Ramon Barea: "Santa Kruz apaiza sinesgarri bihurtu behar izan dut"

Ramon Barea aktoreari elkarrizketa.

Tudurik zuzendutako "Santa Kruz apaiza" Donostiako Zinemaldirako prest
Ramon Barea: "Santa Kruz apaiza sinesgarri bihurtu behar izan dut"
Angel Amigok ekoiztutako pelikularen osaketa bukatuta dago jadanik, ahotsak bikoiztuta eta Pascal Gaigne-ren musika erantsia. Errodaiaren gora-beherez mintzo zaigu Santa Kruz apaizaren papera betetzen duena, Ramon Barea aktorea.
"Bakeroen pelikula bat da 'Santa Kruz Apaiza ' baina kasu honetan bakeroek txapela daramate". Halaxe dio Ramonek, edo Santa Kruz-ek, produkzio berri hau hitz pare batean definitu nahian.
"John Houston-en pelikulen elementu klasikoak ditu: koadrila, pertsonaia sekundario oso inportanteak, tabernak, mendia, borrokak, traizioak...".
ARGIA. Azal iezaguzu zein den gidoiaren muina.
RAMON BAREA. Santa Kruz apaizak zuzentzen zuen gerrilaren azken hiru hilabeteak kontatzen dira. Santa Kruz borrokalari izan zeneko azken fasea da, Karlismo ofizialak ez bait du jadanik Santa Kruz karlistatzat jotzen. Partiden gainbeherakadarik handieneko momentutik hasi eta gerrilari honek ihesean muga pasatzen duen arteko pasartea da pelikularen mamia. Santa Kruz misiolari zintzo bilakatu zela eta indio artean karitatea eginez hil zela argitzen duen ahots batek ematen dio amaiera filmeari.
Ez da kronika estua edo apaizaren biografia zehatza egin nahi izan. Sintesira joz, pelikula batek irauten duen denboran, gizon honen funtsezko ezaugarriak kontatu nahi izan dira. Asmatutako pertsonaia baten ikuspegitik azaltzen zaigu Santa Kruz. Azurmendi, Santa Kruzek bortxaz erreklutatu duen gaztea da. Honen maitasun istorioak pisu handia du.
ARGIA. Maitasun istorio hori da, beraz, pelikularen haria.
RAMON BAREA. Ez, Santa Kruz apaizarengana heltzeko aitzakia baino ez da.
ARGIA. Zein da, orduan, bietatik, pertsonaia nagusia?
RAMON BAREA. Paraleloan doaz biak. Azurmendi, pelikulako zintzoa, ikuslegoarekin gehien identifika litekeen pertsonaia da. Berak nahi ez duela, maitasun kontuak tartean dituela, propiotzat ez duen istorio batetan sartarazi dute. Santa Kruz, berriz, pertsonaia karismatikoa da, arraroa. Bapatean agertzen da pelikulan, oso ekintza gogorretan gainera. Biek daramate pelikularen haria.
ARGIA. Zintzoarena Azurmendik egiten du. Nolako itxura du Santa Kruzek?
RAMON BAREA. Santa Kruzi buruz dakiguna oso azalekoa da. Kontatzen diren istorio pertsonalak lasai asko kondaira izan daitezkeen ipuinak dira. Gertaera errealak, ordea, oso gordinak dira.
Jainkoa, aberria, erregea eta foruak ororen gainetik defendatzeak halako gizon gogor, arriskutsu eta erradikalaren fama ekarri zion. Horregatik uste dut, hain zuzen, egin zela hain ospetsu.
Santa Kruzek arazo ideologiko eta pertsonalik latzena jasaten duen momentua da pelikulan jaso duguna, bere tropan ere traizioak ezagutzen ditu. Objetiboki izan zenaren imajina ematen duela uste dut: erabaki drastiko ugari hartzen duen pertsonaren imajina.
Bere kondaira beltza azaltzen da pelikulan, baina gehiegi nabarmendu gabe, gizakume bezala zuen izaerari garrantzia ere eman zaio.
Historiarekin oso zorrotz direnentzat zer edo zer falta dela irudituko zaie ziurrenik. Ohituta gaude, hala eta guztiz ere, Estatu Batuetako sezesio guda aitzakitzat harturik, amodio istorioak ikusten. Hau antzeko zerbait da.
ARGIA. Garai hartako prentsak Santa Kruz gaizkile, hiltzailetzat jotzen du. Jende arruntak, ordea, asko maite omen zuen, babesa eskeintzen omen zion...
RAMON BAREA Santa Kruzen presentzia agresiboa izan ez zen lekuetan edo karlismoarekin bat zetozten herrietan oso imajina idealizatua dute. Pertsona zintzo eta zuzenaren itxura hartzen du, kasu hauetan.
Ahozko tradizioaren heroia da beste ezer baino, oso gauza idatzi gutxi dago. Santa Kruz berpiztu eta bere historia kontatzen jarriko balitz, botako lituzkeenak ez lirateke oso fidagarri eta sinesgarriak izango. Dena dela, bere garaian ulertu beharreko pertsonaia da, gizarte zahar eta berriaren arteko gatazkaren barruan. Arriskutsua da oso paralelismoak eginez euskal kausaren gerrilero zahar sutsua zela esatea.
Pelikula honekin ez da honen inguruko metaforarik egin nahi izan. Gaur egungo borroka armatuarekin zerikusirik balu, kasualitate hutsa luke.
ARGIA. Santa Kruzek, beraz, bere mendetik kanpo, ez du zentzurik.
RAMON BAREA. Ideologikoki behintzat mendez kanpo dago erabat. Tranpak egin daitezke, eta egin dira dagoeneko. Bapatean Santa Kruzen figura erreibindikatu nahi izan da, Telesforo Montzonek, adibidez bere hitzaldi famaturen batean. Omenaldiak ere egin omen zaizkio bere herrian. Baina defendi ezinik asko zuen Santa Kruzek. Armak hartu eta mendian barneratzen den oro ez da euskal kausaren aldeko borrokalariaren eredu. Honek Carlos, erlijioa eta lehengo mendeari dagozkion ideiak defendatzen zituen.
ARGIA. Asko kostatu al zaizu bizia ematea pertsonaia honi?
RAMON BAREA. Errodaia hasi aurretik izugarri, batez ere ideiak garbi eukitzea. Aktore bezala izan dudan egin beharra Santa Kruzen eta nere arteko distantzia murriztea, pertsonaia bera naizela sinestea izan da. Maiz hezur, giharre eta odola eman behar izaten diozu zeure pentsakerarekin bat ez datorren tipo bati. Pertsonaia historikoa denean oso zaila gertatzen da, jendeak kontuak eskatzen bait ditu.
Sinesten duenarekin tinko dabilen pertsona, jendea erakartzeko eta liderra izateko ahalmena zuen gizona azaldu nahi izan dut. Lider karismatiko bat zen Santa Kruz, sinesgarri bihurtu behar izan dut.
ARGIA. Zer moduz zuzendu du Tudurik pelikula?
RAMON BAREA. Oso Ondo. Giro arras polita izan dugu. Bertakoak ginen gehienak, gure artean ezagunak, teatreroak. Ekipo lan handia egon da. Askotan biltzen ginen errodatu behar zen sekuentzia berrikusteko. Tuduriri planteatzen genion gero gure ustea, eta Jose Marik maiz onartzen zituen gure aportazioak. Aipatzea merezi duen gauza izan du zuzendariak. Harek bazekien ederki asko zer istorio kontatu nahi zuen, eta zein girotan kokatuta, baina hasieratik esan zigun, ez zela bera aktoreak zuzentzen oso aritua eta beldur handia ziela, guk hori kontutan hartzeko. Beti utzi dizkigu proposamenetarako bideak pelikula honetan. Aukera izan dugu aktoreok pertsonaiaren jabe egiteko. Eta hori pelikula ikustean nabaritu egingo da.
Garbiñe Ubeda
Ramon Barea, eszena errodatu bitartean zain. Santa Kruzi hezur eta mami ematea zail egin zaiola dio.
Kanpamentuan. Bandera garai hartakoa da. Bi inskripzio ditu josirik: "Patria o muerte" eta "guerra sin cuartel". Buru hezurra, piraten ikurretan ez bezala, elementu erlijiosoa da.
Mikel Garmendia alkatearen paperan. Santa Kruzen partida diru eske joango zaio.
Partida, apaizaren etxearen babesean. Gela iluminatzen ari diren bitartean aktoreak, eszenaren gora-beherak zehazten ari dira.
Carlos Zabala aktorea, "Azurmendi", Santa Kruz apaizarekin batera pelikularen haria daramana.
Ramon Barea, "In Fraganti" atsedenaldi batean argazki makinarekin jolasean. Partidako gehienek elementu erlijiosoak daramatzate soinean. Santa Kruzek balen kontrakoa eraman ohi zuen bihotzaren inguruan.
Tudurik bertako jendea izan du laguntzaile. "Segoviako ihesa"tik aurrera sortu den ekipo teknikoa gaur egun estatu espainoleko onenetarikotzat jotzen da.
Ramon Agirre aktorea, " jaboneroa", pertsonaia historikoa izanik ere baditu fikziozko elementuak. Azkenean traidoretzat joko du Santa Kruzek.
44-47

GaiezKulturainemaFilmeakLuzemetraia
PertsonaiazBAREA1
GaiezKulturainemaAktoreakBAREA1
EgileezUBEDA1Kultura

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude