"Kilo gehiago altxa daitekeen neurrian, harriari beruna erastearen aldekoa naiz"


1988ko azaroaren 27an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Pedro Salegiri elkarrizketa.

Pedro Salegi, urteak eta urteak harrietara jarrita
"Kilo gehiago altxa daitekeen neurrian, harriari beruna erastearen aldekoa naiz"
Bergarako tailerrean lantzen ditu egun Pedro Salegik, garai batean, harrobian moldatzen zituen harriak. Perurena, Saralegi, Gibeltegi, Zelai eta beste hainbat harrijasotzaileren harri tzarrak bere esku latzek sortuak dira. Txikitatik datorkion zaletasuna jarraitzea besterik ez duela egin esan digu berak; 'nik, 14 arrobatakoa altxatzen nuen duela urte batzuk' zioen...
Nonahi topa ditzakezu harriak Bergarako tailerrean, han hemenka barreiaturik. Harri bakoitzak dauka bere historia, bere garaia, bere marka. Pedro Salegik, poliki-poliki, elkarrizketaren zehar kondatu digun bezala:
ARGIA: Nondik datorkizu zuri zaletasuna?
PEDRO SALEGI: Mutrikuko Haritza deitzen zutena auzokoa nuen, eta haren etxean harri mordoa izaten zen. Inguru denetik etortzen ziren harria jasotzera hara, bata 10 arrobatakoa probatzera, bestea 12koa; 14koa ez zuen inork altxatzen sasoi hartan. Orain berriz, 14 arrobatakoa harri txikia da. Ni mutikozkorra nintzela begira egoten nintzen. Afizio piskat hantxe hartu nuen. Eta halaxe: batek harri bat enkargatzen zuen, egin, gustatu, eta orain bitartean.
A: Ze nolako harriak ziren garai hartakoak?
P.S.: Harri politak, hutsunerik gabeak; eskuzuloetarako kilo t'erdi bat kendu harriari eta hortxe errenditu behar izaten zuen. Trinkoa eta motza, altueran 56 zentimetrotakoa.
A: Eta ze motatakoak?
P.S.: Gaur daudenak: zilindroa, koadroa, kubikoa eta bola. Azken biok eskuzulorik gabeak. Betidanik izan dira hala.
Oraingo harri moderno hauek, behetik arinduak, duela 30en bat urte sortu ziren, kasualidade batean hain zuzen. Mutil bat etorri zitzaidan 7 arrobatako harria eskaka. Eta nik ez nuen. Eta hantxe otu zitzaidan: "8 arrobatakoari bat kenduz gero...". Behetik punteroz kendu eta asmatu ere. Aprobatu zuan eta erraz altxatzen zuen, giratzeko ere errazago zen. Eta hola, piskanaka-piskanaka, sartuz joan da. Lehengoek esaten dute ez dela hau sasoi bateko harrijasotzea. Nere ustez, lehengoentzat denak igualak ziren neurrian oraingoentzat ere hala dira, eta aurrera!
A: Garai batetik hona aako aldatu al da hargintza?
P.S.: Asko, asko. Gu harrobian aritzen ginen garai batean; bola bat hartu eta hiruzpalau egun harri berarekin, punteroarekin daka-daka, eskuzuloak atera zintzelaz, norberak nahi zuen tamainan eta bukatu arte. Orain berriz, makinaz egiten da asko. Diamanteaz baliatzen gara normalean harriari gorputza emateko. Eskuzuloak ez, betire eskuz egin ohi ditugu.
Beharrezkoa da esku ona hargintzan. Harri batetik bestera diferentea izaten bait da lana, eta jartzen zaion gustua ere, eskuzulo bat piskat loditsuago laga edo mehetsuago lagazerakoan adibidez, ondo heltzeko laga edo ez laga...
A: Ba al dago neurririk eskuzuloetarako?
P.S.: Bakoitzak behar duena. Gustoko duena alegia.
A: Eskuzuloak garai batetik hona batere aldatu al dira?
P.S.: Erabat. Perurenak aldatu zituen konpletamente. Lehen kantoika izaten ziren eta honek asmatu zuen aurretik egin behar zirela. Gerora ikusi da aurretik edukitzea hobe dela, tente-tente jartzen bait du gizona! Zera, oraindik buruan daukat Donostian gertatu zitzaiona Perurenari: gazte-gazte zela, 15 urtez, txapelketa batetara aurkeztu zen. Eskuzuloak eman zituen aurretik eta Endañetak, hura ikustean, far egin zion muturrera. Ordea, makina bat izerdi bota eta larritasun pasa zituen Endañetak, garai hobenean zegoela, gazte hura irabazteko. Gerora goraka egin du etengabeki Perurenak.
A: Ze harriez aritzen zara?
P.S.: Mutrikuko karaitza erabiltzen dugu. Eta bestela, harri beltza, ofita esaten dutena, errekakoa, errekako bola. Gero, Perurenak dabilena, Saralegik, Gibeltegik... Oiartzungo mina batetik ekartzen ditugu, harria haundi samarra gertatuz gero hori eskatzen bait dute denek. Buelo txikikoa nahi izaten dute. 20 arroba eduki eta ematen du 16 dituela, lehenego begiradan engainurako prestatzen da. 14 arrobatatik gora hori nahi izaten dute.
A: Ze kapritxo izaten dute harrijasotzaileek harri kontutan?
P.S.: Eskuzuloena. Gorago edo beherago jartzea izaten duk hor askotan komeria.
A: Zenbat iraun dezake harri batek?
P.S.: Ostolaza, bere garaian, 20 urte aritu zen harri berarekin, 8, 9 eta 10 arrobakoekin hain zuzen. Dakienak ibiltzen ez du puskatzen, baina ez dakien gazteak botatzen du edozein posturatan eta apurtu egiten du, ze bestela, harri batek betirako balio du. Harri moderno hauek ez, hauek apurtu egiten dira erraz, nola daukaten kapela mehea... gero konpontzen ditugu, masaz edo burni txotxez.
A: Eta zenbat kostatzen da?
P.S.: Normalean, edozein harri on, 40.000 pezeta inguru.
A: Nola egiten duzue Perurenaren harriak aldiro kilo bat gehiago izan dezan?
P.S.: Erraz. Atzetik zulo puskat edukitzen dute, eta orduan, masaz, kilo bat erasten zaio bertan.
A: Zenbat kilo erantsi behar diozu aurrerantzean?
P.S.: Oraindik ez daiteke esan zenbaiteraino iritsiko den, ezin baita neurtu. Nik esperantza badaukat segituko duela goitik, zenbat ez dakit. Sasoi batean 300ekoa zen topea, orain 7raino iritsi da, jakintzazu! Halere, oraindik puskaren bat geratzen zaio altxatzeko.
A: Zuk ez al duzu sekulan harririk jaso?
P.S.: Bai, inoiz altxa izan dut. 12 arroba altxatzen nuen, eta ondo. 14koa ere bai, bailara osoan nik bakarrik altxatzen nuen.
A: Garai batetako harrijasotzaileetatik zeini diozu estima gehiago?
P.S.: Endañetari. Neretzat, Endañeta, oso ona zen. Oso ona. Endañetak pisu diferente asko ibili zuen, hasi 10 arroba, 12, 14, 15, 16, denak hiladan, eta denak pisu haundikoak.
A: Zeintzu dira indartsuago, oraingo ala garai batekoak?
P.S.: Oraingoek indar gehiago dute, gizon haundiagoak ere badira. Perurena adibidez, 130 kilotako gizona da; lehen, haundiena, 100 kilotakoa zen. Eta zenbat eta haundiago izan, kalitate bera edukiz gero, aukera gehiago noski. Pentsa, Endañetak 20 arroba altxatzen zituen, eta hori, orain, esku batekin egiten du Perurenak. Atera kontuak ze alde den hori! Egun gainera, sekula santan izan diren harrijasotzaile bikainenak dauzkagu.
A: Zuk egindako harrietatik zari dinzu estima gehien?
P.S.: Usategietari egin nion harri bat kapritxora e! Zumarragako errekatik ekarri guk eta dena eskuz, 8 arrobatakoa. Harri hura Japonera eraman zuten eta han utzi ere. Ez dut halakorik sekulan ikusiko.
A: Aurrera begira, beste harri klaseren bat ba al duzu buruan?
P.S.: Beste harri klase bat ez, gauza bakarra harri bat piskat buelo txikiagoan geratuko litzatekeena. Zera, pisu haundiagoa altxatzeko komenigarria izango litzateke harria berunez lagatzea, astuna bait da, eta horrek eman bait dezake posibilitatea gizon igualak bost-hamar kilo gehiago altxatzeko. Hori aprobatzeko esperantza Perurenak badauka, ez dakit noiz izango den baina...
Lehen ere eztabaida latzak egon ziren beruna sartzen zela eta ez zela. Horra hor Ostolaza eta Endañetan arteko apostu batean emandako iskanbila. Beruna libre egonez gero, nik uste dut, Perurenak harri haundiagoa altxako zukeela, Gibeltegik,- Goenatxok, Zelaik, denek... Halere, jendeak ez du ondo hartzen. Nere eritziz, berunaz gehiago altxa badaiteke zergatik ez onartu. Pentsa, Perurena adibidez, berunaz, 312 kilotara iritsiko balitz edo 15era; ez al zukeen mereziko?
LOREN ARISTI
42-43


GaiezKirolaHerri kirolHarri-jasotBesteak
PertsonaiazSALEGI1
EgileezARISTI2Kirola

Azkenak
Eguneraketa berriak daude