"Herreran gauez apendizitis batekin, kalean ez bezala, hil zaitezke"


1988ko ekainaren 26an
Crispin Batisekin elkarrizketan.
Crispin Batiz, euskal preso politikoen aldeko mediku taldekoa
"Herreran gauez apendizitis batekin, kalean ez bezala, hil zaitezke"
Orain bi aste, orroialdeotan bertan, presoak gartzela barruan ez zirela hiltzen, hil egiten zituztela zioen Xanti Val preso ohiak. Tamalez, ezagutu eta asmatu egin du oreretar honek, Juan Karlos Alberdi Martiarena urnietarra Herrerak irentsi du. Jadanik, azken urteotan 6 euskal preso politikok utzi dute bizia gartzeletan. Han barnean zer gertatzen den jakin nahian, neurologo eta Estatu Espainiarreko espetxeetan barreiaturik dauden presoak zaintzera hainbatetan joan den Crispin Batiz-ekin aritu gara.
ARGIA.– Urteak daramatzazu presoak zaintzen eta laguntzen. Ongi ezagutzen dituzu presoen gora-beherak, zer egiten ari dira presoekin?
Cripin Batiz–Presoekin egiten ari direna, estrategia baten barnean kokatu behar den prozeso bat da. Esperimentuak eguneroko ogia dira.
Azken fase honi atxekiz, PSOErenari alegia, txinatarrek aspaldian asmatu zuen 'kaxoia beste kaxoi baten barnean' teknika erabiltzen hasten dira. Honela, preso guztiak espetxe batetan giltzapetzen dituzte beren ingurune guztiaz isolatuz, bai geografia mailan bai sentitartekoan. Neurri zuzenak dira baina, era berean, talde oscari aplikatuak. Helburua: preso ale batzuk porrot egin dezaten. Horregatik edozein txatxukeria dela bide, 'behar bezala' tinko ez jartzea, patiorako bidean iladatik at ibiltzea edota edozein aitzaki nahikoa da isolatze zigorrak jasateko. Hasieran epe laburrekoak, gero luzexeagoak eta azkenik hilabetetakoak. Presoak landu behar dituzten garaian'ikutuak' egon daitezen.
Guzti hau estudiaturik dago eta aipaturiko lehen fasearen ondoren bigarrena etorriko litzateke, damuketena. Bien bitartean, Langraitzeko espetxearen kasua dugu, Espainiako kartzeletatik, beren eritziz 'ikuturik' zeuden hamalau preso horra igo zituzten; teknika honek ere, sistima bezala porrot egin zuenarik.
A.–Hala ere, beste metodo batzu ere erabiliko dituzte.
C.B.–Bai. Ordura arte Alcalá-Meco pasoko espetxea bazen ere, orain benetazko laborategi esperimental bihurtu dute: preso guztiak banaka estudiatuak dira, honela bai;oitzaren egoera pertsonala, kondena urteak, familiarekiko harremanak... aztertuak izango dira, eta hirugarren fasea, sakabanaketarena, datorkigu. Fase hau aurreko guztiaren porrotaren ondorioa da. Presoek esku artean zuten harma bakarra erabili zuten: elkarren arteko elkartasuna. Erresistentzia metodo bat ezartzen dute, ez diote zigorrari ihes egiten, aurre egin baizik. Askotan, era horretan sistimak ezer ez duela lortuko ohar arazteko zigorrak probokatu izan dituzte. Nahiz Herreran lau modulotan zatiturik egon, elkartasun harreman oso estuak dituzte eta 9 hilabetetako kanpoarekiko inkomunikazio ere eman izan da.
A.–Alcalá ko espetxea laborategi esperimental bihurtu dutela aipatu duzu. Zein lan egiten da hor?
C.B.–Herrera kondena igarotzeko espetxea da eta erresisti dezakeen presoa hantxe arituko da jo eta ke. Funtzionarioek ezer gutxi egin dezakete. Alcalá-koan aldiz, presoa hilabete batez izaten dute, konduktismora jolasten dute presoarekin. Paulov en txakurrarekin bezalaxe, inposatzen den sistimara gutxi gora behera egokitzen den presoa 'saritua' izango da, eta espetxe horretan epe luzeago batez egoteko aukera ematen zaio, hospitalera irteerak onartzen zaizkio... gainera fase honetan inolako konpentsaziarik eskatu gabe. Baina sistimara egokitzen ez dena berehala Herrerara itzuliko dute.
A.–Zein da orduan sakananaketaren funtzioa?
C.B.–Garbi ikusi dute preso talde osoaren kontrako erasoak alferrikakoak direla eta oraingo fase berri honetan zigor selektiboak ematea-aukeratu da. Sakabanaketa egiterakoan, ez da kasualiatea egin den aukeraketa. Sakabanaketa ematerakoan, normalean lau presotako taldeak egin dituzte, talde hauetako presoak herrialde eta komando desberdinetakoak direlarik, modulo desberdinetan egondakoak, lehendik elkarren arteko inolako harreman pertsonalik gabekoak, adin eta familia arteko arazo desberdinekin, zigor kondena desberdinekin.
Lau metro karratuetan 40 urtetako Barakaldoko bat eta Baztango preso sartu berri den gazte bat, 8 urte kartzelan daramatzan beste preso batekin bizitzera behartuak dira. Eramaten dituzten espetxeetako errejimena ere aldatzen da preso talde sakabanatu hauen etorrerarekin. Beti 2. eta 3. graduko presoak dauden espetxeetara eramaten dituzte eta hauetan preso eta funtzionarioen errejimen lasaia aldatu beharra dago, etarra arriskutsuak ekarri bait dituzte. Funtzionarioak agresiboagoak bihurtzen dira, beti erne eta lasaitasunik gabe lan egin behar dute; preso komunek berriz, ezin dute lehengo faboritismoez baliatu, alkohola murriztuko da etab. Honela, era askotako tentsioak sortzen dira.
Eta guzti hau gertatzen den bitartean, euskal preso hauek estudiatuak izaten jarraitzen dute. Hauetako norbaitengan ahulezia somatzen bada jorratuago izango da. Honetan lan garrantzitsua espetxeetako zuzendari, mediku eta ATSarena. Preso hauek doazen gartzeletako lehengo gizonezko medikua kendu eta emakumezkoa ipiniko dute, presoaren konfidantza irabazi nahian, presoari gizonezko medikua funtzionario hutsaren usaina gogoarazten bait dio.
Eta hauxe da egungo egoera, presoak adaptazio fase batetan daude, aipatu dugun panorama beltz honi aurre egiteko fase batetan daude baina ni, etor daitekeen fase berri bati diot beldur, zeren Estatu Espainiarrean espetxe asko dago.
A.–Euskal presoak Frantziar Estatuko espetxeetan jasaten duten egoeraren antzeko batetaz ari zara?
C.B.–Bai. Presoak banaka Estatuko gartzeletara barreiatzen badituzte, erabateko isolamenduan ezartzen badituzu, eta sensorial isolamendua gehitzen badiezu hiru hilabetetan erotzeko arriskua dago. Era honetan, 'rehen politico' hitzak zentzua hartzen du, zeren presoekin egin daitekeena erakutsiz, preso hauen erakundea presionatu nahi dute.
A.–Guzti honen aurrean presoak erabilitzen duten erresistentziak, hau da, hainbat eta hainbat gose grebek, inkomunikazio grebak... zein eragin dute presoengan?
C.B.– Stress jarrai honek inseguritate sentimenduak pizten ditu. Norbera noizbait huts egingo duen beldur sentitzen da eta zenbait gertakari suertatzen bada gainera, modulo bereko baten gaisotasun larria edota lagun baten heriotzea, stress hori areagotu egingo da. Eta ez da gartzelaz kanpo aurki daitezkeen ihesbiderik barruan aurkituko. Sexualitate eta talde erlaziorik izateak asko laguntzen du, alkohola neurri batez edateak ansiolitiko eragina du, eta presook ezin dute egoera normal batetan honelakorik egin. Egun guztiak berdin-berdinak dira, oso monotonoak, sexual erlazioak daudenean, baldintza lotsagarri eta aberrante batzuetan egiten dira, talde erlazioak inposaturikoak dira ez aukeratutakoak, kirola egitea ia ezinezkoa da eta gelditzen zaien gauza bakarra autoerrelajaizo teknika da, tartean introbersioaren arriskua dagoelarik.
Presoa bizirik eusten duena kanpoan motibatu dezakeen zerbait gertatzen denean da. Kalean esanahi bat duen gauza batek barruan intentsitatez handitu eta denbora handiago batez bizitzen da. Eta ez gauza handiak gertatzen direnean soilik, herriko futbol taldearen fotoa jasotzeak izugarri poz dezake presoa, edota postal bat jasotzeak, sinbolismo handia lortzen du pareten bestaldean. Kanpotik laguntza eskeintzen zaiela sentitzeak jasaten dituzten eraso zientifikoak gailentzeko balio du. Kontrakoa heriotzea suposatuko luke.
A.–Zeintzu dira egoera hauetan presoek sikikoki dituzten 'gaisotasun arruntak'?
C.B.–Gartzelean daraman denborak eta bakoitzaren nortasunak markatzen du guztia. Behin gartzelan denbora bat igaroz gero, lehen bi urteetan edo, presoek 'kartzelitis' deitzen diotena ematen da: depresio fenomeno bat da, presoak beherantz doala sentitzen du, ahulezia garaian huts egin dezakeelaren beldur da eta intelektual lana asko jeisten du, lo egiteko erritmoa hausten zaio, urduritasuna jabetzen da eta agresibitate inkontrolatu batetarantz doa. Betiko eguna pasa eta zeldan sartzerakoan antsietate krisiak izan eta ez du txaboloan sartu nahi izaten.
Hau pasa ondoren normalizatu egiten dira, batez ere preso berriak sartzerakoan errefrentzia berriak dituztelako eta egoera berriari adaptatu direnez ongi dabiltza. Zortzi urte kartzela bete ondoren erorialdi berri bat jasaten da, antsietatea baino depresioa jabetzen da. Bera bazterrean eta ezertarako balio ez duela pentsatzen da. Hau sikologia aldetik guztiz normala da, horko inor ez bait da arraro.
Baina egon dira eskizofrenia mailako 4 edo 5 kasu. Gartzelatik kanpo, edozein adin eta edozein baldintzatan milatik kasu bat onartzen bada bostehun preso talde batetik kopuru hori izatea alarmantea da. Eta badaude diganostikaturik gabeko zenbait kasu ere bai.
A.–Gartzelak eragindako gaitzak ere zabalduak izango dira.
C.B.–Honelako populazio gazte eta indartsu batetan dauden tumore gaiztoen kopurua kezkagarria da. Hodgkin bat, beste bizkar hezurreko linfoma bat izatea, Joseba Asensio hil zuen tuberkulosi kasua gertatzea, perone-buru sarkoma, umetoki kartinoma, Josu Retolazaren melanomak ematea eta azken egunotan Juankar Alberdiren eta beste bi presoen bihotzekoa hain populazio urrian ez da batere normala. Hain patologia larriak honelako populazio batetan emateko, sorginen kontutan edota gaitzak eragiteko posibilitateren batetan pentsatu beharrekoa da.
A.–Zein eragin du erabateko isolamenduak?
C.B.–Sensorial isolamendu batek depresibo taula bat ekartzen du berarekin, azkenik presoak sikotizatzen direlarik, hau oso larria izanik euskal preso politikoekin ez da horrela eman, isolamendu moeta hau beste zigor guztiekin batu bait da. Ez dute preso bat gela txuri batetan sartu eta argi berarekin hortxe mantendu. Gure presoek Alcalán adibidez, guztia berde eta txuriz margoturik' dakusate; bi minutuz han egoten dena ez da ezertaz konturatzen baina eguneroko 24 orduak han igarotzen dituenak erreferentzia guztiak galtzen ditu.
Funtzionarioek badakite jipoi bat erantsi eta gero, erantzun gogor bat jasoko dutela eta isolamenduarekin ere, presoek garbi erakutsi dute, ez dutela etsiko. Epe luzera datoz arazoak. Ez dute hiru hilabetetan bostehun ero gartzeletan izan nahi baina presoekin egunero-egunero zirikatze lan bat egiten ari dira.
A.–Aipatzen duzun stress horrek zer ekar dezake?
C.B.–Preso hauek egunero jasaten duten stress egoera limite honek, logikoki, bihotzeko bat jotzea eragin dezake. Hau ekidin daiteke leku zibilizatuetan egiten diren txekeo arrunt batzurekin. Presoek eskubidea dute eta funtzionarioek obligazioa, sanitario laguntza egoki bat batzuk izateko eta besteek emateko; ez da inolaz gertatzen. Ez dira inoiz sistematikoki txekeatuak izan, obligazioa egonik arren. Eta preso batek eskatzen duenean, beti berant eta, baldintza kaskarretan eta gaizki txekeatua izan ohi da.
A.–Sanitario ikuspegitik zein azpiegitura dago espetxe moeta hauetan?
C.B.–Kasuren batetan nahi izan arren, medikuek ezin dute ezertxo ere egin, ez bait dute baliabiderik. Beste gehienek ia sinbolikoki lan egiten dute, hamarrak baino lehen gutxitan etortzen dira espetxeetara eta gehinetan eguerdiko hamabiak baino lehen joaten dira. Arratsaldeko errefuertzoa berriz 'behar denean'soilik joaten da. Gose greba bat edo txapeo fuertea dagoenean, piska bat beldurturik gehiago arduratzen dira: goizez bederatzi t'erdiak aldera joan eta ordubata aldera ospa egiten du. Arratsaldekoak ordubietan etorri eta seirak arteko egon ohi da. Asteburuetan atentzio eza erabatekoa da eta arratsaldeko seiretatik hurrengo goiz arte presoak bakarrik daude. Ezin dute gaiso jarri.
Kasu gutxi kenduz, mediku hauek sistemaren kolaboratzaile fidelak dira. Mediku-funtzionarioak dira. Guk preso bati tratamendua jartzen diogunean, mediku hauek horren kontrola daramate eta presoaren benetako egoera jabetu eta zuzendaria informatu beharra daukate. Preso hauek era honetara 'oso zainduak' daude.
A.–Zuk zerorrek esan duzu presoek zenbait ordutan ezin dutela gaiso jarri.
C.B.–Eta halaxe da. Edozein infekzio txatxu okerrera joan daiteke. Gripe batekin hasi eta neumonia larri bat sor dakizuke, edo eztarriko infekzioa duzulakoan lasai zaude baina infekzio horren sortzaile neumokoko edo honelako germen bat bada, sei ordutan meningitisak garbitzen zaitu. Edo edozein den epeetan tratatzen ez bada, hil zaitezke konplikatuz gero. Kalean honelako gaitzek, lehenago edo berantago, garaiz harrapatzen dira baina barruan heriotze arriskua suposa dezakete. Herreran apendizitis bat gertatuz gero, goizeko hamarrak arte ez dago medikurik, gero ibilgailu egoki bat ekarri behar da, ezin da edozein hospitalera eraman, Carabanchelgo hospitalera soilik eta hori jokuan asko ipintzea da. Juankarren kasuaren ondoren zalantza hori gelditzen zaigu, zeren gaur egun bihotzekoak jotako gazte batek posibilitate handiak bait ditu aurrera ateratzeko.
Iñaki ZUBIONDO

Crispinen eritziz, presoen elkarren arteko elkartasunak superbibentzia ziurtatu die.
"Preso talde osoaren kontrakoak alferrikakoak izan direnez, sakabanaketari ekin diote".
"Kanpotik laguntza eskeintzen zaiela sentitzeak jasaten dituzte eraso zientifikoak gailentzeko balio du".
13-15, 16

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEspetxeak
PertsonaiazBATIZ1
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude