«Bergaran aurkeztu zen HBren izpiritua ez zen betierekoa»


1994ko ekainaren 19an
Javier Sanchez Erauskin idazleari elkarrizketa
«Bergaran aurkeztu zen HBren izpiritua ez zen betierekoa»
JAVIER SANCHEZ ERAUSKIN
Txalaparta etxearekin argitaratu berri duen «El nudo corredizo» liburuarekin itzuli zaigu gasteiztar hau plazara. HBko Mahai Nazionaleko partaide izana, «Punto y Hora» eta «Egin»en ardura lanak betetakoa, denbora luzea igaro da pertsonaia publikoa izateari utzi zionetik. Bitarte horretan ikasi eta idazteari eskaini dizkio egunak, hilabeteak eta urteak. Horretan dihardu oraindik ere.
ARGIA. Argitaratu berria duzu azken liburua, «El nudo corredizo». Bertan 1936 eta 1946 arteko urteek Euskal Herriaren herri izaerari ezarritako mugez aritzen zara. Ez al da hau betiko gaiaren inguruko beste bira bat?
JAVIER SANCHEZ ERAUSKIN. Ez dut uste. Oraindik ez da azterketa soziologiko eta antropologikorik egin honen inguruan. Emaitza agian ez litzateke uste bezain ezkorra izango, baina gerta daiteke guk uste baino askoz ere eragin handiagoa izatea hamarkada horrek gure egungo Euskal Herrian.
Frankismoaren lehen urteetan, Euskal Herriaren biziraupena, herri bezala, kinka larrian jarri zen, eta badirudi, idatzi diren gauzen arabera, guztiak oposizioan zeudela orduan. Baina hamarkada horretan ez zen oposiziorik izan. 1946an jabetu ziren bertakoak aliatuak ez zirela itzuliko Espainiara Errepublika berriro ezartzera. Orduan hasi zen oposizioa, baina tarte horretako urteek lorratz sakonak utzi zituzten Euskal Herrian.
A. Zure liburuan behin baino gehiagotan aipatzen da Errepublika garaian loratzen ari zen euskal kultura lurperatzea lortu zela Espainiako gerra eta gero. Zeintzuk lirateke egun suma daitezkeen ondorioak?
J.S.E. Egoera limite batetaz aritu naiz. Garbi dago galga ikaragarria izan zela eta gaur egun ere horren ondorioak jasaten ari garela. Gizartea bera aldatu egin zen erabat. Errepublika garaian Euskal Herrian loratzen hasi ziren ekimen herritarrak alde batera utzi eta Erdi Arokoa bezain gogorra zen gizarte bat ezarri zen.
Kultura erdalduna nagusitu zen, irakaskuntzan, komunikabideetan, etxeetan... Gurasoak beldur ziren euren haurrei euskara irakasteaz. Hain handia izan da galga euskararentzat, itxuraz behintzat ezarri diren erraztasunak eta gero, Errepublika garaian zen ilusioaren laurdena ere ez dagoela egun hizkuntzarekiko.
Hala ere, guztia da erlatiboa. Errepublika garaian bizi izan zen loraldia ere ez zen erabatekoa. Euskal kultura egiteke dago oraindik. Beraiek indarrez ekin zioten lanari, eta horregatik aipatzen da loraldia.
A. Baina ez zen hain erabatekoa izan lurperatzea, oraindik hemen baikaude.
J.S.E. Noski. Hizkuntza eta kulturaren aurkako errepresioak alderdi ona ere izan du, nolabait. Errepresioaren aurrean geure sustraien bila aritu baikara, bilaketa horrek kultura eta hizkuntzaren garrantziaz ohartaraziz pertsona asko.
Herriaren sustraiez ari naiz, eta hizkuntzak hor garrantzi handia baldin badu, ez da txikiagoa politikarena. Politika, egun, hainbeste alderdikeria eta nahasterekin, herriaren benetako sustraiak lausotzen ari da. Non daude herriaren helburu nagusiak? Alderdien helburuek ezkutatuta. Errepresioaren onura hori izan zen agian, helburu handiak non zeuden oso argi utzi ziela abertzaleei. Erreformismoaren bertute eta asmakizuna _beraien alderako, noski_, helburu horiek lausotu eta txikikeria bihurtzea izan da.
A. Garai batean, nonbait, ez zenuen horrela ikusten egoera, HBko Mahai Nazionalean egon baitzinen 1978 eta 1979an.
J.S.E. Ezker abertzalearen ikuspegi zabala ikuspegi hurbilek ezkutatzen dutela uste dut. Ez nago alderdi politikoen aurka berez, baina ikuspegia mugatzen duten alderdien aurka bai. Hitza elkarri kentzen ibiltzea oso arriskutsua iruditzen zait, horrek arazo nagusien konponketa atzeratzen du eta.
Gaiztotze arazoa dagoela uste dut. Mahai Nazionalean aritu nintzen garaian HB ilusio bat zen, ez alderdi bat. ANV, ESB, LAIA, HASI, independenteak... denetarik zen. Ezkerraren kontraesan guztiak onartzen zituen bere baitan aurrera egiteko nahiaz. Ezker abertzalea ez zen beste alderdiak bezain dogmatikoa. Nire burua abertzaletzat dut, eta albokoa abertzalea eta aurrerakoia den neurrian, elkarlanean aritu naitekeela uste dut.
A. Garai hartako eta egungo Euskal Herriaren egoera politikoak oso desberdinak dira, ez duzu uste?
J.S.E. Agian beharrezkoa zen egokitze prozesua, ez dut ukatzen. Onartzen dut Bergaran aurkeztu zen HBren izpiritua ez zela betierekoa. Ortzi, Txomin Ziluaga, Telesforo Monzon eta ni neu elkarrekin aritzea lortu zuen ezkerra ez zen nolanahikoa. Monzonen eskuintiartasuna onartzen zuen ezkerra ezin zen arrunta izan; zabala zen erabat.
Beraz, hortik egungo zurruntasunera bitartean izan den prozesuak pena ematen dit. Pertsonalki ez naiz eroso sentitzen sistema hertsi batean, eta zabaltasuna behar dut. HB azkena izan da niretzat gaixotasuna den dinamika horretan erortzen, baina uste dut lehen sintomak agertzen hasia dela. Nire ustez, egin dituen koadro eta batzokiek enkistamendu bat sortu dute, mundu propio bat eraikiz, eta Euskal Herrian gaude, eta horrek izan behar du, inorena izatekotan, bere mundua. Enkistamendu honen aurrean zerbait desberdina asmatu beharra dago, ilusioa sortu eta batasuna hain beharrezkoa duen abertzale mundua batu dadin.
A. Abertzale hitzari hain esanahi desberdinak ematen zaizkion garai hauetan, hori ez al da pixka bat arriskutsua?
J.S.E. Jakina, helburu ekonomikoak egun nagusitzen ari dira. Askotan, helburu horiek bakarrak dira, eta ildo horretatik, egun, zoritxarrez, kultur arloko zerbait antolatzen denean, atzetik zein eta zer dagoen begiratu behar izaten dugu, ekimenaren atzetik zein interes dauden ezagutzeko. Hori zorigaiztoa da, horrela ezin baita inolaz ere aurrera egin. Euskara eta kultura munduan oso garbi ikusten da. Horregatik diot alderdien gainetik legokeen mugimendua sortu beharko litzatekeela. Euskal Herrian, oraindik, abertzaleak nagusi garela uste dudalako, eta oinarrizko puntuetan gutxienez bat egin beharko genukeelako helburu nagusi horiek lortzeko.
A. Zein litzateke helburu horietara heltzeko bidea?
J.S.E. Elkarri saiakera oso interesgarria da, eta beste arlo batzuetako arazoak konpontzeko bidea ireki dezake. Bortizkeriaren arazo politikoa konpontzeko saioa da Elkarri, eta antzeko zerbait egin daiteke gizarte zein kultura mailan.
Herri honetan dena oso biziatua dagoela eta honelako saio bat sortzen denean lupaz begiratu behar zaiola, atzean nor dabilen jakiteko? Noski, baina horixe da arazo nagusia. Elkarriri konfidantza tarte bat eman behar zaiola uste dut. Bat nator guztiz bere izpirituarekin.
A. Kazetaritza munduan ere alderdikeriak nabarmenak dira. Zuk zeuk ere jasan izan duzu hori, «Punto y Hora» aldizkariko zuzendaria zinela espetxe zigorra jasoz.
J.S.E. Erreforma garaian espetxean egon den kazetari bakarra naizela uste dut. Xavier Vinader ere espetxeratu zuten, baina berehala indultatu. ETAko partaide biren arrebei egindako elkarrizketa bat argitaratu genuen aldizkarian. Baita Erregea Nafarroara etorri izanari buruzko editorial bat idatzi ere nik. Bi gauza hauengatik izan zen.
A. Presondegitik irten eta berehala utzi zenuen zuzendaritza, 1984ean. Zein arrazoirengatik?
J.S.E. Arrazoi askorengatik. Garai hartan egun baino askoz ere gogorragoa zen egoera prentsan. «Punto y Hora»k plazaratutako erreportaia batengatik «Egin» itxi zezaketen, adibidez, errotatiba bera zela argudiatuz. Horrela, «Punto y Hora»ren espazioa «Egin»ena baino indartsuago izatea baldin bazen, zentzurik ez zuen jada. Gainera, nik hilabetekaria egin nahi nuen, ez astekaria, bizpahiru lagun besterik ez baikinen guztia egiteko. 12.000 bat ale botatzen genituen, eta berez osasuntsu zen aldizkaria, baina neu ezgaitua nintzen espetxetik irtetean, eta ezin izan nuen bertan jarraitu.
A. Handik «Egin»era, zuzendariorde legez. Hura ere utzi egin zenuen, 1987an.
J.S.E. Aspertu egin nintzen.
A. Jose Felix Azurmendik ere garai hartan utzi zuen. Eraginik izan al zuen horrek zuk aldegiteko erabakia hartzeko orduan?
J.S.E. Jose Felix bota egin zuten. Ni, garai hartan, besterik gabe aldegin zuten bakarrenetakoa naiz. Nazkaturik nengoen. Batez ere ez nengoen ados han planteatzen ziren hainbat gauzarekin. Planteamendu profesionalagoz sartu nintzen han, agian. Finean, «Egin» proiektu profesionaleko enpresa bezala planteatu zen hasiera batean, eta gero, militantzia legez planteatzen zen proiektuarekin ez nintzen ados. Profesional ikuspegitik eztabaidatu nahi nuen, baina termino politikoetan aritzen ziren besteak. Ez nuela zereginik sentitzen nuen. Egia esan, beti izan naiz ipurterre xamarra, eta inon gustura ez baldin banengoen, esan eta ospa egiten nuen. Baina ez du merezi aspaldiko kontu zaharrak nahasten hasteak.
A. Zure garaian, kazetaritza proiektu berri askotan parte hartu izan duzu. Nola baloratzen duzu «Egunkaria»ren abentura?
J.S.E. Hori gai nagusienen artean beste bat da. Zalantzarik gabe, «Egunkaria» planteamendu politikoen gainetik dago, politikoki sailkatu nahi izan duten arren. Elkarri-rekiko paraleloa dela uste dut. «Egunkaria» gure sustraiei lotuta dago. Euskarazko egunkari bat izatea hil edo bizikoa baita gure herriarentzat. «Egunkaria» irten izan ez balitz, arazo eta larrialdi guztiak barne, larrugorritan egongo ginateke oraindik. «Egunkaria», ikastolak eta beste hainbat gauza egoteak ez du euskararen arazoa konpontzen, baina urrats bat dira. Zentzu honetan urratsak ematea bultzatu behar dugu, bestela ez baikara helmugara inoiz helduko. Gehienez, Eusko Jaurlaritzak egunkari ofiziala egin zain egongo ginateke, hogei urtez itxaroten horrelakorik irten arte, eta azkenean dirurik ez dagoela eta guztiak kalera joateko.
Amagoia Iban
34-38

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakSANCHEZ
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaBesteak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakBesteak
PertsonaiazSANCHEZ
EgileezIBAN1Kultura

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude