«Enpresa mailan, Iparraldekook badugu Hegoaldekoei erakustekorik»


1993ko otsailaren 21an
Ramuntxo Kanblong-i elkarrizketa
«Enpresa mailan, Iparraldekook badugu Hegoaldekoei erakustekorik»
RAMUNTXO KANBLONG
Ramuntxo Kanblong izendatu dute berriz ere Euskal Kultur Erakundeko azken biltzar nagusian lehendakaritza postua betetzeko. 53 langile dituen Copelec enpresako arduradun nagusia, Ipar Euskal Herriko ekonomiaren bultzatzaile garrantzitsua dugu. Kultur handiko gizona, EKE eta frantses Administrazioaren arteko bitartekaritzaren ardura ere hartu du elkarte hau sortu zenetik.
ARGIA. Gazte zinelarik piztu zitzaizun euskaltzaletasuna?
R. KANBLONG. Hogei urte nituelarik Parisera joan nintzen ikasle bezala eta oso galduta sentitu nintzen. Oporretara etorri nintzelarik kantaldi bat izan zen Ezpeletan, eta bertan Mixel Labeguerie aritu zen kantuz eta hitzaldi biziki gartsu bat egin zigun ez euskalzaletasunaz, baizik eta abertzaletasunaz. Hor piztu zen nire abertzaletasuna, Labeguerieri entzunez. Garai hartan ikasle mugimendu ezagun bat zegoen, Embata, eta horretan sartu nintzen.
A. Beraz eremu hori jorratzen joan zinen. Asko al zineten?
R.K. Ikasle asko ginen, baino gure mugimenduan ikasle gutti sartu ziren. Gero nire ikasketak burutu eta Thomson-en aritu nintzen urte betez, baina herrira erabat itzuli nahi nuen eta irakasle lanpostu bat hartu nuen Hazparneko eskola profesionalean. Garai horretan hasi nintzen maiz joaten Hegoalderat. Beharbada ez zen momentu gozoa, Francoren garaia zelako, baina egia erran, berriz herriratu nintzelarik herri handi bat falta zitzaidan, zortzi urte egona bainintzen Parisen.
A. Horregatik jarri zinen euskal kultur munduko pertsonaia ezagun askorekin harremanetan.
R.K. Harremanetan sartu nintzen lehenik «Zeruko Argia»rekin eta, bestalde, Rikardo Arregirekin, Saizarbitoriarekin... «Jakin» aldizkariaren inguruan ere izan nituen harremanak, Torrealdairekin. Hain zuzen ere, gogoratu behar da garai hartan «Jakin» aldizkariko biltzarrak Iparraldean ere iragaten zirela batzuetan. Anitzetan ibiltzen nintzen Donostian. Hemen ere kultur mundu hori aski aberatsa zen jadanik; bagenituen gurekin Monzon, Larzabal, Piarres Xarriton. Momentu batean Txillardegi ere aritu zen gurekin.
Euskal Herriratu nintzelarik «Herria» kazetan ere hasi nintzen idazten. Gero, Hazparnen bertan bertze lagun abertzale asko nituen. Jean Louis Davant, bat aipatzearren.
A. Garai hartan Euskal Herriko garapen ekonomikoaz eztabaita franko zeuden Iparraldean; Arrasateko kooperatiben kemena eta arrakasta askotan aipatzen zen. Nola ikusi zenuen hori?
R.K. Nire ustez hemen agertu den lehen abertzaletasuna izan da, alde batetik, Hegoaldeak jasaten zuen errepresioaren nolabaiteko ondorioa. Horren karietara sortu dena, hobeki erranda, Euskal Herriaren libertatea eskatzen zuena.
Eta bertzetik, 70eko hamarkadan, hemengo abertzaleak herriz herri abiatu ziren Iparraldea Hegoaldeari lotzen bagenion askoz ere hobekien biziko ginela errateko asmoz.
Arrazoi ekonomikoak ematen ziren gehienbat, eta hain zuzen oroitzen naiz Piarres Lafitte gutaz nola trufatzen zen, erraten baitzuen arrazoi kulturalak ahazten genituela.
A. Egia da garai berdinean Seaska sortu zenutela.
R.K. Manex Pagola eta Argitxu Nobliarekin batera izena aukeratu genuen ikastolak bultzatzeko antolatu zen lehen elkartearentzat. Baina 60ko hamarkada zen, eta ondoren kulturak inportantzia gehiago hartu badu ere, hamarkada hartan ekonomia zen, gehienbat, aipatzen zena. Ordukoa ingurumen ona baitzen. Frantziako garapena oso azkarra zen, Espainiakoa ere. Ipar Euskal Herria, aldiz, guztiz baztertua zen. Gazte guztiak ikasketak egitera, edota egin ondotik, kanpora joaten ziren. Izan ere, eta adibide gisa, ni itzuli nintzelarik, hemen jendea harritu egin zen. Ez zuten konprenitzen zergatik egon nahi nuen hemen. Hemen ez zegoela deus egitekorik. Eta pixka bat egia ere bazen. Ekonomiaren eragina herri handietan sumatzen zen, eta oso erakargarria zen gazteentzat.
A. Eztabaida horiek enpresa batzuk sortzera bultzatu zuten zenbait jende. Zu horietakoa zara.
R.K. Gauzak oso emeki eginak izan dira, orain atzera begiratuta badirudi oso laster iragan dela dena. Ni Hazparnen egon naiz irakasle 1966tik 1974 arte, eta urte horretan abiatu genuen Partzuer deitu batasun bat, Arrasateko esperientziaren ezagutza baliatuz Iparraldean kooperatibismoa bultzatzeko. Gu baino bi edo hiru urte lehenago Patxi Nobliak Sokoa sortua zuen, 1971n edo. Helburu berdinak genituen, enpleguak sortzea azken batean.
A. Bultzatutako kooperatibetako mugimendu horrek nolabaiteko muga bat zeukala erakutsi du momentu batean. Mota horretako enpresen sortzeko ahalak murriztuz joan al dira?
R.K. Nik erran nezake guk uste baino urrutirago joan dela. Orduko pentsakera zen hemen ez zela ezer sortzen ahal, enpresarik ez zela eraikitzen ahal. Hemen sortzen ziren enpresak kanpotik etortzen ziren eta Frantziako garapenari esker bizi zen Iparraldea. Eta hori izan da garrantzitsua, hemengo jendea bera hasi dela gauzak sortzen, garapen endogenoa behar baitzen. 1975etik 1985a arte 20 bat kooperatiba sortu dira eta orain beste fase batera pasatu gara. Eta esperantza dut Lan Berri zentroarekin lanpostu gehiago sortuko ditugula. Kualifikatuagoak, eta oraingo enpresei loturik.
A. Horretarako diru asko behar da?
R.K. Ez horrenbeste. Kaskoa behar da. Hemengo gazte asko joan dira kanpora hezitzera. Orain gazte horiei itzultzeko gogoa eman behar zaie, gu itzuli ginen bezala. Karrera normal bat egin nahi baduzu hobe duzu Administrazioan sartzea edo enpresa handi batean. Zerbait eraikitzeak indar asko eskatzen du eta gogo hori gazteengan piztu behar da. Uste dut hori gertatzen ari dela. Adibide bat emanen dut: Lan Berrik promozio berri bat bultzatu izan nahi duelarik orain dela gutxi, 300 bat erantzun iritsi zaizkio, denak beren ikasketak eginik eta abenturan sartzeko prest.
Hegoaldeari buruz zerbait gehitu nahi nuke. Guk uste genuen Hegoaldeko enpresek izugarrizko indarra zeukatela, eta hona etorriko zirela lantegiak. Eta denborarekin ohartu gara ez zela horrela. Gaur egun Iparraldekook pentsatzen dugu Hegoaldekoei zerbait erakusten ahal diegula, zeren Hegoaldeko ekonomia nolabaiteko autarkia batean bizi izan da, eta indarra, dirua eta jendea baldin badaude, enpresa askok izugarrizko aldaketak egin behar dituzte, merkatu ireki horretan lehian sartzeko. Uste dut Iparraldeko gazte hezitu askok laguntzen ahal dietela hango enpresei, eta merkatu mailan gauza oso ona gerta daiteke hemengo gazteak Hegoaldeko enpresetan lan egitera joango balira. Komertzial horiek biziki eraginkorrak izan daitezke enpresa horientzat Frantzian eta Europan ibiltzeko. Horretarako ohitura zaharragoa baita hemen.
Bestalde, herri bat osatu nahi badugu elkar gurutzatu behar dugu, ez bakarrik manifestaldietarako, eguneroko bizian baizik.
Guretzat Europa erronka bat da, garen bezala lehiatu behar gara. Gure burua ezagutarazi, gure nortasuna azkartu eta kanpora ireki. Boluntarismo pixkat behar dugu, baina gazteek egin beharko dute. Gazteek izugarrizko baliabideak dituzte.
A. Euskal Kultur Erakundeko lehendakaria zara. Hirugarren urtea da kargu hori hartzen duzula, nola gertatu da hori?
R.K. Lehendakaritza hartzea eskatu zidaten, lehenago Euskal Kultur Etxean ardura bat izan nuelako eta esperientzia honen baliatzeko, aurreko urteetako lana baliagarri daitekela adierazi zidaten. Egia erran daukadan lekua bitartekari bezala ikusten dut. Kooperatibismoari esker harreman asko izan nituen Administrazioarekin, beraz, ezagutzen ninduten eta nitaz fidatzen direla uste dut.
A. Zer desberdintasun ekarri du EKEk?
R.K. Diferentzia izugarri bat gaiari buruz. Lehen Kultur Etxea zen Euskal Herriko kultura bultzatzeko egina, eta EKE egina da soilik euskal kultura bultzatzeko. Hori onartua izan da ofizialki. Bestalde, frantsesek ideia bat zeukaten, eta daukate: beraientzat kultur zentro bat artista ezagunen promozioa egiteko leku bat da. Aldiz guk, euskaldunok, ez dugu kultura horrela ikusten. Guretzat kultura herriarena da, eta elkarteen bitartez eraman nahi dugu.
Txomin Hegik hitzaldi batean parte hartu berri du Parise inguruan. EKEren lana eta helburuak xeheki eman ditu, eta esperientzia oso interesgarritzat jo dute, beste ordezkariek ez baitzuten horrelakorik ezagutzen.
A. Nola ikusten ditutzu Administrazioa eta hautetsiekiko harremanak?
R.K. Uste dut Joxe ministroari asko zor diogula, manu batzuk eman baititu noizbait, ulertu baitu Euskal Herriari bere bidea egiten utzi behar zitzaiola, bederen kultur sailan. Ohartu naiz pasatu denetik kultur ezagupen hori anitz erraztu dela. Daukagun prefeta gizon biziki irekia dela ere erran behar da, kultur handikoa, arras atsegina eta harremanak hobetzen bidea erraztu duena.
Momentuan pixkat kritikoa naiz egiten den kulturari buruz. Nire iduriko, kultura kontestatario bat egiten da, ez eraikitzailea. Orduan nahiago dut EKE bat eraikitzen ari hondamen leku bat ikusi baino. Horregatik inguruak lasaitzen saiatzen naiz daukadan lekutik. Gauzak aldatu dira bozketei esker, eta gaur egun hautetsiek ere onartzen dute euskal kultura lagundu behar dela.
A. Bayrouren izendatzeak aldaketak sortu al ditu?
R.K. Nik diodana da «ikus eta sinets». Berari ere errana diot. Gogoratu ez garela Nafarroako aurrekontura iristen. Hangoa lau edo bost aldiz hadiagoa da euskaldun kopuru berdintsuarentzat.
Ixabel Etxeberria
34-38

GaiezKulturaKultur ErakEKE
PertsonaiazKANBLONG1
EgileezETXEBERRI11Kultura

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude