Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Jon Lopategi bertsolariari elkarrizketa
Jon Lopategi "Pozik Eta Gogoz Nabil Bertsolari Gazteak Trabatzen"
Jon Lopategi, hainbat herritako saioetan ikusi eta entzun izan dugun bertsolari ospetsua, UEUn aurkitu dugu aurten ere bertsolaritza sailaren arduradun bezala. Irabazleak prestatze lan honetan buru belarri ari da bizkaitarra urtean zehar bezala uda partean ere. Emaitzak begi bistakoak dira, gero eta haur gehiagok egiten du bertsotan. Hortxe dugu gure hizkuntza zuzpertzeko beste bide egoki bat. Plazatik eskolarako bidea urratu duen Lopategik nahiago luke Txapelketa Nagusia urtero izango balitz, "ona bada, sarriago jarri behar bait da". Bertsolarien Elkartea eta bertsolaritza bera ere gai izan ditugu, aurtengo UEUn ezinbesteko solasgai izan den gaisotasunaz aritu ondoren.
GALDERA: UEUn zabiltzala eta,-lehenengo, ze demontre egiten du "Bertsolaritza" sailak unibertsitatean?
ERANTZUNA: Ez dakit gure egin begarra justu zein izan daitekeen, baina konkretuki aurten, ikastarotxo hau irakasleei zuzendua da. Aspaldiko urte hauetan bertsolari liberatuak gaude bai Nafarroan, Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan. Gure lana irakasleengana zuzentzen da eta irakasleen bidez haurrengana, haurrengan bertsozaletasuna sortuz, eta bertsolaritza bera euskara lantzeko eragingarri bat gerta dadin. Ikasturtean zehar irakasleei zuzentzen garenez, eta hemen ere horixe zelarik asmoa, banuen halako beldur bat ez zela nahiko jende etorriko, baina taldetxo polita bildu da. Egiten duguna zera da, bertsolaritza umeekin nola erabil daitekeen ikusi, eta batez ere umeak bertsotan jende aurrean nola azaldu daitezkeen.
GALDERA: Aritua zara bertsolaritza haurraren ikaskuntza prozesuan aplikatzen. Zer aportatzen dio bertsolaritzak haurrari?
ERANTZUNA: Umeari... Irakaslearentzako aportazio on bat izan daiteke. Nik astero astero prestatzen dut materiale mordotxo bat Bizkaian. Bertso historiko batzuk, kanta herrikoiak eta ariketa batzuk haurrek erabiltzeko. Irakaslearentzako material egoki bat da hori. Bertsolaritzarako joerarik ez badute ere, gutxienez, kanta berdinak ikasiko dituzte Bizkaiko ume guztiak, bertso berdinak eta orduan, edozein unetan, haurrak hartzen direnean, festaren bat. batek bota eta besteak jarraitu ahal izango du.
GALDERA: Urteotako esperientziaren ikusita, nola erantzuten dute umeek?
ERANTZUNA: Erantzun oso ona eman dute, nik frogatu dudan lekuetan behintzat. Nik neuk hartzen ditut hainbeste talde zuzenki astean behin, batez ere azken urteotan, pare bat urtetan, aritu diren taldeak hartu ditut, zazpi-zortzigarren mailetakoak, eta horiek bertsoak idezten eta badakitenez bat-bateko lehenengo pausoak ematen jertzen ditugu. Eta taldeetan horrela lortu dugunaz oso pozik nago.
Gero horretarako behar da beste zerbait gehiago ere: haurrek gauza bat egiten dutenean zerbaitetarako egiten dutenaren kontzientzia behar dute. Aurten, Euskal Gobernuak emandako subentzio batzuen bidez hainbat saio egin ditugu Bizkaian zehar. Neuk zuzendutako zortzi taldeekin 74 saio ezberdin egin ditugu eskola ezberdinetan. Saio horiek batez ere artean mugimendurik ez den tokietan egin ditugu, giroa toki batetik bestera eramateko, subentzioaren helburua ere hori zenez. Bizkaian denetara 34 talde mugitu direla kontutan hartu eta begira zenbat saio. Gero Araban eta Gipuzkoan diren taldeek egin dituztenak. Hori behar dute umeek gero astero lantzeko motibazio modura, asko gustatzen zaie: txaloak entzun, bazkari bat nonbait nagusiek bezala, gurasoak eta irakasleak pozik... beren lana zerbaitetarako badela ikusi eta harrotu eta aurrera segitzeko prest daude.
GALDERA: Bertsolari eskolek ezertarako balio ote zutenaz izan ziren eztabaidak ere garbiago ikusiko dira urte batzuk pasatakoan.
ERANTZUNA: Bertsolari eskolen balioa garbi dago. Orain, ez du esan nahi horrek eskola batean sartzen diren guztiak bertsolari izango direnik. Gutxi edo gehiago denek ikasiko dute bertso bat zer den, bertsoa egiten, eta abar. Batzuek erreztasun handiago dute, baina ez bertsoetarako bakarrik, beste gauzetarako ere bai. Dena dela, zaletasun handia duen batek aurrerapen handiagoak egingo ditu, nahiz eta- bat argiagoa izan besteak baino, argiena ez da-eta beti gehien destetatzen dena. Hor daude dedikazioa, zaletasuna... eta batzuek 'berezkoa' esaten dutenean, zaletasuna da nik hor ikusten dudan gauzarik inportanteena. Astean behineko saioarekin ez da inor bertsolari egingo, baina zaletasuna duenak aste hartan egindako klase hura buruan eramango du, bere kontura egingo ditu saioak eta 'berez' egingo da bertsolari baina ahaleginez, saiatuta.
GALDERA: Laguntza beharko du mutiko edo neskato horrek kalean ere ezta?
ERANTZUNA: Bai, baina astean behineko hori nahikoa dute mutikoak direnean. Gero hemezortzi urterekin edo bertsolari eskolan sartzen dira, eta orduan bai berez egin beharko direla bertsolariak, baina ordurako zaletasuna sortuta badago eta gustora badabiltza, ba egunero ekingo diote ekintza horri eta horrela egingo dira bertsolari, eta gutxi batzuk izango dira horretarako. Zergatik gutxi batzuk? denek ez dutelako gauza bat lortzeko gogorik eta borondaterik,bertsolari bezala musiko edo pilotari edo beste zerbait izateko ere sakrifiketu egin behar da, ordu asko sartu, eta gustora hartzen duenarentzat sakrifizio hau ez da hainbesterako, eta edozein mementutan ekiten dio langintza horri, eta hortik etorriko zaio erraztasuna. Bestela argiena eta biziena izanda ere zaletasun eskasa badu, ez dago zer eginik.
GALDERA: Eta fruitu hori plazan ikusten al da?
ERANTZUNA: Bai, txapelketak eta egiten ditugu eta ume asko izaten ditugu. Hori piska bat erakusketa bat izaten da ikasleak bezala irakasleak ere animatzeko, lana eginez gero fruituak nola ateratzen diren ikusteko, eta asko dira holakoetan bat-batean egiten duten haurrak, Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat. Aurten Bizkaian lehenengo aldiz egin dugu 14 urtetik gorakoen txapelketa: seigarren mailan edo hasi nintzen ni, eta lehenengo erremesak BBBra helduta zeuden eta horregatik jarri dugu maila berezi bat. Handik gorakoetan lau besterik ez genituen eta horiekin egin genuen maila bat, 14-15 urtekoekin beste maila bat jarri genuen eta 14 urtetik beherakoekin beste bat, eta ume mordoa izan dugu, denak ezin eraman eta kanporaketa bat egin genuen Gernikan. Hor garbi ikusten da euskarak irauten duen bitartean bertsolariak sortuko direla piskanaka aukera ematen badiegu.
GALDERA: Askotan aipatzen da bertsolaritza berria eta zaharra, zein da bien arteko alde hori?
ERANTZUNA: Nik ez dut ikusten halako alde handirik, sistemak aldatu dira, jendea biltzeko lekuak, lehengo sagardotegiak oraingo bertsolari eskolak dira, baina hortik kanpo bertsoa bera lege berdinetan doa eta ideiak nolako mundua halakoak izango dira, baina azken batean denak helburu bera lehen eta orain, gizarteari erantzun, honen sentimenduak kantatu bertsoz eta...
GALDERA: Esaten da baita ere bertsolaria oraindik rurala dela.
ERANTZUNA: Gaur mundu rural hori asko murriztu da eta hiri nukleoak dira nagusi eta euskal kultura ere hor sartu da, eta bertsolaritzak ere hor egin beharko du aurrera.
GALDERA: Badirudi saio baino txapelketa gehiago dagoela
ERANTZUNA: Ez, urtean zehar saio asko egiten dira eta txpelketak hiru urtetik behin izaten dira, nagusia behintzat. Nere ustez gutxi da hori, urtero jarriko nuke nik txapelketa nagusia eta urtean bitan jarriko nuke konpetizio itxurako zerbait, izan ere, ona bada sarriago behar da, eta ona ez bada kendu, baina ez dut uste oso maiz egiten denik.
GALDERA: Eta ona dela uste duzu?
ERANTZUNA: Herriak eskatu egiten du eta gustatu egiten zaio, eta egiten dena beti da ona. Kostatzen dena ona izaten omen da, eta bertsolariari kostatu behintzat egiten zaio, oso gogorra izaten da, eta ezertarako balio ez izatea oso gogorra izango litzateke.
GALDERA: Saioetara jendea erakartzeko bertsolari asko jartzea omen da onena, baina bertsolariek diotenez zortzi bertsolariz osatutako saioetan bertsolaria hoztu egiten omen da.
ERANTZUNA: Bai, hori ere gertatzen da, baina ondo eramanez gero saioa oso ona ere ateratzen da. Orain, bertsolari bakoitzat ez du beretik askorik emateko aukerarik, ez da askotan oso berotuta sartzen, baina bertso onak ere entzuten dira, eta antolatzaileari halako satisfazio bat ematen dio bertsolari askoko saio on batek. Bertsolaria bero beroan sartzeko bi hiruko bertso saioak dira onenak, hiru ordu laurdenetako saio bat, librean edo gai txikiren bat jarrita. Bertsolariak lasaiago ere kantatzen du.
GALDERA: Badago gai jartzailea kendu egin behar dela defenditzen duenik?
ERANTZUNA: Ez. Behin lau bertsolaritik gorako taldeetan behar beharrezkoa da. Orain, herrietako festetan eta bi edo hiru bertsolari direnean askoz ere hobeto gabiltza gai jartzailerik gabe normalean. Piska bat arduratzen badira herri hartan ze bizimodu eta ze jende eta nolako zirkunstantziak ematen diren, ba bertsolariek beraiek aurkituko dute gaia. Eta gainera gai bakoitzar zor zaion edota tokatzen zaion luzapena emango diote.
GALDERA: Beti egiten al duzue informazio bilketa hori?
ERANTZUNA: Ez, normalki ezer esan gabe etorri egiten dira pista batzuk ematera. Galdetu ere egiten da zerbait berezirik ba ote dagoen edo, gero beti ondo etortzen da saioaren barnean sartzeko.
GALDERA: Puri-purian dagoen beste gai bat bertsolari elkartearena dugu, zer da elkarte hori?
ERANTZUNA: Lehen ere ia elkarte bezala funtzionatzen zuen bertsolari talde handi batek, baina aurten ofizialtasuna eman zaio, erakunde bezala jarri da. Bertsolaritzaren inguruko arazo guztiak konpontzeko eta erabakitzeko sortu den talde bat dela esan genezake elkarte hau. Talde honetan bertsolari guztiak eta bertsozaleak ere sartzen dira.
GALDERA: Zer dela eta sortu zen talde hori, arazo konkretu bati erantzuteko?
ERANTZUNA: Ez, arazo konkretu bati ez. Orain hamar urte edo Azpeitian bildu ginen bertsolari mordo bat lehenengo aldiz, eta piska bat organizatzea edo komeniko zitzaigula erabaki batzuk hartzeko eta, horrela hasi ginen. Handik aurrera funtzionatzen hasi zen, eta aurten egin duguna horixe izan da, ofizialdu.
GALDERA: Bertsolari guztiak daude elkarte horren barnean?
ERANTZUNA: Bai. Beharbada denak ez ziren egongo aurtengoan baina ez dut uste inor kontra dagoenik, edota sartu nahi ez duenik. Batzuk parte gehiago hartuko dute beste batzuk baino. baina partaide denak izango dira.
GALDERA: Zenbat izango zarete gutxi gora behera?
ERANTZUNA: Ziur esateko ez dakit, baina berrehunen bat edo...
GALDERA: Ze funtzio betetzen du elkarte honek, nolabait ere bertsolarien gremio horren interesak defendatuko ditu ala izango du beste egitekoren bat euskal kulturaren barnean?
ERANTZUNA: Bertsolaritzaren inguruan sortzen diren arazo guztiei erantzutea eta gero ekintza batzuetan nola parte hartu eta erabakitzea, ez dago anbizio apartekorik. Bertsolariek zerbait egin nahi dutenerako bide bat, indar bat da elkarte hau.
GALDERA: Etorkizunari begira ze plan dauka elkarteak?
ERANTZUNA: Hurrengo plana datorren txapelketa antolatzea izango da, bertsolari eta bertsozaleen artean komisioak sortuko dira eta lanean jarriko. Horretaz aparte eta inmediatoki ez dakit zer egon daitekeen.
GALDERA: UEUri begira berriro ere, bospasei urte izango dira bertsolaritza saila sortu zela, zer nolako prozesua eraman da urte hauetan?
ERANTZUNA:Ni orain bi urte sartu nintzen historia honetan, ordurarte Amuriza ibiltzen zen eta orduan bertsolari eskola bezala funtzionatzen zuen. Gerora pentsatu zen hura ez zela UEUren funtzioa eta hemen eman behar ziren gaiak batez ere Unibertsitateari zegozkionak zirela, eta horregatik hitzaldi batzuk eta antolatzea pentsatu zen, lehengo betekizun hura bertsolari eskoletara mugatuz. Iaz hasi ginen hitzaldi kontu honekin baina jendea aspertu samar ibili zen aurreko urteetan giro hobea sortzen zela eta esanez, eta horregatik aurten beste era batetara antolatu dugu, irakaskuntzari begira, haurrekin egin daitezkeen ariketa batzuk eta irakatsiz.
GALDERA: Ze gai eta ze toki izaten duzu zuk gustokoen bertsotan aritzeko?
ERANTZUNA: Saio gustokoenak lagun batekin herri batera joan eta gai jartzailerik gabe aritzea dut gogokoen. Saiorik politenak horrela atera zaizkit, norberak ateratzen du gaia bertsoa eta dena.
GALDERA: Preparazio berezirik egiten duzu edozein saioren aurretik?
ERANTZUNA: Normalki ez. Txapelketa baldin bada, orduan gai konkretu batzuk edota doinuren batzuk erabiltzen aritzen naiz aurrez, baina saio normaletarako ez.
GALDERA: Azkenengo bertsolari txapelketan nola ikusten duzu zeure burua mementu honetan?
ERANTZUNA: Nik neuk nere ustez, jokatu behar nuen bezala jokatu nuen, nahiz eta azkenean gauza ondo atera ez baina ez zegoen beste irtenbierik. Azkeneko gai hura bederatzikoan aritzeko ez zen egokia, bederatzikoetan izan ezean behar adina puntu ez nituela lortuko ere banekien, baina ez nuen beste erremediorik izan, eta hantxe galdu nuen eduki nezakeen aukera. Txapelketan zehar egindakoarekin konforme geratu nintzen.
GALDERA: Eta puntuazioa publikoa izateaz zer pentsatzen duzu?
ERANTZUNA: Ondo iruditzen zait. Horrela, behintzat, jakin egiten duzu juez bakoitzak ze erizpide darabilen.
U.E.U.KO PRENTSA BULEGOA
39-43
Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Unibertsita\UEU
Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertsolaria\LOPATEGI1
Pertsonaiaz\LOPATEGI1