«Egun Herri Batasunarekin hitz egiteak ez du ezertarako balio»


1994ko urriaren 16an
Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakariari elkarrizketa
«Egun Herri Batasunarekin hitz egiteak ez du ezertarako balio»
Jose Antonio Ardanza, EAEko lehendakaria:
Aurrekanpainako pertsonaiarik aipatuenetarikoa, berak esandakoak eta baita bere aurka esandakoak direla medio. Aurrikuspen gehienen arabera, lehendakaria izaten jarraituko duenarekin aritu gara egungo gaiez. Abertzaletasunaren egoera, HBrekiko harremanak, biolentzia eta abar landu ditugu. Euskal presoen inguruan, berriz, ezer gutxi.
Senatuan autonomien inguruko eztabaidara ez zinen joan; Estatutua ez betetzearekin ados ez zaudetela azaltzeko era izan da. Aspalditik zabiltzate honengatik kexu eta, Joseba Zubiak adibidez, askotan adierazi du neurri gogorrak hartuko dituzuela. Ekintza sinbolikoak utzi eta horrelako neurriak hartzeko ordua iritsi al da?
Senatura ez joatea ekintza sinboliko bat baino gehiago izan da, eta ikustea besterik ez dago zer nolako iskanbila sortu duen. Aurrerantzean ere, honetan jarrera tinkoak mantenduko ditugu, sinbolismo guztietatik aparte. Eta datozen lau urteek erabakigarriak izan beharko dute arlo horretan, uste dut badela hutsune hau behin-betiko konpontzeko garaia. Espektatibak betetzen ez badira, bide berriak aukeratu beharko ditugu.
Sozialistekin zaudetenetik ez da ia Estatutua garatzeko pausorik eman, sozialistak gobernutik kanpo uzteak ez al ditu gauzak erraztuko?
Orain arteko esperientziak erakutsi dit Estatutuaren garapena Madrilgo Gobernu sozialistak ez duela legez bete beharreko arau bezala ulertzen, baizik eta kasu bakoitzean dituen interesen arabera erantzuten diola. Adibidez, azken aldi honetan, transferentzia berriak jasotzeak zerikusi handiagoa izan du Madrilen sozialistek bizi duten egoerarekin eta EAJk une bakoitzean eskain ziezaiokeen laguntzarekin, beste ezerekin baino.
Bergizarteratzearen alde ageri zarete. Biolentziari uko egin dioten pertsona jakin batzuei irteera emateko bidea edo ETA amaitzeko bidea al da?
Gure helburua ez da inor `amaitzea', indarkeriaren erabilera amai dadin baizik. Bergizarteratzearen gaiari lotuta, gogoeta egin nahiko nuke: edozein dela istilu honen bukaera, argi dago irtenbide eta konponbide bat eskaini beharko zaiela espetxeetan edo atzerrian dauden pertsona horiei guztiei, eta beldur naiz zenbat eta gehiago luzatu egoera hori, Espainian zehar sortzen ari den giroa ikusita, orduan eta zailagoa izango dela irtenbide egoki horiek aurkitzea.
Erabaki bakoitzaren atzean egon daitezkeen intentzioak alde batera utzita, argi daukat bergizarteratzea pertsona guztien eskubidea dela eta ezin zaiola inori ukatu. Pertsona bat zigorra osorik betetzera behartzea pertsonen eskubideen aurkako erabakia da.
Bergizarteratzearekin presoek duten eskubide bat defenditzen ari zarete. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hainbat preso, eta zigorraren hiru laurden baino gehiago bete dutenen eskubidea ere bada kalean egotea. Zergatik ez da EAJ eskubide hauen defentsan atera?
Ez noa gai honetaz ezer gehiago esatera.
Zergatik?
Ez dudalako ezer esango.
HBrekin edo ETArekin hitz egitea planteatu du EAJk. Zer berri eskaini diezaioke EAJk HBri orain arteko bidea utz dezan?
Guk ez daukagu zertan ezer eskaini HBri. Ezker abertzalea zulo sakon batean sartuta dago eta berak topatu behar du irtenbidea. Ez da posible XXI. mendean, arazoei konponbideak aurkitzeko armak erabiltzea. Ziur naiz, gainera, sistema demokratiko batean edozer helburu plantea eta lor daitekeela herriaren gehiengoaren laguntza izanez.
HB integratu nahi duzuela adierazi duzue. Aldiz, Egibarrek esan du norbaitekin hitz egitekotan soilik inguru horretan agintzen dutenekin (KAS edo ETA aipatuz) hitz egin beharko litzatekeela. Hitz egin gabe, zail dirudi HB integratzea.
HBrekin hitz egiteak ez du ezertarako balio, agintzen dutenak beste batzuk diren bitartean. Guk jakin nahi dugu: prest al zaudete armak utzi eta denok batera demokraziaren bideetatik aurrera egiteko? Nori dagokio erabaki hori hartzea? Horrekin hitz egin nahi dugu, ez beste inorekin.
Ildo beretik, zergatik ez zarete eztabaida saioetan HBrekin aritzeko prest azaldu?
Nik argi daukat: indarkeriaren arazo honi irtenbidea ematen ez zaion bitartean, ez daukat ezertxo ere HBrekin hitz egiteko. Are gutxiago hauteskunde hauen aurretik. Nik dakidala, HBk ez du Eusko Legebiltzarrean lan egiteko asmorik, ez du Jaurlaritza aintzat hartzeko asmorik. Zertaz eztabaidatu behar dut HBrekin? HBk ikusi beharra dauka bere jokabidearen ondorioak ordaindu behar dituela.
ETB EAEko biztanle guztien telebista izanik, nola ulertu HBk ordezkatzen dituen boto-emaileei eta alderdi guztien informazioa jaso nahi duten herritarrei besteak bezalako baldintzetan parte hartzea galeraztea?
HBk ETB aintzakotzat hartzen ez badu, Administrazio Kontseiluan parte hartzen ez badu, zergatik izan behar dute EITBn ordezkatuta dauden beste alderdiek begirune berezia HBrekiko?
Irlandan gertatutakoaren ondorio al dira elkarrizketaren inguruan ematen diren etengabeko aipamenak?
Entzun nahi izan gaituztenei askotan esan diegu zer iritzi daukagun elkarrizketa bideaz, Irlandan ezer gertatu aurretik. Urrutirago joan gabe, Ajuria Eneko Itunean egin ziren beste inon baino gardenago elkarrizketaren aipamenak. Algeriako elkarrizketak ere, ETA eta Gobernuaren artekoak, Ajuria Eneko itunaren ondoren egin ziren, eta itunean jasotako irizpideen arabera.
Ezker abertzaleak elkarrizketa horiei boikota egiteaz salatu zuen EAJ.
Nik dakidala bonba-karta batzuen ondorioz apurtu ziren elkarrizketok, eta ez zituen EAJk bidali.
Ezker abertzalean Gerry Adams baten falta nabari dela adierazi izan duzu. Zein da hemengo John Hume? EAJk ez al du ardura hori?
Nire ustez EAJ da John Hume.
Badirudi EUErekin hainbat gauzatan akordioa lortu duzuela. EA-EUEk EAren botoak igotzea ez zuela lortu kontuan izanik, EAJk boto gehiago lortuko al ditu?
Pozik hartuko ditugu EUEtik etor daitezkeen laguntzak, baina ez da boto kontua. EAJk, abertzaletasunak, 100 urte beteko ditu datorren urtean, eta une hauetan bi arazo eta erronka bat ditugu gainditzeko. Arazoak indarkeria eta zatiketa dira. Erronka, berriz, gogoeta egitea, jarrerak berritzea, euskal gizartearen baitan ilusioa eta konpromezua berriro pizteko gai izatea batez ere. Honetan abertzale guztiok izan beharko genuke zer esana, EUEkoak dira gure gonbitea onartu duten lehenak.
EArekin elkarlana etengabe aipatzen da. EAJren aldetik proposamen zehatzak Nafarroan soilik ikusi dira, beste probintzietan EArekin batzeak irabazi handirik ez lukeela ekarriko ere argudiatu izan duzue. Zer eskain diezaioke, ordea, EAJk EAri Nafarroan?
Kontua ez da zer eskain dezakegun guk edo zer besteek guri. Kontua da zer egin dezakegun, denok, Nafarroan eta hemen, ahulduta gauzkan zatiketa gainditzeko. Oso interesgarria iruditu zait Gipuzkoan Plataformak egin duen lana. Hortik etorri beharko du konponbideak, baseetatik, oso zaila izango da alderdietako buruzagitzek arazo hau argitzea.
Ez al zara nolabait «Osakidetza kasua»z erantzule sentitzen gobernuaren burua izanik?
Epailearen ondorioak eta sozialistek egin eta esan dituztenek argi utzi dute Osakidetzako iruzurra, Osakidetzatik kanpo zegoen sare politiko batek antolatu eta gauzatu zuela. Nik ez dut modurik administraziotik kanpo antolatutako trama baten berri jakiteko eta bere ekintza eragozteko. Guk egin genezakeen guztia egin dugula azpimarratu nahi dut: gure esku zegoen informazio guztia ipini dugu epailearen eskuetan.
Sozialistek hainbat eraso egin dizkizute azken asteetan. Hauei erantzunez Arzalluzek esandakoen ondotik ez dirudi beraiekin agintzeko prest zaudetenik.
Indarkeriarik ez balego eta alderdi guztiek demokraziaren neurrien arabera jokatuko balute uste dut aukera gehiago izango genituzkeela Gobernua osatzeko.
Azken legegintzaldian kontseilariei eman diezun askatasuna batzuek ez dutela ongi ulertu adierazi duzu, nola gauzatu da hori?
Beti ahalegindu naiz taldeko lankide bakoitzari ahalik eta askatasunik handiena ematen bere lana egin dezan, beti ere, bere jokabidean leiala izango zen segurantzan. Uste dut oraingo honetan kideren batek zuen askatasuna gaizki ulertu duela eta leialtasuna apurtzera iritsi dela, eta ezin dut honelakorik onartu.
Nori buruz ari zara?
Gehiago ez dut zehaztu, ez dudalako nahi.
Sozialistekin gobernuan jarraituz gero, Buesarekin hainbatetan (A ereduaren inguruan esandakoak kasu) ez dela berriro gertatuko adieraz dezake horrek?
Komeni zaigu guztioi adierazpen eta ekintzen arteko bereizketa egiten hastea. Kontua ez da, beraz, batek edo besteak zer esan duen, baizik eta zer egin duen Gobernuak arlo bakoitzean. Hori da balio duena.
Gobernua alderdi ez abertzaleek osatzea nola baloratuko zenuke?
Ez abertzaleek batuta gehiengoa atera eta Gobernua osatzen badute, guk baino indar gehiago dutelako, ez genuke ezer esateko aukera handirik izango. Abertzale naizen aldetik pena hartuko nuke. Dena den, gobernua abertzaleen aurkako fronte gisa osatuko balitz, uste dut herriak ez lukeela ulertuko.
AITZIBER YARZA
8-11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
GaiezPolitikaEuskal HerrBozketakHauteskunAutonomi
PertsonaiazARDANZA1
EgileezYARZA1Politika

Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


Eguneraketa berriak daude