Koldo Ibañez de Elejalde: "PNVk iruzur egin digu"


1988ko azaroaren 06an
Koldo Ibañez de Elejalderi elkarrizketa.

ESAN DAITEKE GASTEIZKO ADMINISTRAZIOAK UKO EGIN DIOLA AEK ETA PNV-REN ARTEKO ITUNARI
Koldo Ibañez de Elejalde: "PNVk iruzur egin digu"
Urteak zeramatzan AEKk Administrazioak ezagutua izateko burrukan. Iaz PNV agertu zen artekari lanetarako eta itun bat sinatu zuten, gero Administrazioak hori ontzat hartuko zuelakoan. Administrazioak uko egin dio AEKren azken eskariari eta esan daiteke ituna galdua dela ia. Horrezaz gain, Nafarroan dekretuarekin batean sare paraleloa eraikiko omen du gobernuak, AEKren alternatiba jateko asmoz. Hona Nafarroako arduradunaren eritziak.
A.– Matrlikulazioarekin hasiko gara, ez ote da aurtengoa oso kaskarra?
K.I.–Orokorrean uste dut esan daitekeela jeitsiera handia dela. Salbatzen den herrialde bakarra Araba izan daiteke, Gipuzkoan %20, Bizkaian %20, Nafarroan %30 eta Iparraldean beti bezala segitzen du. Jeitsiera horretan badira berezitasunak: zentro handietan gertatzen da, eta bestalde kontutan hartu behar da erdaldun guneetan ez dela jeitsierarik izan. Adibide gisa Errioxa Araban eta Erribera Nafarroan. Nik ikusten dudanez, hizkuntzaren ordezkatze prozesua dela eta, hor bada, ideologiaren aldetik kontzentzia bat, pasibotasunetik aktibotasunera jauzi bat eginez. Hiriburuetan duela bost edo zortzi urte gertatutako euskararen gorakada badirudi han errepikatzen dela orain.
Beste puntu bat, jeitsiera ez da bakarrik AEKn gertatu, orkorra bait da, aipatu behar da Elkarlan-ek Zubibarri euskaltegia hertsi beharko duela, matrikulazio gutti duelako, HABE eta Udal euskaltegi gehienetan ere jeitsiera gertatu da. Inon igo egiten baldin bada, han AEK jeitsi delako da. Kontua da Udal euskaltegi gehienak daudela AEK dagoen herrietan.
A.– Zein luke honek arrazoia?
K.I.– Bestalde arrazoiak ematekotan aipatu behar da euskararen aldeko presioa jeitsi egin dela, batez ere instituzioetatik. Batetik kalean badirudi euskararen alde egiten dutela, hor daude Vascuencearen Legea edo Vascongadetan Euskara Normalizatzeko Legea. Baita euskara normalizatzen ari den mezu instituzional hori ere, itxurazkoa. Presio falta bada gizartean ere, nolabait, batzuk konformatzen dira urtean behin edo bi bider ekintza suelto zerbait egiten, hots, Nafarroa Oinez edo Ibilaldira joanez euskararen faktura ordaintzeko.
Egoera beraz, larria da, baina bestealde bada hor itxaropen bat, gero eta ekintza gehiago hizkuntzaren alde, bi ahotako ezpata da hau. Instituzioen papera kontutan harturik hiru administrazio daude jokoan baina batez ere bi dira zuzenean eragiten dutenak.
A.–Hasiko ote gara Nafarroarekin?
K.I.– Nafarroan 88ko maiatzean onartutako dekretua dugu. Dekretua kaltegarria da AEKrentzat eta orokorrean, gure ustez, euskararen berreskurapenean, guk uste gobernuak dekretuarekin bilatzen du AEKk azken urte hauetan egindako lana oztopatzea, hobeki esan, suplantatzea, orain arteko emaitza guztiak dekretu baten bitartez deuseztatuz. Hori ikusten da titulazio akademiko bat eskatzen dutelako, horrela gobernuak arautu nahi du bere planteamendua ohizko bideetara. Kontutan hartu behar da egoera zein den, gurea hizkuntza minorizatua bait da eta UNESCOk dioenez, egoera ez-normalean ajente guztiak erabili behar dira, ikasle nahiz irakasleak, bai tituludunak bai titulugabeak ere. Hori da guk planteatzen duguna.
A.– Zer esan daiteke ikasle kopuruaren gainean?
K.I.– Berek planteatzen duten bidetik ezin izanen genioke demanda osoari erantzun, guk uste egoera anormal honetan kopururik ez dela kontutan eduki behar ikusiz arazoa ez dela ikaskuntza formalean gauzak nola egin, egoera ez normalean demanda osoari nola erantzun baizik. Egoera ez-normal honetan erdaldun den gune batean euskaldun kopuru bat sortzen badugu, berek dioten kopuru minimoa izan gaberik ere, garrantzizkoa da guretzat.
Bestalde LODE legea aplikatu nahi digute, ez dute kontutan hartzen guk badugula gure funtzionamendua, asanbladan oinarritzen dena, zentru edo herri bakoitzean ikasle eta irakasleek erabakitzen baitute funtzionatzeko bidea.
A.–Saiatu zarete dekretua betetzen?
K.I.–Dekretua hor dago, gu saiatu gara betetzen, titulu akademikoak salbuespen. Planteamendua mutuaren legearena da, hasieran nahiko zabala da dekretua baina alda daitekeenez, baldintzak hestuagoak jarriko dituzte gero, tituluak irakasle guztiei eskatuz e.a. Ezin ahantzi Felonesek esan bezala euskaltegi foralak sortuko direla, euskaltegi publiko uste dut deituko direla. Orain badira bi Iruñean. Sortzen ari den sare hori zabaldu nahi dute poliki poliki hasieran Merindade buruetan ezarriz. Hori guretzat hondamendia da garbi.
A.– Dekretua dela-ta zertan ahalegintzen zarete?
K.I.–Jakina, gu dekretuaren aurka gaude, eta segitzen dugu dekretua aldatzeko bideak urratzen, eta ez duela bi aste hizkuntz politikarako zuzendari den Estebe Petrizanek dioen bezala dekretu horren barruan progresibotasun bat aplikatzeko. Dekretu hori aldatu nahi dugu AEKren herri alternatiba aurerra ateratzeko, bi puntutan oinarriturik, kulturgintza bidezko ikaskuntza eta herri dinamikan.
A.–Ez ote da AEK gobernuak egin beharreko lanetan aritu?
K.I.–Gaur gobernuak dituen sail guztietan (funtzionarien erreziklaia, hizkuntz eskola eta CIE) ari direnak AEKk sortutako irakasleak dira, eta erabiltzen duten metodo eta materiala AEKn mamitua da, Petrizanek aitorturik gainera. AEKren azpiegituraz baliatu da gobernua.
A.–Zertan dira antzeko Nafarroan hasten den prozesua eta Vascongadetan duela bost urte HABE legearekin hasi zena?
K.I.–Bide berbera da, sare paraleoa eraiki AEK kontutan hartu gabe hau hondamendira bultzatuz. Esan behar da gainera PSOEk buruan buru kopiatu duela PNVk Vascongadetan ezarri bidea, eta ikusiz zein den PSOEren euskaltzaletasuna gutti dio horrek Vascongadetako ereduaren alde.
A.–Gaia Vascongadetaraino lerratu zaigu. PNVrekin egin zenuten itunaren barnean Gasteizko Administrazioak zuen propuestari uko egin dio.
K.I.–Hala da bai, eta badirudi ituna haustear dagoela. Itun hau lortzeko berebiziko ahalegina egin du AEKk, AEK barnean denak ez ziren itunaren aldeko uste bait zuten itunak AEK HABEren bidetik sartzea zekarrela, eta horrek faktura pasa zigun, historikoetatik batzuk AEK utzi bait zuten ia.
Baina bestetik, jende anitzek esperantza handia zuen itunean, gure arazo ekonomiko larrietarako arnasbide zelako, baina zer gertatu zen? Behin ituna sinatuz gero lasaitasunean erori zela AEK, eta desmobilizaturik geratu ginen ustez PNVk bidea erraztuko zuela Instituzioek gero ituna ontzat hartzeko, baina ez da hala gertatu. PNVko Txomin Aurrekoetxeak eta elkarren lagun ginela zioten, baina orain laguntasun izpirik ez da ikusten, administrazioak erabat ukatzen bait du AEKren proposamen oro.
Urriaren 11an planteatu genuen kontraproposamenean hiru puntu zeuden: kinka ekonomikotik ateratzeko ezinbesteko zaigun diruarena, PNVk onartu zuena, 88ko ebazpena ez aplikatzeko eskaera eta irakasleen homologazioaren gaia. Administrazioaren partetik jaso dugun erantzun gogorrean hiru puntuak ukatzen dira, eta badirudi itunak ez duela aurrera eginen. Erantzunaren arauera, eta hemendik hiru urtetara euskaltegi libre guztiek desagertu behar badute, AEKren hondamendia bilatzen ari dira; homologazioaren bidean berriz, soilik unibertsitatearen bidea aipatzen dute irakasleen eskubide historikoak haintzat hartu gabe.
A.–Zer irtenbide daukake AEKk?
K.I.–Administrazioak bukatu nahi du AEKrekin, negoziaketen bidea ematen du bukatzear dagoela, nolabait PNV bera bait da gestore, Komunitatean AEKrekin bukatu nahi duena. Hiru urtetako bizia ematen diote AEKri. Guk diogu AEK ez dela isilik geratuko eta ez duela bertan behera utziko 20 urtetan zehar egindako lana, garbi dago hor badaudela interes batzuk beren aldetik, euskararen berreskurapenean lanik gehien egin duen erakundea ito nahi dute eta.
Mobilizazioetara joko du AEKk, hor dago AEKren Eguna, Azaroko Mintegia... AEKk egokitu beharko dizkio bere planteamendu guztiak egoera berri honi, egitura aldetik eta. Mintegi horretatik indarberriturik atera beharko dugu eta planteamenduak definiturik. Azken finean herriak sortu zuen AEK eta herriak eutsi beharko dio orain ere AEKri, negoziaketen bidea ia hertsirik baitago, mobilizatu beste biderik ez dago.
IÑAKI CAMINO
Koldok itxaropentsu azaldu nahi du baina AEKren geroa ez da inondik inora gozoa.
PSOE PNVren berreuskalduntze bideari jarraitzeari gauzak gaizki doazen zentzua hartzen dio Koldok.
46-47


GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAEKDirulaguntz
PertsonaiazIBAÑEZ1
EgileezCAMINO1Hizkuntza

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude