ARGIA.eus

2022ko urriaren 07a

«Gure herria eta trikitixa Europan erakusten saiatu naiz»

1993ko azaroaren 28a
Kepa Junkera trikitilariari elkarrizketa bere azken diskoaz
«Gure herria eta trikitixa Europan erakusten saiatu naiz»
Kepa Junkerak disko berria plazaratu du John Kirkpatrik eta Riccardo Tesirekin
Trikitilari ezaguna, beti gauza berriak asmatu eta gauzatu nahian, urteetan zehar trikitixa irakasten dihardu eta asmatua du horretarako metodo berria ere. Aspaldi honetan, kanpoan ibili da Kepa Junkera Euskal Herriko trikitixa zaharra erakutsi nahian, eta hor aurkitu ditu italiar bat eta ingeles bat: Riccardo Tesi eta John Kirkpatrick. Beraiekin Trans-Europe taldea sortu du. Plazaratu duten diskoa eta bere proiektuen berri eman digu Junkerak.
ARGIA. Hiru akordeoilarik osatu duzue Trans-Europe taldea.
KEPA JUNKERA.
Diskoa egiteko lehenbizi Europa aldera atera behar izan dut eta bertako musika eta musikariak ezagutu. Akordeoia eta trikitia mundu osoan zehar hedatua dagoen instrumentua baita, oso herrikoia.
Tesik eta Kirkpatrickek hirukote bat egitea proposatu zidaten, oso hedatua baitago kanpoan talde asko sortzea, ezberdinak. Ni ere, Bilbon bizi beharrean Parisen egongo banintz, ziur naiz dagoeneko izango nituzkeela bost edo sei musika esperientzia ezberdin.
A. Trikiti eta akordeoiak bakarrik erabili dituzue grabaketan.
K.J. Diskoak hamahiru kantu ditu: batzuk bakarka konposatu ditugu, baina konponketak beti batera egin ditugu. Beti elkarri laguntzen, gehitzen. Besteak beste, flamenko musikan oinarritutako kantu bat grabatu dugu, gure herriko fandangoan abiatutako beste bat eta Bizkaiko Durangaldetik bost dantza hartuta potpourri antzeko bat egin dugu.
A. Zergatik trikiti eta akordeoiak bakarrik?
K.J. Ez dugu ez panderorik ez beste instrumenturik erabili. Nik orain arte egindako hiru lanetan musika tresna asko erabili ditudala aipatu izan didate, nolabait trikitixak berak protagonismoa galtzen duelakoan edo. Lan honetan garrantzia osoa trikitiaren soinuari eman diogu. Beste instrumentuen beharrik eza plazaratu dugu, oso zaila da, baina lortu dugu. Beti ez da derrigorrezkoa baxua eta bateria erabiltzea. Trikitixak berak eraman dezake erritmoa. Gainera, pare bat kantu kenduta, beste guztiak hitzik gabekoak dira. Bik dute hitza, ingelesez, eta Kirkpatrickek kantatzen du.
A. Zer ekarpen egin dio Kepa Junkerak eta euskal trikitixak hirukoteari?
K.J. Ni saiatu naiz, nolabait, gure trikitixa besteei erakusten, eta hori da garrantzitsuena. Ni ez naiz irlandar abestiak jotzen hasiko, nik hemengoa erakutsi behar diet besteei, geure izaera, herriarena erakusten saiatu naiz Europan zehar. Nik euskal musika erakutsi diedan moduan, beraiengandik berdina jaso dut.
A. Zer egin behar duzu hemendik aurrera, hemen eta kanpoan?
K.J. Egia esan burutazio asko ditut, batzuk egin ahal izango ditut eta beste batzuk agian bidean eta asmo hutsean geratuko dira. Bai talde bezala, bai bakarka edota besteren batekin lagundua, badaukat kanpoan ibiltzeko aukerarik. Horrela, datorren urtean Holandan, Suedian, Finlandian egoteko aukera izango dut, baita Kanada eta Estatu Batuetan ere.
Diskoei dagokionez badaukat egitekorik. Elkar disketxeari proposamen bat egin diot: aspaldiko trikitilariekin albo batera utzitako kantuen bilduma egitea, eta horretarako lehen jotzen ziren baltsak, dantzarako doinuak... bilduko ditugu. Soinu hori niri beti gustatu izan zait. Txikia nintzenean gogoratzen dut gure aitona panderojolea horrelako doinuak jotzen, eta beti atsegin izan ditut. Orain garai haietako trikitilariak hartuta horrelako disko bat kaleratuko dugu. Baina nik ez dut joko, koordinazio lanera mugatuko naiz, oso gustura gainera.
A. Nortzuk hartuko dute parte proiektu horretan?
K.J. Lan honetarako zazpi bat trikitilari bildu ditut: Laja eta Landakanda, Urrestillako Ahuntza, Azpeitiko Sakabi, Zumarragako trikitixa, Martin Aginagalde, Rufino Arrola bizkaitarra eta Epelde. Gehienak oso nagusiak dira, hasiera batean ezusteko bezala harrapatu bazuten ere, pozik daude orain. Abenduan grabatuko dugu eta datorren urtean kalean izango da dokumentu gisa aurkeztuko den lan berri hau.
A. Disko honetaz gain, beste bat plazaratzeko asmoz aspaldidanik zabiltza lanean.
K.J. Garirekin kaleratu behar nuen disko hori nire taldearekin grabatuko dut. Kantari lanetan Akelarreko Jesus Mari Lopetegi izango da. Dena dela, badut oraindik ezusteko batzuk emateko asmoa.
Patxi Gaztelumendi
50-51

GaiezKulturaMusikaMusika tradTrikitixaTrikitilariJUNKERA1
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
PertsonaiazJUNKERA1
EgileezGAZTELUMEN1Kultura

Azkenak
2022-10-10 | ARGIA
Parke eolikoen kontrako martxa antolatu du Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak, urriaren 12an

Bergarako Elosua auzora ibilaldia egingo dute, hainbat herritatik abiatuta, Gipuzkoan azkenaldian ezagutarazi diren zentral eolikoen kontrako euren jarrera azaldu eta "gizarte gogoeta bateratua" eskatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


Euskal preso politikoak
Sakabanaketa amaitzear, baimenen blokeoa dator

Euskal gatazkak azken 60 urteetan utzi duen atal mingarrienetakoa da presoena. Denbora horretan 5.000 presotik gora egon dira Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan. Gaur egun ez dira 200era iristen, eta gehienak Euskal Herriko edo gertuko espetxeetan daude. Euskal... [+]


Glosa feminista posible da

Munduko hainbat tokitan tradizio luzeko jarduna da ahozko inprobisazioa eta, usadioa gaurkotzeko prozesuetan, tentsioak sortzen dira. Herrialde Katalanetako glosatzaile emakumeak antolatzen ari dira inprobisazioaren joko-arauak gorputz eta ahots ez-hegemonikoetara egokitzeko... [+]


Biziberritu proiektua
“Enpresetako soberakinei bizi berria eman nahi diegu, hezkuntza mundura ekarriz”

Biziberritu proiektuak haurrek hain ohikoak ez dituzten materialekin jolastea proposatzen du: enpresetan sortzen diren hondakinak. Larraitz Esnaola Illarretak eta Alex Barandiaran Arteagak daramate aurrera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko... [+]



Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude