagoela, eta hori hala bada elkarrizketa antzua izango da. Oso baikorra iruditu zait Elkarri-rekin hitz egitea, baina arazoa da ez dudala Gerry Adamsik Euskal Herrian ikusten, eta horixe behar dugu.
Esaiozu zerbait Donostiako IU-EBri.
Populismo erraza ez dezala egin. PCEko kutsu handiegia dago funtzionamenduan, bai Donostiako IUn baita Espainia osokoan ere. Une honetan IUn indarrean dagoen estiloa Anguitarena da eta ez zait batere gustatzen.
Eta beste zerbait HBri.
Zintzoa izateko bere buruarekin, serio aztertzeko dauzkagun baldintza politikoak eta bereizteko zer diren gutxieneko baldintzak jokoan sartu ahal izateko eta zeintzuk diren norberaren azken helburuak. Politika egiteko esango nioke.
ZUBIRIA, Pello/JAUREGI, Mikel
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrBozketakHauteskunUdal
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazGARMENDIA7
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude