«Hasten ari den emakumeari egurra baino ez zaio ematen»


1994ko irailaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Anne Igartiburu telebistako aurkezleari elkarrizketa
«Hasten ari den emakumeari egurra baino ez zaio ematen»
Anne Igartiburu
Kamera aurreko lanetan Arrasate Telebistan hasia, ez zuen denbora askorik behar izan ETBko aurpegi ezagunenetakoa bihurtzeko. Hasiera, ez zen hain erraza izan, hainbat kritika gogorrak izan ziren eta. Orain Tele-5era joana da, bat baino gehiago harritu duen erabakian.
Euskal Telebistan hasi zinenean era askotako kritikak izan zenituen, batzuk oso txarrak.
Kritika batzuk gogorrak izan ziren, baina baita beste asko oso onak ere. Inbiria asko dago mundu honetan, gorroto asko. Hasten ari den emakume batek aurpegi polita erakusten duenean, eta programa bat eramateko gai dela azaldu, lagundu beharrean egurra baino ez zaio ematen.
Oso gaizki pasatu omen zenuen.
Mundu honetan putre asko dagoela konturatu nintzen, eta gauzak ahal den hobekien egiten ikasi behar dudala. Egia da oso txarto pasatu nuela, oso pertsona sentikorra naizelako eta asko sinesten dudalako egiten dudan lanean.
Une hartakoa jauzi profesional handia izan zen; gainera ez zen batere erraza «Bulevar» edota «Show Show» bezalako saioak zuzenean eta bi hizkuntzatan egitea. Gauzak esateko beste moduak badaude.
Kritikari horietako askok zure fisikoarekin lotzen zuten egunetik gauera eman zenuen kolpea.
Ni ez naiz inondik inora ere emakume ederraren pa- per horretan jartzen, ez naiz joko horretan inoiz sartuko. Nire fisikoa dela-eta daukaten istorio horrek ez du zentzurik. Kontua da makilatzen zarela, dotore jarri programetarako... Baina ni ez naiz gurpil horretan sartzen. Pena da jendeak ez ikustea horren atzean zer dagoen.
ETBn igaro duzun denbora laburrean, fitxaje arrakastatsua izan zara. Jendeak euskal katearekin erraz identifikatu zaitu.
Bai, mimatua sentitu naiz. Baina ez dira programa asko izan, «Bulevar»eko 9 saio eta «Show-Show»ekoak.
«Show show» desastrea izan zen, batere ilusiorik gabe hartu behar izan bainuen. Ez dut uste Euskal Telebista denik Isabel Pantoja ateratzeko leku egokiena. Ikasteko balio izan zidan.
«Gautxori» izeneko saioa prestatzen ari zinen ETBn. Zer gertatu da hori uzteko?
Proiektu horrekin ekainean edo hasi ginen, eta ni oso sartua nengoen ordura- ko. Baina hasieran pentsatu genuena eta gero aterako den saioak ez dute zerikusirik. Hor konturatzen zara zuk halako ideiak dituzula eta gero zuzendaritza dagoela, eta dena moldatu egin behar dela.
Tele-5era joateko aukera izan, eta horixe era- baki.
Halako batean langabezian geratu eta Madrilera jo nuen froga batzuk egitera. Tele-5en bi gala egin nituen, eta haiekin geratzeko esan zidaten. Orduan ikusi nuen telebista mundua ez dela ETB bakarrik. Ez naiz inorekin haserretu; ETB uzteak pena pixka bat eman dit, egia esan.
Tele-5 da Espainiako telebista kritikatuena.
Kritika dezatela. Horrek ez dit axola, neure programa inporta zait. Banekien hara joanda, saio arrosa batera gainera, horrelakoak esango zirela. Jende askori erakutsiko diot gauzak ondo egin daitezkeela, ez du axola non.
Zer diozu telebista eredu horretaz?
Horietako programa gala bat egiten ari nintzela, emakume bat ikusi nuen gona labur baino laburrago batekin. Erabat lotsagarria iruditu zitzaidan. Emakume naizen aldetik erabat iraindua sentitu nintzen. Hori aldatu egin beharko dute.
Neure kasuan, adibidez, kontratuan eduki dudan klausula garrantzitsuenetako bat izan da: neure arropa eta irudia errespetatua izan dadila. Eta horretarako sekulako borrokak izan ditugu, jantzietan hatz bat gora eta behera. Haientzat, zenbat eta gehiago erakutsi, hobe.
Emakume horiek ez dute jakin bere irudia eta nortasuna defenditzen. Nik hura negarrez ikusten nuen, esanez gona hura ez zuela jarri nahi, eta esaten nion, «ez ezazu jarri». Baina kontratua sinatua zuen, nonbait.
Telebista jendeak nahi duen modura doa. Ikusten diren programa eta ereduei jarraitzen zaie.
Modelo lanetan ere aritu zara. Top model-en mundua Olinpoa bihurtu da, dena argi eta distira. Alderdi ilunik izango da.
Gaztetan aritu nintzen, eta garrantzi gabeko gauzak egin nituen. Egindakoak, gainera, nahi izan ditudalako izan dira. Ezagutu ditut zenbait emakume beste irtenbiderik ezean hor ari direnak; eta beste asko, berriz, oso garbi dutenak modelo besterik ez dutela izan nahi.
Presio handia dago, beren irudia zaintzea dute ardatza, beste ezertarako denborarik gabe. Jende gazte asko dago, eta txorakeria ugari. Modeloen mundua desmitifikatzen joango da. Gai izan behar duzu horko lanak bukatu, bakeroak jantzi eta lagunekin zuritoak hartzera joateko. Gauzak oso garbi eduki behar dituzu. Mundu horrek panpin moduko bat, txotxongilo hutsa bihur zaitezen arriskua dauka.
Ez al gara edertasun eredu jakin baten bonbardaketan bizi, Olinpoko estereotipo horien agindupean?
Bai, eta tristea da. Agian estereotipoak markatzen ari zaizkigu, baina horrek abantaila ere badu: dagoeneko badagoela horrekiko kontraposizio bat, jendeak beste zerbaiti begiratzen diola. Uste dut belaunaldi gazteek gero eta gehiago begiratzen dietela beste gauza askori.
Begibistakoa da haiek mundu apartekoa direla, eta gu, berriz, garen bezalakoak. Zoriontasuna daukazunarekin konformatzean datza, daukazunarekin bizi, gustura egon, eta aprobetxatzean.
Beraz, ez duzu uste gero eta belaunaldi uniformeagoen bidean garenik.
Ez, nahiz eta akaso ez zaigun beste aukerarik ematen. Askotan pentsatzen dut norbaitek gu denok berdinak izatea nahi duela, berdin pentsatzea, eta esatea grunge eta X belaunaldia garela, eta horrelakoak. Denak ez gara berdinak, ordea, eta horrela balitz ez lirateke dauden arazo politiko eta sozialak egongo. Eta hori erakutsi daiteke gainera: Euskal Herriko gazteok, aukera gutxirekin, gure alternatibak lortzen ditugu. Gure artean konpontzea lortu dugu, nahiz eta batzuek elkarren aurka borroka gaitezen nahi duten.
Nola ikusten duzu Irlandako bake prozesua? Posible al da hemen?
Handik ikasi beharko genuke euskaldunok, inbiria ematen dit. Uste dut ez dutela gauza handirik lortuko, ez dela egun batetik bestera konponduko, baina lehen pausoak behintzat eman dituzte. Nahiko nuke horrelako formula bat hemen aplikatzea, baina Euskal Herria egun dagoen bezala ez dut uste posible denik. Oso burugogorrak gara, eta akats pilo bat ditugu geure burugogorkeria horretan.
Nola azaldu espetxean dagoen preso bati Euskal Herria beste modu batera konpon daitekeela? Eta nola esan EAJko bati eseri eta hitz egin daitekeela? Zer esan behar diozu bere semea bisitatzeko, hamabost egunean behin, ehundaka kilometro egin behar dituen amari? Gure artean borrokatzen ari gara, eta gero eta makalago bihurtzen.
Kulturalki, politikoki, gazteak begiratuta... Euskal Herria erabat aberatsa da, eta hori galtzen ari da. Horrek asko tristetzen nau. Euskal Herrian gehiago hitz egin beharko genuke. Gure herria zoragarria da, hemengo jendea noblea da, langilea... inon baino gehiago. txorakeria handitan gabiltza.
Drogak legeztatuko al zenituzke?
Ez. Drogak mundu honetatik kenduko nituzkeela- ko, jende asko ikusi baitut sufritzen. Drogak ere beste norbaiten interesa dira. Legeztatzea akaso ez da erantzuna; normalizatu, ezagutu, eta erabiltzen jakitea beharbada. Hain arriskutsuak izanik, zenbat eta urrunago hobe.
Askotan leporatu izan zaio ETBri zenbait arazoekiko jokabide partziala duela. Zein iritzi duzu?
Telebista publikoa da, eta azken batean hor interes batzuk ere badaude. Askotan telebistari ez zaio interesatzen zenbait gauza erakustea. Inoiz partzial jokatu izan da, baina beste batzuetan ez hainbeste. Hala ere, uste dut ez duela hain joko zikina egiten, beste telebistekin alderatuta behintzat.
Telebista publikoa politikarekin elkartuta doa, eta politika indarrarekin, eta indarra, finean, diruarekin. Euskal Telebista, baina, nahiko objetiboa izan ohi da. Objetibotasuna, hala eta guztiz ere, telebistako profesionalei eskatu behar zaie.
Alkairoko konferentzian, abortoa zela eta, Vatikanok bere indarra erakutsi du berriz ere.
Vatikanok duen indarra ez da harritzekoa, kontuan izanik 2.000 urte daramatzatela negozio horretan. Harrigarria da fedearen izenean horrelako inposaketak egitea, erlijioaren lehen oinarria errespetoa eta maitasuna izanda.
Abortatzeko erabakia norberarena da, eta lehenengo emakume gazte eta ez hain gazte horiek haurdun gera ez daitezen beste zerbait egin behar da.
Vatikanok, azken finean, emakumea gero eta kontrolatuago izan nahi du, etxean... Herri eta emakume azkarrek badakite horren inguruan.
Gazte bezala, nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Baikor naiz. Inguruan ikusten dut euskara hitzegiten dela, bizirik dagoela. Komunikabideek zeregin handia dute horretan. Literaturan jende gaztea ateratzen ari da, bertsolaritzaren gorakada pixka bat jaitsi da, eta jada ez ditugu gau eta egun aditu behar. Orokorrean, hala ere, euskararen alde gehiago egin daitekelakoan nago.
Nire nortasuna lortzen dut euskaraz hitz egitean. Hori oso garbi daukat. Euskara beharra da, ez luxua. Topikoa izango da, baina euskararik gabe ez dago Euskal Herririk.
ALBERTO IRAZU
28-32

GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazIGARTIBURU1
EgileezIRAZU1Komunikabid

Azkenak
Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Bilboko Udalak muntatu gabeko eszenatokia, mehatxuak eta kronika faltsu bat

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.


Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Eguneraketa berriak daude