"Esaerak dioen modura, hobe bakarrik gaizki lagunduta baino"


1995eko martxoaren 19an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
UAko idazkariordeak arabarren eskubideak defendatzen dituztela dio
"Esaerak dioen modura, hobe bakarrik gaizki lagunduta baino"
Anton Saenz de Santa Maria, Unidad Alavesako idazkariordea
Herri Batasuna sortzetik UAko idazkariorde izatera. Ez da aldaketa makala. Orain 41 urte Gasteizen jaioa, Historian eta Magisteritzan lizentziatua da Anton Saenz de Santa Maria. Arabako Biltzar Nagusietako kide dugu. Madrilgo Kongresurako hautagai izan zen 1993an, baina ez zuen posturik lortu. Hain zuzen, bere ametsetako bat Arabako lehen diputatu foralista izatea da.
Jonan Fernandezek uste du konfrontazio fasea amaitu eta euskal gizartearentzat elkarrizketa fase berria hasi dela.
Hala bedi. Jonan oso gogotsua da. Nik ez daukat oso argi. Lehenengo aldia da Ajuria Eneko Mahaiko eremutik at eta HBren presentziarekin halako prozesu bati ekin zaiona, zeinean alderdi politikoak bildu garen. Baina hortik amaieraren hastapena izan daitekeela esatera...
ETAk su-etena iragarri edo Poliziak erakundea amaitu zain egon behar da? Ala alderdiek mugitzen hasi behar dute?
Alderdi politikoek euren artean biltzen hasi behar dute. Baina ETArekin hitz egiten hasi edo ETArengana mugitzen hasteko, su-etena iragarri behar du. Ajuria Eneko Mahaian badago akordio bat, eta honen arabera aldez aurretiko su-etenik gabe ezin da ETArekin hitz egiten hasi.
Ajuria Eneko Mahaia izan zena izatera helduko al da berriro?
Nire alderdiak bezala, ezetz deritzot. Herritarrak mobilizatzea eta bere oinarrian argi ez zeuden zenbait printzipio ezartzea lortu du Ajuria Eneko Mahaiak: adibidez, lehen eta bigarren mailako hildakorik ez dagoela, denak berdinak direla, eta nola edo hala sarraski hori geratu egin behar dela. Baina izan ditu hain positiboak ez diren gauzak ere: lehendakariari egoki iruditzen zitzaionean deitzen zen, horretarako ahalmena zuten alderdi politikoek manipulatu egiten zuten...
Soilik alderdi politikoak biltzea jadanik gaindituriko fasea da. Bakearen aldeko erakundeek lortu duten presentzia soziala dela eta, Ajuria Eneko Mahaian presentzia aktiboagoa izan behar dute. Soil-soilik alderdi politikoek osaturiko mahaia berdin litzateke Parlamentuan egotea. Mahaiak izan izan behar du, baina erakunde horien eduki sozialak mahaia aberastuko luke. Fase berria ireki behar da.
Zergatik uste duzu nazionalismoa askatasunaren etsaia dela?
Nazionalismoa gizabanakoen arteko ezberdintasunak bilatzen hasten da: ni horrekiko ezberdina naiz, nazio ezberdinekoa bainaiz... Ezberdintasunak bilatzetik ezberdintasun horiek besteak baino hobeak egiten gaituztela pentsatzera, oso tarte fina dago. Nazionalismoen arriskua, hain zuzen, tarte hori zeharkatzean datza.
Nazionalismoa askatasunaren etsai egiten duen bigarren faktorea da nazioen eta herri abstraktoen eskubideak populazio eta erakunde konkretuen eskubideen gainetik jartzen dituela. Konfrontazioa izango balitz herria den entelekiaren eskubideen eta herritar konkretuen eskubideen artean, azken hauek kaltetuta aterako lirateke. Honen adibide argiena Gregorio Ordoñezen hilketa da. Euskal Herriaren eskubideak aitzakia, euskal herritar bat, Euskal Herriaren ordezkari bat hil dute. Hor ikusten da Euskal Herria den entelekiaren eskubideak ez datozela bat Euskal Herriko egungo herritar eta boto-emaileekin. Faxismoaren ernaltze baten aurrean gaude.
UAren antinazionalismoa «españolismo anti-vasco»aren bertsio berria al da?
Ez da antinazionalismoa, nazionalista ez izatea baino. Alegia, aldarrikatzen dugu gizabanakoen eskubideak gizabanakoengan eta egungo kolektiboetan daudela, eta ez historian, ez entelekia eskubideetan... Españolismoa ere ez da, berau beste nazionalismo forma bat baita. Espainiako nazioa pertsonen gainetik dagoela kontsideratzea beste aberrazio kultural eta historikoa da.
Hizkuntzaz diskriminatuta sentitzen al zara Araban?
Diskriminazio egoerak administrazio publikoetan eta hezkuntzan gertatzen dira. Batetik, gaztelera soilik hitz egiten dutenekiko diskriminazioa dago. Puntuaketa urriagoa dute administrazio publikoan sartzeko ondoren euskarak ezertarako balioko ez dieten postuetarako. Euskaldunekikoa da bigarren diskriminazio bidea. Euskaldunak administrazioko leihatiletara hurbiltzen direnean, zail dute langile euskaldunik topatzea.
Hezkuntza prozesuaren barruan euskara lehentasun bakar bezala jartzeak ondorio kaltegarriak eragin ditu: gaztelera soilik menderatzen duten, baina esperientzia handiagoko eta beharrezko titulazioa duten irakasleak baztertzea ekarri du. Aldiz, kasu askotan titulaziorik gabeko irakasleek, baina euskaraz alfabetaturik zeudenek, aurrera egin dute.
Euskaldun askori UAk euskara gorrotatzen duela iruditzen zaio.
Bizkorrak badira ez dute horrela ikusiko. Lasaitasunez hitz egin ahal izan dugun euskaldunekin, hauek gure arrazoiak baditugula ulertu dute. Arazoaren konponbidea mahai batean hitz egitetik etorriko da, eta ez kalean edota komunikabideetan elkarri oihu egitetik.
UAk, beraz, ez du euskara gorrotatzen...
Irrigarria litzateke hizkuntza bat gorrotatzea. Politika linguistiko ofizialen eztabaidara mugatu behar dugu, instituzioek diru eta baliabide publikoarekin egiten dutenera. Gizarte zibilak egiten duen gauzetan, bere baliabide propioekin, alderdiek ez dute sartu behar. Euskalduntzearen aldeko ekimen zibilak ederto daude, pribatuak diren artean.
Ez al da izugarria euskarari buruz hitz egitean, Araban hizkuntza ezezagun gisa tratatzea?
Gehienentzat ezezaguna dela esatea errealitatea islatzea da. Araban populazioaren %6k soilik ezagutzen du euskara. Eta egia da ez dela Arabako berezko hizkuntza. Soilik Aramaioko bailaran eta iparraldeko lautadan da berezkoa. Gainonentzeko lurralde zatian euskara ezezaguna da. Hori errealitatea da, ez du bestelako eduki politikorik.
Zertarako balioko luke autodeterminazio eskubideak?
Etorkizunean zer egin nahi duten erabaki dezaten herritarrek. Autodeterminazio eskubidea Eusko Legebiltzarrean onartua dago. Edonola ere, orain planteatu behar dena da nola erabiliko den autodeterminazio eskubidea. Behin euskal herritarrek zer egin nahi duten erabakitzen dutenean, aukera guztiak posible dira: independentziatik egungo egoeran jarraitzeraino.
Autodeterminazio eskubidea eskatzen bada, Araba EAEtik ateratzea eskatuko duela esan du alderdi sozialistako Rojo jaunak.
Autodeterminazio eskubidea, eskubide gisa, kaltegabekoa da printzipioz. Arazoa sortuko da autodeterminazio eskubidea zertarako erabiliko den eta zein dagoen legitimatuta autodeterminaziorako eskubidea bermatzeko planteatzerakoan. Subiranotasunaren arazoa dago, Espainiako Konstituzioak ez baititu lurraldeetan subiranotasun partzialak ezartzen.
Arazo juridikoa gaindituz Konstituzioak lurralde konkretuak autodeterminatu daitezkeela onartuko balu, autodeterminazioa norantz abiatzen den aztertu beharko genuke. Autodeterminazioa egun euskal lurraldea denaren independentziara bideratuko balitz, arabarrok, gehiengoz ziurrenik, autodeterminatzeko gure eskubidea aldarrikatuko genuke, EAEtik aldentzeko.
Pentsa daiteke, EAEtik kanpoko Arabaren bideragarritasuna aldarrikatzen duzuenak oso eroso egongo zinateketela Castillan.
Castillak finantz eta zerga egitura zaharkitua dauka, eta Araba beti egon da mutur-muturrean eremuotan. Ez ginateke, beraz, eroso egongo. Bakarrik? Mende asko egon gara bakarrik eta ez litzateke arazo handiegirik egongo. Euskadik hamabost urte baino ez dituela ez da ahantzi behar.
Bakarrik sentitzen zarete orduan...
Bakarrik ez, gaizki lagunduta. Eta esaerak dioen modura, hobe da bakarrik gaizki lagunduta baino.
Alberto Ansolak EAJ-UA koalizioa Araban posible ikusten zuela adierazi zuen ARGIAn.
Teorikoki posible da. Bi alderdi demokratiko gara eta herritarren ongizatea da bion ardura nagusiena. Printzipioetan ez ginateke ados jarriko, baina gobernu koalizioetan apenas hitz egiten da printzipio teorikoei buruz. Ezagun da Arabako Batzar Nagusietan zenbatetan egon garen ados arautegi gaietan, zerga kontuetan... Gobernurako negoziazioan alde batera utzi beharrekoak zenbatekoak diren ikusi beharko da.
UA irekia eta barneko eztabaida bermatzen duen alderdia izanik, edozein planteamendu alderdi osoak eztabaidatu beharko luke. Guretzat funtsezkoa da militantziak esaten duena: ez dela paktatuko esaten badu, ez da paktatuko. Militantzia da subirano.
Maiatzetik aurrera agintean izateko, zein da zure koalizio ideala?
Ez nuke gustuko erradikalki eskuinekoa eta zentralismo puntua duen koalizioa; ezta soilik ez-nazionalista dena ere, arabarrek nazionalismoa ere bozkatzen baitute. Progresismo eta utopia ukitua, IUk eta PSE-EEk eskain dezaketena, lasaitasun eta zentrismo puntua, UAk eta zentroko alderdi batek eskain dezaketena, eta sentsibilitate nazionalistak eta ez-nazionalistak ondo banatuta lituzkeen koalizioa nahiko nuke.
JAUREGI, Mikel/ ZUBIRIA, Pello
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakUA
PertsonaiazSAENZ DE1
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude