Mixel Xalbador: "Aitaren zuloa ttipitu beharrez hasi nintzen plazan"


1988ko maiatzaren 15an
Mikel Xalbadorekin elkarrizketan.
Hiru xapel buruan, aurtengoan ere nagusi gertatu da Nafarroako lehiaketan. Aitak utzi zuloa ttipitu beharrak pasatu zuen plazara: ez zen baldintza goxoa alajaina! Baina magaz eskuinaldean zaletasana sortzea zuten batzuk helburu; ez doaz gibelka. Aita bezala artzain, mendi aldetik leku zelaietara abiatu behar neguiari, etxekoak urran, ahal bezainbat bertso-deiri erantzuten entsegatuz, gizartearen eta herriaren oihuari entzangogor egin gabe. Makina bat gairen gainean ari ginteskeen, baina bera oroz gain bertsolaria dugu, eta berantzen, biharamonean bostak gabe ardietara abiatu behar.
Mixel Xalbador: "Aitaren zuloa ttipitu beharrez hasi nintzen plazan"
GALDERA: Xalbador zenaren seme izatea ez ote zen hasieran karga zuretzat denek haren aldean jarriko zintuztela kontutan izanik?
ERANTZUNA: Hastean haren aldean jartzen ninduten bezala jarriko naute orain ere hala pentsatzen zutenek. Baina enetzat ez da karga. Aitaren aldean txarra naizela badakit, hark hainbat sekula ez dudala emanen ere badakit, baina eginahalak egiten dituenak zerbait egin du, gehiago zer egin behar dut bada?
Ni ez naiz joaten burua eskainka, konforme denak deitu nazala, komunzki kasik beti baietz esaten dut.
GALDERA: Esan liteke beraz zubi lanean ari zarela.
ERANTZUNA: Hemen Iparraldean ez da nehor gazterik. Nik badut itxaropena aterako dela onik. Ikastoletan esate batera, ari dira batzu ikasten. Horiek, esperantza dut ikasiko duten ongi bertsoa zer den. Artean, beharko bizirik atxiki.
GALDERA: Nola oroitzen duzu bertsolari izaterainoko prozesua?
ERANTZUNA: Ni beti izan naiz arras bertsozalea. Alduden beti izan ohi da saioa bi urtetarik, eta ni beti hara ahal zen bezala, lanak erdizka eginik edo gibelaturik, baina hara abia. Hura zen enetzat urteko egunik ederrena. Bertsolari onak eramaten zituzten gero! Han ikusi nituen Mattin edo Uztapide lehen aldiz. Han ikusi ere aita eta Uztapide aldamioan iganik bertsotan. Egun haiek enetako ezin ahantzizkoak dituzu.
GALDERA: Eta zu aritzen zinen ote bertsotan?
ERANTZUNA: Ez ginen ibiltzen, oso gutxi. Aita sustatzale handia nuen, beti ari zitzaidan bertsotara pusaka, baina ni beti ezin menturatuz. Bestetan ostatuan inoiz egin nuen aitarekin, baina ez anitz. Lehendabiziko plaza saioa Añorgan egin nuen, aita eta Lopategi gogoan ditut. Orduan beldur gehiago nuen orain baino, ni gainera etorri ttipikoa izaki, beti ezin menturatuz.
Nik maite nuen bertsoa pentsatu eta botatzea, hausnarrean nerabilen ideia zenbait eta noizbait ere bota. Aitak behin baino gehiagotan: "ederra bota duk, baina bakarra. Behar duk entsegatu pentsatu gaberik gehiagoren botatzera". Hala ginen.
GALDERA: Zer nolako garrantzia izan du zuregan bertsoa irakurriak?
ERANTZUNA: Orain mementoz garai batean baino gutxiago irakurtzen dut baina beti asko maite izan dut bertsoa irakurtzea, Lasarterenak, aitarenak eta, guziak irakurtu ditut.
GALDERA: Esango zenuke bertsoa mugaz eskuin alde honetan lehenago baino indartsuago dagoela?
ERANTZUNA: Aita eta Mattin zebiltzan garai hartan iduritzen zitzaidan bertsoa azkar zegoela. Gero ere, Xanpun bat edo Ezponda bat ikusirik inpresio hori bera hartzen nuen, baina pentsatzen hasiz gero, ikusten dut orokorrean bertsoa beti ahulduz doala. Bertsozaleak ere guti direla esango nuke, beti buru berak dira ikusten saioetan, eta hori mingarri zaigu bertsolarioi. Komunzki Sara, Aldude, Aiherra edo Irisarri dira bertsozale gehien biltzen duten herriak. Hemengoa ahul ikusten badut ere, aitortu beharra dago mugaz haraindiko bertsolarien maila guretzat oso gora dela.
Han, dena den, hainbeste izaki bertsolariak, ez dira denak onak, eta maila nagusia gurea baino hobea duten arren, bada multzo handi bat gure parean, eta baita gure petik ere.
GALDERA: Han gainera ardura aritzen dira.
ERANTZUNA: Hori hala da, anitz kantatzeak trebatzen du bertsolaria, gu ere beraz, han gutti kantatzen dutenen pare gaude.
GALDERA: Mizel Xalbador artzaina ematen da bertsotan?
ERANTWNA: Ardiekin lanean ari naizelarik ez dut maite bertsotan aritzea. Hasten banaiz bertsotan, ordu betean egiten dudan lana ordu terdian burutzen dut. Harteko, behar ardi lanari ekin eta bertsoa beste baterako utzi. Artzain baldin bada bertsotan ari dena, horrek bertso on gutti. Aldiz, bertsolariak bertso onak eginen ditu, baina ardiekin zer?
GALDERA: Bakarka aritzea ez duzu beraz gostuko?
ERANTZUNA: Inoiz edo behin egin dut bakarka, baina normalki ez dut hala egiten. Horretarako alferra naiz, artzantzan ez naiz alferra, baina bertsolari bezala bai.
Entzuleak ere egiten du bertsolaria, artoski entzuten bada, bertsolariarentat beti ere aisego, baina gu bertsotan ari garelarik haiek azantza ateratzen badute, horrek ez du bertsorik kantatzen uzten.
GALDERA: Nola gertatu zitzaizun bertsotan jendearen aitzinean hasi beharra?
ERANTZUNA: Aita hil eta, hura abenduan hil zen, Arbotiko apez zen Irigoien etorri zitzaidan behar zuela norbait herrian kantatzeko. Hau otsailean zen, nik ez nuen gogorik, baina haiek aitak utzi zuloa nahi zuten nolazpait bete, behar zela zerbait bota zulora ttipitzeko, Xalbadorren eskasia zela, norbait behar zutela ta handik aitzina gehixeago ibiltzen hasi nintzen. Ez bait zen bertzerik, izan balira hiruzpalau gazte hastekotan zirenak, seguro lotuko ziren, baina ez zen besterik eta...
GALDERA: Atzeneko honetan hizpidea ekarri duen gai batera abiatuko gara. Zer derizkiozu xapelgo edo txapelketei?
ERANTZUNA: Batzuk diote bertsolaritzaren eitea ez dela errespetatzen xapelgoarekin, baina nik ez dut hori horrela ikusten. Nik nahiago dut ostatuan baino, konparazione, norbaitek gaia jarrita aritzea. Ostatuan gai batekin hasi eta, orenak eta orenak gai berari bueltaka, hori ez dut gostuko. Horregatik diot xapelgoarena.
GALDERA: Nola duzu ikusten teknikaren afera?
ERANDTZUNA: Hor denetarik dago, denetako jarrerak eta iritziak. Behazu zer pasatzen zaigun guri. Bakoitza entsegatzen da bere gisara, badu bere moldea, baina Hegoaldera goazelarik, han nola kantatzen duten entzun, eta gisa hartara entsegatzen gara hemen ere.
GALDERA: Nafarroako xapelgoa genuke hurrena aitatzeko. Egiaz hain bajua ote maila?
ERANTZUNA: Nafarroako maila ez da ez gora, baina lehenago aunitzez ere makurrago zebilela esango nuke.
GALDERA: Hegoaldeko nafar batzuk xapelgorako «frantsesik ez» omen diote, nonbait xapela beti zuek eramaten duzuelakoan.
ERANTZUNA: Edozein gisaz esaten duenak frantses garela, ez luke esan behar bera euskaldun dela
Xapela dela ta, hemengoek irabazten badute, ez da xapela irabazten duenaren falta, aski dute egitea guk baino gehiago eta hobeki xapelaren irabazteko. Hala saio hobeak izanen dira, bertsolaritzaren alde besterik ezin izan horrela, eta xapela irabaziz gainera.
Hemen ere gainera izan da haserretu denik eta xapelgoan gehiago parte hartuko ez duela esan duenik.
GALDERA: Irabazi dituzun hiru xapeletan zeinek eman dizu atseginik handiena?
ERANTZUNA: Azkenak, aurtengoak. Egiten dizut nik konparazione anitz ardiekin. Ta, ardietan ere ikusten da, aitzineko urtean hazia duen arkumea ibiltzen du ardiak bere atzetik, antxutua da, ez dio seguro esnerik ematen baina beti berekin ibili bai. Baina berriz ere umatzen delarik hari kasorik ez egin eta orduan egina maiteago du, ta ez dakit berdina izango den edo...
GALDERA: «Bertsolarien lagunak» elkartea zer nola ari da lanean?
ERANTZUNA: Ez da dudarik ongi ari direla, segida ekarri beharko du horrek ere gabiltzan porroska gelditzen gareneko. Duela 15 urte gazte asko ziren bertsoa zer den ez zekitenak, orain hori pixka bat aldatu da.
Badira ere untsa ez zaizkidanak. Izan da eztabadarik behin edo beste gazte batzuk bertso saioa antolatu eta gero Bertsolarien Lagunak samurtu direna hauei deus gaztigatu ez zitzaielako. Guztiak dira nik uste bertsolaritzaren alde, nolazpait entsegatzen direnen alde naiz. Bestalde, uste dut batzu bagabiltzala sobera eta beste batzu eskas. Garbi esateko, uste dut Xanpun eta Mendiburuk gehiago behar luketela izan deiturik. Beharbada Mendiburuk ez luke nahi, ez dakit.
GALDERA:Zu Mixel, EMA erakunde politikoko zerrendatan azaldu zara. Horrek ez dizu batera edo besterako ondoriorik ekarri auzoen artean edo herrian?
ERANTZUNA: Ni ez naiz EMAkoa, baina galdegin zidaten ateratzeko, izena zuen norbait behar zutela eta. Ez nuen ukatu. Ez dut aditu dena den deus ere ez ongi eta ez gaizki. Norbaitek segur pentsatu du abertzale gisa burua erakustea gaizki egin dudala, baina ez dut abertzale izateaz nehorendako ahelgerik.
GALDERA: Aitak ez ote zuen bere ideiak zirela eta gora-beherarik inoiz?
ERANTZUNA: Ezina da halakorik ez izatea, hori gertatu zaio Xalbadorri eta baita besteri ere. Jelosia ez da oraingo gaitza, ta norbaitetaz nehor ez bada jelos, norbait hark ez du edo ez luke balio handirik.
GALDERA: Bazterbideak utzi ta lotu gakizkion berriz bertsoari. Zer da bertso batean gehien estimatzen duzuna?
ERANTZUNA: Esaten den gauza, zer esaten den, ez naiz teknikaren oso zale. Teknika aldetik pixka bat makurxeago izanda ere gauza pollit baten esatea dut maiteen. Barkoxeko Etxahun zaharrak egiten zituen neurrietan eta halako tranpa ttikiak bezala ta haiek barkatu behar gauza pollitak esaten bait zituen.
GALDERA: Bertsolariak anitz aldiz jendaurrean izua eta estuasuna pasatzen duela esaten da: poto egiteko beldur, jendeak galdegiten duena emateko lain izanen ote den...
ERANTZUNA: Bai, bai, bai, aunitz. Saioetan eta, hastean partikulazki. Gero joaten naiz puxka bat gozatu ta lasaituz baina hastetik beldur handia dut.
Izaten dira egunak, zenbait aldiz neurri bat xuzen ematen bada ere, izaten dira egun batzu ezin baita neurrietan xuxen sartu, nekatua izanik orduan neurketa oker dabilelarik; orduan seguro gauza on gutti erranda ere egin daiteke.
INAKI CAMINO
38-41

GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaXALBADOR2
PertsonaiazXALBADOR2
EgileezCAMINO1Kultura


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude