«Mendikoan gehiago kezkatu dira interes ekonomikoez, kirolaz baino»


1993ko maiatzaren 30an
Andres Vilariño pilotuari elkarrizketa
«Mendikoan gehiago kezkatu dira interes ekonomikoez, kirolaz baino»
ANDRES VILARIÑO
Europako mendiko automobilismo txapelketa lau aldiz irabazia, Andres Vilariño kontinente zaharrean mendiko lasterketa gehien eskuratu dituen pilotua dugu. Aurten ere sailkapenaren lehen postuan hasiera hasieratik jarria, ez du, hargatik, hainbeste urtetan eutsitako podiumari muzin egiteko asmorik. Hitz jario azkarreko gizona, azeleragailua zanpatuta aritu zaigu hizketan. Balaztak alde batera utzita. Abiadura ederrean ibiltzen ohitua dela ezagun du. Bizitzako bihurguneak hartuak dituela. Berea etengabeko lasterketa da.
ARGIA. Gogoan al duzu bolanteari estreineko aldiz heldu zenionekoa?
ANDRES VILARIÑO.
Ez naiz oroitzen, baina zortzi urterekin edo izango zen. Aita txokolate marka bateko saltzailea zen, Chocolates Zabaleta izenekoa. Ni berarekin ibiltzen nintzen autoan, eta orduantxe ikasi nuen gidatzen, artean mutiko bat nintzela. Hasieran batean, aitaren eskuinean jarrita, bolantea gidatzen hasi nintzen; gero azeleragailua eramaten uzten hasi zitzaidan, enbragea, abiadura-aldagailuak...
A. Lehen lasterketa ere oso gazterik korritu zenuen.
A.V. 17 urte nituela. Gurasoei gezurra esanda joan nintzen, hockey partidua nuela eginez. Etxetik stick-ak eta hartuta atera nintzen, eta etxeko atezainari mesedez gorde ziezazkidan eskatu. Hark amari esan zion, hari utzi nizkiola, eta horrela harrapatu ninduten gurasoek gezurretan. Nazioarteko Rally Vasco Navarro izan zen zen, Juan Carlos Etxeberriaren laguntzailea nintzen. 600 batean korritu genuen. Irauli eta buruz behera geratu ginela gogoratzen naiz.
A. Baina zure ilusioa marinel edo hegazkin pilotua izatea zen.
A.V. 17 urterekin Bilbora joan nintzen, nautika ikastera. Ni filme asko ikusita nengoen garai hartan, eta hegazkin pilotua edo marinela izan nahi nuen, bizitza abentureroa eduki. Baina jakina, militar ikastetxea baino ez zegoen, zibilik ez, eta beldurtu egin nintzen. Itsasoa ez zen untziaren brankan gitarra jotzen egotea. Orduan Donostiara itzuli nintzen, turismo ikasketak egitera. Emaztegaiarekin erdibana Seat 850 bat erosi nuen, bigarren eskukoa. Oraindik ordaintzen ari ginela, lasterketa batean txiki txiki eginda utzi genuen.
A. Lehenbizi rallyak korritzen hasi zinen, gero espezialitate hura utzi eta mendia aukeratu zenuen, zergatik? Nola ez zinen zirkuituen munduan sartu?
A.V. Rallyei ekin nien, baina zirkuituetan hasi ere ez nintzen egin, oso urrun geratzen baitziren niretzat, Madrilen, Katalunian... Gainera orduan zirkuituetan erabiltzen ziren autoak ez ziren oso ikusgarriak, eta ez ninduen gehiegi erakartzen. Rallyetan aritu ondoren mendira pasatu nintzen. Mendian hasteko arrazoia zera izan zen, orduan munduko hiru txapelketa zeudela, Formula 1, sport-prototipoena eta rallyena. Nahiz mendiko espezialitatean txapelketa garrantzitsuena Europakoa den, eta oraindik ez dagoen mundu mailako txapelketarik, espezialitate horretan goren gorenera iristeko aukera ikusi nuen.
A. Zein ezaugarri ditu mendiko automobilismoak? Zein ezberdintasun ditu beste espezialitateekin alderaturik?
A.V. Mendiko automobilismoa atletismoko 100 metroko frogaren parekoa da. Potentzia handiko autoak dira, 400 zaldiko potentzia dutenak, eta hamar kilometroko lasterketak dira. Mendian ezin duzu hankasartzerik egin, ez baituzu hankasartzea zuzentzeko astirik; perfekzioa da. Zirkuituaren gogortasuna, berriz, erritmoa mantentzen jakitean datza, nerbioei eustea. Zirkuituan, akatsik egiten baduzu, itzuli mordo bat dituzu oraindik horiek zuzentzeko. Rallyak oso froga gogorrak dira, 2 edo 3 egunez korrikan aritzea latza baita benetan, baina hor ere akats aukera badago. Mendiak beste ezaugarri batzuk ditu: ikusleengandik gertu zaude, aldeetara arbolak dituzu, amildegiak...
A. Mendiko automobilismoak, hala ere, ez du beste espezialitateek duten sona. Zer dela eta?
A.V. Mendikoan ez dago beste espezialitateetan adinako interes ekonomikorik, erabiltzen diren autoak ez baitira gero gehiegi saltzen. Motoetan ere, beste hainbeste gertatzen da trial txapelketekin. Espainiako federazioak mendia ahaztu egin du. Frantzian, adibidez, 200-300 partehartzaile egon ohi dira froga bakoitzean. Hemen gehiago kezkatu dira marka eta interes ekonomikoez kirol hutsaz baino. Eta jakina, markak zirkuituetan daude, horiek baitira gero salduko diren autoak. Baina jendea askoz gehiago joaten da rally eta mendiko frogetara, gure espezialitatea ikusgarrienetakoa baita. Jaizkibelen zegoen materiala, Formula 1 eta Formula 3.000 kenduta, ez dago ezta Rally Mundu Txapelketan bertan ere. Mendiko Mundu Txapelketa antolatuz gero, akaso, auto markak eta publizitate etxeak gehiago hurbiltzen hasiko litzaizkiguke.
A. Lehen mendiko frogak atletismoko 100 metroen parekoak direla aipatu duzu. Zein abiaduratan ibiltzen zarete gutxi gorabehera?
A.V. Frogaren arabera izaten da hori. Hasieran 110 km/orduko abiaduran ibiltzen gara gutxi gorabehera, baina Jaizkibeleko lasterketan, esaterako, 225 km/orduko abiadura ere hartzen da. Frantziako lasterketak azkarragoak dira, han 243-245 km/orduko ere aritzen zara. Bihurguneak ere abiadura horretan hartzen dituzu. Askotan sentitu izan dut nire burua arriskuan, baina gaur egun ez hainbeste. Honetan hasi nintzenean, lasterketak hasi aurretik tripakominez egoten nintzen. Istripuekin zorte handia izan dut. Ez naiz istripu baten ondorioz sekula eritetxean egona. Behin batean, Italian, 40 metro egin nituen hegan, airean, lurretik bi edo hiru metrora. Konortea ere beldurragatik galdu nuela uste dut.
A. Zeintzuk izaten dira, zure ustez, mendiko lasterketok irabazteko alderdi erabakiorrak?
A.V. Kontzentrazioa eta jenioa behar dituzu. Eta hotz samarra izatea ere bai. Jaizkibeleko lasterketara, orain dela gutxi, kirolari ezberdinek une gogorretan izaten dituzten bihotz taupaden azkartzea ikertzen ari den mediku bat etorri da. Nirekin harrituta geratu dela esan dit, Herri Torrontegi eta Aitor Zabaletari ere frogak egin zizkiela, eta haien aldean ni oso hotz eta lasai ikusi nauela, taupadak ez zitzaizkidala gehiegi azkartzen. Akaso bizikletaz nahikoa ibiltzen naizelako da. Prestakuntza fisiko ona edukitzeak lasaitasun psikiko eta kontrol mental handia dakartza berarekin.
A. 1989an Le Mans-eko frogan parte hartu zenuen, automobilismoan izen handiko lasterketa. Lehenbiziko aldiz, orain arte bakarra, zirkuitu batean aritu zinen. Nolako esperientzia izan zen? Nolakoa da benetan Le Mans bezalako mito baten inguruan bizi den giroa?
A.V. Hura izugarria izan zen, eromena. Autoa Carlos Sainzentzat pentsatua zegoen, baina azken orduan atzera bota zen. Orduan niri parte hartzeko esan zidaten, eta egia esan, galtzeko ezer ez nuenez, baietz esan nien. Autoa frogatu gabe joan nintzen, 750 zaldiko potentzia zuen. Hartu eta hasi. Pista busti-busti eginda zegoen. Zirkuituan korritu dudan okasio bakarra izateko, eta mundu txapelketako lasterketa batean gainera, nahiko denbora ona egin nuelakoan nago. Izugarrizko giroa zegoen. Zirkuitu erdia iraunkorra zen eta beste erdia urbanoa. Haren inguruan era guztietako ikuskizunak zeuden, `munduko emakume gizenenaz' hasi eta tiro txapelketak arte. Ikuskizun amerikar erraldoi horietakoa zen. Ikustekoa benetan.
A. Aurtengo Europako Txapelketako hiru froga jokatu dira dagoeneko, eta zu aurrena zoaz sailkapenean. Hirugarren doan Pantxo Egozkue nafarrak aurten berak irabaziko duela esan du, zu baino hobea dela. Zer diozu?
A.V. Txapelketa asko dago oraindik, beste bederatzi lasterketa. Pantxok irabazi egingo duela dio, baina hori ikusteko dago. 1984etik elkarren kontra lehiatu gara, eta hiru froga baino ez ditu irabazi. Jendeak bera ni baino trebeagoa dela dioela esan du, teknikoagoa dela. Nork esan du hori? Makina bat aldiz irabazi diot eta! Hamar urte daramatzagu elkarrekin korritzen, ni baino hobea baldin bada, izan du hori erakusteko astirik. Alde horretatik, begirune pixka bat merezi dudala uste dut.
A. Zuk lasterketak bulegoetan irabazten dituzula esan du, bera bulegoetan beti galtzaile ateratzen dela.
A.V. Adierazpen horietan berak zorrak hartu behar izan dituela esan du, ez daukala nire taldea, nik babeslea dudala eta bulegoetan mugitzen dakidala... Asko mindu nau horrek. 1986. urtean nik babeslea lortu nion, Repsol taldeko CS enpresa. Iaz ere Cepsarekin aritu zen. Nik ez diot galdetzen dirua nondik ateratzen duen, denok bezala lan eginez aterako duela pentsatzen dut. Gauza bat behintzat argi dago, bera material onenekin ari dela korrika, niri inbidiarik ez edukitzeko modukoak. Ez dakit zertara datozen oraingo negar guzti hauek. Ni, behinik-behin, ez nau urduri jarriko.
Alberto Irazu
34-38

GaiezKirolaAutomobilis
PertsonaiazVILARIÑO1
EgileezIRAZU1Kirola

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude