«Zientzilari serio batek ezin du Frankenstein berri bat izan nahi»


1993ko ekainaren 06an
Santiago Grisoliari elkarrizketa
«Zientzilari serio batek ezin du Frankenstein berri bat izan nahi»
SANTIAGO GRISOLIA
Bilbon burutu berri den Zuzenbidea eta Giza Genoma Proiektua izeneko nazioarteko bileran mundu osoko ikertzaile, jurista eta adituak bildu dira. 130 inguru guztira. Bertan zen Santiago Grisolia, proiekturako Unescok sortutako Koordinazio Batzarreko lehendakaria. Genetikak dituen eta izan ditzakeen erabilpenei buruz askotan aritu izan den gizon hau gurekin ere aritu da.
ARGIA. Bilbora Giza Genoma Proiekturako Unescoren Koordinazio Batzarreko lehendakari bezala etorri zara. Baina zer da konkretuki Giza Genoma Proiektua?
SANTIAGO GRISOLIA. Proiektuaren funtsa pertsona guztien genoma bere osotasunean ezagutzea da. Izaki bizidun guztiek dute genoma bat. Genoma bat zer den ez dakitenentzat, esan behar da genoma bat bizitza duen edozerren gene guztien taldea dela.
Garai batean uste zen genoma horretan geneak baino ez zeudela, baina egun erakutsi da ADNa ere hor sar daitekeela. Gizakiaren kasuan, bere genomak 100.000 gene ditu, eta hiru mila milioi zati kimiko.
Proiektuaren sorburua duela bost urte inguru aurkitzen da. Minbiziaren aurkako ikerketetan aritzen zirenek gene guzti hauen kartografia guztiz ezagutzea oso lagungarria litzatekeela adierazi zuten. Zure bidea jarraitu ahal izateko, mapa bat behar duzu, eta zenbat eta informazio gehiago izan mapa horrek, gero eta errazagoa bide zuzena hartzea. Mapa desberdinak egin izan dira. Gero eta zehaztasun handiagoarekin. Proiektuaren ideia mapa guztiz osatzea da. 100.000 geneak eta bere zati guztiak agertzen direla.
A. Noizko mapa genetiko hori?
S.G. Zehastasun handi batekoa, urte honen amaierarako edota datorren urterako. Gene guztien funtzio eta eraginena, hori hemendik 15 urtera egongo dela diote, baina hori teknologiaren araberakoa izango da. Teknologia bizkortzen bada, posible da hemendik hamar edota bost urtera egotea, baina nahiago dut 15 urteko epea ezartzea.
A. Zergatik da, ordea, hain garrantzitsua mapa hori?
S.G. Gure ADNak, irekitzean, zelulei aginduak bidaltzen dizkiete, zer egin behar duten esanez. Generen bat gaizki baldin badago, gaitz handi bat sor daiteke. Edota, gene multzo bat baldin bada txarto dagoena, beste gaitz mota batzuk sor daitezke. Ziur aski, gaitz gehienek eragin genetikoak dituzte. Zuzenean zein zeharka.
A. Beraz, Giza Genoma Proiektuaren helburuak medikoak dira espreski.
S.G. Batez ere medikoak dira, baina gizon zein emakumeen baitan dagoen beren izaera ezagutzeko grina ezin da ahaztu. Genomaren mapa erabat zehatza egiten den egunean, horrek ahalbidetuko du beste hainbat gauza ezagutzea. Gure espeziearen jatorria, adibidez, edota gure espeziearen etorkizuna.
A. Dena geneetan idatzia dugula esan izan da. Zure ustez hori egia al da?
S.G. Ziur aski ez. % 70 geneetan idatzia bide dugu, eta inguruak eragiten du geratzen den % 30. Guztiz berdinak diren bizki unibitelinoak ere ez dira inoiz erabat berdinak, burmuin bariazio desberdinak baitituzte, adibidez. Inguruak asko eragiten du. Bi pertsona guztiz berdinak badira, eta bat mendian eta bestea hirian hazten badira, desberdinak izango dira.
A. Ezkutuko zientzia bezala ezagutzen da genetika. Oinezkook jasotzen dugun informaziorik zehatzena agian informaziorik ez dugula da.
S.G. Ezkutukoa da, egia da, baina hori zientzia guztietan gertatzen da. Zuk aurkikuntza bat egiten baduzu, lehena zara, baina argitaratzen baduzu, jada ez zara lehena, eta gainera bere erapilpen egokia ziurtatu behar duzu. Horregatik, ikertzaile asko beren aurkikuntzak ezagutzera emateko oztopoak ezartzen hasten dira, ezkutukeria bultzatuz. Ziurtasun neurri bezala patenteen erabilpena aukeratu dute zenbait ikertzaile estatubatuarrek, eta horren ondorioz sortu da hain entzutetsua egin den arazoa.
A. Izan ere, gizaki geneak patentatzen hasi direla jakinda, genetikaren benetako helburua zein ote den zalantza sortzen da.
S.G. Funtsean erabilpen teraupetikoak dira bere helburua. Baina genetikaren teknologia eta ingeniaritza genetikoarena oso antzekoak dira, eta agian diru ahalmenak izan ditzake. Adibidez, aurki dezakezu gaitasun farmakologikoak izan ditzakeen proteina ekoiztuko lukeen gene bat, eta hori sal daiteke.
Hala ere, hori bidezkoa ez dela dioenik ere bada. Aurkikuntza guzti horiek gizateriaren jabegoa direla esanez. Erdibidean kokatzen naiz ni. Uste dut hainbat gauza patentez eman daitezkeela, baina kontrolpean beti.
A. Izaki klonikoak sor al daitezke?
S.G. Sortu dira jada. Erleekin lortu da, eta ahuntz bat ardi batekin nahastea ere posible da, baina inori ez zaio gustatzen Frankenstein izatea.
A. Gizaki klonikoak ere lor al daitezke?
S.G. Zientzilari serio batek ezin du nahi izan horrelako izakirik lortzea, agian posible izan daitekeen arren.
A. Baina, erlijio ikuspuntu batetik hitz eginda, jainkoa izaten saiatzen denik ere izan daiteke...
S.G. Baietz uste al duzu? Ez dut uste hori ematen denik.
A. Nola ulertzen da orduan Bilboko topaketetan proposatu berri duzuen nazioarteko foro baten eraketa? Kontrol bide bat izan daiteke.
S.G. Oraindik ez dakigu gene batek izan ditzakeen ahalmenen berri. Horregatik izan daiteke arriskutsua bere erabilpena. Gaitz bat sendatzeko erabilitako gene berak beste gaitz bat eragin dezake bere funtzioak ongi ezagutzen ez baditugu. Horregatik kontu handiz ibili behar dugu.
Horretan datza Giza Genoma Proiektuaren garrantziak. Ez da ikerketa zientifiko soila, betidanik itxita izan ditugun ateak zabaltzeko giltza baizik. Iraultza industrialaz geroztik izango den iraultzarik garrantzitsuena da hau seguruenik. Kontuan hartu behar da ezagunak diren gaitzen artean 4.000-5.000 inguru monogenetikoak direla. Hau da, gene bakar baten alterazioek sortutakoak. Mapari esker horiek sendatzeko ahalmen erreala izango genuke.
A. Lehen aipatu duzun minbizia talde horretan sartzen al da?
S.G. Minbizi batzuk monogenetikoak dira, baina badirudi gehienak multigenetikoak direla. Bularreko minbiziak, adibidez, hain hedatua emakumeen artean, badu bariante bat monogenetikoa dena, eta eragiten duen genea ere lokalizatua dago, baina bularreko minbizi kasuen % 5 besterik ez dira mota honetakoak. Beste guztiak zehazteke daude.
A. Giza Genoma Proiektuaren helburuak ikusita, eta hainbat gene ikertzaileri entzunda, badirudi etorkizuneko pertsonak ia perfektoak izatea dutela helburu. «Supergizaki» antzeko bat.
S.G. Hori ez da egia. Helburua gaixoei laguntzea da. Ez gizaki perfektoa lortzea. Horregatik izan behar da kontu handia egiten diren ikerketak desbidera ez daitezen. Hirugarren munduko biztanleria, munduko % 80tik gora, dena guztira, gaitz genetiko gehien dituena da, eta beraien onurarako izan behar dute, batez ere, gure proiektuaren emaitzek. Gainontzeko guztia soberan dago. Zientzia-fikzioa gehiegi egiten da balizko manipulazio genetikoen arriskua ikusten dutenen artean.
A. Hori zerbaitegatik izango da.
S.G. Mende hasieran EEBBetan informazio genetikoa erabiliz alkoholikoak, prostitutak eta atzeratuak antzutzeko ezarri ziren legeek eta Alemania nazien agindupean zegoenean espezie ariarraren garbiketaren izenean egin ziren experimentu genetiko ikaragarriek irudi oso txarra utzi zioten zientzia genetikoari.
Ezin da ahaztu Stalinek Soviet Batasunean egin zuena ere. Agintea eskuratu zuenean bertan zeuden ikertzaileak oso aurreratuak ziren, eta berak ezarri zien errepresioa oso gogorra izan zen. Zigor ikaragarriak jaso zituzten. Horrek etenaldi handia ekarri zuen ikerketetan. Guzti honek genetikaren irudi txarra bultzatu du.
A. Deustuko Unibertsitateak iragarri berria duen Genoma eta Zuzenbide Katedraren sorkuntzak zerbaitetan lagundu al dezake genetikaren ezagutzaren hedakuntzan?
S.G. Ez dakit, zehazki, oinezkoen ezagutza ziurtatzen lagunduko ote duen, baina argi dago oso urrats garrantzitsua dela. Mundu guztian ez dago horrelako katedrarik, eta bazen ordua genetikak eta bere erabilpenak lege aldetik sortzen dituen eztabaidak nolabait arautzeko.
Herri bakoitzak bere legeria du genetika arloan, baina dagoeneko nazioartekoa bilakatu da zientzia hau. Beraz, herri bakoitzaren legeriak ez dira nahikoak nazioartetik datozen hainbat berrikuntza barneratzeko. Horregatik sortu da, lehen aipatu dugun gene patenteen arazoa. EEBBetan legez onartua izan da _orain arte behintzat_, baina Europan ez dago hain argi. Etika eta gizateriaren jabegoa erabili dituzte patenteen aurkakoek. Zuzenbideak zezen horri adarretatik heldu behar dio, garaiz egiten ez badu hutsune nabarmenak suertatzen baitira. Hasiak dira nabaritzen, baina uste dut garaiz gaudela.
Amagoia Iban
34-38

GaiezGizarteaientziaBesteak
PertsonaiazGRISOLIA1
EgileezIBAN1Gizartea

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude