«Talde nagusiek ez dute mirakulurik egingo, kontsumoa behar baitugu»


1993ko azaroaren 07an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Patxi Aldabaldetreku, Erreminta Makina fabrikatzaileen lehendakaria
«Talde nagusiek ez dute mirakulurik egingo, kontsumoa behar baitugu»
Patxi Aldabaldetreku, Erreminta Makina Frabrikatzaileen Elkarteko lehendakaria
Erreminta makina arloa berrantolaketa berri baten zain dago. Komunikabideek argitaratu dutenez, sei izango dira talde nagusiak nahiz eta Espainiako Erreminta Makina Frabrikatzaileen Elkarteak oraindik ezin dela ezer ziurtatu esan. Elkartearen lehendakariarekin, Patxi Aldabaldetrekurekin mintzatu gara gai honetaz.
ARGIA. Prentsan agertu izan diren erreminta makinako sei talde nagusi horiek behin-betikoak dira?
P. ALDABALDETREKU. Oraindik ez da dena erabaki. Prentsan agertu diren datuak ikerketa baten emaitzak dira, baina oraingoz gestionatu gabea. Enpresek ez dute hitz egin eta ikusi beharko da zer gertatzen den orduan.
A. Erreminta makina arloaren berrantolaketaren erabakia noiz hartu zen eta zergatik?
P.A. Nazioarte mailako kontsumo jaitsieraren ondorioa da, 1990etik aurrera erreminta makina arloan kontsumoa % 30-40 murriztu baita. Egoera asko aldatu da: ekialdeko herrien garapena, estatuek armagintzaren bideari utzi diote, Txina erreminta makinaren sektorean herri indartsua bihurtu da...
Mundu mailako eskaintza handia da eta eskaria, berriz, txikia. Murrizketa honen aurretik ere, bestalde, Europak bazituen beste arazo batzuk, konpetitibitate eskasa, adibidez, Japoniari aurre egiteko. Guzti honek ekarri du sektorearen azterketa sakonaren beharra, Euskadin duela bi urte inguru hasi zena. Espainiako erreminta makina arloko enpresen % 80 hemen daude eta, bestetik, sektore estrategikoa dugu euskal ekonomirako. Azterketa honen ondorioz, talde garrantzitsuen beharra ikusi zen, hau da, 5.000 eta 6.000 milioi pezetako fakturazioa izango zutenak. Horrelako taldeak behar genituen konpetitiboak izateko, batez ere Asiako herriekiko.
A. Baina talde horietan ez dira enpresa guztiak sartuko. Komunikabideen arabera, enpresen % 60 dira sei talde hauek osatuko dituztenak.
P.A. Ez dira enpresa guztiak egongo. Badaude zenbait enpresa, euren produktu eta salmenta maila dela medio, zertan bildu ez dutenak. Egia da enpresa batzuek handien beharra dutela produktuen kalitatea hobetzeko, kopetitiboak bihurtzeko eta saltzeko. Baina badaude beste batzuk behar ez dutenak, aitzitik, egokiagoa da azpiegitura txikiak izatea eta handiak bezain konpetitiboak izan daitezke. Bestetik, berrantolaketak ez du esanahi taldeetan sartuko ez diren enpresak desagertuko direnik.
Europa mailan ere honelako taldeak eratu dira, emaitza desberdinekin. Hau da, talde hauek ez dute erabateko konponbidea ekarriko, ez dute mirakulurik egingo. Konpetitiboagoak bihurtuko gara, baina krisitik ateratzeko kontsumoa hobetu behar dugu. Eta noski, enpresek ikusi beharko dute sinergiak ateratzea edo beste enpresa batzuekin biltzea den komenigarria.
A. Ondo hartu dute enpresek taldeen osaketa?
P.A. Oraindik ez dakigu talde horiek izango diren ala ez. Onartu behar dugu ona dela talde handiak egotea, baina oraindik ikusi beharko dugu nola bilduko garen. Aurrikuspenen arabera, agian urte bukaerarako behin-betiko taldeak osatuko dira, baina oraingoz gauza asko daude egiteke. Danobat eta Fagor ezik, horiek jada talde handiak direla, gainerako guztiek ez dakigu zelan bukatu den kontu hau. Itxarobide gehiegi zabaldu dira.
A. Berrantolaketaren ondorioz 500 lanpostu galduko dira.
P.A. Kopurua oraindik ez da zehaztu, baina sinergiak elkartzearen ondorio zuzena da. Hala ere, 500 lanpostu galdu edo sektore osoaren suntsipenaren artean aukeratzekotan, nahiago dut lehenengoa. Noski, langile hauei irtenbide egokia eman behar diegu.
A. Hau ez da erreminta makinaren lehenengo berrantolaketa. Orain arte Administrazioaren aldetik eman diren urratsek ez dute baliorik?
P.A. Eman diren urratsak instituzionalak izan dira batez ere, eta ildo honetatik oso positiboak izan direla esango nuke. Eta honi esker nazioarte mailan gaude eta konpetitiboak gara. Horrek esan nahi du azpiegitura instituzionala dugula eta erreminta makina bultzatzen duela. Orain arte asko eta ondo egin da lan, eta Eusko Jaurlaritzak ere zenbait gauzetan parte hartu du.
Myriam Gartzia
20-21

GaiezEkonomiaIndustriaMetalurgiaMakina erra
PertsonaiazALDABALDET1
EgileezGARTZIA3Ekonomia

Azkenak
Eguneraketa berriak daude