«Psikopatek foiletoiak nahiago dituzte edozein filme baino»


1993ko martxoaren 07an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Alex de la Iglesia zine zuzendariari elkarrizketa
«Psikopatek foiletoiak nahiago dituzte edozein filme baino»
ALEX DE LA IGLESIA
Bilbotarra dugu «Acción Mutante» filmearen zuzendaria, Pedro Almodovarrek aurkitutako azken promesa gaztea. Ez da hutsetik atera, Enrike Urbizu zuzendariak eman baitzion lehenengo aukera, eta bere kabuz laburmetraiak egiten ibili da. Adituen ustez, zinema munduan iraultza ekarri du, eta bere estiloak filmeak egiteko bide berria zabaldu du.
ARGIA. Zer egiten du filosofia ikasi duen batek «Acción Mutante» bezalako filmeak egiten?
A. DE LA IGLESIA. Agian horrexegatik egin dut, filosofia ikasi nuelako. Filosofia ikasi izanak oinarri bat eman dit, esperientzia eremu bat. Gaur egun askoz ere lasaiago bizi naiz filosofia ikasketak direla eta.
A. Zer gertatu zen, orduan, ez zenuela irakaslea izan nahi eta pelikulak egiten hasi zinen?
A.I. Ez, oso zinemazalea izan naiz beti. Dekoratuak egiten hasi nintzen eta orain luzemetraia bat egiteko aukera izan dut, baina ez da izan aurrikusitako asmoa. Aukera eskaini zidaten eta aurrera egin nuen.
A. Lehenengo komikien arloa landu zenuen eta gero filmeena. Enrike Urbizu filme zuzendaria izan zen gauza bien errudun?
A.I. Areago esango nuke, ni zinema zuzendaria naiz inbidiak eraginda. Urbizu lagun handia nuen. Orduan bera super 8an zebilen filmeak egiten, eta erakutsi nahi izan nion berak baino super 8 hobea egiteko gauza nintzela. Ez nuen aukerarik izan, hala ere, filmeari ekin behar niolarik bera 35 mmko luzemetraia egiten ari baitzen. Inbidia handia sentitu nuen. Ezin nuen ulertu filmeak egitea hain erraza zenik. Neuk ere filme bat egingo nuela erabaki eta horrela heldu naiz zinema zuzendaria izatera.
A. Enrike Urbizuren «Todo por la pasta» filmean, hain zuzen ere, zuzendari artiskoa izan zinen, zinemaren munduan sartzeko lehenengo aukera.
A.I. Bertan izan nuen filmaketen mekanikari buruz zerbait ikasteko parada, Enrikek eskainia gainera. «Mirindas asesinas» laburmetraia ere horregatik egin nuen. Argi dago, gauza bat egiten ikasteko egokiena ekitea da.
A. Autodidaktatzat jotzen duzu zure burua?
A.I. Agian bai. Kontuan hartu behar da, bestalde, filme bat ez duela pertsona bakar batek egiten, lan talde batek baizik. Nik lan talde zoragarri bat izan dut eta beregan konfiantza osoa jartzeko aukera. Honek lan egiteko izugarrizko erraztasuna eman dit, ekin genionean ez nintzelako filmea egiten zuen bakarra, 60 ginen. Ez nintzen ez bakarrik ez heldu berria sentitu.
A. «Mirindas asesinas» laburmetraian berdin gertatu zen edo zerbait esperimentalagoa izan zen?
A.I. Ez, luzemetraia bezain ondo egin nahi genuen eta horretarako indar guztiak jarri genituen. Ez zen esperimentua. Egia da «Acción Mutante» egin dugun gehienok «Mirindas asesinas»en bageundela eta luzemetraia egiteko oinarri bezala erabili dugula laburmetraia. Baina «Mirindas asesinas» «Accion Mutante» bezain filme serioa da.
A. Esaten dute filmeetan erabiltzen duzun umorea komiki mundutik atera duzula. Egia al da?
A.I. Baliteke, nik egiten nituen komikiek umore beltzaren ingurua jorratzen zuten. Filmean agertzen diren hainbat gauza komikietatik atera ditut; komiki asko daude pertsona edo filme asko baino gehiago axola zaizkidanak.
A. Bat-batean Pedro Almodovar hurbildu eta esaten dizu zurekin filme bat egin nahi duela.
A.I. Horrela gertatu zen, zuk esan duzun bezalaxe. Misteriorik gabe. Guk idatzitako gidoi bat zuen eta Madriletik deitu zigun berarekin hitz egitera joateko esanez. Manu Gerrikaetxebarria eta biok joan ginen eta luzemetraia bat idazteko esan ziguten. Ekin genion gidoi berriari, eta bukatu eta bi astera Pedro Almodovarrek deitu zuen. Esan zigun gidoia idatzi genuen bezala filmea zuzentzeko gai izango bagina, filme hura arrakastatsua izango litzatekeela. Beraz, «Accion Mutante» ia enkarguzko lana da.
A. 350 milioi pezeta balio dituen enkargua.
A.I. Hasierako aurrekontua 100 milioikoa zen. Gidoia berrikusi eta ekoizpena modu errealistago batean aztertu genuen. Baina ez zait iruditzen diru gehiegi denik, egin dugun pelikularen benetako balioak aurrekontu hori bikoizten duelako. Baina, badakit, eta zentzu horretan pribilegiatua sentitzen naiz, izugarrizko zorte ona izan dudala.
A. Hasierako ideiari aldaketaren bat egin behar izan diozu?
A.I. Ez. Gidoia aukeztu genuen, euren gustukoa zen eta kitto. Gero, lanean ari ginela, gidoiaren berrikuspen asko egin, eta landu ditugu landu beharreko gauzak, baina ez da interferentziarik egon ez gidoian ezta filmaketan ere. Guztiz kontrakoa, oso gustukoa zuten; zenbat eta basatiagoa orduan eta are gustukoagoa.
A. Zergatik aukeratu dituzu guztiz almodovartarrak diren Rossi de Palma eta Bibi Andersen?
A.I. Oso egokiak zirelako istoriorako. Aktoreak behar nituen aberats-kumeen paperetarako, eta Almodovarrenak erabili ditut mundu hori adierazteko. Banekien papera Rossi de Palmak edota Bibi Andersenek eginda ondo ulertuko zela mezua.
A. Erraza izan al da horiek Karra Elejalde edota Alex Angulo bezalako aktoreekin nahastea?
A.I. Hemengo jendearekin lan egin nahi nuen, baina ez lagunkeriagatik, aurkitu ditudan onenak direlako baizik. Gainera, Espainia mailan ezezagunak ziren aktoreekin lan egin nahi nuen. Egia da lan taldeko gehienak Euskal Herrikoak direla eta horrela izan ez balitz filmaketa desberdin joango litzatekeela.
A. Antonio Resinesek «Todo por la pasta» filmearen antzeko lana du «Accion Mutante»n.
A.I. Kopia hutsa da, Urbizuri kopiatu diot. Urbizuk lan horretan jarri zuenean ez nintzen batere fio. Baina Antonio lan egiten ikusi nuen eta harrituta geratu nintzen. «Accion Mutante»n antzeko papera du, baina pertsonaia oraindik okerragoa eta opakoagoa da. Gainera, Antoniok duen aktore komikoaren kutsu horrek jendea harrapatzen du.
A. Non filmatuko dituzu filmeak Labe Garaiak ixten dituztenean?
A.I. Ez dakit. Nire porrota izango litzateke.
A. Oso gustukoa duzu Ibaizabalen ezkerraldeko estetika industriala zure filmeetan.
A.I. Bai. Dena den, ez nuke arazorik izango inguru horiek Madrilen bilatzeko, eta hasieran horrela egin genuen, Madrilen Erandio moduko inguruak bilatzen aritu ginen hilabetez. Hala ere, ez dira inoiz hemengo estetikaren parekoak. Bisualki oso indartsua da, eta gainera hemen bakarrik aurkitzen den gauza da. Iberia auzunea edota Labe Garaien ingurua ikusi nituen lehenengo aldian zur eta lur geratu nintzen. Nahiko berandu topatu nituen, «Todo por la pasta»rako inguruak bilatzen ari ginenean batez ere.
A. Telebistari buruzko irudi nahiko sentsazionalista aurkezten duzu «Accion Mutante»n.
A.I. Ez dut uste gehiegikeria denik inondik inora ere. Egunero ikusten dugu telebistak albisteak eta pertsonak txikitzen dituela.
A. Zer esango zenieke «Accion Mutante» bezalako filmeek biolentzia bultzatzen dutela diotenei?
A.I. Zerbait debekatzekotan «Mary Poppins» debekatu beharko litzatekeela «Texas-eko sarraskia» baino lehen. Haur gehiago hil direla aterki bat hartu eta leihotik botata edo, superman bezala, lepoan izara bat jarri eta jauzi eginda. Ez dela egia biolentzia eragiten duenik. «Aitabitxia» oso pelikula ona da, baina jendea tiroka dabil Bronxeko zinema batean. Jendea da zoratuta dagoena, ez zinema. Gainera, psikopatek nahiago dituzte foiletoiak eta lehiaketa programak edo Tele-5 eta Antena-3 edozein filme baino. Gustukoagoa dute telebistan beraiei buruz botatzen den morbo guztia, edo programa batean ikusi ahal izatea albiste batek aita bati nola eragiten dion.
A. Lau zuzendari nagusi daude une honetan Euskal Herrian: Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem, Enrike Urbizu eta zu.
A.I. Oharkabeko gauza izan da. Ni Enrike Urbizuren laguna naiz eta bere gustuak jarraitzen ditut besteenak baino gehiago, gertuago sentitzen naiz Enrikerengandik. Ez dago lauron artean loturarik, besterik gabe gertatu da.
A. Nahiz eta laurak hemengoak izan, hemengo jendearekin lan egin eta hemen filmatu, ez duzue euskal kulturarekin zerikusi handirik.
A.I. Bakoitzak bizi duena kontatzen du eta egia esan, nik ez dut oso hurbil sentitu euskal kultura. Ni bilbotarra naiz eta seguru nago horrek zerbait eragingo zuela, testuinguruak eragiten dit. Ez dut euskaraz filmerik egin; horrek ez du esan nahi, ordea, egingo ez dudanik. Ez daukat ezer kontra, baina uste dut jendeak zinema ikusteko erarik egokiena nik egiten dudan moduan dela.
Myriam Gartzia
34-38

GaiezKulturainemauzendariakDE LA IGLE1
PertsonaiazDE LA IGLE1
EgileezGARTZIA3Kultura

Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Eguneraketa berriak daude