«Euskal prentsa abertzalegotik eteten bada, jai izango du»


2021eko uztailaren 19an
Jexuxmari Zalakain kazetariari elkarrizketa bere azken liburuaz
«Euskal prentsa abertzalegotik eteten bada, jai izango du»
Jexuxmari Zalakain «Joxemiren Uzta» liburuaz mintzatu zaigu:
Euskal prentsaren azterketa eginez osatu zuen doktorego tesia Jexuxmari Zalakainek, eta tesian oinarriturik «Joxemiren uzta» liburua plazaratu zion Durangoko Azokarako Txalaparta argitaletxeak. Euskarazko egunkariaren amets historikoari jarraiki zaio bertan, 1976. urtetik gaurkora prentsan emandako urratsen ibilbidean. Ibilbideaz eta helburuez mintzatu zaigu honakoan.
ARGIA. 1976an kokatzen duzu euskarazko prentsaren iturburua. Zertan oinarritzen da?
JEXUXMARI ZALAKAIN.
1976. urtean ARGIA eta «Anaitasuna» ziren euskaraz hegoaldean indartsuak zirenak, eta momentu hartan apustua egin zuten (hurrengo hiruzpalau urte zailetan argiago ikusi zena, prentsa elebidunaren sorrerarekin) euskarazko prentsaren alde. Hor eman zuten etena, publikoki, Euskal Herriari gerorako dagokion prentsa euskarazkoa behar zuela esanez.
«Zeruko Argia»tik ARGIAra pasatu zenean badirudi guzti hori gainbeheran etorri zela, lau katu geratu zirelako, askoz ere bitarteko gutxiagorekin; hala ere, dena emateko prest agertu zen belaunaldiak euskal prentsaren aldarrikapena finkatzeko mugimendu oso bat sortu zuen.
Mugimendu hori herrigintzarako proiektuan uztartu zuten eta zentzu horretan lanean aritu zirenen artean Joxemi Zumalaberen irudia azpimarratu dut, berak burua, bihotza, oinak eta besoak jarri baitzituen zereginean.
A. Kazetari mugimendua baino gehiago ere badela aldarrikatzen duzu, beraz.
J.Z. Euskal prentsa ez da kazetari mugimendu hutsa, politika orokorrari lotua dago, ez ezein alderdiren politikari, mugimendu abertzale zabalari baino, eta bere helburuetan Euskal Herri libre eta euskalduna aldarrikatzen ditu.
Testuinguru honetan ulertzen dut batipat Eusko Jaurlaritzak aurka agertu duen eraso historikoa, bere politika apurtu duelako. Gobernutik datozen erasoak oso ondo pentsatuak dira; ez dira noski, hau eta bestea produktu kaskarrak direlako pentsatuak, urteotan ikusi denez.
Jaurlaritza prentsa lokalari laguntzeko jarrera erakusten ari da orain. Hori apropos egina da, besteak etsitzeko (Belokiren proiektu famatu hura mamitzeko asmorik ez zegoen, baina egunkaria egiten ausartu zirenak atzera botatzeko asmotan landu zen).
A. Prentsa lokala aipatu didazu; zer leku ematen diozu urteotako garapena aztertzeko orduan?
J.Z. Arriskua seinalatzen dut, euskarazko prentsa bat ikuspegi nazional eta abertzale honetatik bazter ibiltzea. Ez litzateke mugimendua indartuko, eta mugimendua indartu egin behar da. Hala eta guztiz ere, euskararen beharretik eta errealitatetik sortuak dira, eta positiboki kontsideratzen ditut; ordea, niretzat izpiritua da inportantea, eta dinamika horretan aldizkariok zeharka laguntzen dute, euskaraz direlako, baina euskara hutsa ez dugu nahikoa, beste zerbait behar da.
A. Prentsa elebidunarekin kontrajarria dagoela diozu euskarazkoa. Zergatik?
J.Z. Elebitasunetik ez da salto egin euskarara, baizik eta alderantziz, euskarazko prentsaren apustuak ekarri ditu medio elebidunak ere ardura horretara. Euskarazko apustuak beste guztien gidaritza hartu du.
Azken hamarkada honetako ibilbideak prentsa elebiduna lehengo lekuan dagoela erakutsi du, euskara gehiago edo gutxiago sartzen dute, baina hor daude. Apustua erabat desberdina delako ez dute beren burua euskaldundu.
A. Egunkariaren ametsa bete ostean, Eusko Jaurlaritzak diru iturriak itxi dituela eta, konponbideez ezkor azaltzen zara.
J.Z. Lapurketa egiten ari zaio, zigor-gabetasun osoz. Nik uste dut laguntza hori egun batean etorriko dela, baina beldur naiz zeren truke. Justiziazko gauzak ezin dira ezeren truke eman, zor zaizkigulako. Beldur pittin bat ematen dit urte honek duen hauteskunde usainarekin, baina horren arabera etortzen bada dirua ongi etorria. Nik uste adi egon behar dugula hala ere, proiektua ez saltzen laguntza batzuen truke.
A. Aurrera begira nondik-nora ikusten duzu ibilbidea?
J.Z. Euskal prentsa, azken batean, bi ideia dira: Euskal Herriari euskarazko prentsa dagokio eta herri hau euskalduna bada bere prentsa euskalduna izango da, eta bestela prentsa erdalduna izango da Euskal Herrian.
Honek esan nahi du egoera hau irauli egin behar dela, eta iraultzeko lehen pausoa emana dago. Zer falta da orain? Ideiokin leial jokatuko dutenak, hau da, ez pentsatzea bakarrik orain egunkari bat egingo dut, gero bestea... Ez da nahikoa; nik uste dut 1976. urteko apustu hartan, eta geroztik, frogaturik geratu dela euskal prentsa abertzalegotik eteten bada jai duela. Izango dugu euskarazko prentsa baina ez euskal prentsa.
Beraz, militante profesionalak behar ditugu euskal prentsan. Egungo gabeziak diruarekin bukatuko al lirateke? Mila gauza gehiago egingo lirateke, baina horrek beste arriskua du zinez, benetan ondo hornitua eta ordaindua egonik, militantzia tasa goitik behera jaitsiko litzatekeela, hasierako proiektua arrisku handian jarriz. Oreka bat mantendu behar da, dirua behar da, eman behar zaio prentsari eta baldintzak hobetu, baina diruak proiektuari kosk eginik etortzen dira, trukean, eta hori da ezin dena.
Gero, prentsaren plangintza ez dago egina. Eusko Jaurlaritzak ez du deusik egin eta euskal prentsan dabilen jendea iraulia dago dauden proiektuak eusten. Proiektua egin behar horri berriro eutsi behar zaio eta hor kezkatzen nauena da inork ez duela horretaz hitz egiten.
J.J. Petrikorena
45-47

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakALAKAIN1
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKomunikabidPrentsaEuskaraz pr
PertsonaiazALAKAIN1
EgileezPETRIKOREN1Kultura

Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude