«Jendeak errespetoa galdu dio Miguel Induraini»


1994ko uztailaren 03an
Mikel Zarrabeitia txirrindularia elkarrizketa
«Jendeak errespetoa galdu dio Miguel Induraini»
MIKEL ZARRABEITIA
Begi distiratsuak, irribarre erraza eta oso ikusgarria, eta bizikleta gainean lasterketa onak egiteko ilusioa eta grina. Frantzia izango da honezkero Mikel Zarrabeitia Banesto taldearekin Tourrean aritzeko. Espainiako Itzulian bigarren postua lortuz geroztik -Rominger handiaren atzetik-, euskal txirrindularitzaren izar berritzat jotzen duten ahotsak entzun daitezke.
ARGIA. Nolakoak izan ziren hastapenak? Nola sartu zinen txirrindularitzaren esparrura?
MIKEL ZARRABEITIA. Aita zalea izan eta aritzen zen zaletuen taldean. Anaia nagusia ere gazte taldean ari zen eta hemendik eta handik, lasterketetara joanez eta, aitak bizikleta oparitu zidan... Beste kirol batzuetan ere aritu nintzen, krossa, atletismoa eta abar, baina Zornotzako Txirrindulari Elkartean eta Bizkaiko Biran parte hartu nuen eta gazte mailan bi urtez aritu. Oso gustuko nuen bizikleta baina ez nuen profesionaletara pasatzeko asmorik. Nolanahi ere, Bizkaiko Biran lider izatera heldu nintzen eta Minguezi, orduan Seguros Amaya taldeko zuzendaria zenari, gustatu egin zitzaion bizikletan ibiltzeko nuen modua eta aukera eskaini zidan.
Ez nuen espero horrelakorik, profesionaletara igotzea diot, ni baino hobeto aritzen zen jendea zegoela uste nuelako; baina apurka emaitza onak lortu nituen eta horrela etorri zen gerora Banestokoa ere.
A. Gurasoak baserritarrak eta euskaldunak dituzu, baina hala ere gaztelera nahiago duzu elkarrizketetarako, zergatik?
M.Z. Ohitura da, eskolan eta ikasketetan beti aritu bainaiz gazteleraz, eta apurka etxean sartu dugu. Gurasoekin gehienetan gazteleraz hitz egiten dugu. Azkenean erraztasuna galdu dut eta gainera lagunekin eta beste harremanetan gehienetan erdaraz aritzen gara, batzuek euskaraz ez dakitelako. Badaukat euskara berreskuratzeko gogoa, baina etxetik kanpo hainbeste denbora ematen dudanez...
A. Bat-batean, 1994eko Espainiako Itzulian bigarren gelditu zara Rominger handiaren atzetik.
M.Z. Bat-batean baino, lan handiaren emaitza da. Egia esan, denboraldi honetan ez ditut hain emaitza onak izan, lesioak eta bestelakoak zirela medio, eta neurri batean neu ere harritu egin nintzen ez nuelako horrelako emaitza ona espero.
A. Ez al da oso zaila behin maila hori lortuta, norbere burua gainditzea?
M.Z. Hala da, jendeak uste baitu bigarren izanda maila hori mantentzeko gai zarela, baina denboraldiak gora-behera asko ditu.
A. Euskal Bizikletak gainbehera batean harrapatu zaitu.
M.Z. Espainiako Itzulian %100 eman nuen eta, aldiz, Euskal Bizikletan oso baxu ibili naiz. Tourrerako berriro ere prest egotea geratzen zait orain.
A. Tourra aipatzen duzula, argi dago zein den Banesto, zure taldearen helburua: Indurainen 4. Tourra lorzea hain zuzen. Zure lana mendian Induraini laguntzea da; ez al da apur bat etsigarria?
M.Z. Ez, Banestoren helburua Tourra irabaztea da eta badakigu taldeko indartsuena eta erantzukizun handiena daramana Miguel dena. Gainera, taldekidea izateaz gain, oso pertsona ona da. Beraz, denok goaz ilusio berarekin: Induraini laguntzea Tourra irabaz dezan. Une hauetan norberaren luzimendua baztertzen da beste helburu horren izenean. Normala da, batzuetan taldekide bati laguntzen diozu, eta bestetan zuri laguntzen dizute. Niri, esaterako, asko lagundu zidaten Espainiako Itzulian.
A. Indurainekin lan egiteak ez al du esan nahi taldeko gainerako guztiak bigarren mailan gelditzen zaretela?
M.Z. Gainerakook bigarren mailan gelditzen gara, baina Indurain taldekidea dugula, gauza asko ikasteko aukera ere badugu. Miguelek baditu hainbat xehetasun txiki ikasgai handiak izan daitezkeenak. Tourra irabazteko dituen aukerengatik, konfiantza osoa daukagu beregan.
Gainera, Miguelekin taldean aritzeak abantaila asko ditu; kazetariok, adibidez, haren gainean baino ez zarete izaten, berak egiten duenari erne, eta horrela gainontzeko guztiak bakean uzten gaituzue. Kasu horietan bakarrik uzten dugu, baina lasterketan oso garrantzitsua da elkartasun eta batasun hori lortzea, behar egiteko premiazkoa dugu.
A. Giroan Berzinek Indurain gainditu duela, Rominger segurtasun handiz doa Tourrera. Nolakoa izango da Rominger eta Indurainen arteko lehia?
M.Z. Espainiako Itzulian ere guztien buruon gainetik pasatu behar zuela zirudien. Romingerren estiloa da, bere burua gainerakoena baino hobea dela sinestea eta sinestaraztea, eta Berzinek Indurain gainditu zuenetik, badirudi jende askok errespetoa edota beldurra galdu diola Induraini. Lehen eraso egiteko beldur zirenak, orain ez diote hainbesteko beldurra izango, eta saiatuko da bat baino gehiago. Tour bat irabaztea beti da oso zaila, baina aurten zailagoa izan du Miguelek.
A. Berzin bezalako txirrindularia espero zitekeen Giroan?
M.Z. Gehienek ez zuten espero eta, gainera, askok ez zuten konfiantzarik beregan oso gaztea zelako; pentsa zitekeen, bestalde, egun asko zirela «arrosa» mantentzeko. Baina guztiz kontrakoa gertatu da.
A. Marino Lejarreta erretiratu denetik, zaletuek zugan jarri dute itxaropena. Marinoren ordezkotzat jotzen zaituzte eta euskal izar berritzat. Nola hartzen dituzu etiketa hauek?
M.Z. Zaletuek beti bilatu izan dituzte Marino bezalako liderrak, eta egia da Marinok txirrindularitza utzi zuenetik nigan jarri dituztela begiak. Oso polita da Marino bezalako txirrindulari batekin alderatzea, baina argi dago neure bideari jarraituko diodala eta ezin izango ditudala Marinok egindako gauzak egin. Ikusiko dugu noraino hel naitekeen... Ez ditut batere gustuko konparaketa horiek, beste txirrindulari batzuek egin dutena eskatzen dizutelako.
A. Noraino helduko zara?
M.Z. Ez dakit noraino hel naitekeen, badakit urrun iritsi nahi dudala.
A. Oso apala zarela diote, eta txirrindularitzan ez al da irabazle izan behar?
M.Z. Ez dut neure burua irabazletzat jotzen, are gehiago, esango nuke bigarren mailako txirrindularia naizela. Etapa zehatzak irabazteko gai naiz baina ez naiz arlo desberdinetan nagusitzen. Ikusiko dugu zer etorriko den: nire asmoa lasterketa onak irabaztea da, eta horretarako ari naiz.
A. Zure bilakaeran eragin berezia izan duen norbait aipatzekorik?
M.Z. Prestaketa mailan beti izan naiz nahiko autodidakta. Gustatzen zaizkit gomendioak, baina nik erabakitzen dut horiek aurrera eraman ala ez. Frogatu bai, baina baliozkoak ez bazaizkit batere lotsarik gabe baztertzen ditut.
A. Denboraldiaren hasieran Antonio Martin taldekidea hil zen errepidean. Nola hartu duzue taldean galera hau?
M.Z. Taldekoentzat oso gogorra izan zen eta, noski, senideek ez dute oraindik gainditu. Errepidean ez dugu babesik, baina azken batean, txirrindulariok egunero irteten dugu eta aski ondo ezagutzen ditugu errepideko arauak. Okerragoa da kirol hau egitera asteburuetan edota noizbehinka irteten dutenena, arrisku handiak jasaten baitituzte.
A. Zure lasterketa pertsonala oso bizkorra izan da?
M.Z. Ez dut uste, bizikleta asko gustazten zait eta egin ditudan sakrifizioak ez dira hain handiak izan.
Hala ere, gauza asko ikasi ditut txirrindularitzari esker: tokiak, jendea ezagutu dut eta beti ikasten da inguruan daukazunari begiratuta.
A. Euskadi txirrindulari taldeko eskaintza bat onartuko zenuke?
M.Z. Oraingoz Banesto taldean beste urtebete geratzen zait, baina askotan pentsatu izan dut eta iruditzen zait oso polita izan daitekeela, eta oso gustuko izango nuke, gainera, bizikleta utzi baino lehen Euskadi txirrindulari taldean parte hartzea.
A. Nola dakusazu talde honen etorkizuna?
M.Z. Ilusio handia dute bertan aritzen diren mutil gazteek eta bestetik, maila oneko txirrindulariak dituzte. Baina pena bat da ideiak, nire ustez oso ona denak, ez duela lortu izan jendearen konfiantza osoa, ekonomikoki zein zaletu aldetik. Zaletuen aldetik, adibidez, askoz handiagoa da futboleko Euskadiko selekzioak duena txirrindularitzakoak baino.
Emaitza onak lortzen ari dira eta badirudi aurrera irtengo dutela, baina denon laguntza behar dute.
A. Txirrindularitza aspaldi bihurtu zen negozio emankorra. Zein da zure iritzia kirolaren aurpegi honetaz?
M.Z. Dena mugitzen da diruari esker, eta txirrindularitza profesional mailan enpresek nahi dutena publizitatea da. Jarrera hau normaltzat jotzen dut.
A. Nola hartu duzu Espainiako Itzuliaren ostean gainera erori zaizun ospea?
M.Z. Bitxia da. Abadiño bezalako herri txiki batean, hain lasaia, denok ezagutzen dugu elkar, baina inoiz baino gehiago nabaritzen dut presioa. Kazetariak, autografoak, kanpora irteten duzu eta denok ezagutzen zaituzte, argazkiak... Polita da, baina urduri jartzen nau, ez nagoelako ohituta eta une horietan ez dakit nora jo.
A. Laster, Julen Guerrerok bezala, bizkarzainak beharko dituzu.
M.Z. Ja, ja, ez dakit zertarako.
A. Zein iritzi duzu Espainiako futbol selekzioaz? Mundiala irabaziko du?
M.Z. Ez dut uste, baina gustatuko litzaidake.
Bestela, gustuko ditudan jokalariak daude, etxekoak batez ere: Guerrero, Goikoetxea, Zubizarreta. Emaitza onak lor ditzakete baina oso urduri ari dira, presio handiz.
Myriam Gartzia
34-38

GaiezKirolaTxirrindula
PertsonaiazARRABEITI1
EgileezGARTZIA3Kirola

Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#5
Estitxu Eizagirre
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude