Tafallako Ikastola, 16 urte bidea irekitzen


1986ko urriaren 12an
Nafaroa Oinez Tafallan.
Tafallako Ikastola, 16 urte bidea irekitzen
Ikastola guztiak izan badira esfortzu handiz hasitakoak, merito berezia daukate Tafallakoak bezalakoak, inguru erabat erdaldun batean euskararen bidea egiten hasi zirenak. Duela 16 urte hasi zen Tafallakoa lanean gaur egun goraka doan ikastetxe bat delarik.
ARGIA.–Tafallako Ikastola honen sorrera...
IKASTOLAKO ZUZENDARIA.–Ikastola honen sorrera, finka dezakegu duela 16 urte, guraso batzu elkartu ziren zegoen euskal irakaskuntza-eskaerari erantzun bat bilatu nahian. Beraz hasi ziren maternalean bakarrik, 2, 3 urteko haurrak. Gero kopurua handitu, eskolaurrera pasa, ta justu justu duela 8 urte oinarrizko heziketa orokorrarekin hasi ginen, beraz dagoeneko zirkulu osoa abarkatzen dugu. Hori da prozesua, frankismo garaian sortu zen. Etxe zahar batean hasi ginen, 10 bat urtez han egon, eta duela bederatzi urte hona etorri ginen.
A.–Zenbat ikasle, irakasle eta kurtso daude?
I.Z.–Momentu honetan 12 irakasle eta 175 ikasle. Maternaleko gela bat, eskolaurreko bi eta EGBko 8.
A.–Kontzientzirik bada ikasle, guraso eta denen artean?
I.Z.–Bai motel, harreman onak ditugu ikasleekin eta giro jatorra dago. Bestalde, euskara ari da ateratzen kalera, zeren jende erdalduna dago kalean, ez dugu hau ghettoa izan dadin nahi, saiatu behar dugu euskara kaleratzen, hortarako gau eskolakoekin harremanetan jarri gara haiek ahalik eta euskara gehien egin dezaten, beraz umeek ikus dezaten gauza naturala dela euskara, ez daudela inolako getoan. Batez ere euskarak duen baliagarritasunaz kontura daitezen. Ez bakarrik ikastolan, denetarako baliagarri dela, beste harreman guztietarako.
A.––Hortaz aparte zein ekintza dira antolatzen dituzuenak?
I.Z.–Bai, zenbait hitzaldi, nahiz kirol aldetik dela edo, giroa sortu nahian. Bada gainera herrian kultur-etxe bat eta gauza dezente antolatzen du, horietako zenbait gauza aprobetxatzen ditugu guk ere. Kirol aldetik, larunbatero umeak beste eskoletakoekin jokatzera ateratzen dira?
A.–Ze eredu jarraitzen duzue?
I.Z.–D eredua.
A.–Arazoak ekonomia aldetik eta?
I.Z.–Horiek batez ere. Badakizu hemen gauzak nolatan diren, Diputazioak irakaslegoa subentzionatzen du, Diputazioak emandakoarekin irakaslegoa ordaintzeko doi doia urtero ez da heltzen. Gero, falta den bestea gurasoak arduratzen dira festetan, San Ferminetan eta halakoetan txosnak jartzen, kuotak, e.a. Baina arazo ekonomiko larriak daude. Haur bakoitzeko 1.400 pta. ordaintzen dute gurasoek. Kontuz ibili behar dugu ezin da gehiago eskatu. Presupuestoaren %25a gurasoek ordaindu behar dute. Presupuestoa 57'5 milioietakoa izan da aurten. Berrikuntzak egin behar izan ditugu. Erdia Diputazioak jarriko zuen, laurdena Tafallako udaletxeak, eta ikastolako batzordeak hondarrekoa, baina presupuestotik irten egin garenez, negoziaketetan dihardugu diru gehiago eskuratzeko, bestela diru pila jarri beharko genuke, guk, batzordekook, gurasoek alegia. Udaletxeak onartu du, ez dakigu Diputazioak zer erabakiko duen.
A.–Pedagogikoki eta?
I.Z.–Pedagogia aldetik beti izango da huts bat edo beste, hori eskola guztietan bezala. Hemen zertan den arazoa? Zenbait ume arazodun badugu, baina saiatzen gara gure erara konponduz. Aurten adibidez, lortu dugu irakasle berezi b at ekartzea , sikologoa , hori egongo da gainera irakaskuntza bereziaz arduratuta, gelaz gela ibiliko da arazoak dauzkaten haurrekin, horretarako bakarrik. Pentsatzen dugu pausu handia dela, hori ez da edozein ikastoletan ikusten, ekonomikoki sakrifizioa da, baina batzordeak hala onartu zuen.
A.–Programazio aldetik, zer eredu jarraitzen duzue, Madrilekoa edo?
I.Z.–Programazio aldetik jarraitzen ditugu Ministerioak emandako programaketak, askotan bakoitzak bere metodua darama, baina normalki ministeriokoak. Askotan programaketa horiek jarraituta ere, gure beharrei egokitzen ditugu.
A.–Zenbat bizilagun ditu Tafallak?
I.Z.- 10.000 inguru edo, horietatik euskaldunak, gau-eskolan 40 bat, 175 haur ikastolan, sakabanatuta daudenak eta, guztira 300en bat.
A.–Ikastolaz gain zer euskalduntze-prozesu dago Tafallan?
I.Z.–Lehen aipatutako gau-eskola fruitu ederrak ematen dituena, 40 euskaldunberri atera dira, tituludunak gainera, besterik ez dago. Bada gero Hodeiertz, talde euskalduna, iaz sortua, euskara kalera ateratzen saiatzen direnak.
A.–Arazoak dituzue euskalduntze-prozesuarekin, abertzaletasunari buruzko kontuekin eta?
I.Z.–Arazoak izan dira, baina esan behar da arazoak gero eta gutxiago direla, hasieran baziren herri mailan, ikastolak izan duen harrera ontzat jo daiteke, eta orain ikastola hau ikusten da beste eskola bat gehiago balitz bezala, ez dugu uste inolako diskriminaziorik dagoenik. Gu ez ginen ikastolen hasieran, ezin dugu ezer zehazki esan baina guk ez dugu entzun halako arazo handirik izan denik.
A.–Gurasoek parte hartzen al dute ikastolan?
I.Z.–Ikastolaren funtzionamenduan bai, badago batzorde orokorra, organizadoreena, hor juntak hartutako erabaki guztiak gurasoen asanbleak onartuak behar dute izan, bestalde gurasoen junta dago jestio eta administraritza lanak eramateko, eta bestalde irakasleen klaustroa arazo pedagogikoez arduratzeko. Badira gero zenbait batzorde misto guraso nahiz irakasleek parte hartzen dutenak. Nik ez dut uste gurasoen lanaz kexa gintezkeenik, batzuk besteek baino lan handiagoa egiten dute bai, jaietan txosnan egoteko, ikastola garbitu behar denean e.a. Baina orokorki ezin kexa gintezke, lan handia egiten ari dira.
A.–Zenbat ikasle daude Tafallan EGB-n ikastola ez diren beste eskola guztietan?
I.Z.–Gu 175 bat gara. 500 edo 600en bat Escolapiosetan, Komarkaletan (hauetara herri ttikietako haurrak ere badatoz) milatik gora, mojetan 160, hona baino gutxiago, Lizeo izeneko eskola pribatuan 200 bat. Denetara 2.000 edo 2.200, baina denak ez dira Tafallakoak, herri ttikietakoak ere badira artean. Dena den, argi dago gu gora goazela, aurten adibidez, matrikula berri gehien izan dutenen artean bigarren edo hirugarren gaude.
A.–Euskal giroan gertatutako aurrerakuntzaz zer gehiago?
I.Z.–Bai, fruituak biltzen ari gara. Halako gauzak pausoka gertatzen dira, urtero, fruituak edozein mementutan datoz, azken hiru urte hauetan garbi dago gora joan dela, beste urtetan baino nabariago. Iaz gaueskolan, 90 lagun zeuden, eta hori asko da, talde berri bat sortu zen, Hodeiertz; maila guztietan euskara aurreratzeko. Gero gainera ETB sartzea lortu genuen, Iruñean baino lehen gainera. Ikastolako ikasleek gehienek ETB ikusiko dute guk uste.
A.–Zer beste komunikabideren presentzia nabaritzen da?
I.Z.–Hori bakoitzaren kontua da. Euskadi irratia entzuten da, jende askok entzuten du, dagoen prentsa e.a., ARGIA barne. Hemen Tafallan bada MERINDAD izeneko aldizkako prentsa, eta zerbait euskaraz bidali dugun guztietan argitaratu egin digute. Bada ere irrati bat "Eltxo" izenekoa, lehen euskarazko saioak egiten ziren, saiatu ginen irrati horren bidez euskara bultzatzen, baina tirabirak sortu ziren partaideen artean, batzuk alde egin genuen eta orain ez da ezer egiten irrati horretan. Bada beste aldizkari bat, olerkarien itzala izenekoa, gehienak erderaz argitaratzen dira, baina baita batzu euskaraz. Tafallako kultur-elkartekoak ere saiatzen dira euskara sartzen, ahalik eta gehien, oso joera positiboa.
A.–Aurrera begira optimistek?
I.Z.–Bai, guk optimistak izan behar dugu, badakigu gure lan hau luzerako dela, gure helburua eskualdea berreuskalduntzea da, ez dakigu noiz lortuko dugun, ez dakigu lortuko den, espero dugu lortuko dela, ez dakigu noiz, baina gu optimistak gara. Mugimendua aurrera doala argi dago, oztopo guztien gainetik, oztopoak milaka aurkitzen baititugu bidean, bai ikastolak, eta bai gau-eskolak. Euskararen legea ere kalte egingo digun beste gauza da, erabat baztertuta uzten baikaitu, eta hemengo mugimendua berek ez dute ezertan kontutan hartuko, optimistak noski, eta bidean aurreraka, baina milaka oztopo gainditu beharrez, gerta liteke jendea nekatzea, pentsa gau-eskolatik 700 pertsona pasa direla azken urte hauetan, jende asko da, eta jendearen borondatea adierazten du, baina zenbat atera dira euskaldundurik gau-eskolatik 700 horietatik? banaka batzu atera dira bai, baina material edo irakasle esperientzi-faltagatik emaitz oso onik ezin lortu. Dena den nik esango nuke beste inon baino euskaldun gehiago atera dela Tafallan, talde majo bat atera da.
A.–Euskararen lege-anteproiektua dela ta?
I.Z.–Zer esango dugu ba, ezin onartuzkoa dela, gu inguru erabat erdaldunean sartuta utzi gaituzte, beraz hori onar dezakeen nafarrik ez badago, are gutiago guk. Guk badugu eskubidea euskaraz mintzatzeko, baina gu administraritzara euskaraz bagoaz, haiek badute eskubidea guri erdaraz mintzaerazteko. Eskubide erabat indibiduala da. Irakaskuntza mailan eta, legeak dio eskaeraren arabera lagunduko zaiola euskarari, eta zer gertatzen da? Adibidez Oliten ikastola bat sortu nahi badute eta sei edo zortzi haur besterik ez badago, haiek ez dutela lagunduko eskaera ttikia delako, eta kontutan hartu behar da gu ere 12 bat haurrekin hasi ginela Tafallan, alde horretatik mingarria da. Errealitatean ez dago posibilitaterik aurrera egiteko, aurten guri adibidez subentzio bat kendu digute. Tafallan zer gertatuko da gau-eskolan, nola lagunduko diote "zona no vascófona"n dagoen gau-eskola bati? Eskaeraren arabera jokatzea irtenbide faltsua da, euskarari laguntzen badiote gora joango da, ez badiote laguntzen behera joango da. Hor esan nahiko nuke Erriberan gertatu dena eta oraindik ere gertatzen ari dena, Erriberako jende askok euskararena ez zuen ulertzen, zerbait arrotz bezala hartzen zuen, ez berena bezala, orduan lege honekin hori areagotu egingo da, nafar guztien arteko elkar-ulertzea gertatu beharrean kontrakoa izango da. Euskara izanen da batzurena, baina ez besteena, jendeak kontrako iritzia hartuko du euskararekiko, lege honekin okerrera goaz.
A.–Presupuestoak goraka joango ote dira inguru euskaldun deritzan horretan?
I.Z.–Bai euskara erabiltzeko eskubidea dutenez, admnistrazioan behar batzu sortuko dira, irakaskuntzan euskara hutsez egiteko eskubidea izango da, eta horrek irakaslego aldetik inbertsioak dakartza. Azken finean Gobernuaren borondatea dago, eta badakigu orain arte zenbaterainoko borondatea izan duen Gobernuak euskara berreskuratzeko, legea euskara bultza eta berreskuratzeko dago, eta benetako borondatea balego, gauzak beste erara egingo lirateke, begira zer borondatea, ikastola txikiei subentzioa kenduz, ETB Nafarroa guztian ezin ikusiz e.a. nolako borondatea da hori euskara berreskuratzeko?
52-53

GaiezGizarteaIrakaskuntzEskolakIkastolakIkastolak
GaiezGizarteaIrakaskuntzEskolakIkastolakEkitaldiakNafarroa Oi
GaiezHizkuntzaEuskaraEkitaldiakNafarroa Oi

Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude