Karmelo Otaegi: «COPEtik banatzean iraun ahal izateko apostua egin dugu»


1993ko abenduaren 19an
Karmelo Otaegi Loiola irratiko esatariari elkarrizketa
Karmelo Otaegi: «COPEtik banatzean iraun ahal izateko apostua egin dugu»
Hogeita hamar urtetik gora daramatza Loiolako Herri Irratian. Ordutik, bere ahotsa ezaguna eginarazteko beta luzea izan du. Baita lortu ere. Hala ere, inoiz ez du beste medio handiago batera joateko gogorik izan. Lanetik irten, irratia itzaldu, eta bere betiko txokora joatea nahiago du.
ARGIA. Herri Irratia onda ertainetan dagoenetik zaude Loiolako egoitzan lanean. Zer dela eta ez joan Donostiako egoitzara?
KARMELO OTAEGI. Azpeitian jaio nintzen, bizi naiz ordutik, eta bertan jarraitzen dut. Gainera, honetan hasi nintzenean hogeita zortzi urte inguru nituen, eta adin horrekin ez da hogei urterekin duzun ipurterrerik izaten. Hemen urte batzuk pasatzerako, jada 35 nituen, eta ordurako familia eta dena osatua nuen. Badakit batzuei arraroa gerta dakiekeela, baina nik proiektu hartan sinesten nuen, eta bakoitzak du bere txokoa.
A. Zure lankide izandako asko, Joxe Mari Iriondo edota Otermin, adibidez, beste medio batzuetara igaro ziren kargu garrantzitsuak eskuratuz. Zer du Herri Irratiak nolabaiteko harrobia izan dela?
K.O. Euskadi Irratia, ETB... hemendik igarotako asko joan dira bertara. Arrazoia? Garai hartan zegoen eskola bakarrenetakoa zela euskal irratigintzan zebilena. Hori baliagarria izan zen gero sortu ziren medioentzat. Nabarmena dela uste dut.
A. Herri Irratiak euskaltzale irudia izan du beti, bere programazioan euskaraz ordu asko ez eskaini arren. Loiolakoa izan da egoitzarik euskaldunena. Nola lortu da irudi hori mantentzea?
K.O. Beharbada beste komunikabideen erruz. Donostia eta Loiola oso desberdinak izan dira euren euskararekiko jarreran. Herri Irratiak garai batean elebitasunera jokatu du. Gizarteak sinestu egin du eta oraindik sinesten du horretan. Nahiz eta guk euskalduntzera jo, gure ekonomia mantentzeko nahitaezkoa izan da elebitasuna. Arazo gehienak ekonomia aldetik datoz. Erraza da Eusko Jaurlaritzak mantentzen duen medio bat euskaraz aritzea guztiz, baina guri hori ez zaigu tokatu, eta segitu egin behar genuen.
A. COPErekin zenuten lotura hautsi berria da. Nola baloratzen duzu?
K.O. Ekonomia aldetik txarrerako da, garbi dago. Iraun ahal izateko apustua egin dugu, gure autonomia mantentzearren. Programazio aldetik, behintzat, onerako izan dela uste dut.
Amagoia Iban
63

GaiezKomunikabidIrratiaLoiola irra
PertsonaiazOTAEGI2
EgileezIBAN1Komunikabid

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude