"Unibertsitatea topagune zabala da gauzak aintzinaratzeko"


1991ko uztailaren 07an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Baionako UEUko antolatzailea den Edurne Alegriari elkarrizketa.

Edurne Alegria, Baionako UEUko antolatzailea
"Unibertsitatea topagune zabala da gauzak aintzinaratzeko"
ARGIA.- Zein da UEUren kezka nagusia?
E. ALEGRIA- Kezka nagusia bere bokazioaren norabidea da. Ea sortu zuten arrazoinek oraindik irauten duten. Hain zuzen, hiru egitasmorekin sortu zen: Euskal Herrian unibertistate euskalduna eraikitzea, nazionala beraz, lurraldetasun osoa kontutan hartuko zuena eta herrikoia... Orain, jakin behar da puntu horiek lortu diren ala ez. Ez dago gaur egun unibertsitate ofizial euskaldunik. Lurraldetasuna ez da lortu eta herrikoitasuna, hori zailago da naurtzea. Nire ustez UEUk badu oraindik arrazoia izaiteko.
A. Zertan dago momentoan Iparralden, unibertsitatearen egoera orokorra?
E.A. Hemen eskaera bat badago, leku askotatik etortzen dena, hemen unibertsitatea behar bait da, orduan batzuk unibertsitate frantsesa eskatzen dute, eta guk horri euskalduna izan dadin edo, bederen, euskara kontutan har dezan gehitzen diogu. Unibertsitate batek izugarrizko eragina dauka kulturan, ekonomian, garapen bat ekartzen du, topagune zabal bat da gauzak aintzinaratzeko.
A. Nortzuk dira UEUko klaseetara hurbiltzen diren ikasleak?
E.A. Ikaslego inportanteena irakaskuntza mundutik etorri zaigu orain arte. Formakuntza beharra sumatzen da euskararen irakaskuntza zabaltzen denetik eta hemen ez da eskola normalik euskaraz erakusten duenik... Hutsune bat bada, klase elebidun gehiago sortzen dira, beraz, irakasle formatuak behar dira ere. Badakigu UEUren bokazio osoa ez dela baina ikusiz hemen zeintzu diren beharrak, behar hori betetzeko prest gaude. Ez dut horrekin esan nahi eskola normala bihurtuko garenik, aste betez ezin da hori egin, guk egiten duguna da bideak zabaldu, zubiak pausatu, jakina da Hegoaldean eskola horiek badaudela.
A. Zer nolako antolaketa duzue?
E-A. Lehen biltzarrak martxoan hasten ditugu, interesatuak deitzen ditugu eta beraiek etortzen dira beren eskaerekin, gero horren arabera antolatzen dugu astea. Iraksleak biziki gogo onez etortzen dira, hegoaldekoek hemengo egoera ezagutzeko parada dute lan konkretu baten bidez, eta hemengo batek klaseak eman ahal baditu berari lehentasuna uzten zaio. Zailena nire iritziz, mahai inguruak antolatzea da. Alta oso inportanteak dira, horien bidez unibertsitatea ez dela bakarrik gai akademiakoak aipatzeko leku bat erakutsi nahi dugulako. Horrela aurten aipatu den gai bat kirola da, kirolari batzuek bere euskalduntasuna agertzeko arazoak izan dituztelako. Federakuntza frantses eta espainolak daude baina euskal kirolariek beren nortasuna agertu nahi lukete.
Myriam Gartzia
Ixabel Etxeberria
32

Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Unibertsita\UEU
Pertsonaiaz\ALEGRIA2

Azkenak
Eguneraketa berriak daude