"Jesuitek ez dakite ondo zertarako nahi duten irratia"


1989ko uztailaren 23an
Mariano Ferrerri elkarrizketa.

MARIANO FERRER
"Jesuitek ez dakite ondo zertarako nahi duten irratia"
1939an jaioa, jesuitetan ikasia, jesuita izana, kazetaritza karrera Estatu Batuetan egina, 1977an, Egin egunkaria sortu zelarik bertako zuzendari denbora batez, geroztik Herri Irratian aritu da orain bitartean Mariano Ferrer, sasoi honetan goiz parteko A mi que me cuentas deituriko magazinea eramaten. ETB-2an hastekotan da orain.
Nola dakusazu, hainbat urte pasa direlarik, Egin eta Deia-ren sorrera?
Errazena zera esatea litzateke: a ze okasioa galdu genuen! Euskal prentsa behar bati erantzunez sortu zen, gauza argi zegoen, baina, komunikabide baten atzean koherentzia apur bat egon behar du, ideiak direla, interesak, planteamenduak, eta guk hanka sartu genuen.
Gauza asko gertatu ziren Egin-en sasoi hartan eta horietarik zenbaitek egundoko eragina izan zuten gugan: Egin, partiduen haustura aurreko proiektu bat zen, partiduak oraindik loratu gabe zeuden, eta gauzak horrela, ikusten zen proiektu baterakoi bat egin zitekeela, baina segituan itzali zen argia. Deia sortu zen. Deia sortu aurretik proiektu baterakoi bat izatea pretendi bazekeen Egin-ek, sortu zelarik Deia-koak ez ginenak bezala geratu ginen, PNVrekin ez geundenak, eta berehala jende askorengan alarma piztu zen, PNV barrukoak ez zirenen artean ere, eta horrek behartu gintuen beste planteamendu batzuk hartzera, hasiera batean ez genituenak.
Nola ikusten dudan? Gure herria bat krisi batetik atera zelarik Euskadi berri bat hasiko zela uste genuen, diferentea, eta ikusi genuen ezetz, historia ez dela horrela mozten, txorizoa bailitzan, gauzak berdin jarraitzen dutela, aldaketa batzuk egonik ere; eta guk erabiltzen genuen nazioa ez zen esistitzen, eta hori berehala ikusi zen sintoma batzuk zirela medio, egunkaria berdefinizio batean sartu zen, eta hori, errealitatea gaizki letzen zen Egin-etik...
Zer dela-ta utzi zenuen Egin?
Beno, erabakia ez nuen nik hartu; batetik, nik egin nahi nuen egunkaria askoz ere irekiago zen orduan egiten hasi zena baino; arazo ekonomiko larria nozitu zen gainera, zeinak behartu zuen hasierako sortzaileek egunkaria utzi eta beste esku batzuetara pasatzera, ETA argiro laguntzen dutenen eskuetara pasatu zen hain zuzen, eta orduan, nagusi berriekin, linea horretan ez dagon zuzendari bat ateratzera behartuta dago.
Linea politikoa halere ez zen oso argi ikusten orduan; linea, egia esan, nik zehaztu nuen ETAk Nafarroan Imaz komandantearen aurka egin atentatu bati erantzunez (kontutan hartu, orduan, Nafarroa gureganatzeko aukera guztiak zeudela, - PSOEk Euskadi bakarra defendatzen zuela, eta batzuk ikusten genuen modu hura nafarren haserrea piztu eta Euskadi zatitzeko modua zela); egin nuen editoriale bat, non esaten bait nuen birplanteatzeko ordua iritsi zela: gaur egun Eusladik hiltzen jarraitzea nahi al du? Ordura arte askok ikusi genuena: ez dago hau aldatzelo beste aukerarik, aldatzen hasia zen, hauteskundeak zetozen, partiduak bazeuden... eta atsenaldi bat eskatzen nuen, honela jarraitu behar al dugu? Ba, zuzendaritza berriak oso bestela ulertu zuen, eta honen aurrean bi mundu agertu ziren: ETAri aurre egitea planteatzen ez duena bat, eta bestea, honek bukatu behar duela pentsatzen dugunona.
Ordudanik Herri Irratian zabiltza, elizaren irratian. Nolatan ikusi duzu elizaren lotura hori zure lanetik?
Jendea harritu egingo litzateke Herri Irratian lan egiteko dagoen askatasuna erabatekoa dela esango banu. Zergatik? Batipat, nire ustez, jesuitek ez dutelako inoiz argi eduki zertarako nahi duten irratia, esan nahi da, apostu bat planteatzen dute, elizak ikusten du komunikabideetan egon behar dela, beste lekutan dagoen moduan, eta hortik aurrera ea zer pasatzen den... Bestalde, sekularizazio prozesu baten erdian gaudelarik elizak ikusten du jendea ez dela mezetara joaten, eta irratiak zabaltzeko aukera ematen duela, eta hori da hain zuzen, hasiera batean argi zuena, elizaren papera bete behar zuela irratiak alegia, baina konturatzen dira beste zerbait ere egon behar duela, diskoak, etxeko erosketez hitzegin behar dela... baina garrantzitsua bestea delarik.
Hala behintzat gertatu da Herri Irratiak leku handi bat betetzen duela egun irratigintzaren eremuan, elizak ez daki ondo zer egiten duen baina mantentzen du emisora humanista bezala, printzipio onen emale gisa, baina beste guztian kasik ez da sartzen, eta egia esan, gure emisora izan zen lehena Estatu guztian, abortoari, dibortzioari buruz eztabaidak antolatu zituena. Zergatik? Begibistakoa delako irratiak pentsatzeko baliogarri izan behar duela, eta hori izan da nire filosofia.
Asko aipatu izan da irratitzar estatalen barruan hemengo kateek daukaten 'autonomia' eskasa, bai bertako programazioa antolatzeko orduan, bai euskarari dagokionean...
Gure emisora izango da Espainia osoan bere independentziaren alde gehien borrokatu dena, eta horrek bere ordaina izan du noski: COPEren barruan egoteari beti egin diogu uko, behintzat errealitate materialek burua makur erazi digun arteraino. Gure gain sekulako presioak egon dira betidanik katearen baitan emititu dezagun, SER eta besteek egiten duten modura, baina urte batzutan aguantatu ostean (ekonomikoki ondo gindoazelarik) azkenez kate bateratu batean funtzionatzera behartu gaituzte irratigintzaren egoera orokorrak eskatzen duelarik hala izan dadin; eta beno, eskizofrenikoa dirudi batzutan Euskal Herriari buruz hitzegiten dugunean guk, edo gure bitartez Madrilek hitzegiten duenean; eta ez bakarrik Euskal Herriaren inguruan, gizarteari buruz dauzkaten eritzietan... eta guk horren aurrean autonomia handiago baten aldeko apostua egiten dugu, zeinak ez dakit zenbat iraungo duen, ze esanak esan, irratiaren merkatua programa handien esku dago, zelebridadeen esku, komertzialki begiratuta; egun irratiaren linea jende ospetsua, ezagunaren berri ematetik dator, eta horren aurrean, zerbait diferentea egin nahi izanez gero ere ez duzu zereginik, oso zaila da lehiatzea, eta publizitateko jendeak hori nahi du ba; bi kontzepzio diferente dira beraz, eta egun publizitatea izen "ndien itzalean dago, eta izen handi horiek espainolak dira, eta akabo!, eta hori zama handia da, ze egun batean gauza interesgarririk egin dezakezu, baina jendeak espektakulu handi hori desio du, horretara ohitu da, gure arazoez aspertu da, hemengo irratia edo Madrilgo irratia aukeratzeko orduan, hura aukeratzen du.
Nola ikusten duru euskararen egoera irratiaren munduan, eta zehazki Herri Irratian?
Oso gaizki, oso gaizki... hor arazo desberdinak nahasten dira. Halere, argi ikusi behar dira arrazoiak, ze Herri Irratia garai batean euskararen alde gehien saiatu zen irratia izaki horri utzi badio ez da izan euskararen aldeko borroka baztertu duelako baizik eta ezin izan duelako lehen bezala jarraitu, eta arrazoi batzuk emango dizkizut: irrati publikoak larrutik pagarazi digute guk prestatu dugun jendea kenduz, bata bestearen atzetik, eta zerrenda ikustea besterik ez dago... harrobi osoa kendu digute. Bestalde, instituzioek atzetik bultzatzen zaituztenean zuk arriskatu dezakezu euskararen alde, baina guri ez digute euskara subentzionatzen, pezeta bat ere, ematen den diru bakarra medio publikoetan banatzen da, eta besteok antzarrak perratzera!, eta azken batean ardura publiko bat da, guk ahal duguna egingo dugu baina ez gaude behartuta horren zama gure esku hartzeko; eta hirugarrenez, ez da errentagarri, inork ez du publizitaterik egiten euskarazko irratian, inork ez, eta honen aurrean oso erraza da erru guztia irratiari leporatzea... Gero, matizak sartzen dira, ze beti egin daiteke gehiago euskaraz, hain zuzen ere inoiz patrozinaturik gabeko programek jarrai dezakete modu berean, baina beno, dinamika batean sartzen zara, non listoiak behera egiten bait du, desfonde bat ematen da, motibazio hori falta da...
Zuk sinisten al duzu Euskal Herria euskaldun batean?
Egia esan... ez. Ez epe erdi batera... Ez dut ikusten euskarak aurrera egiten duenik nik pentsatu bezala, ez dut ikusten ikastolek euskal hiztunak sortzen dituztenik; harreman sozial konplexu hauek azken batean inposatuko dute beti erdian jende erdalduna egotea, irakaskuntzan, dendetan... eta hori gainditzea egundoko lana litzateke, eta ez dut ikusten euskaldun anitzetan apostu honi eusteko interesik, ez dago militantzia zabal bat, hori oso minoritarioa da, euskaldun askori bost axola zaio besteek euskaraz egiten duten ala ez.
Nire kasua kontatuko dizut: egon zen momentu bat euskaraz hitzegiteko puri-purian egon nintzena, baina ikusi nuen eguneroko bizitzan ez nezakeela erabili. Eta zer gertatzen zen? Euskaldunekin jartzen nintzenean erdarara pasatzen zitzaizkidan, euskaldunek ez zidaten deusik ere lagundu, eta honelako kasu asko gertatzen dira.
Gaiaz aldatuz, lehen aipatu duzu editoriale harena eta... Nola dakusazu, egun, Euskodiko politika?
Joku bat hein handi batean... Ez dut ulertzen; hain planteamendu diferenteetatik abiatzen gara! Planteamendu traszendentalak alde batetik eta koiunturalak bestetik, batzuek historia hasieratik berridatzi nahi dute... Baina norena izan da hasierako errua? Eta nik diot: zein demoniori axola zaio hori? Izorratuta gaude ala ez? Orduan, zein da modurik hoberena honi buelta emateko? Hau da nire planteamendua. Nik ez dakit nork eman zuen lehenengo ostikada, Espainiak euskadunoi edo alderantziz... Hainbeste gauza egin diogu elkarri...
Nik ezin dut onartu, batek izan ditzakeen arrazoi guztiak izanik ere, eta bestela pentsatzen duelako, bere helburua lortzeko edozer gauza egin dezakeela, eta gainera gauza horien artean guardia zibil gizarajoak hiltzea sartzen denean. Honela zer egiten duzu? Ez naiz etikoki haserretzen, baizik eta ez dakit nora garamatzaten horrela, eta era berean konturatzen naiz funtsean hipokresia dagoela jarrera biolentoa ukatzen dutenen artean, beren status quo-a mantendu nahi dute, eta gero zera! Eta beste aldetik, hemen, Euskadin, bizi ahal izateko aportazio eza salatzen dut, hots, ze proiektu daukate HB eta ETAk? Zer erakutsi digute urte hauetan onargarria izan daitekeena? Honek buelta ematen du eta zer? Honen atzean zer dago? Boterea duten lekuetan besteek egiten duten gauza berbera egiten dute edo ez dute deus egiten... Partidu guztiez esan daitekeen gauza berbera esan daiteke HBz, eta orduan, zer aldatuko da? Demagun autodeterminazioa lortzen dela, eta zer? Ez al dugu berdin izaten jarraituko? 1,70ko Idigorasekin aurkituko ginateke, eta berarekin bizi behar duzu, e! Hitzak besterik ez dira, batzurenak eta besterenak.
Negoziazioaren ateak itxita al daude egun?
Arazo bat daukagu ala ez? "Nik Estatuaren legitimitate guztia daukat eta zuek desalmatu batzuk baino ez zarete..." "Baina ez al zaituzte izorratzen?" Agian gertatzen da ez dituztela hainbeste izorratzen, agian ETAri esker Gobernuak gauza pilo bat egin du bestela egiterik izango ez zituzkeenak, hori hasteko, baina egia balitz izorratzen dituztela ez begiratu hau edo bestea den! Arazoa konpondu nahi al da? Ba hitzegin, hil edo hitzegin, eta hiltzerik ez baduzu, ez zarelako ausartzen edota GALekin ahalegindu zinen moduan ezin duzulako... hitzegin, hori argi dago!
ETB-2ra joatekoa zara. Ze helburuz eman duzu urrats berri hau?
Beno, irratia utziko dut hitzegiteaz nekatuta nagoelako, Herri Irratian lan egin dudan egoerak gehiegi hitzegitera behartu nau, eta askotan interesatzen ez zitzaizkidan gauzez. Atsedenaldi bat hartu nahi dut. Aukera bat sortu da ETBn lan egiteko eta honela... Astean behingo programa bat egiteko, baina ez dut uste telebista nire lekua denik, halere lan on bat egiteko asmotan noa.
Nola ikusten duzu, orain barrutik lan egingo duzunean, ETBren egoera?
Argi ikusten dira, lehen esaten nizun bezala, euskalduntze proiektuak dituen oztopoak zeintzu izan daitezkeen. Egia esan, ni ETB-2az enteratu nintzenean errakuntza bat iruditu zitzaidan, ze nik argi ikusten bait nuen erdi epe batean ez genuela kalitatezko telebista bat izango, ze telebista arras da garestia, eta kalitatezkoa are gehiago, orduan, nik ETB beti berreuskalduntzeko tresna gisa ikusi dut.
Honek ez du esan nahi erdarazko telebista egotea ulertzen ez dudanik, baina ulertzen dut gehiago botereari lotuta–telebistaren kontrola oso inportantea da–. Egia da bestalde herri bat ez dela hizkuntza bat soilik, eta hau honela erdarazko telebista egotea guztiz normala da, kontutan hartuta bere ikuslegoa euskaldungarria dela, mentalitatez, ezagupenez, bizitzaren aurreko jarrerez... Baina beldur naiz ez ote den guztietarako dirurik izango, eta ETB-2 horretan indar gehiago ez ote den ipiniko. ETB-2 ondo dago, ondo dago erdarazko katea ere egon dadin, baina nik ulertzen dut telebistaren proiektua euskararen aldeko apostu militantea dela beste ezerren gainean, eta ikuspegi honetatik ETB-2 atzerapauso bat iruditzen zait. Herri honen beharrei bagagozkio beste historia bat litzateke noski.
J.J. PETRIKORENA
38-41


GaiezKomunikabidKazetariak
GaiezKomunikabidIrratiaHerri Irrat
PertsonaiazFERRER1
EgileezPETRIKOREN1Komunikabid

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude