Langileek irekitako batasunaren bidea


1994ko otsailaren 20an
Jose Elorrieta eta Rafa Diez-ekin elkarrizketa greba orokorraz
Langileek irekitako batasunaren bidea
Jose Elorrieta eta Rafa Diez lan harremanetarako euskal esparruaz
Urtarrileko greba orokorrean ELA eta LABek orain arteko diferentziak gainditu eta bat egitea erabaki zuten oinarrizko aldarrikapenen inguruan. Lan harremanetarako euskal esparruaren aldarrikapenak bi sindikatu abertzaleen batasuna eta CCOO eta UGTrekiko banaketa ekarri du. Politika mailan lortu ez dena sindikatuek lortu dute, nazio eraikuntzarako bidean beharrezkoa den langile abertzaleen batasuna. Horren erakusgarri otsailaren 19ko manifestaldia izango dugu.
ARGIA. Lan harremanetarako euskal esparruaz hitz egitean, zertaz ari gara zehazki?
JOSE ELORRIETA. Esparru hori tresna bat da nazio proiektu bat aurrera eramateko. Langabeziari aurre egiteko, adibidez, inbertsioez gain behar dira legeak egiteko gaitasuna, enplegua eta formazioa gestionatzeko konpetentzia eta, hein batean, ugazaberiak eta sindikatuek emandako legitimazioa. Beraz, euskal esparru honekin zera adierazi nahi dugu: nazio proiektuan langileriak protagonismoa duela eta bestetik, egungo egoerak derrigortuta, lehentasun batzuk zehaztu behar direla. Lehentasun hauek hitzarmen kolektiboak, eskumen legegileak eta transferentziak dira; euskal esparru horren osagarriak.
A. Nazio proiektu horretan zein da Nafarroa eta Ipar Euskal Herriari egiten zaien tokia?
RAFA DIEZ. Abertzaleak izanda, gure helburua Euskal Herri osorako euskal esparru bakarra sortzea da. Sindikalgintza arlotik argi utzi dugu gure norabidea zein den eta horren alde apustua egin eta horren aldeko dinamika sortu nahi dugu. Baina ez da gurea bakarrik hori lortzeko erantzukizuna, erantzukizun politikoa ere beharrezkoa da.
J. ELORRIETA. Guk, langile abertzaleok, lurraldetasun arazoa dugu, eta arazo hori oso garrantzitsua da.
Bestalde, eduki aldetik ere gauzak batera egiteko erritmo desberdinak ditugu. Erritmo horiek langile-kontzientzia edota indar harremanen arabera zehazten dira, eta honi dagokionez, errealitate desberdinak bizi dira Euskal Herrian.
A. Dena den, esparru hori eskuratzeko euskal ugazaberiaren parte hartzea beharrezkoa da. Confebask-ek ez du aldarrikapen honekin bat egiten.
J. ELORRIETA. Gure ustez, Confebask komenigarria da esparru honen eraikuntzarako. Hemengo ugazaberiak nazio proiektu horrekin bat egin behar du. Zoritxarrez, Confebask CEOEren ordezkaritza bilakatu da, ez du euskal nortasunik. Hala ere, sindikalgintzak abiada ematen badio dinamika honi, gure itxaropena da ugazaberian ere antzeko dinamika sortzea.
A. Horrek burgesia abertzalerik ez dagoela adierazten du?
R. DIEZ. Ez dago nazio proiektu baten alde borrokatzeko prest dagoen ugazaberiarik, ez zaio burutik pasatu ere egiten gainera. Egitura aldeko ezintasuna dugu, legegintza arloan lan harremanetarako edota lan arautegia egiteko gaitasunik eza. Gainera, azken lau urteotan argiago ikusi da atzeradaka nabarmena eman dela euskal esparru honen gutxieneko zutabeak jartzeko orduan, alde batetik euskal erakundeen utzikeriagatik eta, bestetik, UGTk eta CCOOek eta Gobernuak egin duten politika neozentralistaren ondorioz. Honek ekarri du sindikatu mailan, abertzaleak gehienak izan arren, itota egotea.
Proiektu politikoaren bilakaera nolakoa izan den aztertzen badugu, erregionalizatze prozesuan murgildu garela azaltzen da. Erregionaltasun honen inguruan euskal ugazaberiak oso gustura jardun du Espainiakoarekin, eta une honetan euren interesak Espainiako proiektu baten baitan daude. Zalantzarik gabe, une honetan gu nahiko bakartuta gaude proiektu hau aurrera eramateko lanean.
A. Zer deritzo Eusko Jaurlaritzak? EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioarekin, posible al da lan harremanetarako euskal esparrua lortzea?
J. ELORRIETA. Gu ez gara balizko koalizioen balorapena egiten hasiko, gaizkiulertzerik gerta ez dadin. Hala ere, baliteke PSE-EEko batzuk garapen autonomikoaren alde egotea, baina hemen eta Madrilen PSOEren benetako diskurtsoa erabat zentralista da. Eusko Jaurlaritzak ez du euskal esparru hori bultzatzeko eskumen nahikorik eta hori da guk eskatzen duguna. Are gehiago, lan arloan dauden eskumenak ez dira erabiltzen, PSE-EEren esku daudelako. Eusko Jaurlaritzaren programan, lan mailako behar hauek ez dute lehenetasunik eta horiek dira, hain zuzen ere, gure eguneroko kezkak.
A. EAJk badu kezka horien berri, zer deritzo?
J. ELORRIETA. EAJ lan harremanen esparruaren alde dago eta hala agertzen da bere programa politikoan. Baina gobernu koalizioak sailen banaketa eskatzen du eta eta kasu honetan Lan saila PSE-EEren esku dago. Arazoa ez da `aritmetikoa', arazoa politikoa da programa politikoaren lehentasunei dagokielako. Legegintzaldi honetan lan harremanen gaia ez da lehentasun izan, horregatik egin ditugu kritika gogorrak ELA bezala, eta honen inguruan haserreak ere izan dira. Baina ELA bezala hori salatu behar genuen, hau da, lan arloa ez dela lehentasuna izan gobernu honentzat.
A. ELA estatutuzalea da eta LAB ez. Honek zuen arteko batasuna oztopatu du euskal esparruaren alde ekiteko orduan?
J. ELORRIETA. Estatutua onartu genuenean, bi erreserba plazaratu genituen. Alde batetik, lurraldetasunarena, Nafarroa kanpo gelditzen zelako, eta bestetik lan harremanen alorreko hutsunea, hau da, estatutuak ez zuen aurrikusten lan alorreko gaitasun legegilerik. Lurraldetasunarena artean konpontzeke dago, eta gaitasun legegileari buruz, gero eta beharrezkoagoa da hemengoen eskumena izan dadin. Abertzale bezala nazio proiektua arazo zehatzekin lotzen badugu, beharrezkoak ditugu enplegu mailako transferentziak, eta abar.
R. DIEZ. Aurten beteko da estatutuaren 15. urtemuga, eta bada garaia hausnarketa sakona egiteko, benetako norabideak eta ikuspuntuak jartzeko. Ekonomi, sozial eta industri mailan egungo markoak ez du eman ezer gauzatzeko aukerarik. Azkenean, abertzaleak tronpatzen ari gara nazio priektua aurrera eramateko benetako sustrai politiko, ekonomiko eta industri arlokoak aztertzen ez baditugu. Sindikalgintzaren zeregina ondo garatzeko ere epealdi bat bukatu eta beste bat ireki behar dela ohartu behar dugu. Betiko jardunetan murgiltzen bagara, espainolismoaren aldekoak dira irabazteko duten bakarrak.
A. Alderdi politiko abertzaleen artean dagoen batasun eza eta Ajuria Eneako Itunak aurrera jarraitzen duela kontuan hartuta, zaila da LAB eta ELAren arteko batasuna ulertzea. Estrategikoa al da? Helburu edo etsai komuna aurkitu duzue?
J. ELORRIETA. Guretzat LAB konpetidore bat da, beste sindikatu bat delako. Hori jakinda eta hori ukatu gabe, derrigorrezkoa dugu aniztasun horretan ezaugarri baterakoirik aurkitzea, baita beste sindikatu batzuekin ere. Zergatik LABekin? Irizpide batzuek lehentasuna dutelako. Zilegi da nork bere proiektua izatea. Beraz, frogatu dugu ez bakarrik elkarrekin lan egitea posible dela, baita elkarlan hori derrigorrezkoa dela ere.
R. DIEZ. Gure sindikatu ezaugarriak gordetzen ditugun neurrian, gai batzuen inguruko akordioak lortzeko ez dugu arazorik izan. Dinamika honen bitartez tabu batzuk apurtu ditugu eta bide bat irekitzen ari gara. Bide horixe hartu beharko litzateke beste esparruetan Madrilen interesen alde ez jokatzeko.
Myriam Gartzia
20-23

Gaiez\Ekonomia\Sindikalgin\Sindikatuen\ELA-LAB ako
Pertsonaiaz\ELORRIETA1
Pertsonaiaz\DIEZ3
Egileez\GARTZIA3\Ekonomia

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude