Tomas Ugartemendia: "Artistak aglutinatzeko zerbait falta da; taldeak,belaunaldia..."


1989ko urtarrilaren 29an
Tomas Ugartemendia eskultoreari elkarrizketa.

ZUREZKO ESKULTOREA HARRIZKO BASERRIAN
Tomas Ugartemendia: "Artistak aglutinatzeko zerbait falta da; taldeak, belaunaldia..."
Orexan eraikitako Orixeren omenezko eskulturaren egilea dugu Tomas Ugartemendia. Bere bidea urratuz dabil merkatuko joeretatik kanpo baserritar herri txiki batean. Leabarun.
Leaburuko kaxkoa bistan, kanposantu bidean, hirugarren baserria ezkerretara. "Saizar" baserrian dauka Tomas Ugartemendiak bere eskultura tailertxoa eta bizi-gela. Bere gisa hezitako hogeita hamar urteko baserritar-eskultoreari irrifarra zabaltzen zaio ahoan hitza bezain jori.
Tailerrean barrena egur puskak eta lanabesak nahasten dira bukatutako eta lantzen ari den obrekin batera. Begiak ezin denetan hein berean paratu eta bere gelara, "eserita hobeto hitzegingo diagu", gonbidatu gaitu.
"Nere lehen eskultura, ezagutzera eman zena, lehendik eskultura pila bat nizkian eginda baina normala duk, Leabarukoa haiz, baserritarra eta zein enteratuko duk, Aurrezki Kutxa baten lehiaketa batean saritua izan ondoren izan huen erakutsia. Baina geroztik ez diat parte hartu horrelakoetan eta orain ere ez diat nere lanik azalduko".
Erakusketak izan ditu.
"Ez gehiegi baina izan dizkiat. Zenbat jende joaten duk ordea erakusketetara? Beharbada jendearen kultur mailari zegokiok... Ez diat esaten goian edo behean dagoenik baina... Kultur maila edo ez zekiat. Sensibilitatea esaten duanean eta kultura esaterakoan bazirudik bi hitz oso ezberdinak direla, baina loturik zeudek baita ere. Kultura bada letzea bakarrik... Baina ez duk letzea bakarrik. Jendeak planteatzea nondik gatozen, zer pintatzen dugun hemen... Bere barrutik, pertsonalean galderak planteatzen duen jendea oso gutxi zegok".
Kultur maila eta sensibilitatea, edota sensibilitate eza. Moda eta galeria zirkuloetatik atera eta jende xehearen sensibilitate eza artearen aurrean.
"Eskultura jakin bat denean igual bai. Gai figuratiboetan... Baina erruki zioat hire bidetik hoanean hire bidea jorratuz, gauza berriak sortuz eta, eta ezin denean aurrera ateratzen dituala eta ez direla inorentzat hiretzat ezik. Eta atera behar duk kontu hi bakarrik ez haizela lanean ari haizena. Eskultore batek, idazle batek bezala, estimuloa behar dik ze, hi bakarrik, hi bakarrik... Laister zapuztuko haiz. Hemen benetazko zerbait egin nahi ba duk sufritu egin behar duk".
Artea eta kalearen arteko transmisio etena
"Eskulturak, beste edozein arte arlok bezala, zerbi zezakek mezu bat adierazteko... Nahiz eta oso erraza izan ez, ze, kaleko jendea ere badakik nola dabilen, jende xehea badakik nola dabilen, bere egonezinak zeuzkak, egunero jan eta... Esan nahi diat sensibilidaderik artista talde batek egiten duena hartzeko... ez dagoela transmisio kate bat artista eta kalearen artean. Nolabait estimulatzeko elkar. Ze hik egiten duan lanak baldin badik harrera bat, edo hik adierazi nahi duan mezu horrek badik zeinek hartua, sortzen duk halako estimulo kate bat. Beharbada idazleekin bakarrik gertatzen duk hemen hori".
Harria eta egurra bere gelan. Surik gabeko sutondoan ari gara hizketan. Kalekumeok laster somatzen dugu hotzaren arrastoa soinean. Tomasek berriz ez dauka hotzik. Badirudi mintzoak bero mantentzen duela.
88an Migel Angel Lertxundik euskal eskultura piska bat astindu zuela eta berari buruz galdetu diogu.
"Ez zekiat oso ondo nora doan. Erakusketa itinerante bat izan dik eta Iruñean ikasi nian. Katalogoaren erdia duk hemengo izakeraren bilaketaz eta bestea abangoardiak, amerikanoak... Erreferentziak falta dizkiat..
Nestor Basterretxeaz berriz:
"Neri izugarri gustatu zitzaidan bere Serie Cosmogónica. Barandiaren mito guztiak gorpuztu zizkian. Nik ez nian bera ezagutzen baina eskulturak ikusita txundituta gelditu ninduan. Pertsona bezala izan zitekeen asko sentitzeko eta maisu bezala izateko. Baina gero, pertsona bezala ezagatutakoan akabo.
deslilura keinu bat marraztu zaio aurpegian irrifarra baino erakusten ez duen Tomasi.
Oteizari buruz ere badu zer esanik.
"Min handia eman dik. Belaunaldi berriaren artean estimatzen huen Oteiza. Fedea edo, fedea hire buruan bakarrik eduki behar duk, estimatzen huen. Errebelde pertsonifikatu bat huen. Baina iristen duk momentu bat, ezer galdurik ez duenean, burua makurtzen dik, milioiak eta milioiak... Bide koherente bat egina zian eta... Orduan Oteiza ez dakit nondik heldu, kontradizioa pertsonifikatua duk".
Baserritar artistaren bidea
Txikitandik eskulanetarako joera eta trebezia erakutsi eta bere gisara aritu da eskulturagintzan.
"Ez diat eduki formazio akademiko bat. Ez nauk Bellas Artes-etik pasa. Bide autodidakta daramat. Hasiera batean asko edan nian Brancusi eta Henri Moorengandik. Hemengoetatik Remigio Mendiburuk izan dik nigan eraginik handiena. Ez eskulturan bakarrik, bere nortasuna... Txillida, Oteiza... ezinbestekoak dituk hemengoa izanda".
Orixeren eskultura egin duen bezala enkarguzko lanak egiten ditu Ugartemendiak aurrera tira ahal izateko.
"Enkarguak izan dituk nire estrategia pertsonala bizi ahal izateko. Izango huke bestela dena utzi eta baserrira dedikatu edo mekaniko izan. Sentitu izan diat dirurik gabe egondakoan dena utzi eta... Baina enkarguak izan dizkiat eta aurrera tira diat. Baina arriskutsua duk. Proposamena egiten ditek eta lan hori egiten duk, ez hik egin nahi huena".
Eta Tomasek bere bidea egin nahi du. Behin eta berriz aipatzen du. Zein ordea?
"Nere bidea? Nere bidea nik aurkitzen diat nahiz eta hemen ez esplikatu. Nik zer sentitzen dudan eta ni izatea. Hor geldituko duk bidea jorratuta ni naizenaren arrastoarekin. Horrek eskatzen dik erabateko dedikazioa. Izena izango dik baina ez diat sinisten Instituzioetan dabilen jendearengan. Bazekiat zer sentitzen dudan, behar diat denbora eta nire buruarekin egon. Plasmatuko diat eskulturan".
Bere bidea eskulturan, bere gela bezala, egurrez eta harriz ari da osatzen. Horiek dira bere materialak.
"Egurra eta harria. Harria asko. Egurra goxoogoa duk, eta maiteago diat seguruen, baina zenbait gai kontutan hartuta eta gero non joan behar duen ikusita... hor zegok harria".
Materiala eta lana. Artista erdian. Eskultorearen eskuek ematen diote forma oinarrizko materiari. Artistaren gogoak egiten du bidea.
"Serie biologiko bati gogor ekin nion hasieran. Beste bide ilunago bati heldu nion gero, ameskoia, onirikoa... Askoz ere subjetiboagoa. Orain, bozetotan, eta ni ere baserritarra nauk, baserritar edo mendiko kulturaren egoera zeukat gogoan. Kaleko gizarteak bazterrean utzi duenetik mendiko gizartea halako egoeran zegok hau. Nik asko sentitzen diat gai hau eta horrek bultzatzen zidak lanera. Kontzientziarik ez duen baserritarra oso gaizki ari duk pasatzen".
Mugimendu eza artisten artean
"Eskulturak, beste edozein urrun dabil merkatuan dauden joeratatik".
Berak ere hala dakusa bere burua.
"Bilboko Bellas Artesetik ateratako jendea zegok modan egun. Horiek jasotzen dizkitek sari guztiak eta bazirudik horiek egiten dutena promozionatzen dela. Minimalismoa".
Kezka bat eta erreferentzia galdu bat gaurko euskal artista berriekiko. Bakoitza bere txokoan dabilela lanean.
"Nola ez dagoen gauza bat edo aglutinatzen gaituena, talde bat edo belaunaldi bat... ez diat ikusten dagoenik. Ez zegok mugimendu nabarmen bat. Ez bakarrik eskultoreak. Disziplina ezberdinen artean lotuko gaituen zerbait falta duk. "Ez dok amairu"ren hasieran Oteiza zegok".
Artista bakoitza berean ari da gaur ordea. Kaletik urrun. Merkatal saretik landa nola uztartzen dira artistak gizartearekin?
"Jendearekin harremanik ez bazegok hi hiretzako ari haiz. Eta horrek zentzu gutxi dik oso. Hi hor hago, baina pena bat duk. Galerien sarea zegok. Baina orain Minimalismoa egiten bada hori ere egingo duk galerian funtzionatzen duen bitartean".
Azkenean, hasieran joan zitekeena, galdera moduan geratu da. Oraindik orain erantzun gabe geratu den galdera.
"Zer duk artea? Gizartearen egoeraren arauera zerbitu izandu dik mezu sozial edo politiko bat adierazteko momentu konkretuetan. Edota mezu erligioso bat. Gaur egun ze mezu ematen dik? Bazegok mezu bat kolektiboki eman dezakeguna".
JOXEMI SAIZA IÑAKI URIA
50-51


GaiezKulturaArteaEskulturaEskultoreakUGARTEMEND1
PertsonaiazUGARTEMEND1
EgileezSAIZAR2Kultura
EgileezURIA3Kultura

Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude