"Ez gara artista eta ez aktore, saltsero baizik"


1990ko azaroaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Xabier Otaegi eta Jose Ignacio Ansorena pailazoei elkarrizketa

XABIER OTAEGI JOSE IGNACIO ANSORENA
"Ez gara artista eta ez aktore, saltsero baizik"
Tomavistas kaskar batekin bakero pelikula bat eginez hasi ziren haurrak dibertitzen. Pailazo sartu ziren. Showman profesional gero. Bitartean, BBVko langile bata, Kontserbatorioko musika irakasle bestea Donostiar donostiarrak. Kixki eta Mixki ziren. Txirri eta Mirri dira. Xabier eta Piter. 1972tik gaur arte elkarrekin dabiltza, umoretsu, Xabier Otaegi eta Jose Ignacio Ansorena.

ARGIA. Zortzi pertsonai elkar hizketatzera etorri naiz: Kixki, Mixki, Txirri, Mirri, Xabier, Piter, Otaegi eta Ansorena. Besterik ba al dago nire aurrean?

XABIER OTAEGl. Bai, asko dira.

JOSE IGNACIO ANSORENA. Baina denak oso antzekoak. Badira bada, Zurine eta Garbiñe atsoak, bada gu ere atsoak bezalakoak gara.

X.O. Baina azkenean bi pertsonaia dira hor barnean daudenak, dei itzazu Xabier eta Piter ala dei itzazu nahi bezala, bi tipo baino ez dira. Guri gertatu zaigu denbora labur samarrean pertsonaia asko egin behar izan ditugula.

J.I.A. Eta batez ere batzuk indar handi xamarra hartu dutela.

X.O. Maiteenak zein ditugun galdetzen zaigunean, beti erantzuten dugu Txirri eta Mirri direla, bada, esperientzia gehiena hanekin daukagulako, eta ondoen menperatzen ditugulako.

J.I.A. Esango nuke Txirri eta Mirrik kasik, beraiek menperatzen gaituztela gu.

A. Plazetan ez al zarete gehiago Kixki, Mixki eta Kaxh-amelull bezala ibili?

X.O. 1975-76 garaia izan zen gogorrena. Guztira, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon bezala 300 aktuazio emanak izango ditugu. Garai hartako afizionatu talde batetan 300 saio ematea sineskaitza zen. Herri guztiak pasa genituela esan daiteke.

A. Donostiar batek esan dit zuek euskarara bikoiztutako 'bakero' pelikula ikusi zuela 1970 inguruan.

J.I.A. Bikoiztuta ez, guk egina zen! Kontatu al dizute hori ere? Hemezortzi urte inguru genituen orduan. Saltsero batzuk ginen, alde guztitan genbiltzan. Antzerkian hasi ginen. 'Atzipetutako Leoia' izan zen lehenengo obra. Horren inguruan haurrentzako jaialdia antolatzen genuen, eta hor atera zen pailazo batzuen beharra. Pelikulak egitearen kontua ere orduan bururatu zitzaigun. Neska batek bazeukan tomabistas kaxkar bat. ..

X.O. Superrotxo ez zen sikiera.

J.I.A.....eta 'Txarko roxa' pelikula egin genuen, `Rio Bravo' zela eta. Han ibili ginen indioarena egiten. Huraxe izan zen lehenengo pelikula. Gero egin genuen beste bat, 'El enfermo', gero 'To be or no to be'... Baina txarrak, e.

A. Saltsa horietan zer dela eta sartu zineten?Artista senak bultzatuta, euskaltzaletasunak eraginda. ..

X.O. Guk ez dugu artista, artista esango nuke, izateko senarik. Garai hartan ez zegoen euskal dibertsiorik haurrentzat, eta pentsatu genuen pailazoena edo txotxongiloena izan zitekeela hutsune hori betetzeko bidea. Euskaraz noski, euskararen arazoa zelako bultzatzen gintuena. Erraztasunagatik seguraski pailazoen mundura sartu ginen. Lotsagarri samar, orain ez genuke hori egingo baina, gure ez jakintasun horretan, bada, aurrera mutilak!

J.I.A. Ideiarik ez! Ideiarik ez!

X.O. Baina ausardia bai.

A. Garai hartako pailazo' bakarrak zuek zineten. Hor bide bat markatu duzue, ezta?

X.O. Hori nahi genuen prezisamente. Garai hartan, 1972an, kantariak tope topean zeuden. Bazeuden lehen mailakoak, Lertxundi, Lete, Laboa, eta bazeuden bigarren errenkakoak, haien poderioz sartzen ari zirenak. Pentsatu genuen agian pailazo euskaldun batzuk hasiez gero, atzetik etorriko zela gehiago. Eta kale egin genuen! Orain, ordea, badaude: Kokox, Kakax eta Kirriki, Kixkur, Koxkor eta bestea, hor daude Lasartekoak...

A. Zuen eskema berarekin jokatzen al dute?

J.I.A.Ez,ez,ez.

X.O. Plazatan gehiago ibiltzen dira, eskenatokitik ihes egiten dutela esango nuke. Animazio pailazoak dira eskenariekoak baino. Guk gehiago jo izan dugu espektakulartasunera.

J.I.A. Nahiko garbi ikusten genuen euskal haurrek idolo antzeko batzuk behar zituztela, modeloak. Leku guztietan gertatzen da. Micki Mouse eta abar zeuden baina beti kanpotik zetozen.

A. Lortu al zenuten idolo izatea?

J.I.A. Neurri batean bai.

X.O. Ez ginen horren bila joan ere, ez zen idolo izan nahi genuela.

J.I.A. Guk ez, baina bai Txirri, Mirri eta Txiribitonek.

A. Lortu al duzue pailazo hizkera berezirik?

X.O. Berezia ez. Lortu duguna da umeentzat ulergarria den hizkuntza.

J.I.A. Lanak eman dizkigu euskarak, e. Alde batetik, Euskal Herri osoarentzat ulergarria den hizkuntza erabili behar genuen, eta ez telebistan hasi ginenetik bakarrik. Euskara batu antzekoa egin behar genuen, baina bestetik kolokiala. Ezin da egin telebistako bikoizketetan egiten den bezalako euskara hotza. Eta bariatua, Txirrik era bateko hizkera du eta Mirrik bestelakoa. Erregistro desberdinak sortu behar ziren.

A. Kixki eta Miskitik Txirri eta Mirrira pasa zinetenean izena aldaketa soila izan al zen?

X.O. Hirugarren pertsonaren aldaketa izan zen.

J.I.A. Kaxkamelon egiten zuen tipoarekin istilua izan genuen. Istorioa triste samarra da. Berak erregistratu egin zituen izenak, eta galerazi egin zigun erabiltzea. Orduan istilutan has gintezkeen, baina izenak aldatu genituen eta kitto.

X.O. Lan moldea ere aldatu genuen. Ordura arte Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek herriz herriko jaialdiak egiten zituzten. Hura gainera hiltzen ari zen poliki poliki. Agian jarraituko zuen, baina behintzat garai batean eduki zuen zera hori gabe. Euskal Telebistaren eskaera ondo etorri zen gauzak argitzeko eta esateko: bueno, non gaude, noraino iritsi gara eta zer egingo dugu. Beste planteamendua zen, ETBrentzat lan egitea, lan profesionalean sartzea...

A. Planteamendu profesionalari heldu zenlotenetik erronka handiena, agian, 'Funtzioa' izan zen. Zuzenean egitea...

X.O. Tira, horrelako gauzetan bagenuen esperientzia. Telebistan bertan eginak genituen hiru programa.

J.I.A. 'Don Don Kilikon' saioa zela eta nahiko nazkatuta bukatu genuen telebistarekin. Grabaketak aspergarriak iruditzen zitzaizkigun. Ordu asko pasatzen ziren, beroa... Haurrak dibertitu beharrean askotan aspertu egiten ziren, hainbeste ordurekin.

X.O. Oso pisua egiten hasi zen hori. Eta enpresa handi batekin lan egitea... Gaizki, gaizki.

J.I.A. Eta 'Funtzioa' eskaini zigutenean hasieran ezetz esan genuen. Gu ez gara ez artista eta ez aktore, saltsero baizik. Baina insistitu ziguten bastante, eta baietz baina baldintza bat jarri genuen, zuzenean egitea. Zuzenean egitea zoramena da, oso ona. Teatroa bezala da, pim, pam, pum! Disfrutatu egiten da. Eta gidoian ez daudenak gertatu eta inprobisatzen hastea... Horrelakoak gidoi barruan doazela uste du jendeak baina...

A. Entzun dut umore errazegia egiten duzuela. Puskerra, kaka, txisa...

X.O. Umeentzat txixak eta kakak eta puskerrak erabili izan ditugu, baina beste arloak ere landu ditugu, txiste politikoak erabili izan ditugu, txiste berdeak... txiste intelektualagoak bastante, baina agian asko galdu egiten dira. Baina argi dago telebistan ez dagoela umore zailegia egiterik. Ihesi egiten da erabat.

J.I.A. Umoreak ezin du izan intelektualegia. Umorea da umorea. Bere punttuan. Ez intelektualegia, eta ez ez-intelektualegia. Umorea, azken finean, distortsioa da. Gu ez gara beste munduko artistak, orain, kantitatea egiten dugu.

X.O. Asteroko kontua da gurea.

J.I.A. Hala ere, kaka eta txixa kontuak, niri behintzat ikaragarri gustatzen zaizkit! Ikaragarri! Txiki txikitatik! Eta pentsatzen dut, hemendik bi mila urtera, munduak irauten badu, kaka eta txixa gustatuko zaion jendea ere izango dela.

A. Telebistan politikoei adarra jo dieten lehenengoak zuek izango zineten.

X.O. Agian bai. 'Funtzioa'rako aurregidoiak egiten hasi ginenean Euskal Telebista bera guztiz beldurtuta zegoen. Lehenengo programetan gidoi guztiak eskatzen zizkiguten Ez ziren zentsurara iritsi baina... Beldurrez zeuden! Kaka eginda!

J.I.A. Tankera guztitako jendea sartu dugu. Batzutan PNVkoak ekarri ditugu, bestetan EAkoak... «Ez duzute Garaikoetxea eramaten», esan izan digute, eta gezurra da, Garaikoetxea gonbidatua izan delako, eta ez du etorri nahi izan. Alderdi guztitatik egon da bat edo beste moskeatu dena.

A. Harritu egin nintzen Joseba Arregi 'Albondiga inauguratzen jarri zenutenean.

J.I.A. Hiru politiko pasa ziren programatik: Arzalluz, Jon Idigoras eta Joseba Arregi. Beste piloa gonbidatu bai baina ez da modurik izan etorrarazteko. Etorri izan direnak oso jatorrak. Problemak bere aurrekoekin izan dira: asesor de imagen eta guzti, eta esan genion, "zuek asesor de imagen al duzue, itxura horrekin?", eta «bai, bai». Hiru tipo ziren eta... hartu zituen hirurak eta, "aide!, popatik hartzera", bidali egin zituen, eta bakar bakarrik geratu zen.

A. 'Funtzioa'ren beste etapa prestatzen ari zarete. Berritasunik izango al da?

J.I.A. Asko ezin dugu aldatu, lehengoak gara eta. Lehen bezain txarrak edo. Urtarrila hasieran hastea nahi dugu, baina zehaztu gabe dago kontua. Eta Gabon gauerako espezial bat egingo dugu. Handiagoa.

A. Jendeak sinesten al du Jose Ignacio Ansorena gizon serioa dela?

X.O. Hori oso zabaldua dago gainera. Jenio txarrekoa ere bada.

J.I.A. Izango naiz, jendeak esaten badu izango naiz. Ez da gauza txarra.

X.O. Kalean doanean duen rictusa oso serioa da, malaletxeduna. Lanean dagoenean tipoa oso serio jartzen da.

A. Txiste kontatzen ibiltzen omen da, aldiz, Xabier Otaegi bere lantokian, banketxean.

X.O. Nik kontatu baino niri kontatu egiten dizkidate. Kontatu egin behar izaten ditut trukean batzuk entzuteko. Baina normalean etorri egiten zaizkit.

J.I.A. Nik baditut baten batzuk beti txiste kontatzen jarduten zaizkidanak. Normalean txiste ezagunak baina tira, badazpada ere, beti antena jarrita joan behar. Jakinduria herrikoia ezagutu egin behar da.

A. Nahiko berriki egin duzuen ikuskizuna 'Egunkaria'ren aldeko kanpainaren Azken Festa izan da. Belodromoa bete beteta, arrakasta izugarria.

X.O. Hura izango zen seguraski gure aurrean jende gehien bildu duen saioa.

J.I.A. Benetan pozgarria izan zen. Horrelako saltsa asko montatu ditugu, baina horrelako jendetza... Pozgarria izan zen ikusten genuelako jendeak jasotzen zuela. Emozionantea.

X.O. Gainera, oroitzen naiz, Gontzal Mendibil kantatzen hasi zenean, jendeak txiskeroak atera zituen garai bateko kantaldi zaharretan bezala. Baina ez zen hori bakarrik izan: garai bateko jaialdien eta aurrera atera ahal izateko ekintzen giro hura sentitu genuen han.
Lepo leporaino bete zen.

J.I.A. Gure oroitzapenik ederrenetarikoa da.

A. Ea ba hurrengo elkar hizketa 'Egunkaria'rekin egiten duzuen.

X.O. Laster, espero dugu.
Imanol Murua
"Pailazo euskaldun batzuk hasiz gero, atzetik gehiago etorriko zirela pentsatu genuen, eta kale egin genuen!"
"Umoreak ezin du izan intelektualegia. Umorea da umorea. Bere punttuan".
30-34


Gaiez\Kultura\Antzerkia\Pailazoak
Pertsonaiaz\ANSORENA2
Pertsonaiaz\OTAEGI4
Egileez\MURUA2\Kultura

Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude