"Oposizioanlan gehiago egiten da eta on gutxi lortzen".


1995eko urtarrilaren 15an
Imanol Murua (EA) politikariari elkarrizketa
"Oposizioanlan gehiago egiten da eta on gutxi lortzen".
Imanol Murua, Gipuzkoako Batzarretan EAko bozeramailea
Zarauzko alkatetzatik Gipuzkoako diputatu nagusirako bidean, kargu publiko ugaritan lan egin du Imanol Muruak 70ko hamarkadatik. Bere irudia Gipuzkoa eta Nafarroa batzen dituen autobidearekin lotu ohi da, garai hartan bera baitzen Gipuzkoako diputatu nagusia. Gaur egun Zarauzko Lanbide Eskolan irakasle aritzeaz gain, urte askotan bere prentsa arduraduna izan den Karmelo Arrenekin batera Herri Edertu enpresa sortu du artista berriei bultzada eman asmoz.
Nolako harremanak dituzu Eli Galdosekin?
Autobidearen kontuan egin zuten operazioa ikusita, hasieran gogorra egin zitzaidan berarekin hitz egitea. Politikan gauzak ahaztu beharra daudenez -ahaztu ez, baina behintzat pasatu-, lehenengo legealdiko erlazio hotz eta latza bigarrenerako leundu egin zen. Orain harreman nahiko normala dugu.
Eli Galdosek Ardantzari bidali dion eskutitzaz zer diozu?
Garai hartan ere esana nuen Gipuzkoak bakarrik ezin zezakeela autobidearen gaia bere gain hartu, supraprobintziala izan behar zuela eta Hego Amerikatik seguritatea ekarri behar bazen, ekar zedila. Hau inongo dokumentutan gorde ez zenez, sarritan gogorarazi beharra izan dut, autobidean sortutako gastuak ugarituz baitzihoazen. Diru hori Gipuzkoa kanpoko istituzioei eskatu beharko litzaieke eta hauek baiezkoa emango zutelakoan nago. Kontua izango litzateke seguritatean gastatu diren 1.500 milioi pezeta inguru berreskuratzea. Honen aurrean zenbaitek dio errepidea besterik ez zela; nik diot momentu jakin bat arte agian baietz, baina gero ez. Aurrekontuetan Diputazioak %12a jaisten badu, Gipuzkoa gaizki ibiliko da zorra handiagotuz joango delako. Diru bat agindu bazen -hitzez bakarrik bada ere-, diputatu nagusi baten eginkizuna lehendakariari gogoraraztea da.
Zergatik dabil Gipuzkoako Diputazioa hain gaizki diruz?
Azken urteotan inbertsio asko egin direlako. Autobidearekin bakarrik, azkenean 30.000 milioi pezeta inguru gastatuko dira. Zorrak gero eta handiagoak dira. Gure garaian zegoen 50 mila milioietako zorra, honezkero 90 ingurukoa izango da. Diputazioak ez du bere konpetentzia diren arloetan bakarrik gastatzen. Gipuzkoako Haziendak jasotzen dituen 1.000 milioitik Diputazio eta udaletxeetarako 150 inguru geratzen dira proportzioan. Jaurlaritzarako aportazioari eta kupoari Jaurlaritzaren konpetentzietan gastatzen dena gehitzen badiogu, Diputazioari diru gutxi geratzen zaio inbertitzeko.
Jaurlaritza berrian sailak gutxitu dituzte, alde horretatik bide onetik doa. Hurrengo pausoa Diputazioa eratzean ere gastuak murriztea litzateke. Horretarako beharrezkoa iruditzen zait sistema sinplifikatzea, ez baitu zentzurik departamentu baterako bi arduradun egotea Donostian, bata Jaurlaritzakoa eta bestea Diputaziokoa. Bata edo bestearen konpetentzia den gaiaren arabera neurtuko nuke. Errepideak historikoki Diputazioaren konpetentzia izan arren, Jaurlaritzari emango nizkioke askotan hiru lurraldeek koordinatu beharreko gaia delako.
Planteamentu honekin bide konfederaletik abiatu ordez, bide zentralistatik goaz.
Bakoitzak bere ikuspegia dauka eta hau da nirea. Diputazio eta Jaurlaritza arteko akordioa egin beharko litzateke karguen banaketan sinplifikazioa lortzeko, eta bide batez, gastuak ere murrizteko.
Posible ikusten al duzu datorren legealdian?
Borondatea baldin badago, bai. Gastuak nondik murriz daitezkeen proposatzen ari naiz eta konpetentziak sinplifikatuz, diru gehiago izango genuke.
Aipatu dituzun zifren arabera, kiebra ez dago urruti.
Une honetan ez dago arriskurik, baina gerta daiteke gutxi barru zorrak ezin ordaindu ibiltzea. Diputazioak baliabide asko ditu, baina... Egoera ekonomikoa ere ez da ona eta hori arazo bat da. Aportazio legea ere ez dago ongi, gastuetan bikoiztasuna ematen delako.
Jaurlaritzara begira, nola ikusi duzu hirukoarena?
Hirukoa ez da batere erraza, baina soluzio bakarra da gobernu sendoa lortu nahi badugu. EAJrekin bakarrik joatea arriskutsua da eta HB joaten ez dela eta PPk ezetz esanda, PSE-EE geratzen da. Hirukoa itxaropenaz ikusten dut baina aldi berean, hiru alderdiak ongi konpontzea zaila denez, kezkarekin. Alderdi bakoitzetik zein pertsona jartzen den izango da gakoa.
Atzera begiratu eta aurreko hiruko hura datorkigu gogora...
Hark ez zuen zertan hautsi. Orain ere PSE-EE sartu da Jaurlaritzan gehiengoa izango duen gobernua egoteko beste aukerarik ez zegoelako. PPk eta HBk ez zuten nahi, EAJ eta EA ez ziren bien artean nahiko, beraz hirugarrena behar eta ez zegoen PSE beste aukerarik.
Ba al dago aukera hoberik?
Beste alderdiek nahiko balute, bakoitzaren programa aztertu eta agian bai. Baina HBk, hasteko, ez du inorekin agindu nahi eta HBrekin ere -biolentziaren historia hori dagoen bitartean- inork ez du agindu nahi. HBk indarkeria baztertuko balu, EA prest egongo litzateke berarekin gobernua osatzeko. Oposizioan geundenean ere, HBk eta EAk egoera berdinean egiten zuten oposizioa. Gauza bat da oposizioa egitea eta oposizioan planteamentu bat egitea gauza konkretu batekin, eta bestea agintzera joatea.
GAL auziak ez al du hirukoa zipriztinez zikinduko?
GAL asuntoa gobernurako negoziaketen ondoren atera da, baina esaten diren gauzak, egunkarietan azaldu direnak egia badira eta espetxean daudenek erantzukizun osoa dutela frogatzen bada, hirukoa ezezik Espainiako Gobernua ere kolokan egon liteke.
EAJrekin gobernuan egoteak bi alderdien hurbilketa bideratzen al du?
Harremanak leundu egingo ditu, baina alderdi bakarra izatera heltzeko adina ez, inolaz ere ez. EAJk bere programa eta bere bidea du eta guk gurea. EAJ saiatu zen Gipuzkoan plataformarekin eta abar, baina horretan geratu zen gaia. Egia esan, ni plataformaren aurka atera nintzen ez zitzaidalako jatorra iruditzen eta sinesgarritasunik ere ez zuelako. EAJko gizon esanguratsu batek nahi zuena aurrera eramateko sortu zen zerbait iruditu zitzaidan. EAJ eta EA alderdietan sentsibilitate desberdinak daude. EAn EAJkoa inoiz ere izan ez den jende asko dagoela ez da ahaztu behar. Lortu behar duguna da indar abertzaleek programa bateratuekin gehiengoa lortzea. CiUk egin duenaren antzeko zerbait egitea, alegia.
Zu gobernura joatearen aldekoa al zara?
EAren barruan badaude bakarrik jarraitu nahi dutenak, muturrerago jo eta HB aldera jotzearen aldekoak, eta EAJ ingurura hurbilduko liratekeenak. Beste alde batetik, batzuek Gobernura joatea bultzatzen duten bitartean, besteek nahiago dute oposizioan segi. Ni Gobernura joatearen aldekoa naiz, barrutik kanpotik baino fruitu gehiago atera daitezkeelako. Oposizioan lan gehiago egiten da eta emaitza onak gutxi dira. EAJrekiko erlazioetan beti egon da malgutasuna. Orain elkarrizketa erabakitzeko garaian pragmatismo piska bat egon da, baina birkontsideraziorik ez.
Oposiziotik ateratzekotan edozer gauza ona al da?
Edozeinekin ere ez zara joango... Jarri ditugun baldintzetatik dexente betetzen dira eta Gobernuan duintasunez sartu gara.
HBrekin lan egiteko aukera ez al da ia galdutzat ematen?
Badakigu HBrekin ditugun adostasunak ez-adostasunak baino gehiago direla, baina ados ez gauden puntuak oso sakonak direnez, ez dugu akordio batera iristerik.
Puntu hauetariko bat istituzioena da. Guk aukeratutako Legebiltzarra onartzen ez duen alderdi batekin ezin dezakegu adostasunik lortu. Bigarren puntua giza eskubideak, biolentzia, gogorkeria, hilketa izango lirateke. Ideologian -estatutuetan azaltzen den bezala- nazionalistak gara eta independentistak. Horrek ez du esan nahi independentzia lortzeko pertsona bat hiltzea onartzen dudanik. Hori ezin dezaket onartu ez nik, ez nire alderdiak.
Gipuzkoan, zein kiniela egin dezakegu Diputaziorako?
Maiatza arte hirukoa ongi moldatzen bada, boleto gehienak berriro ere hirukoak izango ditu.
Hurrengo diputatu nagusia zu?
Nire zikloa pasatu dela ulertzen dut, eta zentzu horretan nahikoa esan diot alderdiari. Nik ez dut pauso bakarra ere emango diputatu nagusi bezala joateko, baina alderdiak baietz erabakitzen badu, pentsatu egin behar.
ZUBIRIA, Pello/ZUBILLAGA, Arrate
8-11

Gaiez\Politika\Euskal Herr\Taldeak\Alderdiak\EA
Pertsonaiaz\MURUA1
Egileez\ZUBIRIA2\Politika
Egileez\ZUBILLAGA1\Politika

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude