"Txapeldun izatea ez da zaila, bai ordea horri eustea"


2007ko otsailaren 21an
Mikel Mindegia aizkolariari elkarrizketa.

MIKEL MINDEGIA
"Txapeldun izatea ez da zaila, bai ordea horri eustea"
Duela 40 urte jaioa, hamar alditan suertatu da Euskadiko aizkol txapelketako garaile, hamaikagarrenari inolaz ere muzin egin gabe. Gazte gaztetatik aizkora besapean izanik, arbola frango moztu izan ditu bizitzan zehar, azkenik kirol bilakaturik, plazaz plaza diharduelarik gaur egun. Plazako zurrunbilo eta iskanbiletatik ate, Zubietako baserriko bakardadean hartu gaitu Mikel Mindegia nafarrak, aizkoraren inguruko gora behera oroz mintzatu zaigularik.
Nola eta noiz hasi zinen aizkoraren munduan?
Oso txikitatik banuen afizio hau, behar bada, nire osabaren eskutik jasoa, hura polito aritzen bait zen aizkoran. Garai haietan, herri hauetan nonahi izaten ziren aizkolariak, Zubietan, Leitzan, Latasan... Ohitura honi jarraiki, anai zaharragoa aizkora aposturan ibiltzen zen negu partean, ni mutil koxkorra izaki ohitura hori neureganatu nuelarik.
Ez al zenuen hasiera batean aizkora lan tresna gisa erabiltzen?
Ez, ni arditan ibiltzen ninizen baserrian. Mendian ibiltzen ginelarik, arbola frango izaten genituen inguruan, aizkora ezinbesteko laguna bilakatzen zelarik. Txikitatik beraz, mendian egiten nituen nire entrenamenduak, zaharragoei aurretik ikusitakoa, nire erara moldatuz.
Non ikasi zenuen bada aizkorarekin ibiltzen?
Txikitatik berezko handia nuen aizkorarekiko. Honezaz gain Latasa aizkolari famatua izan nuen irakasle. Behin harekin ikasten ari nintzela honela esan zidan: 'aizkoran ikasten ari haiz, baina nik baino hobeto egiten duk iadanik'. Erreztasun handia nuen beraz.
Eta txapelketari dagokionez, noiz sartu zinen mundu honetan?
Hamasei urte nituelarik, mutiko gazteei zuzendutako txapelketan lehena egin nuen. Han ohartu nintzen aizkorarako balio nuela, gainontzeko jendeak ere iritzi bera azaldu zuelarik. Horiek lirateke beraz, aizkol munduan emaniko lehen urratsak. Lehen saio honen ostean, 18 urte nituelarik, apostu famatu bat egin genuen herritarren artean. Anaia eta biok, ezkurrako Beheneko baserriko mutikoen aurka aritu ginen Tolosako plaza jendez gainezka zegoen egun batetan.
Zu gaztetan hasitakoa zara. Ba al dago gaur egun aizkoran ari den gazterik?
Egon badira, baina ezberdintasun ugari daude. Lehen aizkora lan tresna gisa erabiltzen zen lantokietan, teknika lehenago hartzen zelarik. Gaur egun ordea, gutxiagotan erabiltzen dute gazteek aizkora eskuetan, honela zaila suertatzen delarik teknika behar den legez hartzea.
Arazo honi, egur eza gehitu behar zaio, lehen mendian nahi adina egur baldin bazegoen ere, arbolak balio handia hartu du gaur egun, honek ezinezkoa bilakatzen duelarik prestaketa aproposa. Dena den badira aizkoiariak, askotan, guk egiten ditugun lanak ikusita, bildurtu eta etsi egiten baldin badute ere. Dena den, laguntza gehiago baleude, aurrera jarraituko lukete askok eta askok.
Zer iritzi duzu, eskolak gauzatzeko Bizkaian eginiko saioaren inguruan?
Bizkaian, hemen baino laguntza gehiago dago (ez da zaila, hemen ez bait dute deus ere ematen), bai gazteentzat bai eta zaharrentzat ere. Dena den zail xamarra ikusten dut 'txapeldun' bat sortzea Bizkaian, berezko gutxi bait dago herrialde honetan. Errezagoa ikusten dut gure zonalde honetatik txapeldunen bat ateratzea.
Zein dira aizkorarako zonalderik onenak?
Zona bakoitzak badu bere estiloa. Gipuzkoan adibidez, aisa egingo dute harrijasotzean edozein baserritan, ohiturak hala agintzen bait du. Nafarroan berriz, orainartean ez da itxurazko harrijasotzailerik izan, nahiz eta orain Perurena eta Saralegi bikainki aritu; horiezaz gain ez dago harrobirik.
Hemen berriz, edozein herritan aritzen dira mutil koxkorrak aizkoran, polito gainera. Laguntzak baleude, aizkolari gehiago aterako liratekeela gauza ziurra da.
Zertan oinarritzen dira ezberdintasun horiek?
Ohituran batipat. Nik adibidez, ez dut inoiz Nafarroan segalaririk ikusi, eta naiz eta segan asko aritua izan, ez gipuzkoarren erara. Gipuzkoan denek dute segan aritzeko berezko hori, guk ez duguna, Gipuzkoako edozein baserritarrek itxura onean egingo dizu bai segan eta bai harrijasotzean, nafarrek ordea aizkorarako iaiotasun handiagoa dugu.
Ez al da garestia aizkoran kirol gisara aritzea?
Bai, hori da arazorik nagusiena. Arestian esan bezala, mendian aritzen ginen entrenamendutan, egurra frango bait zen garai hartan. Gaur egun ordea, entrenamenduetarako egurra erosi beharra dago, urtero dirutza ugari joaten da hortik.
Zaletasunari dagokionez, ez al du honek behera jo?
Hori nolabait ere kirolarien izaerarekin bat doa. Aizkolari gazteek jokatzen ez dutenez, jende gaztea ez da plazara hurbiltzen, txapelketa eta apostuetan betidanik aizkoraren inguruan aritu den jende ikus daitekeelarik. Badirudi gazteek ez dutela gure lana behar bezala baloratzen.
Txapelketaren gaiari atxikituz, berandu xamar hasi zinen txapelak lortzen. Zer dela eta berankortasun hau?
30 urte bitartean ez nuen txapelik lortu. Gaur egun gauza bera gertatzen da, 29-30 urte bitarteko aizkolariak bait dira sasoi onenean daudenak, nahiz eta oraindik ere txapelik ez lortu. Nere iritziz sasoi hori da aizkoran ibiltzeko onena, nahiz eta gaur egungo prestakuntza hobea izan.
Prestakuntza aipatu duzu; nola ikusten duzu gaur egungo prestakuntza? Lehengoa baino hobea?
Gauza orotan gertatu den legez, azkeneko hamabost urte hauetan gauza asko aldatu da; gaur egun ni neu izango naiz aizkolari guztietatik atzeratuena. Nere entrenamendua baserriko lanetan oinarritzen da, honezaz gain mendian buelta bat egiten dudalarik noizean behin. Dena den, txapelketa eta apostuei begira eginiko entrenamenduak dira soilik, ez bait dago gainontzekoetarako entrenatzeko astirik.
Eta txapelketari begira, zein izan da aurtengoan burutu duzun prestakuntza?
Aurten oso gutxi prestatu naiz. Txapelketa goiz xamar izateaz gain, erakusketa ugari izan ditugu udaran zehar. Hau bilakatu delarik entrenamendu nagusia. Honezaz gain, azkenengo hamabost egunetan mendian buelta batzuk egin ditut, baina beti ere denbora askorik gabe. Erakusketak izan dira beraz aurtengo prestaketaren oinarria.
Apostua izan da urteetan zehar herri kirolen funtsa. Nola dago gaur egun arazo hau?
Batzuk ez diote garrantzirik ematen, baina apostuak izan ez balira, gu ez ginateke gaur egungo mailan egongo. Apostu garaiko prestaketa izaten da urteko sasoirik bikainena, aizkolariarentzat mesedegarria suertatzen direlarik. Nik neuk, apostuak izan ez balira, ez nituzke hainbeste entrenamendu egingo, txapela ere eskuratzea zailagoa suertatuko litzateke.
Mundu honen inguruan beti izan dira tirabira frango, zer deritzozu zuk honetaz?
Jendeak behar baino gehiago hitzegiten du. Irabaziz gero ez da inolako arazorik izaten, galduz gero bai ordea komeria frango. Mila pezeta izanik ere, harat honat aritzen da jendea marmarka, nolabait ere berriak zabalduz. Nik ez dut uste 'tranpa' dagoenik, ez bait dago diru askorik ateratzerik; 80.000 duro zikinegatik ez du merezi halakoetan aritzea.
Horrenbesterainokoa da jokatzen den dirua?
Ez da kantitate handirik jokatzen. Gaur egunean zer da milioi bat jokatzea? Huskeria bat da, kotxe txar-txar batek balio du milioi bat. Dirua gainera ez da aizkolariarena izaten soilik, lagun talde batena baizik. Kontuak egiterakoan, nahiz eta irabazle suertatu, ez da diru askorik gelditzen, gastuak handiak bait dira.
Txapela bururatu duzun hamar urte hauetan, zein izan da txapelketarik zailena?
Txapelketak denak izaten dira zailak, partehartzaile ororen aurka aritzen bait zara, bat ez bada bestea prest izango da etsai bilakatzeko. Azken bi urte hauei dagokienez, Larretxea eta Olasagasti izan dira etsairik nagusienak. Dena den, txapeldun behin izatea ez da batere zaila, bai ordea horri eustea. Behin txapeldun izateko nahikoa da egun on bat izatea, mantentzeko ordea, zerbait gehiago behar da.
Gazteen artean ikusten al duzu etorkizunik?
Badira gazteak franko poliki ari direnak, baina jendearen bistan ageri ez direnak. Gaur egun erakusketak antolatzen direnean, lehen mailako aizkolariei egiten zaie soilik lekua, gainontzekoei inolako irtenbiderik ematen ez zaielarik. Gazteen kasuan are nabariago da arazoa, ez bait dute ez erakusketik ez eta inolako txapelketarik. Bidea ez ikusteaz gain, ikaratu ere egiten dira sarritan, guk egiten ditugun lanak bildurtzekoak bait dira askoren ustez.
Datorren urteko txapelketari begira, zein izan daiteke etsairik nagusiena?
Aurten itxaropena zutenak izango dira berriro ere datorren utean etsairik nagusienak. Aurtengoan esperantza handiz ziren bai Larretxea eta bai Olasagasti, prestakuntza ere bikainki eraman zutelarik. Niri dagokidanez, iadanik 40 urte beteak baldin baditut ere, ez dut inolako beherapenik ikusten, ez etxeko lanetan ez eta plazetan. Zoritxarrezkoren bat gertatzen ez baldin bada behintzat, txapelaren bila arituko naiz datorren urtean ere.
Ez al litzateke polita izango txapeldun bezala erretiratzea?
Behar bada polita izango litzateke, baina kirolari bezala onenean egonik ez du atzean geratzea merezi. Gerta daiteke egun txarra gertatzea, baina orain arte ikusi dudanez, egun ona izanez gero, gaizki hartzen ditut gainontzekoak. Beraz prestakuntza egokiena lortzen saiatu beharko dugu, ahal izanez gero datorren urtean ere garaile suertatzeko asmoz.
A. GOSTIN M. ARRIETA
27-30


Gaiez\Kirola\Herri kirol\Aizkolaritz\Aizkolariak
Pertsonaiaz\MINDEGIA1
Egileez\GOSTIN1\Kirola
Egileez\ARRIETA5\Kirola

Azkenak
2024-05-21 | ARGIA
Kanakyren alde, elkarretaratzea egingo dute Baionan

Kanakyko manifestariei elkartasuna adierazteko, EH Baik eta LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egingo dute 19:00ean Baionako suprefetura aitzinean.


Hondarribiko Udalak aitortza egin die Asturiagako hondartzan hildako bi biktimei

Biktimen familiei barkamena eskatu diete ere azken 50 urte hauetan "behar besteko" babesa ez emateagatik. Poeta biktima gisa aitortu duten bezala, Moriko ere hala izatea eskatu du udalak, eta "epe laburrean".


2024-05-21 | Gedar
Hamabi lagun ikertzen ari dira, Castejonen CAF-Trenasaren kontra egindako protesta bat dela-eta

Asteartean deklaratu beharko dute Tuteran, ikertu gisa. Palestinan eraikitzen ari den tranbia-sarearen bidez, CAF "entitate sionistaren kolonizazioan parte hartzen" ari dela ohartarazi dute.


Surf parkerik ez dute eraikiko Donostiako Antondegin, udal gobernuak atzera egin du

Donostiako Udalak El Diario Vascori filtratu dionez, ez dute olatu artifizialen surf parkerik eraikiko Martutene eta Txomiñenea auzoen artean dagoen Antondegi mendian. Albisteak sorpresa eta poza eragin du mugimendu ekologistan, izan ere, orain arte EAJ eta PSE-EE sendo... [+]


Eguneraketa berriak daude