Pantxo Egozkue automobilistari elkarrizketa
«Orain bost urte amestezina zen Europako txapelduna izango nintzenik»
PANTXO EGOZKUE
Europako mendiko automobilismo txapelketa irabazi berria, Pantxo Egozkue nafarra urtetan eskuetatik ihes egin dion garaipenaren eztia gozatzen ari da. Hargatik edo, sekula baina gogorrago, hasia da dagoeneko maiatzean abiatuko den denboraldi berria prestatzen. Aurtengoan, gainera, munduko kopan lehiatuko da lehen aldiz. Erronka latza Europako txapeldun berriarentzat. Andres Vilariño eta Pantxo Egozkueren desafio berria izango da.
ARGIA. Mexikoko Ensenada herrian jaioa zara. Urteak dira, baina, Nafarroan bizi zarela.
PANTXO EGOZKUE. Aita Mexikora lan bila joandako loizuarra genuen, eta ama, berriz, mexikarra. Hemendik abiatu zenetik, aita Mexikon bizi izan zen beti. Gaur egun bai ama baita beste senideak ere han bizi dira. 1967an lau anaiok Iruñera bidali gintuzten ikastera. Anaia batek eta biok lana aurkitu eta hemen geratzea erabaki genuen.
A. 1980an hasi zinen lehen lasterketak korritzen. Nola hurbildu zinen automobilismo mundura?
P.E. Txikitandik gustatu izan zaizkit lasterketak; hemendik gertu, gainera, garai batean txapelketa bat izaten zen urtero, eta anaia eta biok beti joaten ginen hura ikustera. Aitak ez zuenez gu hemen geratzerik nahi, anaia eta biok larri ibiltzen ginen diru aldetik. Honela, urte batzuez esnezale jardun eta diru pixka bat lortuta, materiala erosi eta hastea lortu nuen.
A. 1982tik aurrera, hasieran Purroy etxearen laguntzaz, lehen lasterketa garrantzitsuak korritu zenituen.
P.E. 1984erako herrialde mailako txapelketa dexente nituen irabaziak, eta Purroytarrek Espainiako Txapelketara aurkez nedin nahi zuten. Honela, 1985-1989 bitarteko Espainiako txapelketak korritu nituen, eta baita, nahiz eta gero titulua Vilñesi eman zitzaion, 1986koa irabazi ere. 1990ean babeslerik gabe geratu nintzen lehen aldiz, eta nire patrikatik aritu nintzen Europako mendiko txapelketan. Hurrengo urtea hobe joan zen arren, 1993an babeslerik gabe geratu naiz berriro. Hala ere, aurrera egitea erabaki dut, eta aurten Espainiako eta Europako mendi txapelketako garaipenak etorri dira.
A. Komunikabideetan beti Andres Vilariñoren atzetik ibilitako pilotutzat jo zaituzte.
P.E. Vilariñoren etsai nagusitzat jo naute beti, baina hori ez da zuzena, azken hiru urteetan bakarrik aritu bainaiz bere kontra. Egia da 1985ean elkarren kontra aritu ginela eta berak irabazi egin zidala, baina ni orduan hasi berria nintzen. Azken hiru urte hauetan gure norgehiagoka areagotu egin da, ni beti bigarren geratu bainaiz.
A. Pixkanaka gailurreraino iritsi zara. Andres Vilariñok, berriz, urte asko daramatza goren gorenean. Bere azken urteetan ikusten al duzu?
P.E. Nahiz eta zenbait komunikabidek hori esan duten, ez dut uste hori horrela denik. Vilariño bere mailarik onenean dago oraindik, ni neu bezala. Europako txapelketan ere azken lasterketara arte borrokatu zen. Mailaz jaisten ariko balitz, txapelketaren erdialdera jokoz kanpo zegokeen. Bien arteko adin tartea lau urtekoa baino ez da. Mauro Nesti, 55 urterekin, txapelduna zen oraindik. Andres Vilariño asko zaintzen da, bere bizitza osoa lasterketak dira. Nik ez dut horrelako aukerarik.
A. Ukaezina dirudi, baina, zu eta Andres Vilariñoren arteko norgehiagoka asko harrotu dela. Urte osoan zehar kritika gogorrak egin dizkiozue elkarri.
P.E. Ez dut eztabaida horietan sartu nahi. Eta horixe izan da, gainera, nire betiko jarrera. Andres Vilariñok kategoria gutxiko gauza asko esan ditu niregatik. Nik ez nuen beragandik horrelakorik espero, pertsona mailan kategoria handiagokoa zela uste bainuen. Aurtengo Jaizkibelgo igoeran nik hari irabazi baino lehen, normal hitz egiten genuen elkarrekin. Han irabazi nionetik akabo gure adiskidetasuna. Berak dioenez, nik egindako adierazpen batzuk izan dira haserrearen arrazoia. Adierazpen horiek behin eta berriro irakurrita, nik ez diet haserarazteko moduko ezer aurkitzen.
A. Adierazpen horietan Andres Vilariño bulegoetan ondo mugitzen dakien pilotua dela zenion.
P.E. Niri kazetariak zera galdetu zidan: ia zergatik zuen Andres Vilariñok publizitatea eta nik ez. Berak harremanetarako nik baino erraztasun handiagoa zuela erantzun nion, ni oso txarra bainaiz horretan. Berak hor beti irabazi izan dit. Andresek gaizki ulertu zituen adierazpenok, berak bulegoetan eta nik lasterketetan irabazten nituela ulertu zuen. Nik ez nuen horrelakorik esan nahi, baina.
Kontu guzti hau arraroa da. Orain arte beti joan izan gara elkarrekin sariak jasotzera, elkarrekin bazkaldu eta afaldu izan dugu... dena normal. Ni ez naiz Europako txapelketa irabazteagatik haserretu. Normalean, bi ume jolasean ari direnean, galtzen duena haserretzen da. Hau ere jokoa da, eta haserretu egin da. Puxtarrietara galtzen duen umea bezala haserretu da. Jaizkibelen irabazi nionetik gertatzen ari da guzti hau, Andorrako hurrengo lasterketan jada ez zidan hitz egiten.
A. Mendiko automobilismoari oso tarte txikia eskaintzen zaio hemengo komunikabideetan. Europako azken bi txapeldunak, hala ere, euskal herritarrak zarete. Zer dela eta hemengo pilotuen nagusitasuna?
P.E. Horrelako inguru menditsuan bizi garelako izango da. Hemen gainera, nahiz eta Katalunian askoz indar handiagoa eduki duen, kirol honekiko zaletasun handia egon da betidanik. Andres Vilariño hor egoteak ere asko lagundu du, berak goren gorenera iristen ahalegintzen lagundu digu askori, ni neu tartean. Nik, hasieran, ez nuen herrialde mailako txapelketarik korritzea pentsatzen ere, ez bainuen horretarako aukera ekonomikorik. Orain bost urte amestezina zen Europako txapelduna izango nintzenik. Atarrabian bezala da, denek txirrindulari izan nahi dute orain.
A. Aurtengoan ia babeslerik gabe aritu zara gainera. Diruz larri ibiliko zinen.
P.E. Materiala besteek adinakoa eduki dut, horretan ezin naiz kexatu. Horrela aritzea maila pertsonalean esfortzu handia da, baina. Lehen lasterketetan nahiko etsita egon nintzen, ezin nituen zorrak ordaindu eta. Ni zaletua naiz ia, ez dut beste batzuk bezala 50 milioiko aurrekonturik. Urteak dira etxekoak ez garela nonbaitera oporretara joaten.
A. Aurtengoan, lehen aldiz, Munduko mendiko automobilismo kopa jokatuko da. Aspaldiko eskaria duzue munduko txapelketarena.
P.E. Munduko kopak asko lagunduko dio hemengo mendiko automobilismoari, txapeldunak hemen egonagatik ere, oso utzia baitago benetan. Gaur egun dagoen krisiarekin, mendikoak automobilismoaren modalitate zabalduena izan beharko luke. Alde horretatik laguntza handia izango da.
A. Miguel Indurain eta zu inguru berekoak zarete. Europako mendiko txapelketa lortuta, hala ere, ez duzu hark bezalako harrera jendetsurik izan.
P.E. gia da Indurainek itzala egin diola nire ibilbideari, baina ni zoriontsu naiz horrela, ospe handiegirik gabe. Aurten, hala ere, nahiz eta berari egindakoa adina jendetsua ez izan noski, harrera polita egin zidaten Atarrabian Europako txapeldun geratu nintzenean. Atarrabiako festak ziren eta autotik atera ninduen jendeak. Orain hamabi urte ezagutzen dut Miguel, gure etxe aurrean bizi zen. Batzuetan, bera bizikletarekin entrenatzera aterea zela eta ni berriz korrika egitera. Elkarren berri izaten saiatzen gara.
A. Apirilean Mikel Saralegik 320 kiloko harria jaso zuen. Non egon daiteke muga?
P.E. Purroyko almazenean harri horiek ikusi izan ditut, baita, alferrik, mugitzen saiatu ere. Sekulako astakeria iruditzen zait, harrigarria. 300 kilo jasotzea normaletik kanpo dago. Guk, Jaizkibelen, itzuli bakoitzeko segunduren bat urratu diezaiokegu kronometroari, batzuetan ezta hori ere.
A. Kezkatzen al zaitu euskarak Nafarroan bizi duen egoera?
P.E. Euskaraz hitz egin behar dela uste dut; gure seme alabak ikastolara doaz, eta ondo mintzo dira. Nafarroak bere berea duen hizkuntza horren beharra du, lurretik ateratako gauza naturala baita. Dena den, kirol honetan han hemenka ibiltzen naizenez, beste hizkuntza batzuk ikasteko beharra ere badut. Uste dut iritsiko dela euskaraz ikasteko tarte librerik aterako dudan eguna.
Alberto Irazu
31-35