«ETA ez balego, PSN, IU eta HBren elkar ulertzea gauzatuko litzateke»


1993ko azaroaren 21an
Jose Luis Uriz PSNko parlamentariari elkarrizketa
«ETA ez balego, PSN, IU eta HBren elkar ulertzea gauzatuko litzateke»
Jose Luis Uriz, PSN-PSOEko foru parlamentaria
PSOEk datorren urtean burutuko duen kongresurako PSN-PSOEko zenbait kidek manifestu bat burutu dute. Bertan, zuzendaritzaren jarrera autoritarioa azaltzeaz gain, alderdiaren bide berriak zein izan beharko lukeen ere badiote. Agiri honetan azaltzen dena estatu mailarako pentsatua dagoen arren, Nafarroan ere aplikagarria dela azaldu digu. Manifestuaz gain beste gaiak ere jorratu ditugu jarrera kritikoa azaltzeko beldurrik ez duen foru parlamentari honekin.
ARGIA. Nola sortu zen manifestua eta zein helbururekin?
JOSE LUIS URIZ. Duela sei hilabete sortu zen. Orain dela urtebete edo bi talde bat biltzen hasi ginen, baina batez ere Nafarroari buruzko gai konkretuak ukitzeko. Ekaineko hauteskundeen ondoren, Felipe Gonzalezek «aldaketaren aldaketa» esaldi famatua bota zuenean, hori jasoz Nafarroan agiri bat egiten hastea pentsatu genuen. Guztiontzat izan zitekeen dokumentu bat lortzea zen helburua, ez zen gutxiengoaren izpirituaz jaio.
Manifestuaren planteamentuak alderdi sozialistarentzat baliagarriak dira, baina baita beste ezkerreko alderdientzat ere. Orokorrean ezkerreko mugimenduetan ematen ari den eztabaidan oso galduta dago jendea, eta gu adoretsu azaldu gara autokritika egiten duen dokumentu bat ateratzen. Baina ideia positiboak ere eskaintzen ditu dokumentuak, etorkizunean PSOE bezala ezkerrekoa izango den alderdi batek nolako lerro ideologikoa behar duen azaltzeko eta baita alderdi eredua aurkezteko ere. Beste eredu batzuk bilatu behar baitira.
A. Nolakoa izango litzateke aldaketa hori?
J.L.U. Askotan salaketa bat egiten digute, alegia, gizartetik oso urruti bizi garela, eta uste dut arrazoi dutela. Etena dago aldarrikapen sozial eta ekintza politikoaren artean, ez dago komunikaziorik. Horren arrazoia alderdien egitura dela uste dugu. Etorkizuneko alderdiak gizartearekin harremanetan egon beharko luke. Horretarako gardentasun gehiago, barne demokrazia handiagoa eta gizartearekiko lotura bultzatu behar da. Ez dugu bateratasun osoan sinesten, desberdintasunak nonnahi daudenez, gutxiengoa errespetatuz, alderdiak demokratikoago bihurtu behar dira. Gizartearekiko lotura bultzatzeko, berriz, liberatu kopurua gutxienekora jaitsi beharra dago. Liberatu asko baldin badaude, normalean zuzendaritzakoak direnak, honek gizartetik urruntzen ditu. Lan egiten baduzu, zure ordu libreak politikan erabiliz horrek gizartearekiko lotura asko areagotzen du. Egitura burokratiko gutxienekoa egongo da, baina hori, gutxienekoa. Alderdiaren zuzendaritzan gero eta liberatu gutxiago egon behar da.
A. Nola baloratzen duzu PSNren zuzendaritzak manifestu hau zabaltzea ukatu izana?
J.L.U. Zaila zaio alderdi baten zuzendaritzari eskemak apurtzen dituzten ekimenak onartzea; hori edozein alderditan gertatzen da. Beti eraso modura ulertzen baitira eta baztertu egiten dira. Eztabaida aurrera doan heinean ikusiko da ideiak besterik ez direla eta ez doazela inoren aurka.
A. Aurrerantzean agirian ateratzen diren ideien arabera jokatuko duzuela diozue, baina eztabaidaren ondoren, beste bide bat hartzea erabakitzen bada, zein jarrera hartuko zenukete?
J.L.U. Bakoitzak bere erara baloratuko du. Nik neuk 25 urte daramatzat politikan, PCEn sartu nintzen 1969an eta denetarik ikusi dut; horregatik argi dut ez dudala inoiz politika utziko. Zer gertatuko den ez dakit, baina ez dut PSOE uzteko asmorik. Behin IU utzi nuen, baina orduan guda asko galdu ondoren utzi nuen. Orain, txantxetan esan ohi dugun bezala, galduz galduz irabazteraino joatea espero dut. 33. kongresua guda garrantzitsua da, baina ez azkena. Kontuan hartu behar da boterean zaudenean, zoritxarrez, aldaketak zailagoak direla. Ezkerrak agiri horretan azaltzen den bidetik joan behar du, bestela, ez da ezkerra deitu ahal izango.
A. Zuek non kokatzen zarete estatu mailan ematen ari den berritzaile eta guerristen arteko tirabiran?
J.L.U. Dokumentuan Alfonso Guerrak eskaintzen dituen hainbat ardatz azaltzen dira. Guerraren irudia lur jota uzteko saiakera gogorra egin du horretan interes handia zuen prentsa batek. Espainiako botere faktikoek etsairik gogorrena ikusten dute beregan. Botere faktikoek horrelako kanpaina burutzen badute, zer dela eta egiten duten planteatu beharko genuke. Ideologikoki Alfonso Guerraren lerroko ideiak ikusiko dira; alderdiaren ereduan, berriz, era desegokian berritzaile bezala ezagutzen direnen hainbat ideia dauzkagu.
A. Nafarroako parlamentari gisa, zein alderditik egon beharko litzateke hurbilen PSN?
J.L.U. Harremanak zehazteko orduan, hemen elementu berezi bat dago: ETA. Honek HBrekiko izan dezakegun harremana aldatzen du. Bi kritika egin beharko genizkieke. Batetik, ziur naiz HBn ikuspegi ezberdinak egon badaudela; IUn eta PSOEn kaleratzen diren bezala HBn ere zuzendaritzarekiko kritika eta alternatibak kaleratu beharko lirateke. HBn eztabaida ez da kaleratzen eta hori alderdi estalinistetan normala da, baina gaur egungo alderdi batean ez. Bestetik, Nafarroan Alli lehendakari bada, HBri esker da. Oso tristea da. ETA herri honetako ezkerrarentzat da kaltegarria. ETA ez balego, PSN, IU eta HBren arteko elkar ulertzea gauzatuko litzateke. Era honetan gobernu aurrerakoi bat izango genuke, eta ez gaur egun daukaguna.
Aitziber Yarza
8-9

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakNafar Gober
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakPSN
PertsonaiazURIZ1
EgileezYARZA1Politika



Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude