Jesus Mari Zamora, 10a bizkarrean eta buruan


1989ko uztailaren 02an
Jesus Mari Zamorari elkarrizketa.

15 urtez Errealean aritu ostean joan den igandean erretiratu zen
Jesus Mari Zamora, 10a bizkarrean eta buruan
Europako erdilari hoberena kontsideratua 80an, Errealean 587 partidu jokatua, 80 gol egina, futbolik ederrena erakusten jakin izan du 15 urteotan Jesús Mari Zamora oreretarrak. Futbolarien eskubideen defendatzaile bestalde, AFEn aritua da asoziazioa sortu zenetik. Futbola uztera doan honetan harrobiaren lantzetik ikusten diola futbolari etorkizuna aitatu dio ARGIAri.
ARGIA.–Aditzera eman duzunez Errealak ez dizu aukerarik eman beste urte batez jarraitu ahal izateko?
JESUS ZAMORA.–Beno, esan nahi nuen ez didatela kontratua berritu. Eta honen aurrean argi utzi nahi dut prest nagoela, nerekin kontatzen badute, hitzegiteko.
A.–Beno, jo dezagun atzera eta gogora ditzagun zenbait pasarte. AFE sortu zenetik bertako partaide izan zara. Zertan aldatu duzue futbola urteotan?
J.M.Z.–Esan daiteke AFEk gauza asko lortu duela futbolarientzat, jokalariak erabakitzeko poterea eduki dezan kasu, seguritate sozialaren erregimena, paroa, jubilazioa... egia esan futbolaria ondo dago gaur egun, bizkarrak ondo zainduta.
A.–Futbolariarentzat erabat mesedegarri izan dela diozu. Baina klubei begira lanik egin al da? Berriki zenion oreka gehiago bilatu behar dela.
J.M.Z.–Zaila da, ze harrobiko ekipoak bi baino ez gara: Athletic-a eta gu. Honek ez du esan nahi beste ekipoek harrobia lantzen ez dutenik, lantzen dute, baina arazoak sortzen direnean atzerritarrak fitxatzen dituzte, eta hori erdizka lan egitea baino ez da. Politika purua gu biok daramagu soilik.
Besteak dira gehiengoa beraz AFEn, eta hor dago arazoa. AFEn azaldu nuen gai hori, gauzak honela jarraituz gero ekipo bezala kaltetuak suertatuko ginela, baina...
Nik uste dut halere, maila honetan esfortzu berezirik egin daitekeela, gure antzeko ekipoen lana nolabait sarituz, ze futbolaria bizpahiru urtez prestatu ostean beste ekipo indartsuago batek eramatea... hor oreka bat bilatu beharra dago.
A.–Ekipo purua dela Errealak aipatu duzu lehen. Baina entrenatzaile kanpotarraz baliatu da.
J.M.Z.–Bai baina estruktura ez da aldatu. Eta hori da inportantea. Momentu batean, koiuntura batean, beharrezkoa ikusi zen entrenatzaile kanpotar bat ekartzea, eta ekarri zen. Baina ekipoa, harrobia, lan egiteko modua, funtsezko politikak bere horretan jarraitu du, ez da ezer aldatu.
A.–Harrobia benetan lantzeko interesik ikusten al duzu baste ekipoen artean?
J.M.Z.–Uste dut orain lan gehiago egiten dela harrobiarekin, baina ja ekipoak beste dinamika batetan sartuta daude: arazoren bat sortzen denean jendea fitxatzera jotzen da, eta pausu hori eman ostean zaila da berriro atzera pauso bat ematea, lehen eman duzun pausoak ondorio hobeak ekar ditzakeela ikusi ostean... beno, errealitateak ez du halere honelakorik erakusten beti, ze fitxaje asko egiten dituzten zenbait ekipok ez dituzten gero emaitza onak eskuratzen; azken finean, fitxajeak emaitza onak denbora laburrean eskuratu ahal izateko egiten dira, eta harrobiak aldiz urteak eta urteak eskatzen ditu.
A.–Alda dezagun gaiaz. Toshack-en inguruan gauza asko esan da. Adibidez, oso gaizki portatu dela zenbait jokalarirekin: Arrien, Zubillaga... hauek geinera kritika gogorrak egin zituzten ekipotik aldegin zutenean. Nola ikusi zenituen aferok?
J.M.Z.–Denak eritziak dira, baina beno, batek zerbait esaten duen momentutik badu arrazoi puska bat, ez Osoa agian, baina puska bat bai. Nik argi ikusi nuen: beste mentalitate batez etorri zen, gauzak ikusteko beste modu batez, eta gu aldiz, denak hemengoak ginen, 'probintzianoak'... hor txoke batzuk egon ziren, berak deklarazio batzuk egin zituen komunikabideetan guk ez genuen ulertu bere jokaera, eta hori, berak ez zuen hemengo giroa eta mentalitatea ezagutzen jakin, baina Errealararen alde hoben kontsideratu zuena egiten saiatu zen.
Hor zer gertatzen da? Jokalari bakoitzak bere arazo pertsonala ikusten duela eta entrenatzaileak aldiz ekipo osoarena; orduan, dena aldatzen da. Gauza batzuk gaizki egin zituela? Bai, baina lehen esan dizudana...
A.–Eta zer egin zuen gaizki Toshack-ek?
J.M.Z.–Egiten zituen deklarazio publikoak adibidez; gu ondo ezagutuz gero jakin behar zuen ez zirela beharrezkoak, nahiko zuen gurekin hitzegin ze berak bazekien ekipoaren onerako den-dena emateko prest geundela, garai txarretan are gehiago, honelakoak garelako. Agian berak ez zuen hemengo espiritua ulertzen asmatu, eta guk ere ez genuen jakin berarekin beste gauza batzuetan asmatzen.
A.–Baina zuk posible ikusten al duzu kanpoko entrenatzaile batek hemengoon izaera horren sakondu gabe lan on bat egin dezakeenik?
J.M.Z.–Beno, esan behar da egin duen lana oso ona dela, perra handi bat balio ez zuen ekipoari, eta hori da egia, txapeldunen mentalitatea erantsi bait zion. Hor dituzu emaitzak: titulo bat lortu da eta bitan bigarren geratu lau urteren baruan. Honek ez du esan nahi hemengo jendearekin emaitzok lor ez daitezkeenik, Alberto berak bi titulu lortu zituen, baina beno, bakoitzari berea.
A.–Galestarrari kritika gogorrenak Madrilera joan zenean egin zitzaizkion. Ekipoa hautsita utzi zuela esan zen.
J.M.Z.–Nik ez dut uste deusik hautsi duenik. Hor zera gertatu da, jokalari zenbaitek aldegitea erabaki zuela, eta hor bakoitza libre da.
A.–Baina ez al da betidanik aurkakoa esan, ekipo bakarra Erreala zela eta kolore bakarra txuri-urdina?
J.M.Z.–Beno nik argi daukat karrera osoa ekipo batean egitea gauza haundia eta ederra dela; futbolariarentzat bezala ekipoarentzat. Baina desmitifikatu beharra dago guzti hau: ekipo batean hainbat urtetan jokatuta beste batera joateak ez du esan nahi pertsona bezala hobea edo txarragoa zarenik, eta jokalari bezala berdin; bakoitzak hartu beharreko erabakiak dira.
Bestalde kontu gehiegi esaten da koloreak gora koloreak behera. Ekipo batetik joanagatik ere beti sentitzen dira koloreak, ez dira ahazten; ni joan banintz kasu, koloreak berdin-berdin sentituko nituzkeen.
A.–Ofertarik izan zenuen bere garaian joateko. Baina aukerarik ez antza. Aukerarik izanez gero joango al zinatekeen?
J.M.Z.–Horri ezin diot orain erantzun. Inoiz ez dakizu... kontua da gaur hemen nagoela eta besteak ez du garrantziarik.
A.–Orain badirudi Erreala transformazio baten erdian egon litekeela: kanpoko fltxajeak egingo diren susmoa dago...
J.M.Z.–Gaia zaila da. Gure erretiroarekin urrezko urteak ezagutu dituen Erreala amaitu da; zer gertatzen da? Badirudi gu joaten garelarik ekipoa hautsi egingo dela, egundokoa kolpea izanen dela... Iturrino joan da, Zuñiga, Santi Bakero, joan den urtean beste hiru joan ziren... badirudi ekipoa desagertzera doala. Eta ez da horrela. Gure ekipoak oso kota altuak lortu ditu eta orain perspektiba guztiak hor goitik antzematen dira, eta horrek ez du balio gaur gauden lekutik behar dugu ikusi. Hemen gaude eta kitto! desdramatizatu behar da gure egoera, hor atzetik datozen berriak bultzatu, joka dezatela denbora eman. Eta beste guztia historia hutsa da.
A.–Baina egun Errealak duen ekipoa konpetitiboa al da?
J.M.Z.–Hori ez da kontua; kontua da beste ekipo haundi horrekin amesten dela, beti ekipo hura gogoratzen dela, eta oraingo jokalariak hasi baino lehenago 'matxakatzen' baditugu ziurki ez dutela gauza haundirik eginen. Lasai utzi behar zaie.
A.–Expositok berak aitortzen zuen koiunturalki onar zitezkeela jokalari kanpotarrak ekartzea...
J.M.Z.–Baina zer esan nahi du? Orain ekarri eta hemendik urte batzutara berriz ere lehengora itzuliko garela? Ezin du horrela izan. Nik uste dut harrobiarekin jarraitu behar dela, eta ikusi zer gertatzen den. Guk gainera fitxaje garestiak ezin ditugu egin; eta ziurtatu al dezakegu fitxaje horien bitartez gure arazoa konponduko denik? Hain bat urte itxaron zuten ba gurekin, eta orain ez?
A.–Azken galdera: zer diozu espainiar selekziora joateari buruz?
J.M.Z.–Ezin dut erantzun. Hori bakoitzaren gai partikularra da, eta ez erantzutearekin ja nahiko esaten dizut. Bere garaian gaia pil-pilean egon zenean hitzegitea beno, baina orain, uste dut ez dela batere baliogarria.
LOREN ARISTI
Errealak blzi izan dituen une erabakikorrak ezagutu ditu Jesus Mari Zamorak
Ekipo titularrean postua irabazi eta gero gordetzeko langile paregabea.
Toshack entrenatzaileak harrobiaren politika jarraitu duela aitortzen du oreretarrak.
42-44


GaiezKirolaFutbolaTaldeakReal Socied
GaiezKirolaFutbolaJokalariak
PertsonaiazAMORA2
EgileezARISTI2Kirola

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude