Jon Azkargorta: "Rugbya, kirola baino zerbait gehiago da"


1986ko ekainaren 15an
Jon AzkargortaRugbylariari elkarrizketa
Aurten berriz, kirolari hoberenari saria eman diote, Getxon
Jon Azkargorta: "Rugbya, kirola baino zerbait gehiago da"
Hogeitahiru urte baino ez du, eta kirol curriculum zabala eta mamitsua dauka. Aurten Getxon, bigarrenez, kirolari hoberenari ematen zaion saria jaso du, eta ez da harritzekoa. Getxoko Rugby Taldeko jokalari eta entrenatzailetariko bat; Euskadiko Selekzioarekin Valladolid, Zimbabwe, Catalunya, Frantzia, Valencia, Ingalaterra eta Gales-en aurka jokatu du; eta Espainiako Selekzioan dagoenetik, Sobietar Batasuna, Italia, Tunez, Polonia, Alemania, Morroko, Holanda, Beljika, Danimarka, Portugal eta Australiaren aurka, beste batzuren artean.
ARGIA.– 23 urte baino ez, eta rugbyan jokatzen bakarrik sei urte, eta oso curriculum luzea daukazu, nola izan da posible hain denboraldi laburrean?
JON AZKARGORTA .– Ni Selekzioan jubeniletatik nago, eta behin jubeniletan sartuz gero, senior egiten zarenean, zutaz hitz egiten entzuna dute, eta orduan ez da hain zaila. Lehenengo kontzentrazioetara joateko deitzen zaituzte, nahiz eta oraindik partidurik egon ez, baina horrela ezagatu eta beranduago partiduetan parte hartzeko esaten dizute. Jubeniletatik pasatuta askoz ere errazagoa da.
A.– Eta nolakoa izan zen jubeniletan sartzekoa?
J.A.–Jubeniletan pixkat kasualitatez sartu nintzen. Alde batetik hobekuntza entrenamendu batzutara joan nintzela, selekziorako harrobi izan daitezkeenak, eta bestetik urte batetan gure entrenatzailea rugbyaz asko dakien madrildar bat izan zela, eta berak beste batzuei esan zien nire jokua begiratzeko, eta honela, berak gomendatuta, nitaz fijatu ziren. Zeren, bestela begira zenbat jokalari gazte dagoen jokatzen, eta selekziogileak ezin ditu denak ikusi, ezta pentsatu ere, eta beraren informatzaileez fidatu behar da.
A.– Hala ere, horrek azaltzen du nola sartu zinen, baina ez gero segitzea eta senioretara pasatzea, ezta?
J.A.– Bueno, jakina, gero ez baduzu entrenatzen, edo pausua galtzen baduzu, kanpoan seguru geratzen zara. Dena den, ni egon ez banintz jubeniletan, gero oso, baina oso ona izan behar izango nintzen nagusiekin egoteko selekzioan. Jubeniletan aldiz, jende gehiago hartzen eta botatzen dute. Kontua da daukazun aukera hori ez galtzea.
A.–Rugbyan egon aurretik arraunlaritzan, futbolean eta ziklismoan aritu zinen. Nolatan aldaketa horiek, gero rugbyan amaitzeko?
J.A.–Futbolean ez ninduten hartu. Eta zergatik aldaketak? Bueno, nik orduan hamalau urte neukan. eta arraunean sartu nintzen nire lagun guztiak sartu zirelako, eta gustatzen zitzaidalako, jakina, baina orduan gauza asko gustatzen zitzaizkidan. Futbolean berdin, koadrilako laupabost sartu ginen. Eta ziklismoa izan da lagunen laguntza barik nik hartu dudan bakarra. Bakarrik joatea ere gustatzen zitzaidan. Eta rugbyan berdin, lagun guztiekin batera sartu nintzen, bueno, urtebete beranduago, ni orduan "Punta Galea" ziklista taldearekin nenbilelako. Heurak kadete ziren, eta egunero heuren elkarrizketak eta komentarioak entzuten nituen. Horrela joan nintzen urte horren amaieran rugby zelaira, entrenatzera, baina hurrengo urterarte ez nuen partidurik jokatu. Gero bai sartu ninizen, eta orain arte.
A.– Arraunlaritza eta ziklismoa oso ezagunak dira, eta hedatuta daude hemen, baina rugbya ez da horren ezaguna. Nola izan da posible horren zaletasun handia sortzea Getxon?
J.A.–Ez dakit, zuk esaten duzu Euskal Herrian rugbya ez dela ziklismoa edo arraunlaritza bezain famatua, baina Algortan bai. Ni sartu nintzenean bazen besteak beste ezagun, baina orain askoz ere gehiago da. Jende gehiago mugitzen du. Arraunean 50 arraunlari egon dira, eta ziklismoan jende asko dago orain, baina lehen ez hainbeste.
Rugbyan aldiz ehunetik gora pertsona daude jokatzen, eta gainera koadrila askotakoak. Jubeniletan talde bi daude, kadete talde bat, gero txikiak... txikiak ez dakigu zenbat dauzkagun, entrenamenduetan hainbeste dira galdu egiten garela. Eta gero senior hiru talde. Gainera rugbya ez da arrauna bezalakoa. Hemen nahiz eta oso ona izan ez, beti dago talde batetan jokatzea, eta ez badago, egin egiten da, jendea egonez gero. Beraz, jokalari asko, eta gero senideak, lagunak, neska-lagunak, eta horrela askoz ere jende gehiago mugitzen da. Nahiz eta ulertu ez, partidu guztietara doaz.
A.–Rugbya amateurra da, ez profesionala, eta ez du dirurik mugitzen. Hori izan daiteke estadu mailan marjinaturik egoteko arrazoia?
J.A.– Bai, estatu mailan hori oso inportantea da. Herri mailan beste faktore batzu daude, eragin handia daukatenak: laguntasuna, adiskideak ibiltzea eta hori. Baina estatu mailan azpiegitura behar da, eta rugbyak ez dauka. Anarkismo handia dago. Eta egiturarako dirua behar da. Bidaiak ordaindu behar dira, materialeak eta abar. Federazioa horretan dabil. Aurten Espainiako Federazioak sponsorrak (jantzian publizidadea eramatea) onartu ditu, eta hori rugbyan ia ia pekatua da, baina dirua ateratzeko modu bakarra da. Rugbyan publizitatea debekatuta egon da beti, printzipioz, beti amateurra izan behar den bezalaxe. Baina horrela dirua sartuko da.
A.– Diru gehiagoz kontatzea garrantzitsua da, baina zer puntutaraino aldatuko ditu gauzak rugbyaren barruan?
J.A.–Lehen aipatu dudan azpiegitura egiteko behar da, baina gero kirolari bakoitza dirua irabazten hasten bada, orduan ez dakit nik. Mundu guztian rugbylariek kobratzea txarto ikusita dago, oso kirol bortitza izan daitekeelako dirua erditik sartzen bada... Begira futbolean bertan zer gertatzen den. Ba hori rugbyan gertatuz gero, grabea izan daiteke, zeren hainbeste gauza gertatzen dira melee batetan! Edozer gerta daiteke. Bestalde, arbitroaren erizpidea oso pertsonala da, eta gauza diferente asko pitatu daiteke, baloia ikusten ez den momentu horietan.
A.– Nola dago hori Europan eta Europatik kanpo?
J.A.–Mendebaldeko herrietarako, Ingalaterrako International Board da arauak eta ezartzen dituen erakundea, eta ematen dituen arauak oso axiomatikoak dira, eta horien artean dirurik kobratu behar ez dela esaten du.
Gainera ez dago Rugby Txapelketarik, inoiz ez da egon, eta Olimpiadatan ez dago rugbya, pentsa. Rugbya baino amateurragoa ez dago, eta hala ere olimpiadetan ez dago. International Board delakoak pentsatzen du munduko txapelketa egonez gero interes gehiago sortuko zela, eta jokuan eragina edukiko zuela, gauza grabe asko gerta litezkeela.
Begira, Ingalaterran bertan, dauden ekipo eta zelai guztiekin, ez dago ez ligarik, ez Koparik. Urte osoan zehar egiten diren partiduak amistosoak dira.
A.–Beraz, konpetizio bakarra Bost Nazioetakoa da?
J.A–Bai, eta hori ere ez da konpetizioa, zeren irabazten duenak ez bait du ezer lortzen. Bakarrik, partidu guztiak galtzen dituen taldeari, zurezko goilara ematen zaio.
Marrokon edo Australian egon garenean, orduan bai egin da salbuespena. Eta kontua da, orain arte egin ez bada ere, datorren urtean munduko txapelketa egin nahi dela Australian bertan, eta aurtengoa saio modukoa izan dela. Dena den ere, ez dira kanporaketak egin, eta hara joandako taldeak, gonbidatuta joan dira. duten ospe edo prestigioaren arauera.
A.– Eta Espainiako selekzioa ere, daukan prestigioagatik deitu dute?
J.A.–Denetara hamasei talde dira, eta gero beste talde bi suplente direnak: Samoa-ko taldea eta gu, bueno geu ez, Espainia. Talderen batek huts egiten badu, orduan geuk jokatu beharko dugu munduko txapelketa hori. Postu hori ez da batere txarra Ez dago munduko hamasei hoberenen artean, eta hurrengo postuan dago, eta mundu osoa ikusita nahiko ondo dago. Samoakoa bai da harritzekoa, zeren Samoan bi irla multzo nagusi daude, bat oso amerikanizatua eta bestea nahiko basatia, eta selekzio hau irla basatiarena da, ia kale edo hiririk ez dagoeneko irietakoa.
A.–Zer da momentu honetan rugbyari falta zaiona? Zer da Getxoko Rugby Taldearentzat eskatuko zenukeena?
J.A.–Orain guk dena egin behar dugu. Partiduak hasi aurretik, makina hartu eta guk geuk pintatu behar dugu marra zuria, eta urtean zehar zelaia txarto badago ere, han gaude gu basatzaren artean sartuta, astean lau egunetan.
Guk zerbait behar badugu zera da, dena guk geuk egin behar ez izatekoa. Lortu dugun guztia gure direktiboek gogor eta egunero eskatuta izan da. Horrela laster neka daitezke eta orain egiten duten lana bertan behera utz dezakete.
Baina bestalde, guk lan guzti hauek eginda, oso lagun giro ona lortu dugu, eta jendea pozik joaten da astean lau egunetan Faduraraino entrenatzera, basatzan sartuta bada ere. Guretzat, eta Algortan, rugbya beste edozein kirol baino askoz ere gehiago da. Beraren bidez herrian lortu izan dugun giroa oso garrantzitsua da, eta jende askok segitzen ditu gure gorabeherak, nahiz eta kirol horretaz gutxi ulertu ere.
Laura MINTEGI
44-45

GaiezKirolaRugbya
PertsonaiazAZKARGORTA2
EgileezMINTEGI1Kirola

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude