Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Patxi Nobliari elkarrizketa
Patxi Noblia: "Sokoakoa huts bat izan da lantegiari buruz"
Ez da prentsan agertu zalea, Patxi Noblia. Eta hala ere, munduko paper guztietan azaldu da, jendarme artean preso, bere lantegitik presondegira daramaten jerente burumakurra. Inguruko diru zikin guztiak garbitzen dituen mamutzarra erakutsi digute komunikabide espainolek, eta guk aldiz gehiago ezagutzen genuen Seaskaren ekitaldietatik eta Herri Urrats-eko edozein tabernatik. Bera lanean, noski. Libratu eta biharamunean, "Sokoa"ko bulegoko atea zabalik dauka Patxi Noblia euskaltzaleak ARGIArentzako. Madrilgo juezen eskuetara iritsi baino lehen "Sokoako paperak" plazaratzen dituzten astekarien artean Patxi Nobliak ere bere egia kontatu behar zuelako.
GALDERA: Gartzelatik pasa beharraren esperientzia ez zen oso gozoa izango, eta gutxiago zure kasoak hartu duen haizatze guztiaren ondoren.
ERANTZUNA: Bixtan da gartzela ez dela giza talde baten mundua, mundurik ez dela esango nuke: hamar aldiz ipurdia erakutsi behar ateratzen zarenean, bixita duzunean, gelak oso gaizki dira... Baina presoen artean askotan kanpokoak baino harreman hobeak dira; presoak kasu txarrean dira, eta elkartasun handia sortzen da, ez baduzu topo egiten oso drogatu batekin, edo ero batekin.
Barneko harremanak ez dira txarrak, baina oztopo material handiekin. Adibide bat aipatzeko, ni sartzekotan bazen arabe bat epaileari gauza bat esplikatzeko bakarrik presentatua zena, eta espetxean sartu zuten. Ni sartzean, gurekin ateratzen zen eguneroko promenadean, eta epailearekin hiru hilabetetan mintzatu ezin zenez gose greban hasi zen eta joan den astean hil da Parisen, inork aipatu gabe.
GALDERA: Gose grebaren ondorioz?
ERANTZUNA: Bai. Hamabost egunez egin du gose-greba Baionako presondegian, eta nola gaizki zen, eraman dute Parisa, eta han hil da, Fresnes-ko espetxe-hospitalean. Eta arratoin bat bezala jarri lurrean. Omen, holako kasuak frango gertatzen dira Estatu Frantsesean.
Dena dela, ikusi behar da ene kasuan presondegian nola sartu nintzen. Ene inguruan jende asko ari zela mugitzen ikusten zen, eta emeki-emeki egia ateratzen ari zela eni buruz. Horregatik nahiko trankil nintzen, eta ez dut ene egonaldiaz ezer berezirik aipatzen ahal. Oztopo bitxi batzuk bai.
Nahiko denbora nuenez, idazten nuen asko, eta bereziki ene haurrekin euskaraz. Epaileak, hirugarren astean, esan du ez zela posible gehiago hola segitzea, alde batetik oso gaizki idazten dudalako, eta beste aldetik euskaraz ez delako posible. Hola segitzekotan, orri bakoitzarentzako 60 franko kobratuko zidala eta hamabost eguneko epea beharko zuela itzultzeko. Epaileak ba omen du deretxoa oztopoak jartzeko hizkuntza arrotzetan eginiko harremanei, eta heldu diren hilabeteetan aztertuko da ea euskara mintzaira arrotza den ala ez.
GALDERA: Zer moduz dira espetxe zuloetan diren gainerako euskaldunak?
ERANTZUNA: Mundu kaxkar horretan egoera berezi batean daude, baita beren maila sozialarengatik ere: bata kontablea da, bestea... Benetako preso sozialekin ari direnak, aldiz, oso zatituak daude elgarren artean, eta behar bada hor dauden euskaldunak gabe ez zuen presondegiak hain ongi martxatuko. Horregatik atxikiko dituzte euskaldunak hainbeste denboran presondegietan... hain pena luzeak ezarrita.
Euskaldunak hamabi bat izango dira han eta ongi moldatzen dira elkarrekin, gartzelako oztopoekin baina nahiko azkar. Buruz eta moralez preparatuak daude holako egoera baterako, eta moral onez aurkitu ditut.
Ni, dena den kalean nago, baldin eta fiskalak apelazioa egin eta juezak instrukzione osoa bukatu arte berriz sartzea erabakitzen ez badu. Prolema orain Madrilen eta Baionan preso diren Sokoako beste langileak dira, ea zer gertatuko den haiekin, eta batik bat Madrilera eramandakoekin, Baionako juezak argi esan bait zuen ez zutela ETAren zuloarekin zerikusirik.
GALDERA. Espetxeak atzean gelditua dirudi, eta inportanteena hemen, lantokian, zu libre aurkitzea da. Baina nor da Patxi Noblia? ARGIAko irakurleak badu zure berri baina ager ezazu zure burua batik bat Hegoaldeko euskaldunarentzako.
ERANTZUNA: Esan dezaket Euskadiko gauzetan duela hogeitalau urte hasi nintzela. Estudiante denboretan asko ibili nintzen «Enbata» taldean, horren lehenbiziko liberatua izan nintzen, eta Hegoaldearekin harremanetan hasi nintzen, antifrankismoaren garai loriatsuetan.
Hortik landa, azken hamabost urteotan maila desberdinean segitu dut, bereziki kultura mailan. Bospasei urtez okupatu naiz ikastoletako prolemez, diru kontuez batik bat. Eta badira hamabost urte hasi ginela lantegi edo ekonomi mailan gauzak egiten. Harreman politikoetan oso minoritarioa izan naiz beti, nahiko konbentzitua baina inguruko lagunak ez ziren konforme ene ideiekin, eta esaten ahal dut gaur ez naizela inongo talde abertzaleren partaide, baina kultura edo ekonomia mailan euskal politikaren gauzen alde zerbait egiteko bada prest naiz.
Gizarte aldetik, hamabost urteotan trajektoria erreformista eta ez-biolentoa segitzen dut, beti ere ene ideietan egoskogor, ez naiz ideiaz errez kanbiatzen direnetakoa.
GALDERA: Garai batean bazen «Izan» izena zeraman talde bat, eta behar bada esan ahal izango litzateke hango jendea, edo beste moduan, zure belaunaldiko jende bat dela Ipar Euskadiko aktibitate ekonomikoak bultzatzen dituena.
ERANTZUNA: Ez dakit, nik beste alde batetik esplikatuko nituzke gauzak. Euskal prolema oso konplikatua da. Ikusten dira gauza batzuk aurreratzen, baina ez Hegoaldean eta oraino guttiago Iparraldean, ez dut holako giltza berezirik ikusten urratsak nola eman argi esplikatzeko. Beti aritu naiz ideia batekin: gure Herriaren gehiena Hegoaldean dela, eta Iparraldeko prolema bigarren tandan prestatzeko jendeen kontzientzia.
Baina fikzio politikan ez dut sinesten. Zeren eta gaur egun Iparraldean prioritatea ez da "Euskadi": euskalduntasun bat, kontzientzia bat, izatea da. Horren gain zerbait egiten ahal da. Ikastoletan, Hegoaldean «Iparralde Eguna» antolatzeko edo Reala futbolera ekartzeko, beti hor nago, harreman herrikoietan sinesten dut eta ez bakoitzaren manipulazioetan. Gaur egun, maluruski, gauza elektoralista zenbaitsu kenduta, ez da egiazko harremanik Iparralde eta Hegoaldearen tartean. Duela hamar-hamabost urte harreman gehiago ziren, etsaia nor zen ere argiago zegoen eta...
GALDERA: Seaskan ezagutu zaiztuzte euskaltzale askok lanean. Guk argazkietan ikusia zaitugu Miarritze-Parmeko aireportuan hegazkina abiatzea galerazi nahian eta gendarmeek ederki jipoitzen zintuztela.
ERANTZUNA: Bortizkeriarik gabe jokatuz baina ideia gogorrekin, hor ere. Erabaki zen ahal bazen hegazkina behar genuela gelditu. Egia esan, ez ginen asko hegazkinaren azpian jartzeko, hor zen Koskarat ere... Baina azkenean, hegazkina partitu zen.
GALDERA: Nolabait ez-biolentziak balio ez balu bezala, behar bada?
ERANTZUNA: Ez-biolentziak ez du konpontzen ahal prolema bat egun batean, baina gaurko metodoek Iparraldean ere... Iparraldean prolema nagusia da duela hogei urte Hazparneko karriketan denak ari zirela euskaraz, eta orain denak ari dira frantsesez. Iparraldeko herria muinik gabe geratu da.
GALDERA: Duela hiru bat urte izan ginen zurekin lantegi honetan bertan, "Herrikoa" taldeaz mintzatzen. Hainbeste esan eta idatzi da ETAren dirua zuritzeko omen den honetaz... Zer diozu zuk "Herrikoa"z, urte hauen buruan?
ERANTZUNA: "Sokoa" lantegiarekin hasi ginen, beti Ipar eta Hegoaldeko jendeen artean. Hogei pertsonak ezarri zuten dirua, berrogeitamarna mila pezeta-edo, garai hartakoak, eta Sokoa hasi zen handitzen. Gaur 200 aziodun eta 50 langile izango gara.
Gero ideia berriak sortu ziren, aziodunen artean, eta Sokoa enpresa berri horietan kapitala jarriz joan zen. Laster ugaritu ziren, baina hasierako hamarretatik bi pikutara joan ziren. Bestalde, gure kapitala mugatua zenez, "Herrikoa" sortu genuen, 1980.
Kontutan hartu behar da herri pobrea garela, eta gainera dugun diru aurrezki guttia ere esportatu egiten dugula: euskaldunek aurrezten dutenaren erdia kanporatzen da. Hortik sortu zen ideia jendeari proposatzekoa bere aurrezkiaren zati bat bertan lantegiak sortzen inbertitzeko. Hasteko, 500 partaide eta 50 milioi pezetatako kapitala zuen Herrikoak.
GALDERA: Hegoaldeko aurrezki kutxek ere ba omen zuten partea.
ERANTZUNA: Hiru kutxaren artean %10 hartu zuten. Lankide Aurrezkiari ere eskatu zitzaion, baina hori beste eliza bat zen, eta ez zuten nahaskeriarik egin nahi kooperatibak ez ziren enpresa mistoekin. Sokoak ere beste %10 bat zuen.
Gaur egun 100 milioitik gorako kapitala izango du gaur egun, eta 1.500 kide. Baina abiatzerakoan baino prolema handiagoak izan ditugu lantegiei errentagarritasuna ateratzerakoan. 50 bat lantegitan dugu partizipazionea, eta bidean hilak badira 10 bat.-Lanean direnetan, bost oso ongi doaz, beste hamar bat nahiko gaizki eta gainerakoak nahiko motel. Seigarren urtea pasata, gure aurrezkiei ez diegu interesik eman oraino.
Denak bilduta, Sokoa eta Herrikoaren inguruan 700 lanpostu izango dituzu gaur egunean. Baina nahiko sorpresa txarrak ezagutu ditugu. Lantegi batzuek oso ongi produzitzen zuten baina ez zekiten saltzen, beste batzuek saldu oso ongi baina zuten produktibitatearekin ez zuten ezer ateratzen... Zenbait lantegi lasaiegi abiatu zirela ere aitortu beharra dago.
GALDERA: Sokoan poliziak ETAk gordetako armaz eta dokumentuz betetako zulo bat aurkitu du orain dela hilabete. Ondoriorik nabaritu al duzue enpresa eta taldearentzako?
ERANTZUNA: Sokoari dagokionez, adibide bat aipatuko dizut: Alemaniako probeedore batekin ari ginen, eta Sokoan polizia sartzea azaroaren 5ean gertatu bazen, 7rako Alemaniatik bidali zuen ordezkari bat hau ikusteko, eta kreditua garantia lortu aintzin moztu zuten. Bezero berriei buruz ikusi behar da nola joango diren gauzak, heldu den urteari begira bagenituen eta esperantza ederrak.
Kliente zaharrak ongi portatu dira, eta adierazi digute konfiantza atxikiko zutela. Berriekin da arazoa, eta heldu den urtean salduko genuen %5 jadanik galdua dugu behar bada. Herrikoarentzako ez da berdin, zuloa ez zelako bere bulegoetan. Iparralde osoan egiten bait du lan Herrikoak, behar bada hor izango da okasioa elkarren artean gehiago gogortzeko, elkartasunean sartzeko, ikusiz langile batek huts egin duelako burua sartu dutela espetxean. Baina Herrikoarentzako ez da gauza handirik mugituko, gure lantegiak ez dira horregatik hobeto ibiliko.
GALDERA: Zein egoeratan daude Sokoan lanean ari ziren eta polizia espainolari entre gatutako langile hegotarrak?
ERANTZUNA: Bi prolema diferente dira hor. Errefuxiatuak dira hiru, eta horiei aspaldiko gauza zenbaitsu kargatzen diete, beren familiartekoek esan didatenez. Beste hiruak bestaldean bizi ziren, prolemarik gabe. Denak utzi ditu libre hemengo epaileak baina kamioi batean sartu eta Madrilera igorri dituzte.
Hiru errefuxiatnetatik bi sekzio-buruak ziren enpresan, eta beharrezkoak dira, ordezkariak ez dira bihartik biharamunera aurkitzen ahal. Bestalde, aintzinetik ez zuten hemen fitsik horien kontra eta epaile frantsesak libre utzi ditu, baina poliziak kamioi batean sartu eta haruntza bidali dituzte. Ikusi beharko da Madrileko juezek zenbat denbora eman beharko duten delako Sokoako zuloarekin zerikusiren bat baduten aztertzeko, baina hemengoak bere erabakia emana du: ez dutela zerikusirik. Hirugarrenak, gazte bat, hiru aste zeramatzan hemen eta ez dakit zer leporatzen ahalko dioten.
Beste prolema Frantziariari buruz da: Madrilen libratzen badituzte, emango al zaie baimena berriz hemen lan egiteko? Laneko kartak bazituzten hamar urterako, baina ikusi behar da baimena berriro emango dieten.
Angelun harrapatu, Madrila igorri eta libre utzi zuten Egileorri ez diote berriro sartzen uzten, eta ez zen errefuxiatua.
GALDERA: Baionako presondegian dena ere han dago, eta badirudi haren kasua konplikatuagoa dela.
ERANTZUNA: Beti izaten ahal dira sorpresak baina... Instrukzioa oso luzea izango dela uste dut, zeren eta arma oso zaharrak ziren oso berrien ondoan eta bakoitzaren historiala behar dute osatu. Arrietak aipatu du kontuetan sartua zela eta ez zela okupatzen harmetaz, baina leporatuko diote seguruenik.
GALDERA: Mila kontsiderazio egin da Sokoan poliziak aurkitutako zuloaz, Iparraldeko abertzaleek beren sorpresa adierazi dute, traizio hitza ere aipatu da... Zer iruditzen zaizu afera guzti hau, ororen buruan?
ERANTZUNA: Traizioa ez da enpresa bateko hitz bat. Langile bezala, edo enpresagizon bezala, huts bat izan da lantegiari buruz. Enpresari buruz ez da onartzen ahal huts bat, dudarik gabe.
Gero, traizio hitza, morale politiko baten hiztegian sartzea da. Arrietak egin duena ez du egin apurtzeko lantegia, edo berrogeitamar lankideri prolemak sortzeko. Beste prioritateak ikusiko zituen. Baina nola jujatzen ahal ditut prioritate horiek lantegiko arduradun naizenez? Gertatu dena ez dut onartzen ahal, zeren lantegira langileoak lanera etortzen gara. Enpresa guztiek bezala ditugun kontrolek argi uzten dute guk ez dugula delako zerga iraultzailearekin zer ikusirik, eta armekin ere ez.
Norbaitek lantegia beste zerbaiterako erabiltzen badu, huts bat da. Ni alor horretatik ez naiz ateratzen ahal. Bai Iparraldean, bai gure irudiaren arabera eta bai gure historiari begira, oso kaltegarria da gertatu dena. Baina ni ez naiz inor esateko organizazio batek gauzak gaizki egin dituela edo manipulatzen dituela gure interesak. Lantegiko gauzetan mugatu behar naiz edo bestenaz politika egiten hasi behar dut, Euskadi askatzeko bidea hau edo hori dela esateko.
AGIÑA
27-31
GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEspetxeak
GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakAtxiloketakAtxiloketak
PertsonaiazNOBLIA1
EgileezAGIÑA1Politika