Luis Alberto Aranbarri: "ETBren programa guztien ardura gurea da, ez beste inorena, eta ez dugu honetan amore emango inoiz".


1995eko urtarrilaren 15an
Luis Alberto Aranbarriri elkarrizketa
Luis Alberto Aranbarri: "ETBren programa guztien ardura gurea da, ez beste inorena, eta ez dugu honetan amore emango inoiz".
Lazkao Txikiren omenaldiak telebistako bertso saioaren auzia kaleratu duela eta, deitzen dizut.
Ez dut bien arteko erlaziorik ikusten; zuk bilatzen al diozu?
Bertsolariek horrela adierazi dute.
Erlaziorik badu, zergatik eman genuen Araba-Bizkaiko finala?
Baina programaren negoziazioaz ari dira bertsolariak, omenaldiak erdi-erditik harrapatu duela.
Nik ez diot erlaziorik aurkitzen, eta baldin badago, esplika diezadatela. Araba-Bizkaiko finala emateak erlaziorik ez bazuen, honek zergatik bai? Ez dut ulertzen.
Oraintxe iritsi zaigu 26 bertsolarik sinatutako fax bat, non «Hitzetik Hortzeraren jarraipen adostasuna lortu bitartean telebistaz zuzeneko emanaldian ez kantatzea erabaki genuela» dioten.
Bakoitza libre da nahi duena egiteko, baina zilegi bekit ez ulertzea. Nik dakidanez Andoni Egañak ez zuen erabaki bertsorik ez kantatzea Gabon Zaharreko programan. Noiz hartu da erabakia?
Zer gertatzen da programarekin?
Negoziazioak daudela eta ez gatozela bat.
Finantzaketa eta programaren ereduan?
ETBk ematen dituen programa guztien edukien ardura gurea da, ez beste inorena, eta ez dugu honetan amore emango inoiz. Azken batean Euskal Telebistari eskatzen zaizkio kontuak eta ez beste inori.
Finantzaketari dagokionez, guk oraingo baldintzei eutsi nahi diegu eta prest gaude KPIa igotzeko, baina ez zaie nahikoa eta gehiago eskatzen dute.
Ez daukagu dirurik. ETB 1991ko aurrekontuekin ari da, eta Bertsolari Elkarteak 1991koaren bikoitza jasotzen du. Jakina, guztiekin horrenbeste egin izan bagenu ez zitzaigukeen dirurik geratuko. Denok asumitzen dugu krisia dagoela, ETBri ez zaiola dirurik ematen, baina gero bakoitzak bere aldetik gehiago nahi du.
Elkartearekin elkarlanean eraman duzue orain arte programa...
Nola elkarlanean?
Elkarrekin adostuta.
Ardura beti izan da gurea.
Baina Bertsolari Elkarteak ere zer esanik izan du programa aurrera eramateko orduan...
Eta horrela baldin bada, zergatik uste du berak eskatu behar duela orain arte izan duen hori?
Hori galdetzen dizut.
Berari galdetu behar. Hau da, berak orain arte ez du izan eta izan ez badu ez du eskatzerik, eta eskatzen badu baldintzak aldatu nahi dituelako da. Beraz, horrek esan nahi du orain arte izan ez duen zerbait izan nahi duela.
ETBren edozein programaren ardura Euskal Telebistarena da, eta hori da ere euskararen normalizazioa eta gure gizartearen normalizazioa.
Zer baldintzatan egin daiteke aurrera?
Gure aldetik eta orain arte izandako baldintza berberetan prest gaude jarraitzeko. Guk interesa daukagu bertso programa telebistan emateko, eta lehengo lepotik jarraituko genuke.
PETRIKORENA, J.J.
41

GaiezKulturaBertsolaritBesteak
PertsonaiazARANBERRI1

Eguneraketa berriak daude