BASERRITIK ITSASORA IRRISTADA BATEAN


1989ko urriaren 01ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Aitor eta Julen surf ohalak egileei elkarrizketa

BASERRITIK ITSASORA IRRISTADA BATEAN
Mutrikuar eta debar bat surf oholen artisaugintzan
Galdonamendiko Leizarren baserrian, behiak surfean dabiliza ia ia, ikuilu ondo batean surf oholak egiteko lantegitxoa dutenetik Aitor mutrikuarrak ete Julen debarrak.
Autodidaktak, artisauak eta artistak gainera; oraingoz hobby moduan, baina nork esan aurrerantzean lankide bihurtuko ez denik?
Ez da oso gauza normala Mutrikuko kaiean wind surfeko tablak ikustea, baina are gutxiago, inongo irakaslerik izan gabe, hain modan dagoen surfeko tablak egitea. Mutrikuko txalupa artean topatu genituen, eta Galdonamendiraino igo ginen kuriositateak eraginda.
ARGIA.–Nola uler daiteke surf tablen lantegitxo bat, hemen Galdonako Leizarren baserrian?
A. AGIRRE.–Baserriarena kasualitate bat besterik ez da; lokal bat behar genuen eta hemen tokia zegoenez...
A.–Baina zuek esnetara dedikatzen zarete; nola konpajinatzan dira behiak surfarekin?
A. AGIRRE.–Tira, ni baserrian udan bakarrik aritzen naiz, eta tarteka soilik, beraz, surf tablena oraingoz hobby bat baizik ez denez, beti aurkitzen da txokoren bat.
A.–Ea, has gaitezen hasieratik, noiz eta zerk eraginda hasi zineten honetan?
J. MASACH.–Istorioa duela urte pare bat hasi zen. Nik, aurrez windsurfeko ikastaro bat egin nuen Madrilen eta bertan izan nuen tablekin lehen kontaktoa. Tablen konponketari buruz zertxobait kontatu ziguten eta materialeak ezagutzeko irrika sartu zitzaidan.
Bestetik, nire anai gazteenak surf egin nahi zuen hemen Deban, baina noski, dirurik ez surf ohol bat erosteko. Egoera horren aurrean, eta pentsatuz surfa windsurfaren antzekoa zela, nire lehendabiziko ohola egitera animatu nintzen.
A.–Nola hasten da pertsona bat ezerezetik surf ohol bat egiten?
J. MASACH.–Ongi diozu bai, ezerezetik. Nik ordurarte ezagutzen nuen gauza bakarra materiala zen, lehen esan dizudan bezala, windsurfean gauza asko hausten direnez, txapuzaren bat edo beste egiten laguntzen aritua bait nintzen. Piska bat orientatzeko, surfeko aldizkariak erosten hasi nintzen eta lagun baten ohol bat eredutzat hartuta, lanari ekin nion.
A.–Esplika iezaguzu piska bat prozesua.
J. MASACH.–Funtsean, surf oholak egiteko bi metodo edo prozesu erabiltzen dira: bata, sandwich era edo eskuz eginikoa eta bestea, produkziokoa edo seriean egina. Noski, bigarren modua merkeagoa da baina ez zegoen nire esku; nire posibilitate bakarra eskuz egitea zen, eta hala egin ere. Ez nuen erremintarik, ez makinarik, eta noski, gero hori nabaria da lehendabizi egin nuen ohol hartan, baina tira, lehenengoa izanik...
Lehendabizi «foam» edo "poliuretano expandido" plaka bat behar duzu; hori ohola izango denaren neurrira moztu ondoren arima bat edo ardatz bat ezarri behar zaio erdian sendotasuna emateko; ondoren guztia ondo lijatu eta forma egokia eman. Behin hori eginez gero, pintatzea da hurrengo pausua eta azkenik fibra ezartzea.
A.–Nondik lortu zenuen materiala?
J. MASACH.–Diru askorik ez nuenez, batak eta besteak emandako hondarrez baliatu nintzen. Pintura bera ere, etxean nuen pintura zuri poto bat erabili nuen; erosi nuen bakarra, baina piska bat alaitzeko koloredun pintura izan zen.
A.–Guzti hori zuk zeuk bakarrik egin zenuen?
J. MASACH.–Bai, eta kostata gainera. 15 egun pasa nituen jo eta ke tabla egiten, hanka sartze ederrak eginez gainera. Hanka sartuz ikasten omen da askotan...
Hala ere, argi zegoen nik bakarrik ezin nuela jarraitu eta lagun egokiarekin topo egin nuen, Aitor txapuzero bikaina baita.
A.–Orduan, zu Julen teorikotekniko bezala utziko zaitugu, eta zu Aitor, praktiko bezala, ala?
A. AGIRRE.–Bai, horrelako zerbait. Eta nitaz gainera, nere anaiak ere esku bat bota digu. Hemen baserrian beti aritu izan gara hau eta hura konpontzen, txapuzak egiten. Azken batetan jartzea da gauza, eta ideia piska bat edukitzea.
A.–Bigarren tablaren diseinua edo forma ematea, Xabier zure anaiak egin du, eta ez omen daki surfean ibiltzen...
A. AGIRRE.–Ez, eta neronek ere ez, baina horrek ez du zerikusirik, hau, azken batetan, esku lan bat da. Behin traktorearen kapota izorratu zitzaigun eta fibraz konpondu genuen; gero, erabat bi pusketan hautsia zegoen piragua bat erregalatu zidaten eta erabiltzeko moduan konpondu nuen... gainera, hemen erreminta eta tresna ugari dugu eta horrek ere asko errazten digu lana.
A.–Zenbateko kostua du honelako ohol bat egiteak?
A. AGIRRE.–Dirutan hamar bat mila pezeta kostatu zaigu materiala, eta denboraz lau egunetako lana. Honela ikusita garestia badirudi ere, pentsatuz dendetan 60.000 pezetatan saltzen direla...
A.–Serioski lanean hasteko edo jarraitzeko asmorik baduzue?
J. MASACH.–Bai, negu honetan serioxeago lanean hasteko asmoa dugu, dena den, oraingoz hobby gisa.
A.–Etorkizunik ba al du lanbide honek? Ba al da Euskal Herrian beste surf ohol egilerik?
J. MASACH.–Oraingoz gure asmoa partikularrei saltzea da soilik. Gainera, lantegi modura aritzeko lizentzia fiskala beharko genuke eta konpetentzia ere handia litzateke merkatuko marka komertzialekin. Errenterian, «Pukas» etxeak australiar batzuk ekarri ditu oholak egitera, munduko hoberenetakoak omen dira. Gero, «Essus» eta «Aloha» etxeek ere zerbait egiten dute Zarautzen; guzti horiek gainera, marka komertzial bat dute atzetik, profesionalak dira.
A.–Haiek profesionalak eta zuek artisauak eta autodidaktak?
A. AGIRRE.–Beno, horrelako zerbait, txapuzeroak esango nuke nik.
A.–Eta zergatik ez zarete dedikatzen konponketetara?
A.AGIRRE.–Bai, hori ideia bikaina izan daiteke eta buruan dabilkigu baita ere. Orain praktikan jarri behar...
A.–Artisauak izateaz aparte, tabla gainean ere artista zarenez, txapelketetan parte hartzen ahal duzu?
J. MASACH.–Ez, oso garestia da; edozein txapelketetan parte hartzeko hogei bat mila pezeta ordaindu bebar da. Guztia marka komertzialen esku dago.
AMAIA ELOSEGI

Eskuz eginiko lehen surf tablak 15 egunetako lana eskatu zuen.
Julen Masach debarra eta Aitor Agirre mutrikuarra
39-41


GaiezKirolaSurf
PertsonaiazAGIRRE12
PertsonaiazMASACH1
EgileezELOSEGI3Kirola

Azkenak
Eguneraketa berriak daude