"Instituzioen Hizkuntz Politikak porrot egin du"


1989ko uztailaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Joxemiel Zumalaberi elkarrizketa.

JOXEMIEL ZUMALABE
"Instituzioen Hizkuntz Politikak porrot egin du"
Joxemiel Zumalabe donostiarra euskal kulturan aski ezaguna egiten den izena dugu. Hainbat alorretan lan egina, 79.eko garai latz haietatik ARGIAn, EKBn ari da bestalde sorreratik, egun lehendakari orde moduan. Instituzioen Hizkuntz Politika dela, herri erakundeak, euskalduntzerako politika... eta besteri buruz hitz zorrotzez mintzatu zaigu bere informatika lanak momentu batez ahaztuta.
Nola ikusten duzu gaur euskararen egoera?
Denboraldi batean, hamar urte hauetan, 'espejismo' batean bizi izan da euskal gizartea euskararen inguruan hartu diren erabakiak zerbaitetan hobetuko zutela euskararen egoera pentsatuz; eta gainera, Gasteizko Gobernuan zeuden indar politikoek gizarteratu duten diskurtsoa baikortasunean oinarritu da eta saiatu dira itxura hori saltzen, "dena ongi doa", "behingoz hartu da gai hau eskuartean eta konponbidean dago".
Bainan azken bolada honetan, eta euskararen egoera betidanik hartu diren neurriekin ezin dela konpondu esan dugunoz gain, institutizioan bide horietan konprometitu zirenak ere ohartzen hasiak dira beren bidearen porrotaz, eta porrot horren hedatzeak definitzen du nolabait gaur egun euskararen egoera.
Francopean euskarak sufritu zuen egoerari buelta ematea, edo behintzat erabakiren bat hartzea ez zen batere zaila; halere, erabaki horiek oso mugatuak izan dira, minbizia daukanari aspirina ematearena egin da, eta gaur egun, ari gara sumatzen erabaki horien ezintasuna. Orduan ba, aspaldiko partez badirudi egoera dramatikoa dela esaten genuenok eta esaten dugunok ez dugula diskurtso hori basamortuan botatzen baizik eta piskanaka gero eta jende gehiago konturatzen dela euskararen egoerari buruz dagoen ikuspegia aldatzen ez bada hemen ez dela ezer egitekorik geratuko aurki.
Instituzioen Hizkuntz Politikak porrot egin duela diozu, baina haiek beti ari dira esaten euskararen alde egin eta egin ari direla.
Gasteizko Gobernuaren hizkuntz politika bi zutabetan oinarritu da: ikus-entzunezko medioetan eta irakaskuntzaren euskalduntzean. Gauzak honela, nabarmenki agertu da zutabe horiek gizarte hau euskalduntzeko orduan erakutsi duten ezintasuna eta hain zuzen ere, EKBk hasieratik aldarrikatzen duen plangintza orokorraren beharra.
Hezkuntz ereduen porrota inguru askotatik aztertu izan da: A ereduaren porrota, kasu askotan B eredua aurrera eramateko egon diren zailtasunak, irakaslegoa euskalduntzeko egon den jarrera erabat erabea... Gero, inguru erdalduna are eta indar gehiagorekin manifestatzen den momentuan, eta haurrek helduen hizkuntza erdara dela nabaritzen duten neurrian, erdara nagusitzen joan da haurren artean, nolabait Iñaki Larrañaga eta beste zenbaitek definitu duten egoerara iritsiz: haurrak eta zaharrak dira gaur egun euskara gehien gordetzen dutenak, bizilegeak agintzen duen katea euskarak hautsia daukalarik.
Bestetik, komunikabideen saioaren baitan, herri mugimenduetatik hainbeste aldarrikatu ostean lortu zen ETBri, ETB erdaldun bat jarri diote aldamenean eta horretara esfortzu haundiak bideratu dira; honezaz gain, ETB bera audientzia arazo haundiz ageri da. Erdal eskeintza gehitzen doan neurrian euskal eskeintza gero eta ahulagoa geratzen ari da.
Bi zutabe hauetan oinarritu da Gasteizko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika eta ikusten da bietan porrot egin dela. Pentsatzekoa da nola dauden apenas ahaleginik egin gabeko sailak: Administrazioaren euskalduntzea, Lan-Munduaren euskalduntzea, Gizarte-Zerbitzuen euskalduntzea, Komunikabide idatzien esparrua... Eta esan beharra dago euskararen egoerari buelta emateko ahalmenik eta borondaterik ez dela agerzen.
Instituzioetatik gizarteak euskararen presioari hots egin diola aipatzen da. Zergatik egin dio huts?
Hori da hain zuzen Gobernuak, eta zehazki Mari Karmen Garmendiak erabili duen diskurtsoa porrota mozorrozteko. Beren ardura legeak jartzea izango bailitzan eta gizanearen dinamika beste nonbait balego, ezta? Hor salatu behar dena zera da: Gobernuak euskalduntzeko egiazko gogoa balu, batetik, erabaki politiko funtsezko zenbait hartu beharko lituzke gaur egun hartzen ez direnak eta agian beren ezintasunean hartu ezin dituenak; eta bestetik, bere ardurapean hartu beharko luke dinamika sozial hori pizteko ardura. Eta honen aurrean, Gasteizko Gobernuak, herri mugimenduek sor dezaketen presioaren aurka jokatu du, eta zer esanik ez nafarrak. Izugarrizko beldurra agertu dute herri mugimenduek agertu zitzaketen iniziatiben aurrean, eta behin eta berriz herri iniziatibei esker sortutako alternatibak zapuzten, edota konpetentzian instituzioratzen saiatu dira. Azken adibide garbia Korrikarekin ikusi da, HABE sortzearekin hasi zutena egun AEKrekiko diskriminazio basatiaz nahi dute burutu.
Diskurtso mailan herri mugimenduen eta instituzioen arteko kolaborazio beharra aitatu dute baina unea iritsi denean beren unean uneko interes politikopean harrapatuak agertu dira. 'Bateginik'en aurrean Luis Mari Bandresen jarrera zitalaz oroitzea edo eta Korrika garaian EITBren esponsorizazioa zela eta Joseba Arregik botatako disparateak gogoratzea besterik ez da behar.
Beste alor batetik euskalduntzearen bidean garbi dago esfortzu haundi bat egin behar dela euskal kulturaren aldetik –desnazionalizazio garai batean murgildurik gauden garai honetan–, eta saltzen edo potentziatzen ari den eredua erabat sinbolikoa da, instituzioen aurpegi garbitzaile, eta inolaz ere ez oinarrian sor zitekeen euskal kultura bizi baten zuztatzaile.
Administrazioa euskalduntzeko Jaurlaritzak prestatutako hizkuntz perfilekin jarrai dezagun. Ze nolako eritzia daukazu gai honen aurrean?
Hor dago azken adibidea. Nahiz eta perfilak oso berandu eta nahiko makalak planteatu, konpromezu politikoetatik, hau da PNV PSOErekin daukan konpromezu politikoagatik, gutxituak eta baldintzatuak geratu dira. Hau da hain zuzen, euskararekiko egiten diren planteamenduen ezaugarri bat: epe motzeko interes politikoari lotuak dauden erabakiak hartzen dira, eta horren adierazpena dugu, Gasteizko Gobernuak hartzen dituen erabakiak (edo ereduak) baliogarri zaizkiola nafar gobernuari, PSOEri, bere helburuak betetzeko, hau da: arazoari itxura bat ematen zaio, beren politika garbitzen dute, errealitatean inongo eraginik ez duela izango jakinaren gainean badaude ere.
Azken finean, errealitate honen oinarrian euskaldun gizabanakook izan ditzakegun eskubide formalak soilik behatzen dira, eskubide formalak erantzun nahi dira, nahiz eta errealitatean eskubide horiek betetzeko posibilitaterik ez izan. Inoiz ez da sortzen instituzioetatik hizkuntz honek nazio honetan bizi duen arazoari erantzuteko nahia, eta hori errealitatea euskaduntzeko behar den plan orokor batetik etor daiteke. Beraz, eskubide formaletan, bilinguismoan oinarritutako diskurtso antzu batean babesten dira. Baina tendentzialki ez da deus erabakikorrik egin euskarak borroka honetarako baliapide gehiago izan ditzan.
Nolatan joka dezake horrela bere burua abertzaletzat duen alderdi batek?
Hasiera batean euskara maitatzea izan zen, eta nolabait euskara maitatuz nolabaiteko euskararekiko jarrera testimonial bat bultzatzea. Guzti hau instituzioetan dagoen jende batengan ikus daiteke, euskara maite duten jendea badago eta. Gero, diskurtso hori beste maila batera pasa zen: euskara salbatu behar da, euskaldun batzuk mantentzen diren heinean euskara salbatuko delakoan. Baina diskurtso horretatik ez dira pasa, euskara elementu sinboliko bezala mantendu nahi izan dute baina ez nazio baten hizkuntza erreal bezala, zeren eta hautapen hau egiten den momentuan planteatzen da herri hau nola euskaldunduko dugun, eta galdera hau egin ere ez dute egin. Azken batean ez da hain ezberdina PSOEren politika bat, ze PNV euskara 'salbu' ikuste horrekin iristen dira politika inefikaz berberara, hau da, oinarri hauetan sortzen den hizkuntz politikak azken finean kolaboratzen du errealitatean eramaten ari den hizkuntz genozidio honekin.
Zenbat urte plangintza orokorra eskatu zela? Zer egin da maila honetan?
Hor argi geratu da gobernuek plangintza hori egiteko behin eta berriz erakutsi duten ezintasuna eta borondate falta. Askotan borondate falta salatu izan zaie instituzioei baina, euskalduntzearen plan bat nahi badu izan plangintza orokorrak, zalantzan jartzen da gaur eguneko indar harremanekin eta egungo legedi-markoan hori gaur gauzatu daitekeenik ere.
EKBk eskatzen duen plangintza euskalduntze plan batean zehaztu behar da, plan horrek behar dituen bitarteko politiko, ekonomiko eta sozialak hartuz. Baina errealitatea egun erabat aurkakoa da. Horrelako plan bat euskaltzale indarrek gizarte osoari onartu erazi beharra dago aurrera egin dezan eta egun, azken finean, nazionalismo espainolean oinarritutako jarrerak dute iniziatiba, eta honek kutsaturik hartzen dira hizkuntz politikarekiko erabakiak. Euskararen aurka somatzen den gorroto honek agertzen diguna da marko honetan eta indar harreman hauekin euskarenak egin duela.
EKBren plangintza aitatu duzu. Zein da guzti honen erdian EKBren egitekoa?
Euskarak behar lituzkeen erabaki horiek eskatzea, eta zein izan beharko luketen aditzera ematea. EKBk planteatzen du plangintza orokor baten inguruan lor daitekeen batasunean oinarritu behar dela plangintza hori, eta EKB, baldintza hori betetzen duten indar guztien metaketa egiten saiatzen da.
Gauzak honela, EKBn gaudenon artean askok argi ikusten dugu bilinguismoaren diskurtsoa gailendu behar dela eta elebakartasun diskurtsora iritsi, elebakar dinamikak babestuz eta bultzatuz. Eta honetarako tresna politikoak ere funtsezkoak direla ezin ukatu. Eta EKBren lan propioa politikoa ez bada ere, ene eritzi pertsonalean, gaur egun, PSOE eta PNVren arteko lotura hau, eta Nafarroan PSOEk duen agintaritza, dira euskarak dauzkan oztoporik haundienak.
Ez al da oso utopikoa hori alderdi politikoen artean dagoen zatiketa hain larria izanda?
Hori esan nahi dut indar harreman honekin nahiko zaila dela egoera honi buelta ematea diodanean. Nolabait egoera politikoak baldintzatzen duelako gaur egun euskararen alde har daitezkeen erabakiak.
Zertan da EKB orain?
'Bateginik' esperientziaren ondoren, eta lehen aipatu dugun indarrean dagoen hizkuntz politikaren porrotaz landa, azken bolada honetan nabaritzen da euskararen herri mugimendua osatzen duten erakunde eta talde desberdinetan indar berritzearen saio edo behar horren inguruan halako bizi berri bat, berpizte bat. Horren lekuko dira Euskal Herrian Euskarazek egin berri duen batzarra, Euskal Eskola Nazionalaren bidean urratzen hasiak diren pausoak Euskal Herriko Ikastolen Federakundeak eztabaida ireki duelarik...
ARGIAko partaide zaren neurrian aipatua duzu ARGIAk euskal egunkaria aterako duela. Zertan dakusazu egunkariaren afera egun?
Ahalegin horretan aurrera goaz. Ez dakigu oraindik Jaurlaritzak zer erantzun eman nahi dion egunkariaren gai honi. Guk, Gobernuak eskatutako CIESen datuen arauera, esan behar dugu Gobernuak badakiela egunkari horri aurre egiteko baldintza hoberenak ARGIAn daudela, eta esan behar da ARGIA, egunkariaren proiektutik kanpo utzita, Gobernuak berau baztertzeko daukan borondatea frogatuko lukeela, eta nolabait, euskal egunkaria indarrean sortu baino, beste gaietan bezala bere interes politikoetara makurtuz egindako ahalegin batean tronpatuko litzatekeela.
Eta hori argi ikusten da egun: Euskal prentsa serio bat bultzatu baino bere laguntzak ukatuz nolabait baldintza txarretan mantentzea bakarrik lortzen du. Eta behin eta berriz ARGIAk bere proiektuak aurrera eramateko erakutsi duen gaitasuna frogatu eta gero, subentzioak betiko maila epel honetan mantentzen dituzte hemen ere beren kontrolpetik at gehiegi indartuko garanaren beldur; kontutan hartu gabe gure indartzea euskararen onerako izango dela.
J.J. PETRIKORENA FOTOAK: I.MURUA
46-49


GaiezHizkuntzaEuskaraErakundeakEKB
GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzHizkuntz poOrokorrean
PertsonaiazUMALABE1
EgileezPETRIKOREN1Hizkuntza

Azkenak
Euskalduntze prozesu osoa doakoa izateko pausoak eskatu ditu AEK-k

Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


AEBek Venezuelako ontzi bati eraso egin diote nazioarteko uretan, eta 11 lagun hil dituzte

Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Bi herrialdeen arteko tentsioa goraka ari da, soldaduak eraman dituzte mugara.


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua:
“Jaurlaritzarena zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa da”

Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta... [+]


Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Gatazka politiko bat egon da azken 60 urteetan Euskal Herrian, eta horrek izan du bere bertsio biolentoa, ETAk bideratu duena, zeinari Espainiako Estatuak errepresioz eta estatu-terrorismoz erantzun dion. Sei hamarkadetan, ordea, biolentzia horiek ez dira berdin ikusi izan... [+]


2025-09-03 | Gedar
Beste sarraski bat itsasoan: 160 bat lagun hilak Mauritanian, ontzi bat hondoratzean

Kanaria uharteetako kostaldera iritsi nahian ari ziren, baina Mauritanian urperatu zen ontzia. Desagerturik jarraitzen dute 100 pertsonak baino gehiagok.


‘Txoloak, sudakak, moroak, payoponiak’

Chocón, Kolonbiako hiri batean, beltzak, indigenak eta mestizoak elkar bizitzari eusten saiatzen dira. Beltzek txoloak deitzen diete embera indigenei, eta emberek beren hizkuntzan hitz egiten dutenean, kristauez hitz egiteko esaten diete bai mestizoek eta bai beltzek... [+]


2025-09-03 | Jesús Rodríguez
Zarata egiteari utzi, gora begiratu

Abuztuan 411.000 hektarea baso eta lursail erre dira León, Asturias, Ourense, Cáceres eta Zamoran. Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera osoa beste. Irmotasunez esan dezakegu muturreko baldintza meteorologikoek sutu zituztela suteak, berotze global antropogenikoaren... [+]


Normal plantak egiten

Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.

Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]


2025-09-03 | Castillo Suárez
Maitasunaz

Akordatzen naiz Blanca Llum Vidal poeta maitasunaz hizketan entzun nuen lehendabiziko aldiaz. Bere esperientziaz aritu zen, besteak beste. Esan zuen bere ordura arteko bizitzan maitasuna beti amaitzen zela, baina maitasunak ez lukeela amaitu beharko sentituz bizi dela. Ez dela... [+]


Teknologia
Turistak eta aktibistak

Oporretan nengoela, gorputza eta burua gozatzera bideratu ditut. Turista bilakatu naiz, eremu digitalean zenbait trebezia dugunontzat, oso erraza. Motxila hartuta familiarekin handik hona ibili naiz, poltsikoan dibisa asko barik, mapa fisiko barik, plan asko barik…... [+]


Eguneraketa berriak daude