«Adierazpen askatasuna aberastasun soziala da»


1994ko azaroaren 13an
Mariano Ferrer Herri Irratiko kazetariari buruzkoak
«Adierazpen askatasuna aberastasun soziala da»
Mariano Ferrer
"Rosi" izeneko `kiosko' berezi baten zuzendaria da. Ez ditu ez egunkari, ez aldizkari ez denborapasak saltzen. Baina irratiko uhinak medio, goizero hamaika etxetan sartu eta albisteak fresko-freskoak aireratzen ditu. Baita batek baino gehiagok bere jardunekin begiko makarrak kendu, dutxatu, gailetak kafesnetan busti, hortzak garbitu, alkandora jantzi, eta autoa martxan jarri ere. Bere hizkera arin eta garbiak, entzulea dagoen lekuan egonda ere, berarekin bat egiten du.
Urtebete eskas da Loiola, Donostia eta Bilboko Herri Irratiak COPEtik banandu zinetela. Zuon lehendakari den Juan Lekuonak zera adierazi zuen: «Orain arte autonomia genuen eta hemendik aurrera independentzia».
Irratia egoera zailean dago eta are gehiago publizitate atzerapen batean egonik. COPE eta gure arteko elkarbizitza ez da erraza izan, baina elkarrekiko premia bat genuenez, goiari eusten genion. Baina azken bolada honetan COPEk jokaera berria hartu izanak (ez gintuenez hainbeste behar), guk bertan jarraitzeko asmo ezak, Estatuko beste 52 emisoretako beste bat izateko ados ez egoteak, eta urtetako lanaren ostean lortutako autonomiari uko egin nahi ez genionez, banatu egin ginen. Hala eta guztiz ere, adituek entzule leialak ditugula diote, eta Gipuzkoan gehien entzuten den bigarren irratia garela jakiteak erronka zoragarria bihurtzen du.
Ez zarete aldendu zareten bakarrak. COPErekiko desadostasunak medio, Bartzelonako artzapezpikutzak Radio Estel inauguratu baitu oraindik orain.
COPEk eman duen aldaketa medio, ez nau batere harritzen. Eliza Espainian arrunt atzerakoia da. Baina hein handi batean Konferentzia Episkopalarena den irrati honek, mezu politiko erreakzionario, hain gobernuaren aurkakoa, PPren oso aldekoa... hartu izanak txunditurik nauka.
Elizak COPE katea salduko duela ziur nago, onura ekonomiko handi bat poltsikoratuz eta komunikazio iturriekiko duen jarrera birplanteatuz.
Euskal Herrian hamaika irrati txiki eta handi daude. «Arrain txikia»k iraungo al du hainbeste «marrazoren» artean?
Audientzia eta merkatu publizitarioaren lehian, irrati ugarik dihardute. Telebista eta irrati ahaltsuek duten indarra medio, egun politikari edota intelektual bat elkarrizketatzea zaila da benetan. Irrati batek, beste gauza batzuen artean, zer nahi duen jakinez gero, ideia komunikatzeko asmo hutsa izanik eta entzule kopuru batekin konformatuz, aurrera egin dezake. Irrati txikien tentazioa, irrati handi bihurtzea da, audientzia sendo baten nahia alegia. Egoera honek publizitatearen menpe egotea esan nahi du eta ondorioz, gorriak ikusi behar izatea.
Arturo Perez Reverte kazetariaren hitzetan, «komunikabideetan interes ekonomiko edo ideologikoak nagusitzen dira, eta berri-emailea mertzenario aditua besterik ez da». Beraz, zein da adierazpen askatasunaren osasuna?
Adierazpen askatasuna aberastasun soziala da, eta osasuna irrati bakoitzaren arabera dago. Irratiak administrazio kontseilu handien magalean baleude, adierazpen askatasuna kinka larrian egongo litzatekeela pentsatuko nuke.
Irrati, egunkari naiz telebistan izan ditudan esperientzien arabera egoera nahiko ezberdina da. Ez dut esan nahi interes ezberdinak ez daudenik. Kazetari profesionala goizetik gauera interesen buru direnen egoerara egokitu egiten da, erosotasuna ziurtatzeko, kale gorrian ez gelditzeko...
Azken aldian ETAk ez du atentaturik egin. Batzuen aburuz hauteskunde estrategia izan da, beste batzuen ustez eguraldi aldaketa etor daiteke.
Ez dakit ezer ETAri buruz. Ni erreflexio munduan murgiltzen naiz, eta kazetariok hainbat aldiz hanka sartu dugunez, halako batean ETAren inguruko aditua ez izatea erabaki nuen. Beraz, ETAk hauteskunde hauetan atentaturik ez egin izanaren inguruan ez naiz ondorioak ateratzera ausartzen. Izugarrizko oihana baita. Zer nahiko nukeen? Nire ustez, gaur egun borroka armatua Euskal Herrian lekuz kanpo dago.
Maroñon talde ezberdinek idatzia kaleratu zuten. Idatzitakoa ez al da oraingoz hodeietan gelditu?
Ez, bilera hartan arazoa `baseak' izan ziren. Mahaikideek adostasun handiago batera iristeko prest zeuden, baina han gertaturikoa bileretan egoten ez diren `baseei' azaltzea oso zaila da. Bat baino gehiago kanpoan jaso zezakeen erantzunaz kezkati zen.
Agiriak, nire iritziz, bi zutabe zituen. Bat, hain talde ezberdinek herri honek duen arazoa konpontzeko elkarrizketa premiaren aldarrikapena eta adostasuna. Jakinik gaur egun euskal gizartean asmo hori azaltzea ez dela gauerdiko estula. Eta bigarrenik, lanean jarraitzeko asmoa. Kontuan hartu behar da gizarteko jende askok talde hauen alde ez zuela txakur txiki bat bera ere apustu egiten.
Ipar Irlandan bake prozesua martxan da. Euskal gatazkarekiko harremanik antzematen al diozu?
Paralelismo funtsezkoena subiranotasun gatazkan datza. Osagai historiko, sozial, erlijiosoak, aldiz, arrunt ezberdinak dira. Azkenean arazo berdin bat konpondu nahi bada ere, puzzleko piezak oso ezberdinak dira. Ipar Irlandan, bai IRAkoak eta bai unionistak (baita Gobernua eta politikari moderatuak ere), behingoz dauden bezala jarraitzekotan jai dutela ohartu dira. IRAk dagoeneko borroka armatuari uko egin dio, behin-betiko dirudienez.
EAJ `22ra' iritsiz, azken bi txapelketak irabazi ditu.
Botoen heren batekin gobernatzea harrokeria litzateke. Bere kideekin gehiengo indartsu bat behar du. Baina laguntza eske zoazenean, laguntzaileak merezi duena baino gehiago eskatzen duenez, lana ez da erosoa izaten. Kide aukeraketa desegoki batek, udal hauteskundeetarako arazoak ekar liezazkioke. Ziur nago nahi izanez gero, ados jarriko liratekeela.
Zein izan dira PSE-EEren muturrekoaren arduradunak, Rubio eta Roldan edo Osakidetza eta Azpiegitura?
Estatu mailan daraman jokaeraren ondorio izan da, eta beraz, orain jaistea suertatzen zitzaion. Gertaera honi bi gauza erantsi behar zaizkio, batetik eskandalu eta ustelkeria egoerak Euskal Herrian ere eman izana. Eta bestetik, bere `baseak' funtsean ezer gutxi dakiten eta etorkizunarekiko erronka baikorra izan daitekeen post-nazionalismoaren aldeko apustua. Alderdi Sozialistaren botoa beti españolista izan denez, hau guztia larrutik ordaindu du.
HBren 11 diputatuek Parlamentuari ezegonkortasuna ekar al diezaiokete?
Ezta gutxiagorik ere. HBk ez du desestabilizatzailea izan nahi, ezer onik ekarriko ez liokeelako. Agian noizbehinka agertuko dira.
Donostia eta Bilbon PPk gorantz egin du. Gregorio Ordonez izango al da Donostiako hurrengo alkatea?
Garaile irtenez gero, onartu egingo dut. Ordoñezek duen zinegotzi jarrera ez litzaidake alkate izango balitz gustatuko. Agian alkate balitz ezberdin jokatuko luke... Hala ere, ez dut uste irabaziko duenik. Izango da Ordoñezek irabaz ez dezan nahi hutsagatik bozkatuko duenik.
IU-EB, pentsakera ezkertiar, ekologismo eta autodeterminazio eskubidearen defentsaz osaturiko koktela al da?
Euskal Herrian ez dut uste alderdi politiko bat denik. Egoera politikoa aldatzen bada, izan dituen boto askok hanka egin diezaiokete, eta beraz, ez diot etorkizunik ikusten. Ez baita ezker argi bat.
EAren emaitzez zein harritu da gehiago, Garaikoetxea edo Arzalluz?
Garaikoetxeak agian ez zituen hain emaitza onak espero; Arzalluz, aldiz, arduratuagoa egongo da. Badago euskal gizartean EAJren gehiegizko nagusitasuna ez dela ona uste duenik.
Mosquera diputatu nagusi?
Espero zen PPren igoera zela-eta, ez zirudien oso erraza UAk gorantz egitea. Emaitza harrigarria izan bada ere, ez dut uste Mosquerak bere ametsa beteko duenik.
Barne Produktu Gordinaren % 0,7 bat-batean?
Helburua polita da. Ongi administraturiko herri batean bageunde eta dirua behar den lekura irits ledin ziurtasuna izango bagenu, bi aldiz pentsatuko nuke 500.000 milioi pezeta asmo zuzen bati baina kontrol, etekin eta bidezkotasun arazo ugari dituenari bideratzeko garaian. Ondo pentsatu behar da dena. Gure egoera ez da dirua soberan daukagula esateko modukoa.
Bestalde, munduan gero eta handiagoak dira ezberdintasunak, eta txirotasuna hedatzeak ekar dezakeen arazoa eta izaki bizidun bezala daukagun ardura kontuan izanik, arriskatuko nintzateke. Dirua alferrikaltzen dela ikusita ez nuke asko oldoztuko, eta hori guztia kontuan izanik, % 0,7aren alde apustu egiten dut.
JON ODRIOZOLA
28-32

GaiezKomunikabidKazetariak
GaiezKomunikabidIrratiaHerri Irrat
GaiezKomunikabidAdierazpena
PertsonaiazFERRER1
EgileezODRIOZOLA3Komunikabid

Azkenak
2024-05-13 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Aragonesek dimisioa aurkeztu du, ERCren emaitza txarren ondoren

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


2024-05-13 | Estitxu Eizagirre
Lurra Taupaka festa
Amillubi martxan da

Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko. Maiatzaren 11n festa egin dute Amillubin: herritarrek proiektua bertan arnastu... [+]


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Eguneraketa berriak daude