«Ezker abertzaleak aldaketa prozesu bati ekin zion 1 987an»


1991ko otsailaren 10an
Francisco Letamendia "Ortzi"
«Ezker abertzaleak aldaketa prozesu bati ekin zion 1 987an»
Burgosko Epaiketan abokatu lanetan ihardun zuen. l972-1975eko tartean exilioa ezagututakoa. 1977 eta 1979an Kongresuko diputatua, lehenbizikoan Euskadiko Ezkerratik eta ondoren Herri Batasunatik. 1982an Pariserako bidea hartu zuen eta bertan ekin zion burutu berri duen tesiari, "Euskal Nazionalismo erradikala Erakunde armatuak eta talde politikoak». Tesia barne duen zortzi liburutako bilduma bat argitaratu berri du oraitsu Sendoak. Zortzi urtetako lanaren ondoren gustora dihardu Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle gisa, Informazio Zientzien Fakultatean.
ARGIA. Historikoki aipatu izan da euskaldunak beti egin izan diola aurre kanpotar inbasioei, ez dela okupatua izan eta abar. Zer da hor mitoa eta zer errealitate?
ORTZI. Talde etno-nazionalak identitate ezaugarri batzuen inguruan egituratzen diren taldeetan oinarritzen badira ez dago dudarik badagoela eromu sinboliko funtsezko bat , hizkuntzarena, talde etno-nazional euskaldunarena dena. Eta talde horrek arrakastaz eutsi die beste kultura batzuei, horren adierazgarririk onena hizkuntza hori indoeroparraurrekoa dela eta oraindik zutik dirauela. Bestalde, giza taldea eta ingurunearen arteko harremana aztertzen duten geografoen ustez, mendietako herriek beren ezaugarri etnikoak mantenarazteko joaera handiagoa izan dute lautadetakoak baino. Hori ikusten da baita ere gaur egungo Euskal Herrian.
A. Zure lanean murgilduz, laburbilduz zeintru dira ateratako ondorioak?
O. Argi dago, Euskal Herrian bi eratako gatazkak daude orohar, estatua duen herri baten nazionalismoa eta estatu bako nazionalismo baten artekoa. Eta gero bada Autonomi Estatutua onartzen dutenak eta berau onartzen ez duen nazionalismo erradikalaren inguruan biltzen den populazio eremua.
Tesian etengabe jartzen ditut aurrez aurre euskal nazionalismoa eta espainiar nazionalismoa. Beraz, euskal nazionalismoaren faseak aztertzeaz gain espainar nazionalismoa ere aztertzen dut . Nazio-estatuek euren nazionalismoa ukatzen dute, guk argi dakusagunean nazionalismorik ahalmentsuenak direla. Estatu bako herrien nazionalismoa beti sortzen da aurretik sortutako nazionalismo bati erantzun behar diolako. Euskal nazionalismoaren azterketa sakon bat egiteko beharrezkoa da lehenbizi espainiar nazionalismoaren azterketa serio bat egitea. Historiografia liberalak -estatuko unibertsitateetan eta EHUn batik bat nagusi dena– esoainiar nazionalismoaz mintzatzen denean, nazionalismo frankistaz hitzegiten du eta berau desagertzean bada ez dago espainiar nazionalismorik. Eurentzat geratzen diren bakarrak nazio bako nazionalismoak dira, psikopatologiatik gertu, euskal nazionalismoa modukoak... Historiagile liberal eta sozialdemokraten –gaur egun jada ez dago ezberdintasunik ia– ikuspuntua da, eta oinarri zientifikorik gabekoa. Gaur egun adibidez, euskal nazionalismo autonomikoa eta erradikala aztergaitzak dira nazio-estatu berriaren ezaugarriak kontutan hartzen ez badira.
A. Eta zeintzu dira ezaugarri horiek?
O. Ezaugarri hauek dira balizko modernizazioa eta abar, nazio espainiarra nagusi den autonomien estatua eta hirugarrenik espainiar nazionalismo zaharraren eragina. Euskal nazionalismoak eta nazionalismo arradikala –batik bat talde armatu baten izateak– nazio-estatuaren espainiar nazionalismoa indartzen du. PSOEren nazionalismoa hiru ezaugarrien bilgune bat da, nazionalismo zahar liberal-modernizatzailea, autonomien estatuaren izatea non ama nazioa Espainia den, eta nazionalismo zaharra. Aliantza bat gertatzen da oraindik estatu aparatuetan oso sustraiturik dagoen nazionalismo zaharra eta berri horren artean. Prozesu konstitugilean autodeterminazio eskubidea modu esistentzialista batean bota zen atzera, ez zen eztabaidatzen, "hau Espainia da eta kitto".
Nazio-estatuek euren beharrei erantzuteko autonomien estatura edota estatu erregionalera jo behar dute. Estatuen partehartze eta planifikazio maila handitu ahala erregioen egitura honen beharra gero eta handiagoa da.
A. Azkenengo hamarkadetan ETAk modu berezian nabarmendu da euskal nazionalismoan. Ze nolako garapen izan du hamarkada hauetan.
O. Lau fase daude. Lehenbiziko batean erantzun biolentzia bat dago, EKINek (eta batzutan EAJren gazteriak ere) egiten duena eta ETAren sorrera eta hizpahiru urte geroago arte irauten duena, 1962-63a arte. Hemendik aurrera fusio edo totalizazio prozesua ematen da, aurreko diskurtsoari jarraitzen zaio baina ekarpen funtsezko bat egiten zaio, hots, Hirugarren Munduan diharduten nazio askapen mugimenduetan bezala biolentzia da nazio ardatzaren sortzailea. Talde armatua iraultzaren protagonista moduan definitzen da. Guzti hau biltzen duen kontzeptu bat sortzen da, "gerra iraultzailea". Hemendik aurrera ETA iraultza aurrera eraman behar duen estatu taldea bezala definitzen da. Baina 1965ean "gerra iraultzailearen" kontzeptua atzean geratzen da eta "ekintza-errepresioa-ekintza" kontzeptua sortzen da, biolentziari modu arrazional batez funtzio instrumental bat ematen zaio, lotan eta geldi dagoen euskal hiritar kolektibitatearen kontzientzia iratzar araztearen funtzioa ematen zaio hain zuzen. Biolentziaren erabilera maila txikia da baina nahiko modu azkarrean sorrerazten du ETA legitimatzen duen komunitate nazional bat, 1968 eta 1972 arteko epean batik bat errepresioaren aurkako komunitate moduan egituratzen dena.
A. Gero (p-m)ak eta militarren arteko eszisio kontuak datoz...
O. Ondoren, hirugarren eta laugarren faseak datoz. Nukleo armatu hori estatu-talde bezala definitzen da lehenbizi (72-74ko urteetan) eta hurrengo urratsean errepresio komunitateak nukleo armatua legitimatzen du. Azken hau 1962tik apur-apurka gertatzen da, 1983a arte, "KAS bloke zuzendaria" ponentzia gauzatzen den arte. Gaur egungo nazionalismo erradikala beraz lau mailatan egituratzen da: ETA "KAS bloke zuzendari aren abanguardia moduan", "KAS bloke zuzendaria" abanguardiaren ordezkari gisa, HBren inguruan egituratzen den herri batasuna zeinak KASen zuzendaritza onartzen duen, eta laugarrenez. NAEM (Euskal Nazio Askapenerako Euskal Mogimendua), bi mogimenduren uztartzetik datorrena. ETAtik etorritako mugimendua eta subiranotasun nazionala eta independendentziaren aldeko mogimendu herritar guztia. Bederatzi urte daude prozezu honen gauzatzean, ETA militarraren 1974ko urriaren Agiritik 1983ko "KAS bloke zuzendaria" arte.
Nire ustez gaur egun arte dirau honek baina bi aldaketatxorekin. Bizkaiko HASIko zuzendaritzak "alderdi zuzendaria"ren inguruan duen ikuspuntua, eta 1987ko "KAS bloke zuzendaria"ren gehigarria non alderdi zuzendariaren planteamenduaren desbideraketa zuzentzen den.
A. Historia egitean gatazka frango aterako da segurasto, ez? Horrez gain, zuk historia aztertzeaz gain bizi egin izan dituzu oso gertutik une horiek.
O. Bai, bai. 1978-1980a artean oso mogimendu asanbleario gogorra izan zen eta hori HBrengan ere isladatzen da, zenbait pertsona independientek ohiartzuna hartzen du HB mailan. Monzón, Castells, Ni neu, Periko Solabarria... Une batean KASn–HASIn batik bat– bada horrek eskutatik alde egingo dion beldurra, HB alderdia bihurtuko denaren beldurra alegia. HASIk onartu egiten du egoera hori ondo datorkiolako, eta horrela 1987a arte –alderdi zuzendari gisa–berak eramaten du ia zuzendaritza politikoa. Eta honek eragiten du zelabaiteko geldiune bat, HBk –herri batasuna moduan egituratu arren eta abangoardia bat onartu– bere ihardun sozialean bere ezaugarri multzoa eraikitzen duelako: mogimendu autonomikoaren gaitsezpen frente modura egituratzen da, errepresioaren aurkako erreferentziak sorrerazten ditu, magimendu erradikal berriekin egiten du topo...
Mogimendu sozial handi eta zabal hori denboraldi batean HASI moduko talde baten esku geratzeak aipatutako geldiune hori sorrerazten du. 1987tik aurrera gauzak aldatu egiten dira apur bat, ihardun sozialean sortu berri diren mogimenduetan lan egiten duten HASI moduko erakunde dinamikoek indarra hartzen dute. Negoziazioaren kontzeptua ere aldatzen da apur bat. Orain adibidez, HBk zeregin garrantzitsu bat izango luke negoziazioaren ondoren...
Dena den nik uste dut aldaketa prozesu horren hasieran besterik ez gaudela. Oraindik asko falta da eta nik beharrezkoa ikusten dut gardentasuna, ezker abertzaleak bere gauzak kaleratzearena. Eta maila honetan adibidez uste dut Egineko eritzi orrialdeetan askoz ere gehiago eztabaidatu beharko litzatekeela ezker abertzalearen garapen eta kontraesanetaz, bere mesederako gainera zalantza barik. Uste dut une honetan badaudela tapoi batzu eta horietako bat Eginekoa. Ez da jokaera ona gauzak eztaltzea eta ezer kaleratu ez dadila.
A. 1982an Pariseko bidea hartu zenuen. Gauza asko esan ziren Parisa alde egin zenuenean. Azalduko zenituzke gora behera haiek.
O. 1987tik aurrera gertatutako gauza askok arrazoi apur bat eman didatela uste dut. Ni ez nengoen batere ados HBk KASekiko zuen subordinazio mailarekin, eta gaur egun ere ez Nik uste dut HBk bere identitate ezaugarriak dituela eta harremanak subordinaziozkoak baino koordinaziozkoak izan behar dutela. 1980an ekin zitzaion printzipio horri eta KAS guztia zegoen ados berarekin. Burutu ziren zenbait lanen arabera HBren eginbeharra errepresioaren aurkako mugimendua zuzentzera, kanpo harremanetara eta eremu instituzionalera (baina KASen subordinaziopean) mugatu behar zuen.
Uste zuten independienteren batzuren nahi HB alderdia bihurtzea zela eta hori ez zen horrela, beste arrazoi batzuen artean ez zelako hori nahi eta independienteok ospea bai baina indarrik ez genuelako. Garai hartan HBk errepresio handia jasan zuen, oso inguratuta zegoen eta egoera horietan egiturak ere asko estutzen dira. KAS mailan akatsak onartzea ez da erraza baina nik uste dut 1987-88an hasi zen prozesuarekin koordinatze prozesua horretaranzko urratsak ematen ari direla. Baina nire ustez hasi besterik ez da egin.
A. Eta oraintsu Txema Montero eta beste zenbait pertsonarekin gertatu denak ere zure ustez ba al du zerikusirik guzti horrekin?
O. Ez dakit. HBren botu emailea naiz baina ni ez naiz HBko militantea, orduan ez dakit gauzek nola funtzionatuko duten gaur egun eta ez dakit eztabaiden nondik norakoaz, baina suposatzen dut prozesu berberaren eztenkadak izango direla. Nik beti apoiatuko dut HBren pisu politikoaren gehitzea suposatzen duen guztia.
A. Zure lanean ezker abertzalearen zatiketa ere landu duzu modu sakonean.
O. 1976an jadanik ETA (pm)ren egitura politiko militarra aurrera eraman ezina da. Baina Otxagabiako planteiamendua ere ez zen zuzena, nahiz eta garai hartan askok sinistu genuen hartan. Borroka armatuaren garapenean jarrera logikoena ETA militarrak eraman izan duena da, hots talde estatu baten egituratzea, eta hori bermatu eta egungo gizartearen aurka egingo duen gizarte eremu bat sorreraztea. Suposatzen dut Irlandan eta berdin funtzionatuko duela.
Otxagabiako planteamenduetan borroka armatuari burgesiaren kontrako funtzio instrumental soila ematen zaio. Borroka armatuak beti eramaten ditu muturretara gauzak eta biolentzia legitimatzen duen taldea barne etsai modura hartzen du aurkako muturrak (kasu honetan bi, espainiar esttatua eta "pakeraren aldeko frentea").
A. Eta ETA (p-m)ri dagokionean?
O. 1978-79an borroka armatuaren oso erabilera txikitik borroka horren erabilera terrorista batera iragaten da, populazio zibilaren aurka... ETA abanguardia eta ETA (p-m) erretaguardiaren eskema hori apurtzen hasten da. EIAk gero eta gehiago baztertzen du borroka armatua, borroka instituzionala eta hauteskundeetan gero eta indar gehiago jarriz, baina "borroka" hitza gero eta gehiago baztertzen da bere ordez "partehartze'' nagusituz.
1981-82 biolentzia estrukturala eta instrumentalari buruzko diskurtsoa desagertu egiten da eta EIA aterabide negoziatuaz hitzegiten hasten da baina aterabide honek borroka armatuaren amaiera suposatzen du. Hala ere, hasieran diskurtso bera jarraitzen du, Amnistia, Nafarroa, indar errepresiboak... Eta hor ematen da (p-m)en arteko eszisioa, VII. eta VIII. asanbladak. Orduan hasten dira zortzigarrenekoak Auzolanekin mogimendu politiko berria bultzatzen nahiz eta honek ere porrot egin. EIA eta EPK-k bat egiten dutenean borroka armatuak berea egina zuen. EIAk aktiboki jokatzen du horren alde eta Nueva Izquierdak esaten du "desagertu behar bada desagertu dadila berez, baina guk ez dugu espreski hori bultzatuko".
A. Zein da prosesu horren elementu klabea zure ustez?
O. Hemen funtsezko gertakizun bat dago, bergizarteratzearen agerpena eta onarpena. Berorrekin estatuarekin identifikazio bat gertatzen da. Horrek baldintzatuko du etorkizuneko EE. Eta orduan hasten dira EEkoek desmitifikazio prozesua deitzen dutena, hots, independentzia, iraultza eta estatu sozialistaren desmitifikazioa. Estatu autonomikoarekin identifikatzen da eta horrela aurreko guztiarekin apurtu beharra du. Erabateko kontraesana sortzen da, lehenbizi –nahiz eta erretagoardia izan– estatuaren antagonikoa den talde armatu batekin identifikatzen zara eta ondoren gartzelatik ateratzen zaituen estatuarekin identifikatzen zara. Gero 1983tik 1985era EEk planteiamendu eurokomunista baten barruan oraindik PNVrekin hauteskundeetan lehiatuko den ezkerreko talde indartsuan amezten du, baina ikustean hori ez dela inolaz ere posible EEk eremu autonomikoan leku bat hartzea besterik ez du nahi. EE, beraz, iragan barik geratzen da eta prozesu guzti horren amaiera 1988an gertatzen da Konstituzioaren onarpenarekin. Estatuarekiko tentsio gune bakarraren desagerpena suposatzen du honek. Eta gaur egun EE edozein gauzetarako balio duen alderdi bisagra da. Egungo partehartzea gobernuan adibidez, gaurko ogia baina biharko gosea da.

NORTASUN AGIRIA:
1944ko otsailean jaio zen Donostian
Algortan bizi da
Urte gorabeheratsuak bizi ondoren bere ametsetariko bat beterik: Doktorea Pariseko VIII. unibertsitatetik, «Tres honorable»arekin
Abokatua eta irakaslea EHUn
Bizitza intelekuala politikoa baino nahiago
1981a bizitzako urterik larrienetakoa iragan zuen
"1982an, Parisen nire buruaz beste egin izan banu ez zatekeen arraroa izango"
Zinea, artea, bidaiak eta armonika jotzea gustoko

Xabier Letona
35-39


GaiezPolitikaEuskal HerrHistoria
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazLETAMENDIA2
EgileezLETONA1Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude