"Fruitu freskoena baino gehiago alkanfor usaina dago Diputazioan".


1995eko otsailaren 26an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Jose Julian Irizar Gipuzkoako Diputaziorako hautagaiari elkarrizketa
"Fruitu freskoena baino gehiago alkanfor usaina dago Diputazioan".
Jose Julian Irizar, Gipuzkoako Diputaziorako EAren hautagaia
Zumarragako alkate izana da Jose Julian Irizar, EAko juntero Gipuzkoako Batzar Nagusietan _«ez naiz sekula EAJkoa izan» argitu digu Ferrerias kaleko egoitza ezagunean_ eta lurralde horretan alderdiak duen idazkari nagusia. Diputatu nagusi izan nahi du orain, Gipuzkoara ere hiruko akordioa zabalduta.
Nicolas Redondo Terrerosek dioenez, EAkoez ez dago fidatzerik...
Eusko Alkartasunak zerbait izatekotan fidagarritasuna dauka: hitza leku guztietan mantendu dugu, Legebiltzarrean bezala Batzar Nagusietan edo udaletan, agintean egonda eta egin gabe.
Sozialistek etxe barruan badaukate nahiko buruhauste, eta norbaiten fidagarritasuna zalantzan jar baliteke, PSOErena da. Gipuzkoako PSEkoek diote beti gurekin joan nahi dutela; Bizkaian, berriz, besterik diote.
Hiruko Jaurlaritza honek maiatzeko azterketa gainditu baietz zenbat jokatuko zenuke?
Jokatzeko eduki egin behar dirua... Baina gobernu honek legealdia baietz osatu `momioa' nahiko goian ipiniko nuke. Hirukoa da egonkortasun handiena ematen duen aukera. Tirabirak egon dira, eta egongo dira, normala da, nork bere etxea zaindu behar du. Baina maiatzetik aurrera hirukoa udal eta diputazio gehienetara zabaltzen bada, gobernu honek iraungo du lau urtez.
PPrekin erraz egin al duzue tratua?
Akordio zehatza izan da, gure eskubideak defenditzeko. PPri ere ongi datorkio bere jokorako sozialistei senadore bat kentzea. PSEk ez duelako akordio batera iritsi nahi izan gertatu da hau, eta guk eskubide osoa geneukan beste batekin adostasun batera iristeko.
Matematikaren arabera EAJk izango zuen eskubidea bi senadore edukitzekoa, baina askotan politikan ikuspegi zabalagoa izan behar da. «Nirea niretzat eta zurea erdi bana» egiten du EAJk. Logikoa izango zen, hiruko akordioa bada, senadore bana izatea bakoitzak, baina PSEri negoziatzeko asmoa edo gogoa falta izan zaio.
Albisturrek aldegiteak min handia egin dizue...
Erakunde guztietan egoteari garrantzi handia ematen diogu EAn. Nafarroako Parlamentuak izendatutako senadorea daukagu, eta maiatza ondoren hori gabe gera gintezke.
Albisturren ihesak tristura, mina eta amorrua eman digu. Nik asko defenditu nuen, lagundu ere bai Madrilgo Parlamentura joateko, eta ikusi dugu nola ordaindu duen gure laguntza. Jadanik, ordea, historia da gai hori.
Iaz urte sasoi honetan mugitu zen Gipuzkoan abertzaletasuna elkartzeko manifestua.
Eusko Alderdi Jeltzaleak horrelako gauzak beti hauteskunde bezperatan ateratzen ditu, trebea da horretan. Gero senadorea edo mahaikidea hautatzerakoan nahiago du estatalista edo espainolistari lagundu abertzaleari muzin eginda, joan den astean ikusi dugun bezala.
Guk beti esan dugu gure zerrenda propioak landuko ditugula. Alderdi ezberdinak gara, atal soziologiko ezberdinetan gaude, eta herri honentzako aniztasun hori beharrezkoa dela uste dugu. EAJ espazio kontserbadorean dagoen bezala, guk esparru aurrerakoi eta sozialdemokratan egon nahi dugu. Azken hauteskundeetan ikusi da jendeak alderdi abertzaleen arteko akordioa nahi duela, baina halaber pluraltasuna nahi duela. Nork bere indarraz joan behar dugu, eta emaitzen arabera iritsi adostasunera.
Ez al zaudete CiUren eskeman interesatuta?
Ez, geure proiektu politikoa defenditzen dugu. Bada esparrua gurearentzat, eta hor jarraituko dugu. Katalunian abertzaletasunaren ikuspegi desberdina dute, politika egiteko bestelako ohiturak dituzte. Eta CiUren abertzaletasuna ez da Euskadin guk daramaguna bezalakoa.
Nola ikusi dituzu Ondarroako gertakizunak?
Tristuraz, horrelako gertakizunek ez baitigute ezertan laguntzen. Polizia dagoen herri guztietan _denetan, beraz_ gertatzen dira horrelako arazoak. Atutxak Legebiltzarrean bere azalpena eman du eta pentsatzen dut Ertzaintza buru-belarri sartuko zela, erantzukizunik baldin bazegoen, bilatzera. Erantzukizunik ez dagoela esan du Atutxak, printzipioz sinetsi egin behar zaio. Eta hala bada, denontzat hobe.
Pentsatu behar da Ertzaintza oraindik berria dela, esperientzia falta ere handia izango du seguru aski, baina ahalegin guztiak egin behar ditu horrelakorik gerta ez dadin. Bake bideak jorratzeko giro lasaia behar dugu, eta horrelako jokaerak kaltegarriak dira denontzat. Jende guztiak dauka eskubidea manifestazioa egiteko, eta horietarako deia egiteko. Ohitura demokratiko hutsean egin behar du lan Ertzaintzak, eta horrelako akatsak konpondu.
Ezker abertzaleak uste du Ertzaintza bere kontra ari dela.
Ez dut horrela sentitzen. Zumarragan duela zazpi urte neu alkate nintzela zabaldu zen Ertzainetxea, eta arazorik ez dugu izan. Egia da KAS eta HBko jendearen eta Ertzaintzaren artean arazoak egon badaudela, baina hori herrian dagoen tentsio klimaren barruan sartuko nuke, ez Ertzaintza haien kontra bereziki ari delako.
Zu ala Roman Sudupe izango zarete Gipuzkoako hurrengo diputatu nagusia?
Futbolean bezala, hemen ere zelaira irabaztera ateratzen da. Gipuzkoan lau urteotan egin den politika modua aldatzea da gure helburua, haize berria sartu Gipuzkoa plazako jauregi horretan. Hor gehiago dago alkanfor usaina fruitu freskoena baino. Talde gaztea sartuko gara, hori aldatzea posible dela erakustera.
91ko hauteskundeetan EAJri irabazi genion Batzar Nagusietarako, lehen indarra HB izan zen arren. Mezua herrietan zabaltzeko aukera baldin badugu, irabaz dezakegu.
Zertan aldatuko duzue Diputazioa?
Politika egiteko modua aldatuko dugu, Diputaziora benetako herrigintza eramanez: gipuzkoarren udaletxe handia bihurtu nahi dugu. Udalak dira-eta herritarrentzako sinesgarritasun handiena duten erakundeak.
Gero, Gipuzkoan dugun pluraltasun horren aberastasuna indartu nahi dugu, tolerantzia bezalako baloreak sendotu, ea azkenean benetako bake bidea hartzen dugun. Eta azkenik, Galbraith-ek aipatzen duen ongizatezko gizartea sendotu nahi dugu, aurrekontu monetaristak baino, ideien aurrekontuak egin.
Gipuzkoarekin hartuko dugun konpromezua zehaztuz, hamar-hamabot puntu oso garbi eta zehatzeko konpromezua ari dira prestatzen egunotan EAn antolatu ditugun hiru talde, alkate, zinegotzi eta independentez osatuta.
Baina sosak bukatu egin omen dira, eta maniobratzeko lekurik ez duzue izanen.
Tresna asko daude erabiltzeko. Neurri fiskal eta finantziariekin orain dauden planak aurreratu litezke. Ausartak izan behar dugu, Diputazioak nahiko tresna badauzka eta. Dirua dagoenean gauzak egin eta ez dagoenean etxean gelditu, hori ez da egin behar. Posibilitateak badaude.
HBko barne eztabaidarako paperetan diotenez, EA abertzaleagoa da EAJ baino, baina agintea eskuratzeagatik hurbiltzen ari zaio.
Hori paperetan jartzen duen kontzeptua dela uste dut. HBko askorekin eta goi mailako jendeekin harreman handia dut eta ez da gutaz duten benetako kontzeptua. Paperetan, askotan, barruko giroa indartzeko ipintzen dira-eta gauzak.
Beste alderdien barne eztabaidetan sartzea ez dut atsegin, ez zaidalako besteak gure bizitzan sartzea gustatzen. Dena den, HBko jende asko ezagutzen dut eta ausartak izatera animatuko nituzke. Irlandan eta Palestinan ikusi dugu nola konpondu izan diren arazo historikoak, eta bide horretatik zeozer egin daiteke. Horretarako alderdi abertzaleok adostasun batera iritsi beharra daukagu.
Zuk esango duzu nola...
Horretarako tresna onenak erakundeak dira. ETAk biolentziaren bidea uzten badu _eta utz dezakeela uste dut_ alderdi abertzale guztien artean ibilbide berri batzuk ireki daitezke. Bake bidera iristeko, eta herri honen eskubide osoak defenditzeko.
ZUBIRIA, Pello
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakDiputazioak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEA
PertsonaiazIRIZAR3
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude