Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Anjel Sukiari elkarrizketa.
"Elizak oso kritiko izan behar du botere politiko eta ekonomikoekiko"
Apaiz egin zeneko urrezko eztaiak ospatzera etorri berri da Anjel Sukia Goikoetxea Zaldibira. Jatorri apalekoa izanagatik, itzal handiko gizona, kardinalea eta espainiar Gotzai Elkarteko Lehendakaria. Diplomazia erakutsiz, geure galderei aurre hartu die gehienetan, euskaltzale agertu duelarik bere burua. Igande goiza, eta mezetarako dei eginez ari dira kanpaiak...
ELIZAREN baitan kargu guztiak ezagutu ditu Anjel Sukiak: 1955ean Gasteizko seminarioko erretore. Hamar urte beranduago Almeriako gotzai. 1967an Pablo VI.ak Vaticano-ko Kongregazioaren kontseilari izendatu zuen. Almeria, Malaga, Santiago eta Madrileko gotzai izan ondoren 1987an Espainiako Gotzai Elkarteko lehendari orain bitartean. Bi urte lehenago Juan Pablo II.ak kardinale egin zuen.
ARGIA. Aspaldi batean saritua izan zinen ordiziar batekin batera Lekeitioko VII. Euzko-Olerti Egunean. Geroztik, irakurri eta idatzi al duzu? Euskal kulturaren segimendurik egiten al duzu?
ANJEL SUKIA. Irakurri ohi dut eta gustora, gaurko sermoia kasu. Gertatzen da ez dudala denborarik. Segitu bai, irakurri ere bai, asko eta gustora gainera. Orain irakurtzen dudana Bernardo Atxaga da, bere liburu txiki horiek. "Bi letter..." pozgarria da, horrek esan nahi du nola euskaldunek beste hizkuntzekin erdaldunek egin duten bera egin nahi duten. Gu ezin gintezke beste hizkuntza berrietatik bazter gera. Gure giroa eta izaera sartu behar dugu beste hizkuntzetan. "Obabakoak" ere letu nuen eta, hasieran kosta arren, harrapatu ninduen. Harriturik utzi ninduena berriz "Don Quijote..."ren Berrondoren itzulpena izan zen; Tellecheak San Inazioren bizitza idatzi eta beronek itzuli zuen gerora.
ARGIA. Loiolakoaren urtean sarturik gaudenez, zer adierazten dizu Inazioren irudiak?
A. SUKIA. Nire ustez, Inazioren irudia bueltan dator Euskal Herrira. Urte batzu izan ditu atzeratu nahi zena hemendik, izan balitz bezala, ez nuke esango euskaldun txarra baina, ez euskaldun ona. Hori pasa da. Inazio gure Herrian eta kanpo zer izan den argi dago: Euskaldun bat kanporatu eta zer garen erakutsi duena. Ez da nahikoa esatea "ni euskalduna naiz". Hemen egonarekin bakarrik ez da agertzen euskalduna euskaldun legez. Dagoen lekuan sartu eta egin behar du.
Ni lehenengoz apezpiku Almeriara joan nintzen. Punta batetik bestera: Matxitxakoko burutik Gatakora eta Finisterrera handik: Almeriara joan nintzenean euskaldunok oso beneratuak ginen. Iruditzen zitzaien euskal apezpiku bat ez zutela merezi. Egia da, txartel bat genuen joaten ginen lekuetara ondo sartzeko. Garenak bezala portatu behar dugu euskaldunok. Sartu beren giroan, gurea ahaztu gabe, goxo-goxo eramanaz hau gainera.
ARGIA. Haatik, zerorrek diozunez, azken urteotan badira aurpegi ilunak gure gizartean.
A. SUKIA. Mundu osoko gizarte guztietan ere. Gauza bat, oso inportantea dena, Eliza zabala da eta mundu osoan hedatua. Herriak era berean geroz eta irekiagoak daude, gure Herrian suertatzen dena gertatzen da gainontzekoetan. Haiekin geroz eta komunikatuago gaude, Jainkoari esker. Geure geuretasuna galdu gabe. Horregatik, hemengo zailtasun eta arazoak besteetakoak dira.
ARGIA. Baina dirauen komunikazio-ezak elika dezake geure arazoaren hazia. Demagun bortxakeria...
A. SUKIA. Nik egia esango dizut. Hemengo bortxakeria non ez dago gaur? Non ez ikusi orain? Colombiatik nator eta uste dute bortxakeri hau Espainiakoa dela eta Espainian euskaldunena dela. Espainian ordea, izan dira idea eta biolentziazko magimenduak. Halabaina, guk geurok hala dela uste dugu, konplexua dugu. Ez luke halabehar, ez da ona arazoa ongi konpontzekotan. Den horretan planteatu behar da arazoa, bere izaera unibertsalean.
ARGIA. Elizarekin lotuz, euskal apaizgoa kritikatua izan da, kutsu bat duela eta.
A. SUKIA. Begira, eta Ameriketara joan den beste kleroa? Torres eta Perez ez dira euskal apaizak. Hori dena garbi eduki behar da, ez gure partea ahazteko, prolema ondo planteatzeko baizik, eta ditugun posibilitateak aztertzeko. Horrek zuzenduko du arazoa.
ARGIA. Beraz, euskal arazoa planteatzen hasi behar gara, hitz egin eta hitzarmen (...)
A. SUKIA. Batez ere hemengoak eta kanpokoak. Guk kanpokoari hau egiten diogu... Hemen diodan bera diot Madrilen ohiz. Piskanaka idea sartu egiten da. Hori egin behar dugu; egin ezean ez dugu konponduko etxea.
ARGIA. Gainontzean, nola dakusazu euskal gizartea?
A. SUKIA. Gizarte honek eraman-behar gogorrak jasan ditu. Lehenengo gerra; gerraurrean apaizteko ikasten nenbilen, II. Errepublika garaian hain zuzen. Gu ez gara apaiztu Francoren garaian askok uste bezala; haren garaian gerrara joan eta gerora apaiztu gara. Gerraondorena ere zaila zen oso, industria zabaldu eta sendotu zen, ea zenbat lan eta zenbat diru egin zen! Denak jende ona ziren, kristau onak; haien etxeko eta ahaideak dabiltza gaur dabiltzan bezala. Hori bera gertatu da Espainia eta Europa osoan, gure ongi-egote horrek onak ekarri ditu baina baita ere txarrak. Ondoegi bizi ginen, diru asko, edukazioa. Gero etorri da zalantza, ekaitza eta ekaitz horretan geneukan guztia atzera utzi dugu: Etorriko da berriro.
ARGIA. Krisi bori medio balore asko da kolokan. Erlijiotasuna ez bada ere, fede katolikoaren sinistunak...
A. SUKIA. Barrutik dator erlijiotasuna. Ikusiko zenuten Maristen Fundazioak 88-89.etan serioski eginiko inkesta. Hor ikus daiteke Espainian erlijio-praktika bost puntu igo dela. Kolokan da baina badator buelta. Aurrena, arazoak daudenean, beroiek blokeatu behar dira. Orain blokeaturik daude arazo erlijioso eta publikoak. Berez blokeaturik, arazoak ere berez sortu baitira, barrutik, kanpoan giro ona aurkitu eta hazi dira, bazka izan dutelako. Barruak ere hasten zaizkigu ordea nora goaz, zer ari gara eta zer irabazi dugu eginarekin galdezka. Barren-barrendik hasten gara, ez dut esango aldatzen, aldatzeaz ez dugu entzun ere egin nahi, baina ustekabean, barruko indarrarekin, jartzen gara bide onean.
ARGIA. Elizan berrikuntzarik bada? Hor dugu "Teología de la Liberación" batetik eta "Comunió y liberación" delakoa bestetik.(...)
A. SUKIA. Aditu. Prolemak itxasgoraren gora-beherak gisara, beren garaian joan-etorrian daude. Aldizkakoak dira. Eliza berritzen doa, nahitaez, berritzen eta zahartzen halaber. Bietan, gizakia eta gizartea bezala. Ea zer ikusirik daukan zuek bizi duzuenak orain berrogeitahamar urte guk bizi genuenarekin. Gauza asko erori dira eta oraindik berrituko dena!
Denbora gutxitxo izendaturik eta, nahiz axaletik ez ibili, asmoan genuen galderetara iritsi ezin. Festara ba al gatozen galdezka dugu elkarrizketatua. Abuztuak l9ko festa ikusgarria izango dela diosta On Anjelek. Lau dira apaiz herrikide omenduak. "Herriari sakonetik festa ematen zaionean, ez dakigu zenbat on egiten duen horrek. Festa festa da, baina sakona du ala ez du. Ez duena berehalaxe joango da. Sakontasun horren adierazpen eta hizkuntza denean festa, herri guztia sentitzen da berorren parte" diosku kardinaleak, elkarrizketa osoan zehar bezala irribarrez.
ARGIA. Dakidanez, berrogeitabamar elizgizon eta lekaime zaldibitar zarete hortik zehar. Zer esan nahi du horrek?
A. SUKIA. Ez du ezer esan nahi. Euskal gizartean ere lekuak eta lekuak, bokaziorik gabe gaude. Etorri badatozte. Hemen genituenean Amerika latinoan ez zen eta orain, berriz, alderantzizkoa da.
ARGIA. Aldi berean gurdira igo eta hamaika erlijio ugaldu dira.
A. SUKIA. Egia esateko, sakonetik ez datorrenari ez diot fede handiegirik ematen nik, ez onerako, ez txarrerako. Oraindik ez daukate sakontasunik izaterik berriak baitira sekta horiek. Fundamentalismoa esaten zaio. Ikusten dute gizona erlijioa dela, barrutik datozkiola esaten dugun azken galderak, eta, nola gaur erlijioak azken galderak oraingo prolematara bideratzen dituen, iruditzen zaie horrekin berezitasuna galtzen dihoakiola erlijioari. Ez. Erlijioa barrutik etorri arren kanpoko gauzetarako da. Bestela, zertarako duzu? Ikusten dute horiek, Eliza kanpoko gauzetan dabilela. Baina ez. Aurrenekoa barrukoa da; hala eta guztiz, gure espiritua edo kanpoko gauzak mugiarazten dituen hori kanpora ez badoa, indar gutxiko barruen adierazle da. Fundamentalismoak terminoak nahasten ditu. Sustraiak bakarrik ikusrten ditu eta ez da hori, sustraiak arbola eta fruituak eman behar ditu.
ARGIA. Aizu, erlijioa ere bada idea, jokatzen da horrekin, indar handia du gainera. Sukia botere gehien duen euskalduna dela esan liteke?
A. SUKIA. Adibidez: San Inaziok botererik ba al zuen? Ez eta bai. Potere politikoa? Zer botere politiko dut nik?
ARGIA. Ez?
A. SUKIA. Ezertxo ere ez. Egungo botere politikoa demokratikoa da, alderdietan dago. Hor dago guk ematen diegun boterea. Potere hori ez dugu, baina bai besteak: prestigioa, morala, botere desberdina. Inaziok barruko boterea zuen.
ARGIA. Bide batez, egun Estatuto botere politikoak hartzen al du aintzakotzat zuk ordezkatzen duzun boterea, hau da, katoliko gehiengoarena?
A. SUKIA. zentzu horretan esango nuke botere terminoa ez baino indarra dela geurea. Ez dut uste behar hainbat hartzen zaigunik aintzakotzat. Hartuko zaio. Ez da ahaztu behar Eliza botere politiko eta ekonomikoekiko eta haiek gurekiko, elkarrekiko oso kritiko garela. Hala behar du gainera. Hori ez dago gaizki. Nik uste dut, oraintxe, Espainiako botere politikoak batez ere, Elizak dakarren indarrarekiko halako aurreritziak badituela. Ez denak baina askok bai. Hori pasatuko da, etorriko da, ez da presarik izan behar edozein dela ere arazoaren tamaina: Ikusi gauzak nola doazen eta aurrera eraman. Prolema txikiak maiz hazten dira irtenbiderik ez ikusteagatik
"Gauza guztiak, hemen esaten dena, heriotzak ez besterik dute aterakizunik. Bilatu eta atera behar da" ondorioztatuz amaitzen goaz bere jaiotetxea den Lizarraga baserriko iharduna, ez aurretik atarira irten, lekuko mutuen aurrean kolatu eta gaztaroan idatzi eta Aitzolek goraipatutako famosozko olerki hura errezitatzeaz utzi gabe horratio, gogotik zartadatxo zartadatxo batzu ematen dizkigun bitartean. Hona olerkitxoaren mostra: Maite diat maite baserri bidea/amaren sabelera dijoan sugea/intxaur esne zur bi zerura begira/erreka urdiñak agortzen ez dira/ belar, sagar, mendi, kimuakortxira(...)
NORTASUN AGIRIA
70 urte. "Sukia Beltza" ezizenez, izugarri bizkorra eta gogorra. Hamairu anai arreben artean bigarrena. Aitzolek, bere azken artikuluan, bere poesigintza berritzailea goraipatu zuen. Zaletasunak: Pelota, mendia, pianoa eta bere garaian herriko Otxotean kantatzea. Woitjilarekin harreman bikainak ditu.
Jon Mikel Arano J.J. Petrikorena
1 940an egin zen apaiz Gasteizen. Ordudandik elizaren konfidantza osoko pertsonaia izan da, azken hiru Aita Sainduen "bedeinkazioa" jaso duelarik.
Bere urrezko ezteiak ospatzeko antolatutako bazkarian Txirritaren bertso zaharrak kantatu zituen bilduta zeuden guztien aurrean.
"Hemengo bortxakeria non ez dago gaur, non ez ditu sustraiak?".
Espainian erlijio praktika bost puntu igo da azken urtean Espainiako Gotzaien Elkarteko lehendakariaren datuen arabera.
34-39
GaiezGizarteaErlijioaEliza katolApezpikuak
PertsonaiazSUKIA1
EgileezARANO1Gizartea
EgileezPETRIKOREN1Gizartea