Epifanio Lazkano eta joarearen armoniak


1986ko urriaren 12an
Euskal Herriko benetako joaregile bakarrarekin mintzo
Epifanio Lazkano eta joarearen armoniak
Naforroako Riezu izeneko herriaren inguruan akanpaturik geundela, gure Lizarrako Ezekiel lagunarekin gelditu ginen Lizarraga mendikatean dagoen "La Trinidad" izeneko tontorra igotzeko. Hortan ari ginela, zetorkigun eguraldi sargoritsuari nolabait aurre egiteko eten labur bat egitea pentsatu genuen gure goranzko bidea ahalik eta eramangarriena egitearren. Non eta Iturgoyen izeneko herriko iturri paregabe eta freskoaren aldamenean. Kantinplorak Bartoloren ardo txuriz bete eta... Hara! aintzinako labe zahar kutsua duen horietako bat ikuskatu genuen.
Nire buruari zertarako balio zezakeen itauntzeko astirik izan baino lehen gure lagun Ezekielek Euskal Herriaren altxor ezezagun baten aurrean ginela adierazi zigun. Gure Nazioko benetako zintzarriak bertan ekoizten zirela jakin bezain laister joaregilearengatik galdezka hasi ginen. Hona hemen Epifanio Lazkano Ezkurra eta bere semearekin izandako elkarrizketaren zenbait jakingarriren berri.
ARGIA.–Lazkano bezalako deitura ez da errez entzuten inguru hauetan, ezta?
EPIFANIO.–Nire aitonaren aitaren familiaren aintzinakoak Gipuzkoan haziak izan ziren, Nafarrorako lehen pausoak eman zituena nire aitona izan zelarik.
A.–Kontatu diguzunaren arabera, zure aitonaren ama-hizkuntza euskara izan zela ondorioztatu genezake.
E.–Bada, ondorio ez zuzena aterako zenukete. Gure aitonari eta are gutxiago gure aitari ez nien euskarazko hitz bat ere entzun. Kontatuko dizuet zer gertatu zen behin herrian duela urte mordo bat aitona eta herriratu zen "vasco" baten artean. "Vasco" hitza darabildanean euskaraz hitz egiten duenaz ari natzaizue. Bada, egite ez egite edo arrazoi batzu zirela medio sekulako jipoiak eman zizkioten elkarri, norgehiagoka ari bailiran. Halako batean etorkinak, alegia vascoak "barcasio" edo antzeko hots arraro samar bat etengabe ahoskatzeari ekiten ari zitzaiola, aitonak gero eta gogorkiago jotzen zuela ez bait zion ulertu, euskaraz tutik ere ez zekielako, alegia. Ordudanik "El Barcasio" goitizenaz bataiatu zuten gipuzkoar horri.
A.–Lan honetarako hain ederki erakusten ahal diguzun iaiotasuna alde batetik eta bestetik lanbide honi buruzko sekretuen sorburua edo iturria bilatzeari ekingo bagenio, nondik eman beharko genioke hasiera?
E.–Gure aitagandik dakidan guztia datorkit zuzen zuzenean. Dena den, aitortu behar dizuet gure aitari Nazar izeneko herriko bizilagun batek irakatsi ziola. Aintzinean, Nazar-tik kilometro gutxira dagoen Acedo herrian bazegoen honelako artesaurik; gaur egun semea eta biok gara Euskal Herriko benetako joaregile artisau bakarrak.
A.–Gure aldizkariaren orrialdeetan Goizuetako familia bati argitaratu genion elkarrizketan beretzako gordetzen zuen joaregile bakarra izatearen ohorea.
E.– Ondotxo ezagutzen dut orain Lekunberrin dagoen goizuetar familia hori. Haiek ere ederki ezagutzen zuten gure izena, honaino etorri bait ziren behin "espioitza" lana egitera. Etxeko pikaportea jo beharrean hemen, joaretegi honetan ibili ziren kuxkuxeatzen. Agurtu eta gero hasi zitzaizkidan oso galdera teknikoekin eta nik susmo txarra hartu nien. Nahi zutena ezin zezaketela lortu ikustean tabernaratu ziren. Han zeuden bitartean bere izenez jabetu nintzen. Geroxeago:egin nahi zutena oso itsusia zela esan ondoren joan egin ziren. Egia da hauek joareak egiten dituztela baina ezin ditzakete benetako joareak egin. Urte t'erdi eskas irauten dituzten oso ondo hornitutako burni puxkak besterik ez dituzte lortzen, alegia urtea pasatzean joarearen soinua galtzen zaie, gure joareekin gertatzen ez dena, hegeitapiko urtez irauten bait dute.
A.–Puntu honetara helduta eta zeuen sekretua guri aldarrikatu diezaguzuen inolako pretentsiorik gabe, ziur gaude joare bakoitzak pairatzen duen "ernaldiaz" zerbait kontatzeko prest zaudetela. Nola jaiotzen da joare bat?
E.– Hasteko joarearen materialaz mintzatuko natzaizue. Nortasunik gabeko soinua duen burni zati edo xafla batez egina dago. Joare-eredu bakoitzak lodiera desberdineko xafla darama. "Joare-eredu" terminologiaz mintzatzen garenean abeltzain batek eskatutako joare kopuru osoari soinu bera emango dion lehen joareaz ari gatzaizkizue. Xafla horrek ebaketa bat nozituko du, pieza bakarrekoa izango den zintzarriak behar duena, hain zuzen. Geroxeago itxura ematen hasten gara, kirtena eta abar jartzen diogularik. Lan honetarako beti erabiltzen dugu ingudea. Hau egin ondoren lohiaz estaltzen dugu dena batera laberatzen dugularik funditzeko asmoz. "Jaiotzean", hau da labetik ateratzean, tonu askoko joarea dugu, alegia desafinatuta ateratzen da soinua; ateratzearekin batera min hartzen duzu belarrian, piano batek desafinatuta dagoenean min ematen duen bezalaxe, eta orduan afinatze, armonizatze prosezua datorkio, izena jartzen diogu, hots: abeltzainak eskatutako nota musikala jartzeari ekiten diogularik, probintzia bakoitzeko abeltzainen gustuak xoil desberdinak bait dira eta ondorioz tokian tokiko joare erosleei leku horien nortasunarekiko lotura duten zintzarriak egin behar dizkiegu. Hau ulertarazteko beti jartzen dugu leku-ahozkatze desberdinen adibidea. Nafarroaren Erriberako hiztunaren ahotsa entzun orduko identifikatzen ahal dugu, Mendiko hiztun batetik bereizten dugularik. Bada, beste horrenbeste lortu izan dugu guk, hau da, Oiartzunerako egiten dugun joareak ez du Goierrikoarenaren soinu bera aterako, joare bakoitzak tokian tokiko mintzairaz hitz egingo du.
A.–Nota musikalak jartzen dizkiezuela aipatu duzue lehen. Musikaz jakitea beharrezkoa dela esan nahi duzue?
E.–Horixe. Musikarako oso belarri onekoak gaituzue, inongo kontserbatoriotarako bidea zein den jakin ez izan arren. Joare-eredu bakoitzak eskalaren tonu bakoitzarekin armonizatua izan behar- du, dagokion oktaba gordeko duelarik. Hau zoragarria da, ezen konturatzen bazarete unibertsoko izaki eta ez-izaki guztiak nota desberdin batean bibratzen ari gara, dauzkagun pluraltasuna eta nortasun desberdinak damazkiogularik. Beraz, naturak erakusten diguna aplikatzen diogu joareari.
A.– Joaremihia, hau da, zintzarriaren barrukoa astintzen duena zerikusirik izango du soinuan, ezta?
E.–Zeharka ikusita bai, bestela ez. Ez dago animalien adarrez lortzen dena bezalako joaremihirik.
A.–Lehen aipatu dugun analogia beretik jarraituz, zer kontatu diezagukezue horren hazitze-prozesuari buruz?
E.–Egiten dugun joare haundiena, "cuartizo" izenekoa, hemezortzi litrokoa da. "Esquilla" izenekoa haundia eta txikia izan daiteke. Beste joare motaren izenak hauexek dituzue: "bitarte", "campanar", "chipurriano" eta abar. Iturengo zanpantzarrek darabiltzatenak hamabi litrotakoak izaten dira.
A.– Zenbat denbora irauten du joare baten ekoizpenak?
E.–Orain arte ezin izan dugu neurtu zenbat denbora ematen diogun bakoitzari, ez bait ditugu bakarka egiten. Hau dela eta ezin diezazuekegu produkzioaren kostu zehatza zein den esan. Sekula ez zaigu bururatu joare bakarra egitea. Adibidez, xafla ebaki eta itxura ematen segituan egiten dugu, baina labean ale bakarra sartuko bagenu oraingo salneurria laukoiztu behar izango genuke ikatza eta beste materialen prezioari aurre egiteko.
A.–Zenbat gradutako tengeratura erdiesten du labeak?
E.–Ez dugu neurketarik egin baina Eibarko mutil batzuek esan ziguten bi mila gradutara iristen zela.
A.–Ikusiko al zaituegu noizbait Errenterian antolatzen den artisauen feria delakoan!
E.–Leizaola izena daraman idazlearen bidez Ereintza Elkarteak gonbidatuak izan ginen iazko maiatzean. Hemen geratu behar izan dugun arren, irrikaz gaude joateko, jendeak ezagutu dezan gure lana.
UREDERRA
Iturgoyen-go Epifanio Lazkano Ezkurra eta bere semea, atzean halako kontu haundiz egindako joareak bistan daudela.
22-23

GaiezGizarteaIharduerakLanbide tra
PertsonaiazLAZKANO2
EgileezUREDERRA1Gizartea

Azkenak
2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azoka aurkeztu dute: Daniel Landart izango da aurtengo omendua

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-07 | ARGIA
Berangoko Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak, eta lagun bat atxilotu dute

Ertzaintzak hirugarren saiakera egin du asteartean Otxantegi Herri Lurrak husteko, epaileak hala aginduta. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta teilatuan, lurrean zein dorretxean erresistentzian zeuden guztiak kanporatu ditu Poliziak. Hiru lagun zauritu dira... [+]


EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...

Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]


Eguneraketa berriak daude