Aiako zeramika tailerrari buruzko elkarrizketa
Aiako Tailerreko A. Zinkunegi, A. Agirre eta A. Elosua
"Zeramikan zure bidea hautatzeko aukera ezberdinak dauzkazu"
Zarautzko Kale Nagusian aurkitu ditugu beren erakusketan, Amaia Zinkunegi, Ainhoa Agirre eta Antxon Elosua.
Hiru lagun,eta hiru lan erabat ezberdinak zeramikaren barruan.
ARGIA.–Noiztik ari zarete zeramika lantzen Aiako Tailerrean?
ERANTZUNA.– Duela bost bat urte. Koldo Merino hasi zen pittin bat tailerrean zeramika lantzen. Ondoren sartu nintzen ni, eta orain hiru gaude, Ainhoa, Amaia eta hirurok. Zeramikako tailerrean alegia. Lehendik ere arituak ginen zeramika arloan. Ezagutzen genuen pittin bat Aiako Tailerrean sartu aurretik. Gero hor barruan segitzen duzu zure ikasketan, lana eginez.
A.–Zeramika bezalako arlo batetan nolakoa da ikasketa prozesua?
E.– Piska bat da bakoitzak daukan idea lantzen joatea inguruko besteek ere lagunduko dizutelarik zure lanarekiko prozesuan. Batak besteari erakusten... beti ere lau begik bik baino gehiago ikusten dute.
A.–Bai, bai, baina oinarrizko teknikak edota arlo batetan espezializatzekoak...
E.– Ikastaroak badaude. Eskolak ere bai. Eta gero aritzea eta aritzea. Pieza asko egitea eta horietatik asko alperrik galtzea. Galtzen ikasten da. Urteak eta urteak behar dira ikasteko.
A.– Materialak eta garesti ateratzen al zaizkizue?
E.–Materiala bera ez da oso garestia, baina alperrik galtzen diren pieza guztiak kontutan hartuta, orduan bai, bada garestia. Labea erabiltzea ere garesti ateratzen da bestalde.
Ez da batere merkea ondo pentsatuz gero. Lana batez ere. Lan asko sartu beharra dago.
A.– Erakusketek ematen al dute gastuak eta ordaintzeko haina.
E.–Duela lau urtetik hona, Jaurlaritzak aurrena eta diputazioak gero, jaso izan ditugu laguntza batzuk. Aukera ematen digu horrekin jarraitu ahal izateko. Bestela gertatzen da zeramikatik bizi nahi baduzu oso gauza komertzialak egin behar dituzula. Eta oso azkar egiten direnak, produzio handia eduki behar duzu.
Piska bat inbestigatu eta lana aurrera atera nahiez gero ezinezkoa da bestela. Diru laguntzek posibilitate hori ematen dizu, ikasteko posibilitatea. Zeramika oso zabala da, milaka aukera ezberdin dauzkazu.
A.–Erakusketa ikustea besterik ez dago. Hiru lagun zarete eta hiru lan mota erabat diferente agertzen dira hemen.
E.– Dena buztinarekin eginda dago baina bakoitzak oso bide ezberdina aukeratu du. Zeramikak posibilitate asko eskaintzen ditu, norberak bilatu behar du gero bere bidea.
Hasieran ikasi egiten dituzu oinarrizko gauzak. Esmaltea, tornoa... joaten zara ikastera. Teknikak jaso ondoren aukeratzen du bakoitzak bere roiloa.
A.– Portugalen, Espainian eta beste herri batzutan hemen baino zeramika askoz ere gehingo ikusten da. Dendetan, kaletan...
E.– Hemen, Euskal Herrian bi alfarero daude. Baina halaz ere Euskal Herrian gutxi izan da. Izan direnak ere normalean kanpotik etorritakoak. Zeramika kanpotarrek erakutsi ziguten. Hala ere jende asko dago gaur egun zeramika lantzen. Beste maila batean ordea. Diseñoa lantzen, kalitatea bilatzen... Lehengo alfareri zaharra galdu da. Ez zaio balorerik kendu behar alfareriari, baina beste maila bat hartu du hemen zeramikak. Zeramista oso onak dauzkagu Euskal Herrian.
A.–Arte bezala karakterizatzen ari zarete zeramika. Zer paper jokatzen du artegintzan barruan?
E.– Arte bezala popularrena izango da seguruenik zeramika. Errazena identifikatzen eta apreziatzen. Zenbaitetan beste maila bat hartzen duela eta elitista xamarra izan daitekela? Bai, baina kimika ikerlari batekin ere gauza berbera gertatzen da. Dena den, hain elitista ez dadin izan orain badago aukera berri bat. Herri askotan ari dira kultur-etxeak irekitzen. Kultur-etxe horietan edukazio bat eman beharko litzaioke jendeari estetika aldetik gure ustez. Normalean ikastaroak egiten dira... denbora-pasazkoak gehienetan. Alferrik galtzen dira gehienetan.
Peru UNZUETA
Aiako Tailerreko zeramista hauek Zarautzen ari dira beren lana erakusten.
42